ZEURE ARGIRA, ZEURE JENDERA, ZEURE GALAXIARA
Fayad Jamis

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020

 

Ez hurkoa erail, ez ken ogi kozkorra

zeure etxearen atarian azken hatsa hartzea

erabaki zuen eskekoari

ez gezurrik esan faltsuari

jesar zaitez bilobei musu emateko

aitona-amonen bakeari haginka egiteko

garbi ezazu nire eskuon odola.

Egizu kontu gertatuak gertatu anaia izan ninduzula

eta harakina bezain ona naiz funtsean.

 

Ez ahantz nire herriaren argitan jausi zirenak

guazuma, zutabe edo gitarra ederrak.

Haien heriotza luzatzen zait hortzetan.

Bere itzala andenean utzi zuen bidez-bidekoa nauzu

errealitate itsugarriarekin egiten dut tupust

erromantiko jatun, arrunt

eltxoek ziztakatua naiz, arlote biziduna.

 

Zeiba baten sustraietan usteldu

ahanzturaren edertasun osoa konkistatu nahi nuke

nire herrian ahuspezka, guztiroko isildua

zeharo hila, etxeratua.

 

Hainbeste egiteko utzi nuen egiteke

nolako izangura gosetua, ze arraio

bizitzak osorik liluratzen ninduen

egun oroz dut nabaritzen

goseak bere mahaira gomitatzen nauelarik

maitatzen dudanean, zer edo zertarako sentitzen naizenean godalet bat hautsi edo poesia egiteko jolas solemne hau neure egiten dudalarik.

Ez dut nire autoan zapart egin zuten

uhinen kontaduria eginen, hobe ez ikusia ematea

izan zatekeenari, zitekeenari, joandako urteei.  

 

Zer aholku nik zuri: bizitza bizi, sortu, aniz argia

ez uka zure pobreziak, dena duzu aldagarri

aldatzeak emakume baten betetasunera garamatza

kohete baten marmarrera

salba salbatu beharrekoa, defenda mundua otsotuki

hiltzen bazaituzte ez zaitezela hil gabe hil

ingura zaitez galderez eta erantzunez

(baina galdera gehiagoz erantzun bakoitzeko)

eta atera burua gauez gau

zeure argira, zeure jendera, zeure galaxiara.

 

ZEURE ARGIRA, ZEURE JENDERA, ZEURE GALAXIARA
Fayad Jamis

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020