VIGON, UKIEZINA Vigon, zenbait lagun marinelekin hiriko karrikarik okerrenetan eta harriztatuenetan joan zinen ostera bat egitera (han ikasi zenuen zinez zer den zeru harriztatu bat). Barre jangosez beteriko taberna ilunetan egon zinen zenbait prostitutak zeure anaiek abolitu zituzten egunak oroitarazi zizkizuten bar batean jesarri zinen. “Hor da ukiezineko hori” esan zuen haietako batek eta gizon txipi, elbarri, txiro bat —jakina— ikusi zenuen. Ahalegindu zen kantari eta ezin ahalegindu zen eztulka eta haur baten marrua iduri irten zitzaion eztula bularretik bultzaka kaleratzen zutela limosna belarri banatan. Durduzatu bezala egin zinen (algarak amilka karrikatik beheiti). Eta lotarakoan pentsatu zenuen ukiezin hura besterik gabe, maitasunaren indar karrakatzailea ezagutzen ez duen gizon bat dela.
VIGON, UKIEZINA |