BURDIN HESIA IREKI NUEN
Fayad Jamis

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020

 

Ireki nuen burdin hesia, nabaritu nuen karranka

enborren batekin egin nuen tupust

eta leiho argitu bat ikusi nuen, baina egunsentiak

irentsi egiten zituen hostoak eta zu

ez zeunden han mundua apurtua eta ugertua dagoela esateko.

Sartu nintzen, isilik igo nituen eskailerak

beste ate bat zabaldu nuen, jaka kendu nuen

jesarri egin nintzen, izerditan nengoela

esan nion neure buruari,

nire hitz, zurrunga eta hil egiteko makina

jotzen hasi nintzen (zu lo zinen, zu lo zaude

zuk ez dakizu zenbat maite zaitudan)

gorbata eta alkandora erantzi nituen

arratsalde honetan eman didazun arima berria jantzi

tekla joka eta madarikazioka jarraitu nuen

zu maitatzen eta ukabilak jaten.

 

Eta bestelako ahotsak heldu bat-batez:

ezinezko eta ederrezko gauzak kantari zihoazen

goiza sutzen, ibaian usteldu ziren musuak

absentziak birrindu zituen ezpainak gogoan.

Eta ez nuen besterik esan nahi izan:

ez dut hitzik atera nahi, ausaz hesiaren karrankan

hautsi nuen ankerki zure loaren airea.

Zer axola sartu edo jalgi edo desjaio.

Zapatak kendu eta itsumustuan jaurti ditut

amoroski, munduaren aurka.

 

BURDIN HESIA IREKI NUEN
Fayad Jamis

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2020