BAIKORRAREN FILOSOFIA
Fayad Jamis

1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020

 

Baikorra mahaian jarri, inguruan behatu

eta apur bat hartu zuen kausitu zuen apurretik.

Ezerez sobera zeukatela esan zioten

(egia esan, ezerezanitz zeukaten)

baina deus esan gabe irentsi zuen bere zatia

egunkaria zabaldu, kafea pipatu

eta bakean amaitu zuen afaria.

Bere artean: eskubidea daukat

irabazten dudan ezerezanitza alaitasunez jateko

oparotasuna heldu artean.

Hala ere ez dugun ez dugun ez dugun ez dugun guztiaz jarraitu zuten eleketan. Hau eta hura eskas.

Baina baikorra altxatu egin zen isilean

eta berriro oroitu zen

malkoa besterik jaten ez zuen urte haietaz.

Ez zegoen inor ez dugu zoparik edo txuletarik

edo har ezazu ogi zati gogor hau

zeure gosearen zakurrarentzat esaten zionik.

Eta orain aserik zegoen afari arinaz.

Gizona karrikara jalgi eta txistuka abiatu zen oinez.

Argi elektrikoek etorkizuna ekarri zioten gogora.

 

BAIKORRAREN FILOSOFIA
Fayad Jamis

1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020