Sarrera. Juan Ramon Jimenez
Xabier Boveda

Labayru, 66. zkia
armiarma.eus, 2019

 

      Juan Ramon Jimenez 1881eko abenduaren 23an jaio zen Moguerren, Huelvan. Puerto de Santa Mariako (Cadiz) jesuiten ikastetxean ikasi zuen batxilergoa, eta Sevillan Zuzenbide ikasketak egiten hasi zen. Hala ere, bertan behera utzi zituen ikasketok, arte bokazioari ekiteko.

      Hasieran margolaria izatea zen haren ametsa, baina laster, Ruben Darioren eta idazle erromantikoen lanak irakurrita eta akuilatuta, poesiaren bidea hartu zuen gogotsu.

      1900ean Madrilera joan zen bizitzera eta bere lehenengo poema liburuak argitaratu zituen: Ninfeas (1900, Ninfeak) eta Almas de Violeta (1900, Bioleta arimak). Urte berean aita zendu zitzaion, eta, izaera etsikorra zuenez,  horrek beheraldi eta gogo ilundura sakona eragin zion. Ondorioz, Bordele eta Madrileko erietxe psikiatrikoetan egin zituen aldikada luzeak. Garai hartan Rimas (1902, Errimak), Arias tristes (1902, Aria ilunak) eta Jardines lejanos (1904, Lorategi urrunak) idatzi zituen. Liburu horietan modernismoarekin batera erromantizismoaren eragina izan zuen.

      1905ean jaioterrira itzuli zen. Han, nekazarien bizimoduak mira eginda eta modernismoaren ildoan jarraituz, Platero y yo (1914, Platero eta biok) narrazio poetiko ospetsua idatzi zuen. 1911n Madrilera joan zen berriz, eta bertan ezagutu zuen Zenobia Camprubí emakume kataluniarra. Idazle andaluziarra zeharo maitemindu zen harekin, eta, hasieran Zenobiak ezetza eman bazion ere, azkenean ezkondu egin ziren New Yorken 1916an. Zenobia kultura handiko emakume burujantzia zen, idazlea eta itzultzailea, eta garrantzi handia izan zuen Juan Ramonen ondorengo obra guztian. Amerikara joateko itsasoraldian, mugarri izan zuen liburu bat idatzi zuen: Diario de un poeta recién casado (1917, Poeta ezkonberri baten egunkaria). Bidaian, olatuen mugimendu etengabeak erritmoaren bilaketara eraman zuen poeta, bertso libre eta hizkuntza biluziagoarekin batera. Honela esan daiteke hasten dela Juan Ramon Jimenezen poesiaren beste aro bat, aro intelektuala, poesia hutsarena. Aro horretakoak dira Eternidades (1918, Eternitateak), Piedra y cielo (1919, Harria eta zerua), eta Belleza (1923, Edertasuna). Poesia hutsaren bilaketa horrek eragin handia izan zuen 27ko belaunaldiko idazle askorengan.

      1931n Bigarren Errepublika sortu zenean, poetak errepublikaren alde egin zuen. Gerra Zibilak erbestera eraman zuen; lehenengo, Estatu Batuetara, gero, Kubara; eta azkenik, Puerto Ricon geratu zen, herri harekiko lotura estua baitzuen Zenobiaren familiak.  Azkeneko urteetan bere obra berrikusten eta orrazten ibili zen, eta poesia berrietan joera metafisiko bat hartu zuen “Jainko desiratzaile eta desiratu” baten bidean, Jainkoaren kontzientzia eta esanezineko eternitatea adierazi nahian.

      1956an, erbestean zegoela, Nobel Saria eman zioten. Hala ere, idazlearentzat urte dramatikoa izan zen, izan ere, hiru egun geroago Zenobia hil zen, eta bera ez zen harrezkero atsekabe hartatik onera itzuliko. 1958ko maiatzaren 29an hil zen San Juan de Puerto Ricon.

 

Sarrera. Juan Ramon Jimenez
Xabier Boveda

Labayru, 66. zkia
armiarma.eus, 2019