LAGUNEI
Primo Levi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

Lagun maiteak, lagun diot hemen

hitzaren zentzu zabalean:

emaztea, arreba, burkideak, senideak

neska-mutil eskolakideak,

behin baino ikusi ez ditudan pertsonak

edo bizitza osoko adiskideak:

ailitz luzatu lipar batez behinik behin

segmentu bat gure artean,

ondo zehaztutako lokarri bat.

 

Zuengatik mintzo naiz, bidelagunak,

bide mamitsu eta neke faltarik gabeko lagunak,

eta zuengatik ere bai, arima, adorea,

bizitzeko gogoa galdu baitituzue.

Edo inork ez, edo norbaitek, edo agian batek  baino ez,

edo irakurtzen didazun horrek: gogoratu,

argizaria gogortu orduko,

bakoitza zigilu baten antzekoa zen garai hura.

Gutariko bakoitzak bidean topatutako

lagunaren lorratza darama;

bakoitzaren baitan beste baten seinalea.

Onerako zein txarrerako

jakiturian zein zoramenean

guztiok daroagu guztion aztarna.

 

Orain denborak premiarazi eta

eginbeharrak amaitu diren honetan,

zuoi guztioi apalik opa dizuet

udazkena luzea eta epela izan dadila.

 

LAGUNEI
Primo Levi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017