NIK BADAKIT NONGO TXORIAK
Juan Ramon Jimenez

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 66. zkia
armiarma.eus, 2019

 

Gau guztian

ibili zaizkit txoriak

beren koloreak kantatzen.

 

(Ez beren goizeko

hegalen koloreak

eguzkien hozkirrian.

 

Ez beren arratseko

paparren koloreak

eguzkien txingarrean.

 

Ez beren ohiko

mokoen koloreak,

gauean amatatzen baitira,

hostoen eta loreen

kolore ezagunak

amatatzen diren legez).

 

Beste kolore batzuk,

gizonak betiko galdu zuen

hasierako paradisua

loreek eta txoriek

osoro ezagutzen duten

paradisua.

 

Mundu guztian gaindi

hegaz eta usainka

doazen eta datozen lore eta txoriak.

 

Beste kolore batzuk,

gizona ametsetan ibiltzen den

paradisu aldagaitza.

 

Gau guztian

ibili zaizkit txoriak

beren koloreak kantatzen.

 

Beste kolore batzuk

beren beste mundukoak

eta gauean ateratzen dituztenak

 

Ondo itzarrik ikusi ditudan

eta non dauden nik ondotxo dakidan

kolore batzuk.

 

Nik badakit txoriak

nondik etorri zaizkidan

gauean kantatzera.

 

Nik badakit haize eta olatuak igarota

nondik etorri zaizkidan

nire koloreak kantatzera. 

 

NIK BADAKIT NONGO TXORIAK
Juan Ramon Jimenez

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 66. zkia
armiarma.eus, 2019