Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990

 

Zazpigarren ekitaldia

 

Tellen etxea.

 

(Agertokian: tell, hedwig, uriko bata, stauffacher, melchtal. tellek zaharkitua dirudi. hedwig beltzez jantzita.)

 

uriko bata: Herri guztia da, Tell.

tell: Bai.

uriko bata: Herri guztia... omenaldi hau eskaini nahi dizuna. Nazio guztiaren omenaldia da.

tell: (Pentsakor.) Herri guztia, ezta?

stauffacher: Bai. Bihar, hamabietan, izango da kontzentrazio handia. Kantoi guztietatik etorriko dira. Lakua txalupaz beteta ikusiko duzu eta jendea zuri aldarrika. Sekula izan denik handiena izango da. Biharkoa, betirako geratuko da jendearen burutan. Nazioa aske da eta badaki zenbat zor dizun eta zenbat sufritu duzun. Ikusi egin nahi zaituzte, besarkatu. Zurekin egon nahi dute, zure aurpegia ikusi, ondo begiratu eta betirako gogoan izan egunen batean seme-alabei kontatzeko. Esango dute “hura zen...”, “begiak zituen...”, “bazirudien besoak...”, “janzten zuen...”, “haren irribarrea...”.

 

(Isilunea. tell oso pentsakor dago.)

 

tell: Non zeuden?

stauffacher: Nortzu?

tell: (Burua dantzatuz.) Waltyrekin bakarrik nengoenean, ez zen inor agertu.

melchtal: Tell, badakizu zenbateko beldurra zuten guztiek.

tell: Neu ere beldurrak nengoen.

melchtal: Zu ez, Tell. Gizon apala zarelako diozu hori, eta ez duzulako atsegin inork miresterik. Baina zuk ez zenuen beldurrik.

tell: (Dardarka.) Neukan beldurrarekin beste mundu batean nengoela iruditzen zitzaidan. Hankak dardarka neuzkan eta izugarrizko itolarri mina sabelean... Hortzak kazkaz eta burutik hanketara hotzikarak. Beldurrak izututa nengoen, jakin dezatela guztiek! Baina zerbait egin beharra zegoen beldur guztien gainetik!

uriko bata: Egin zenuen, Tell. Horregatik miresten zaitu herri guztiak.

tell: Ez dakit non zeuden.

uriko bata: Gau hartan?

tell: Bai, gau hartan, ingurura begiratu nuenean ez zegoen antzerkia ikustera joan zen jendea besterik.

uriko bata: Zure ondoan zeuden, mutu. Zerbait falta zen matxinada lehertzeko. Artean ez zeukaten mugitzerik, baina garaia iritsi zenean, ikusi zenuen. Azken eztenkada falta zen jendea kalera irteteko.

tell: Nire semea hiltzea falta zen.

uriko bata: Bai, Tell.

tell: Ez zen beharrezkoa nire semea hiltzea. (Besteek burua makurtzen dute. Ez dira ezer esaten ausartzen.) Walty eta ni bakarrik geunden. Non zeuden orain ikusi nahi nauten horiek? Zertan? Etxean lotan? Edo zigarro erretzen lasai? Batzuk, seme-alabei musu eman eta lotara joanak izango ziren. Beste batzuk... Ze ajola dit horrek...? Esnatu zirenean, lurralde aske batean aurkitu ziren. Oso ondo iruditzen zait. Pozten naiz beraiengatik, askatasuna hain gutxiren truke lortu dutelako. (Kexu arraro eta goxoa lez.) Baina ni utz nazatela bakean. Ez dut besterik eskatzen. Barka diezadatela beraiekin ez banago. Besterik, zer esan dezaket?

stauffacher: Tell, guk, garaipen handi honen arrakasta zuregana zuzentzeko obligazioa daukagu. Orain nazioa administra dezakegu. Gure lana da. Baina besterik ez. Zu zara salbatzailea; nahi ez baldin baduzu ere, nahiz eta onik egin ez eta onartzen ez duzun. Badakigu zenbateraino zaren gizon apala eta umila, baina hemendik aurrera herriaren miresmena jasan beharko duzu derrigorrez, Tell. Geratzen zaizuna ez da erraza. Zaila da herri bat askatzen; baina are eta zailagoa, askatasun hori lortzen.

tell: Eskatu behar dizuet esateko guztiei, nik ukatu egiten dudala herriaren salbatzailea naizenik. Behartua ikusi nuen neure burua zerbait egitera. Aldi berean nazioa askatu baldin bazen, hori ez da nire kontua. Ez naiz hortan sartzen. Zuen gauza da hori.

melchtal: Zuri esker daukagu guk orain, geure kontua den zerbait. (Isilune txiki bat.) Gobernu berriaren azken bileran erabaki genuen, hemen, orain zure etxea dagoen honetan, zu hiltzen zarenean santutegi bat eraikitzea, Gillermo Tellen izena betirako gordea gera dadin.

tell: Hiltzen naizenean, ez dit ezerk ajolako.

stauffacher: Zuri ez dizu ajolako, baina zure izenak egingo du herriak askatasuna maita dezan, eta hemendik aurrera inori utzi ez diezaion torturatzen eta desegiten.

tell: (Apal-apal.) Pozten naiz nire sakrifizioak zerbaiterako balio izan badu. Baina ez daukat hortik pasatzerik. Ezin naiz pozik egon. (Pentsakor geratzen da.) Pentsatzen jarrita... Polita izango zen...(Begiak kixkurtzen ditu.) A ze istorioa...

uriko bata: Zer diozu, Tell?

tell: Pentsatzen nengoen... Polita izango zen... beste gauza bat... Eta orain barre egingo nukeen zuekin. Topa egingo genukeen garagardoarekin. Bihar, traje berria jantzi... Etxaferoak... Argazki kamaren flashak... Irribarre egin teleberrietan ikusi dudan bezala... gizon handiak egiten dutela ikusi dudan bezala. (Irribarreak entseiatzen ditu.) Bai, beste istorio bat izan zitekeen.

stauffacher: Zein istorio, Tell?

tell: Asmatu izan banu! Konturatzen al zarete? Asmatu izan banu!

melchtal: Pultsoak dardarrik egiten ez dion gizona izango zinatekeen orain. Ez beldurgarria eta zoragarria zaren gauza hau, Tell.

tell: (Ameslari.) Amestea atsegin dut... Sagarra zeharkatzen dut garbi... Waltyk jaso, jendeari erakutsi, agurtu, “hop” esan zirkoan bezala eta erreberentzia egiten du. Zirko anbulante handi baterako moduko ikuskizuna. Baina Gobernadoreari ez dio graziarik egiten. Odola espero du. “Eta zer egingo zenukeen semea hil izan bazenu?”, galdetzen dit. “Zeu hil” esaten diot. Haserratu egiten da. Preso hartzen naute. Utziko al didazue amesten? Bizi izan nahiko nukeen istorioa da. Gillermo Tellen historia izan zedila niri gustatuko zitzaidakeena. (Begirada galdu samartua. Urrutira galdua.) Ontzi batera eramaten naute. Kussnacheko gaztelura naramate, kartzela zaharrera. Lau Kantoietako lakua zeharkatuko dugu. Ekaitza. Ontzia arriskuan. Nik bakarrik salba omen dezaket. Badakit ontziez, badakit ekaitzez. Katez lotuta noa. “Aska dezatela!”. Askatu egiten naute. Ontzia nire gain hartzen dut. Ur-ertzera eramaten dut. Eta han, bat-batean, salto egiten dut lehorrera! “Tellen jauzia!”. Betirako geratuko da. Ontziari hankarekin bultza, urrundu egiten dut urertzetik. Heroi ekintzak dira, gizon indartsu eta sendoarenak. Ihes egiten dut. Zer gertatuko ote zaio Gobernadoreari? Ontzia ondora daiteke. Baina, ez. Gobernadorea salbatu egiten da. Zain nauka toki batean. Irteten natzaio eta hil egiten dut. Herria, hilda ikusten duenean, matxinatu egiten da. Iraultza egiten da. Etxera itzultzen naiz. Heroia naiz eta semearekin nago. (Isilunea.) Horrela izan zitekeen. Zergatik ez da izan? Barkaidazue. Batzuetan begiak kixkurtu eta amets egitea gustatzen zait. Zerbaitegatik ez dit sekula inork nire abizenez deitu. Denek beti “Tell” deitu didate, ameslaria. Hau izan da nire betiko ezizena. Baina gainera zahartzen ari naiz.

 

(Gainontzekoek elkarri begiratzen diote.)

 

uriko bata: Agur, Tell.

stauffacher: Besarkada bat, Tell.

 

(Besarkatu egiten du.)

 

melchtal: Agur.

tell: Agur.

 

(uriko gizona, stauffacher eta melchtal irten egiten dira. Isilunea. Leihora hurbiltzen da. Arratsalde iluna da.)

 

hedwig: Euria ari al du oraindik?

tell: Bai.

hedwig: Eseri, Tell. Eseri hemen, sutondoan. (tell hedwigen ondora doa. Sutondoan esertzen da. Astindu egiten du sua.) Ederki egoten da hemen, ezta?

tell: Bai. (Isilunea.) Hedwig, badakizu zer gertatzen den? Ezingo dut ehizan gehiago egin. Hautsi egin dut balezta gaur goizean.

hedwig: (Arduratuta begiratzen dio.) Baina, Tell...

tell: Pieza bati apuntatu diot eta han, nigandik ehun pausura, Walty ikusi dut. Ezin izan dut tiro egin. Eta balezta hautsi dut.

hedwig: Maitte...

tell: Nireak egin du...

hedwig: Ez esan horrelakorik, ezin duzu...

tell: Nolatan ez nauzu gorroto Hedwig? Ez al zara beldurtzen niri aurpegira begiratuta?

hedwig: Tell, ez esan horrelakorik. Ez sufri erazi.

tell: Neronek hil nuen. Izugarria da.

 

(Begiak estaltzen ditu.)

 

hedwig: Tell, nekatuta zaude.

tell: Bai.

hedwig: Triste dituzu begiak.

tell: Eta betirako.

hedwig: Entzun al diezu gizon horiei? Nazioa aske dago eta zu izan omen zara salbatzailea.

tell: Nazioa aske dago, baina ni ezin naiz bertan bizi.

hedwig: Oraindikbadago zertan ahalegindurik. Berri-berritik has gaitezke. Zeinek daki! Bizitzeko arrazoi berriren bat aurki dezakegu.

tell: (Motel-motel.) Ondotxo dakizu ezetz.

hedwig: (Ondora joan zaio.) Buelta gehiegi ematen diozu buruari. Horrek ez dizu onik egiten. Orain egin behar duzuna da, lo.

tell: Ez dakit.

hedwig: Ea. Ahalegindu...

 

(Kariziak egiten dizkio.)

 

tell: (Begiak erdi itxita.) Barkatuko al didazu? Geratzen zaidan bakarra zara. Barkatuko bazenit... oraindik...

hedwig: Ez daukat zer barkaturik.

tell: Oraindik... Agian...

hedwig: Kasueidazu...Abandona zaitez... Egizu lo.

tell: Agian... Barkatuko bazenit... (Euriotsa entzuten da ozenki.) Euri asko ari du. Ederki egoten da hemen, Hedwig... Sutondoan. Zurekin.

hedwig: Lo egingo duzu orduan?

tell: Kontaidazu zerbait, Hedwig. Istorioren bat... umetan entzuna duzun ipuinen bat... Ea horrela... Konta...

hedwig: Bazen behin...

tell: Jarraitu...

hedwig: Hiri batean bazen gizon bat bizar handikoa... Bizarra urdina zuen, imajinatzen? Bizarra...

tell: (Erdi lotan.) Bai...

hedwig: Gizon hura...

 

(Behera dator

teloia).

 

Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990