ESPAINIAKO GIZONA
Fayad Jamis

1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020

 

Juan Escandell Ferrer pañolaria

Bahia de Mariel baforearen bizkarrean

dago jesarria, geldi.

Santurtziko mendi lainotuei

eraikin zuri-gorriei begira

hiria iratzartzen ari delarik

Bizkaiko Golko hotzean.

 

Juan Escandell Ferrer pañolaria

jesarririk oraindino, geldi.

Botila uretan lez da jausi

kontramaisuaren deiadarra.

Orain ontzia badoa, itsaso zabalera urten du.

Atzean urrindu dira gizonak, etxeak, ontziak, mendiak.

 

Juan Escandell Ferrer Errepublikako artillero ohia

brankara hurreratu da

(katu bat pasatu zaio hankartetik)

ur grisari begira geratu da une batez.

Tu egin. Pañolan sartu. Negarrik ez.

 

ESPAINIAKO GIZONA
Fayad Jamis

1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020