AUTOBIOGRAFIA
Primo Levi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

Mundua bezain zaharra naiz, hitz egiten dizuedan hau.

Hasierako iluntasunean

atzera-aurrera ibili nintzen itsas leize ilunetan zehar

ni neu itsu: baina argiari aiher nintzaion

artean hondoaren ustelduran nentzalarik.

Gatza irentsi nuen mila eztarri xumetatik

arraina izan nintzen, arina eta labaina. Izkina egin nien segadei,

nire umeei karramarroen zeharkako ibilbideak erakutsi nizkien,

dorre bat baino garaiago, zeruari irain egin nion,

nire urrats hotsean mendiak ikaratu egiten ziren

eta naizen puska itzelak haranak buxatzen zituen:

zuen aldiko harkaitzek oraindik daramate

nire ezkaten lorratz sekulakoa.

Ilargiari kantatu diot zapoaren kantu likidoa,

eta nire gose pairakorrak egurra zulatu du.

Orein suhar eta lotsatia

gaur errauts diren basoetatik ibili naiz arinka, nire indarrarekin pozik.

Txitxar horditua izan nintzen, tarantula zuhur eta izugarria,

eta arrabioa eta luhartza eta adarbakarra eta aspisa.

Zartailua pairatu dut

eta beroa eta izotza eta uztarriaren etsi gaiztoa,

astoaren bertigo mutua errotarrian.

Neskatxa izan nintzen, dantzarako uzkurra;

geometra, zirkuluaren sekretua ikertu nuen

eta hodei eta haizeen bide zalantzakorrak:

negarra barrea eta artizar ugari ezagutu nituen.

Hortaz, ez zaitezte nitaz trufa, Agrigentoko jendeok,

baldin eta gorputz zahar hau marka arraroz beteta badago.

 

AUTOBIOGRAFIA
Primo Levi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017