AUSCHWITZ EZ ZEN NIRE HAURTZAINDEGIA IZAN
Fayad Jamis

1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020

 

Auschwitz ez zen nire haurtzaindegia izan.

Abere eta belar artean hazi nintzen, eta etxean

txirotasunak bere kriseilua irazekitzen zuen gauez.

Zuhaitzak habiez eta izarrez betetzen ziren

bidean barrena iragaten zen ikaraturik

ezin zuriagoko behor bat.

 

Auschwitz ez zen nire haurtzaindegia izan.

Sugandilen sakrifizioa besterik ez dut gogoratzen ahal

laratzeko su iluna gau haizetsuetan

neskak bere irriak bainatzen ibaian

aitaren alkandora izerditua, eta uraren

ulu basatiaren beldurra.

 

Auschwitz ez zen nire haurtzaindegia izan

malkoak eta karameluak jan nituen

nire zurezko hegazkinean

belarrezko hodeiak konkistatu nituen

eta ez giza larruzkoak.

 

Garai honetako pribilegiatua naiz

nire sorterriaren argi bortitzaren pean hazi nintzen

inork ez ninduen behartu lau pataka ibiltzen

eta izena galdetzen didatelarik

guazuma baten itzala apurtzen du oinazturak.

 

AUSCHWITZ EZ ZEN NIRE HAURTZAINDEGIA IZAN
Fayad Jamis

1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020