HOBE DUZU JAIKITZEA
Fayad Jamis

1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020

 

Ezin baduzu lorik egin, jaiki eta itsasora.

Oraindik ez badakizu hiltzen

jarrai maitatzen ikasten.

Egunsentiak ez du zure mundua hertsiko:

kanpoan izarrak dituzu

ospitaleak, lorik egiten ez duten makinaria gaitzak.

Kanpoan zure zopa, zure zentzumenak

elikatzen dituen biltegia, zure hiriko haizea.

Jaiki eta piz zeure arimaren turbinak

ez zaitez neka handik hona ibiliz

oharteman itzazu zure lurrari geratu zaizkion

azken lohikeriak, dena eraldatu egiten baita

eta honezkero ez duzu begirik ukanen

ezabatutako izukeriarako.

 

Jaiki eta aniz leihoak,

egizu tu sinesgogorren begitartean:

horientzat berdetasun oro da uger.

Egin tiroka zeure garaile hizkeraz

ez egon mahai erosoaren esperoan

munduko bazterretan hiltzaileek orro dagitelarik.

 

Ezin baduzu ametsik egin

jo itzazu hautsak hartutako kutxak.

Oraindik ez badakizu bizitzen

ez irakatsi alferrik bizitzen.

Xeha ezazu errealitatea

apur itzazu zapatak karrikak auskultatzen

ez eman limosnarik.

Jaiki eta lagun munduari esnatzen.

 

HOBE DUZU JAIKITZEA
Fayad Jamis

1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020