FRAGMENTUAK
Emily Brontė

1838
Maiatz-64, 2017
euskaratzailea: itxaro Borda
armiarma.eus, 2023

 

Zerutik ezer ez datorren, lurra lasai dagoen

Eta muinoa berde sakonez janzten den,

Noizbehinka udaren sua zeharkatzen duten

Egun ilun hodeitsu haietatik bat zen.

 

Zorte-eleak xuxurlatzen dizkidate

Larre desertu bateko bi zuhaitzek:

Handitasunez inarrosten duten hosto-

Zain ilunen sekretua izugarria da.

 

Zer da han muinoaren pentoka beilegian behera

Borobilka datorren ke nekaezin hura?

 

Begira zegokion artean, burdinazko lainoak

Baztertzean, eguzkiak artekatik distiratu zuen,

Baina bitxiki lazgarri, eta zurbil eta hotz.

 

Ez du gehiago distirarik botako,

Bere laster tristea bukatu da:

Ikusi dut, eguzki hotz dirdaitsuaren

Azken argia apurtzen.

 

Elbëko jauretxe zaharra, hondamendia orain, bakartia,

Bizitzaren ahotsa sekula berriz itzuliko ez zaion etxea,

Sasi eta xira handitzen doazkion plater gabeko gela desolatuak,

Gaueko haizeek dolua daramaten arku hautsiekiko leihoak,

Hilen egoitza, garai pasatuetako hilena.

 

FRAGMENTUAK
Emily Brontė

1838
Maiatz-64, 2017
euskaratzailea: itxaro Borda
armiarma.eus, 2023