ZUREZKO BIHOTZA
Primo Levi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

Nire etxeko auzoa sendoa da.

Re Umberto etorbideko indigaztainondoa da;

nire adina du baina ez du ageri.

Kurloiak eta zozoak babesten ditu, eta ez du lotsarik,

apirilean kimuak eta hostoak ernearazten ditu,

lore samurrak maiatzean,

irailean barruan gaztaina distiratsu tanikoak dituzten

arantza kaltegabedun morkotsak.

Gezurtia da, baina xaloa: sinetsarazi nahi luke

bere mendiko anaia ederraren antzekoa dela,

fruitu gozoen eta onddo preziatuen jabea.

Ez da onik bizi. Bost minutuan behin

zortzi eta hemeretzi zenbakidun tranbiek

haren sustraiak zapaltzen dituzte; zorabiaturik utzi

eta okerturik hazten da, ihes egin nahi balu bezala.

Urtez urte pozoi geldiak xurgatzen ditu

metanoz okitutako lurpetik;

zakurren gernuak dio egarria kentzen,

azaleko zimurrak putzu beltzetako

hauts ustelez butxaturik ditu;

epidermisaren azpitik krisalida hilak

jausten zaizkio, tximeleta izango ez direnak.

Hala ere, bere zurezko bihotz nekatuan,

pozez igartzen du urtaroen itzulera.

 

ZUREZKO BIHOTZA
Primo Levi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017