FLETCHER MCGEE
Edgar Lee Masters

Spoon River Anthology, 1915
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2018

 

Indarra erauzi zidan, minutuz minutu,

bizitza erauzi zidan, ordurik ordu,

biraka ari den mundua zulatzen duen ilargi sukardunak legez

xurgatu ninduen.

Egunak itzalen antzera joan ziren

minutuek izarren gisan egin zuten bira.

Berak ene bihotzeko errukia burlagai bihurtu zuen.

Eskultorearen buztin zatia zen,

nire ezkutuko grinak atzamarrak ziren:

bere bekoki malenkoniatsuaz haratago hegan eginda,

saminaren sakonean zimurtzen zuten.

Atzamarrok ezpainak zehaztu, masailak hondoratu eta begiak maluraz abaildu zizkioten.

Nire arima buztinean barna,

zazpi txerrenekin borrokan baleude bezala.

Ez zen nirea, ezta berea ere;

berak atxikitzen zuen arren,

gure arteko norgehiagokak

berak gorroto zuen aurpegia modelatzen zuen,

ikusteko beldur nintzen aurpegia.

Leihoak kolpatu nituen,

sarrailak astindu nituen.

Ostendu egin nintzen bazter batean.

Orduan, hil egin zen,

jazarri egin ninduen

betiko ehizatu nauen arte.

 

FLETCHER MCGEE
Edgar Lee Masters

Spoon River Anthology, 1915
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2018