Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990

 

Seigarren ekitaldia

 

Altdorfeko plaza. Kapela pikan.

 

(guardiak. eskale besamotza ez dago.)

 

guardia 1: Iluntzen duen orduko, hau hotza!

guardia 2: Hankak jelatuta zeuzkeat.

guardia 1: Nik eskuak zeuzkeat handituta, eskularru ta guzti ere. Ospelengatik duk.

guardia 2: Ofizio madarikatua!

guardia 1: Astuna duk batzuetan.

guardia 2: Ni guardiek izorratzen nautek. Zereginik ez eta pentsatzeko astia zegok. Eta niri, pentsatzen haste-hutsa nahikoa, buruko mina jartzen zaidak.

guardia 1: Denoi pasatzen zaiguk hori. (Isilunea.) Aspergarria zegok hau.

guardia 2: Arratsaldea ez duk txarra izan!

guardia 1: Jope! Ez diagu hain gaizki ere pasa.

guardia 2: Ezin kejatuko gaituk.

guardia 1: Alde ederra guardia guztiak holakoak balira! Hartuko nizkiakek!

guardia 2: Oraindik ere gerta zitekek zerbait.

guardia 1: (Gogaituta.) Nahiko lan. Berandu duk oso.

guardia 2: Ez etsi.

 

(Isilunea.)

 

guardia 1: Apaizarena, putada alua izan duk.

guardia 2: Madarikatu alena!! Eta ezin ezer egin.

guardia 1: Elizakoarekin zetorrean eta jakina, errespetua gorde behar.

guardia 2: Kanpaitxoa jo duenean pentsatu diat: Baina zertan ari duk hau?

guardia 1: Prozesio guztia belauniko jarri duk. Baina ez kapelaren aurrean. Kristoren aurrean belaunikatu dituk, madarikatu alenak!

guardia 2: Amorraziorik handiena guk ere belaunikatu beharrak eman zidak.

guardia 1: Konturatu nauanean kristauak garela eta belaunikatu egin behar genuela, pentsatu diat: Madarikatu alena!

guardia 2: Eta akordatu orduko “Gora Gobernadorea” ez dutela esan, aldeginak hituen.

guardia 1: Apaiz hauek ez dakitenik ez zegok.

guardia 2: Apaiz madarikatuak! Kristauak garelako, bestela, ja-ta akatu!

guardia 1: Baina nola kristauak garen...

guardia 2: Jakina.

guardia 1: Eta ezin utzi gainera.

guardia 2: Anima galtzen duk, eta hori ez.

guardia 1: Anima galtzen duk eta bota egiten haute.

 

(tell agertzen da waltyrekin, Itsuaren heriotza ikusi zuen gain txikira. guardia 2ak ikusi egiten du.)

 

guardia 2: Aizak, hi!

guardia 1: Zer?

guardia 2: Begira.

guardia 1: Zein da hori?

guardia 2: Ez al duk ezagutzen?

guardia 1: Ez.

guardia 2: Gillermo Tell.

 

(guardia 1ak txistua jotzen du luze.)

 

guardia 1: Ederra zetorrek orduan! Zer egingo diagu?

guardia 2: Egon. Ea zer egiten duen.

guardia 1: (Izututa.) Han ziak. Begira!

guardia 2: (Berdin.) Baina, zer zebilek?

 

(tellek balezta kargatu eta kapelari apuntatzen dio. Tiro egiten du. Kapela behera dator zulatuta.)

 

guardia 1: (Izututa.) Zer da hori?

guardia 2: Sakrilejioa! Sakrilejioa!

 

(Une honetan hurbiltzen ari den jendearen marmarra entzuten da eta txakur zaunkak.)

 

guardia 1: (Zur eta lur, eroritako kapela aurrean, izututa.) Lagundu! lagundu!

guardia 2: (Belaunikatu egiten da kapela aurrean.) Barkatu, barkatu, Gobernadore jauna, Goitasuna, Gorentasuna, Maisua, Santitatea, barkatu!

 

(tell lasai dago semearen ondoan. Honek besarkatu egiten du.)

 

walty: Aita!

tell: Zaude lasai seme! Ez da ezer gertatzen!

walty: Aita, entzuten? Gobernadorea izango da ehizetik bueltan.

tell: (Sutsu.) Horixe nahi nuen. Gobernadorea. Horretara etorri naiz.

walty: Aita! Aita!...

tell: Guztia prest dago hari harrera egiteko.

walty: Joan egin behar dugu... alde egin hemendik...! Garaiz gaude... Hil egingo gaituzte!

tell: Norbaitek hil behar du gaur gauean seme. Baina ikusteko dago nor izango den.

 

(Hurbiltzen ari den marmarra entzuten du. Adarraren soinu lehorra entzuten da mendi barrenetan. gizonak sartzen dira suziriak eskuan. Gobernadorearen eskolta gizonak sartzen dira. gobernadorea sartzen da. Mozkortuta dator. Bere hiru idazkariak sartzen dira. guardiak, izubeldurrez, lurrean arrastaka hurbiltzen zaizkio arrak bailiran.)

 

guardia 1: Gorentasuna, Edertasuna, Goitasuna, Santitatea!

gobernadorea: Zer gertatzen da?

guardia 2: Sakrilejioa, Jauna, Jaun Handia, Nagusia, Almirantea, Zalduna, Gobernadorea! Kapela, kapela santua lurrean bueltaka.... zulatuta!

gobernadorea: Nor izan da?

guardia 1: Purtzil, zorri, zerrikeria, Gillermo Tell!

 

(Marmarra.)

 

gobernadorea: Unetxo bat. (Isilunea. gobernadoreak balantza egiten du.) Ez nago oso ongi. Botatzera noa. Gero helduko diogu arazo honi.

guardia 1: Botatzera? Bota hemen. Nire gainera. Ohore handia da. Bota nire gainera. Ez dut sekula ahaztuko. Eskerrik asko.

gobernadorea: (Goragaleak ematen dio.) Beno... oso gaizki nago.

guardia 1: Nire gainera! Nire gainera!

 

(Lurrean arrastaka.)

 

gobernadorea: (Arnasestuka.) Hobeto nago. Orain, azal diezadatela gertatutakoa.

guardia 2: (Zoratuta bezala, gertatua, infernu berekoa balitz bezala kontatzen du.) Bat-batean agertu da deabru guztien artetik! Hartu eta, gezi bat bota dio zure kapelari! Zeharkatu egin du! Guk, ahal genuena egin dugu, ahal genuen guztia. Baina alferrik! Tximisgorria da bere balezta madarikatuarekin!

gobernadorea: Nor diozue izan dela?

tell: Neu, Gobernadore.

gobernadorea: Zu?

tell: Bai.

 

(Jende gehiago iritsi da. uriko gizonak, unterwaldenekoak, schwyzekoak. poliziak uniformatuta. igeltseroak eta eskaleak.)

 

gobernadorea: (Kapela zulatua jantzi eta barre egiten du.) Txiste bat esango dut. (Isilunea.) “Eta jantzita eraman izan banu?” (Barre algarak.) Ixo! (Isildu egiten dira. Isiltasun handia.) Zuek ez duzue barrerik egin.

tell: Ez.

gobernadorea: (waltyri.) Nor zara zu?

tell: Semea dut.

gobernadorea: Gauza dibertigarria esan dut. Gaur, umore oneko nago.

tell: Ni ez nago umore oneko.

idazkaria 1: Ze-esateituk, inuxente horrek?

tell: Esan dut: Ni ez nago umore oneko.

idazkaria 1: Ez da posible! Gobernadore jauna pozik dagoenean, mundu guztiak egon behar du pozik, zorritsua! Triste egotea sabotaia duk!

 

(idazkaria 2ak hartzen du parte.)

 

idazkaria 2: (Fitxa bat buruz.) “Gillermo Tell: gaizkile profesionala; terrorista; delitu arruntegatik hainbat kartzelaldi egina; harremanak atzerrian; potentzien zerbitzura aritua; ajente asaldaria; aitortu ezinezko azpijokuen ajitatzailea”

idazkaria 1: (Sutsuki hartzen du hitza.) Ez dago inolako arrazoirik triste egoteko! Inolakorik ere ez! Etorkizunari baiezkor begiratzen diogu! Dena ondo doa! Oso ondo! Errepideak egiten dira! Langileen bizimodu-maila gora doa! Inprenta askatasuna dago, gezurra eta okerrarentzat ezik! Gessler Almirante Jeneralaren gobernua aurretik nazioa kaos hutsa zen, korrupzioa, basakeria! Gesslerrekin, bakea, aurrerakuntza, ordena publikoa, poza! Langileria zoriontsu dago! Pribilejio zaharrak desegin ditugu! Hau poza! Pozik egon behar dugu!

 

(Negarrez hasten da eta lurrera erortzen trapu zahar baten gisa. Zotinka egiten du errukarri. bi guardiek heltzen diote eta arrastraka ateratzen dute. gobernadoreak, bihotz zabal, komentatzen du.)

 

gobernadorea: Nekatu samartua dago. Lan asko egin du.

idazkaria 2: Bai, Gobernadore jauna.

 

(Makurtu egiten da. gobernadoreak, irribartsu berriz, telli begiratzen dio.)

 

gobernadorea: Zertan ari ginen? Ah, bai. Kapelaren kontuan... Niri barregarria iruditu zait. Ez zitzaizun ezer gertatuko. Baina barregarria iruditu ez zaidana... bestea izan da.

tell: Zer da bestea?

gobernadorea: Zuk barrerik ez egitea.

tell: Sentitzen dut.

gobernadorea: (Kapela eskuartean darabil.) Punteria ona duzu, ezta?

tell: Bai.

gobernadorea: Zer zara?

tell: Ehiztaria.

gobernadorea: Pieza bakar batek ere ez dizu alde egingo mendian.

tell: Ez, jauna.

gobernadorea: Berrogeita hamar pausura, haitzartean dagoen oreina hilko duzu.

tell: Bai, jauna.

gobernadorea: Laurogei pausura, gutxitan huts egingo diozu.

tell: Inoiz ez, jauna.

gobernadorea: Ehun pausura, arbolan dagoen sagarra zeharkatuko duzu.

tell: Hala da.

gobernadorea: Ehun eta hogei pausura...

tell: Baita!

gobernadorea: Nahiz eta sagarra... zure semearen buru gainean egon?

tell: Zer diozu, jauna?

gobernadorea: Nekatuta nago. (idazkaria 1ri.) Errepikatu nik esandakoa.

idazkaria 1: “Nahiz eta sagarra zure semearen buru gainean egon?”

tell: (Zurbildu egin da.) Ez dakit...

gobernadorea: Proba dezagun.

tell: Txantxa horrek ere ez dit barregurarik ematen, jauna.

gobernadorea: (Gogortu egin zaio aurpegikera.) Ez da txantxa, Tell.

tell: Zuk ezin duzu...

gobernadorea: Egin egingo duzu.

tell: Ez.

gobernadorea: (guardiei oihuka.) Montatu armak! Prestatu su egiteko! (guardiek “metrailetak” montatu eta waltyri apuntatzen diote.) Egizu... edo semea hilko dizute. Zeuk ikusi.

tell: Badakit semea defenditzen.

gobernadorea: Ni hil nazakezu. Beste bakarren bat ere bai. Zutik geratzen den guardiak bete egingo du ordena. Semea hilko du.

tell: Irain zikina da hori!

gobernadorea: Egiten baduzu, semearen buru gainean jarritako sagarra zeharkatzen baduzu, semea eta biok baldintzapeko askatasunean geratuko zarete, mundu guztia bezala. Gesslerrek badaki ahazten. Gesslerrek ausartak miresten ditu. Gessler Handia eskuzabala da.

tell: Ezin dut...

gobernadorea: Zerorrek esan didazu, oreina hiltzen duzula -mugitzen den gauza bat!- distantzia horretara. Proposatzen dizudana erraza da zuretzat. Hain erraza, ia damutu zaidala. Damutzen banaiz, ez da itxaropenik izango zuentzat: Hementxe bertan eroriko zarete biok. Eta, ez dakit ba, damutu ala ez. Zalantzan nago. Damutu ala ez damutu? Beno, ez naiz damutuko. Bere horretan jarraitzen du zuen itxaropenak. Eutsi egingo diot nire proposamenari. Gessler eskuzabala da.

 

(Suzirien argitan, eszena harrigarria egiten da, fantasmagorikoa. Walty aitarengana hurbiltzen da.)

 

walty: Aita, egizu.

tell: Zer diozu, seme?

walty: Egiteko. Nik ez dut dardarrik egingo.

tell: Nik, bai.

walty: Egizu, aita.

tell: Ezin dut.

walty: Bestela biok hilko gaituzte. Egizu.

tell: Urduri nago. Ez dut asmatuko.

walty: Asmatuko ez duzu ba!

tell: Ez nuen holakorik asko espero. Edozertarako prest etorri naiz, baina ez nuen holakorik espero.

walty: Aita, ez izan beldurrik.

tell: Edozertarako prest nentorren. Hiltzeko. Hiltzera. Honetarako, ez.

walty: Aita, zurekin etortzeko esan didazu.

tell: Bai.

walty: Honetarako zen.

 

(Isilunea. tellek ingurura begiratzen du. Lasaitu egiten dela dirudi.)

 

tell: Gobernadore, gerta litekeena da semea hiltzea. Berarekin hitz egin nahi dut aurretik.

gobernadorea: (Umoretsu.) Onartua. Jaun-andreok, eseri hor nonbait. Eszena hunkigarri bat ikusteko aukera daukagu. Hartu lekua. Eseri lasai. Antzerkia doan guztiontzat. “Gillermo Tellen Tragedia”. Aurrera, aurrera, Jaun-andreok. (Jendeak tokia hartzen du semizirkuloan Tell eta Waltyren inguruan. Etena. Jakin-mina.) Has gaitezen! (Tell eta semea ez dira mugitzen.) Aurrera! Gora teloia! Piztu kriseiluak! Hasi!

 

(Isilunea. tell semearengana hurbiltzen da.)

 

tell: Ahor ba, Walty. Antzerkia bezala da. Begi ajolakabe asko dago gugan jarrita.

walty: Bai, aita.

tell: (Publikoa seinalatuz.) Jende asko daukagu begira.

walty: Bai.

tell: Afari on baten dijestioa egiten ari dira. Ez die ajola zer gertatuko zaigun.

walty: Hala da, aita.

tell: Edo baxoerdi batzuk edan dituzte tabernan eta alai samar daude. Alkohol laino mehe baten atzetik dauzkagu begira.

walty: la ezin gaituzte ikusi, aita.

tell: Konturatzen zara? Ikuskizun bat baino ez gara, seme. Beraiei txalotzea edo txistua jotzea tokatzen zaien ikuskizuna.

walty: Bai, aita.

tell: Guri, zaurituak izatea tokatzen zaigu.... edo hiltzea.

walty: Ez tristetu, aita. Ni ez nago triste.

tell: Ni ere ez. Min ematen didan bakarra, inor gu laguntzera ez etortzea da.

walty: Bakarrik gaude, aita.

tell: Ez dago inor munduan lagunduko digunik.

walty: Inor ere ez. (Isilunea.) Beraz, lasai egon behar dugu. Ez dago Itxaropenik. Eztarria lehertu arte oihu eginda ere, ez litzateke inor etorriko. Hortaz, zertarako oihu egin? Lasaitasun handia ematen du itxaropenik ezak.

tell: Barkaidazu.

walty: Zergatik?

tell: Ekarri zaitudalako.

walty: Neuk nahi izan dut etorri.

tell: Mundura ekartzeagatik, seme.

walty: Pozik nago mundura etorri izanaz, aita. Ederra da bizi garen herria. Nire bizitza, begiak ireki, mendiok ikusi eta hiltzea baino izan ez balitz ere, pozik nengokeen. Gainontzeko guztia opari bezala onartzen dut. (tellek esku batekin begiak igurtzitzen ditu.) Negarrez zaude, aita? Nigatik baldin bada, ez daukazu egin beharrik. Ni pozik nago hemen egoteaz. Pozik nago begira dauzkagun begi hauekin. Zoragarria da gauza handiren bat egiteko aukera izatea! Hemen egoteko aukera hau ez da gizon guztiei ematen zaiena, inguruan, errukiz edo izututa begiratzen digun jendea dugularik, gauza handiren bat espero duen jendea.

tell: Zuri eta niri bakarrik eman zaigu aukera izugarri hau.

walty: Aita.

tell: Zer, seme?

walty: (Ahots ahulez.) Zuk ezetz uste baduzu ere, agian norbait sufritzen ari da gugatik. Inguruan dauzkagun hauen artean, esan nahi dut. Baliteke sufritzen egotea.

tell: Ez dakit.

walty: Ez zara inortaz fio, aita.

tell: Gerrikoa lasaitzen dute. Aurpegi bizar moztu berriak igurtzitzen. Begiak kixkurtuz bestelakoak bagina bezala begiratzen gaituzte. (Aurpegia igurtzitzen du.) Sentitzen dut.

walty: Zer, aita?

tell: Bi eguneko bizarra daukat. Horrelakotan, batek, eder eta lasai egon behar luke.

walty: Baina, aita...

tell: Galtzak raiarik gabe dauzkat. Amari plantxatzeko esan besterik ez-ta! Oinetakoak zikinak dauzkat. Pertsonaia zarpila naiz. Jende honek ikusi nahiko lukeen heroiaren guztiz bestelakoa.

walty: Aita, ez dago zu bezalakorik munduan. Ez zaizu inor hurreratzen. (Isilunea.)

tell: Orduan, saiatu egin gehar al dut?

walty: Bai.

tell: (Oihuka.) Hil egin zaitzaket!

walty: Ikus dezagun.

tell: (Ia negarrez.) Walty, ez naiz ausartzen zuri tiro egiten!

walty: Asmatzen baduzu, etxera eskutik helduta itzuliko gara. Amak ez du sekula ezer jakingo. Barrez itzuliko gara, erdi edanda bageunde bezala. Amak errita egingo digu eta ez dugula berriro egingo esango diogu. Lotaratu, eta bihar, beste egun bat izango da. Guzti hau amesgaizto inozo bat irudituko zaigu. Aurrera. Prest nago.

tell: Walty, hiltzen bazaitut...!

walty: Jainkoak nahi bezala gerta dadila.

 

(Banandu egiten da Tellengandik. gobernadoreak txalo jotzen du.)

 

gobernadorea: Oso ondo! Oso ondo! Ederra eszena!

 

(walty geldi dago, aitarengandik urruti. Norbaitek buru gainean sagarra jartzen dio. tellek balezta kargatzen du. Ez da txintik entzuten. tellek apuntatu egiten du. Jaitsi egiten du balezta.)

 

tell: (Ia erori beharrean.) Ezin dut!

gobernadorea: Tiro egin edo nire eskolta guztiak egingo du zuengan! Tiro egin edo...!

tell: Egingo dut, Gobernadore.

 

(Berriz apuntatzen du. Tiro egin. Begirada guztiak waltyrengana zuzentzen dira, zeinek balantza egiten duen. Lurrera erortzen da astun. Oihuak.)

 

bat: Jesus...!

 

(Marmarra.)

 

beste bat: Burua txikitu dio!

 

(Marmarra.)

 

beste bat: Hilda dago!

 

(Marmarra. Haserre oihuren bat.)

 

tell: (semea ikustera pasara irekiz. Oihuka.) Zer gertatu da? Zer gertatu da?

 

(uriko biak gelditu egiten du.)

 

uriko bia: Lasai, lagun.

tell: Zer gertatu da?

uriko bia: Ez duzu asmatu. Semea hil egin da.

 

(tellek egundoko garrasia egiten du. Pizti-ulua dirudi.)

 

tell: (Etsipenez oihuka.) Hil bedi Gobernadorea! (Baleztaz tiro egin Gobernadoreari eta hil egiten du.) Hil bitez tiranoak!

 

(Zalaparta. Oihuak. herriak aurre ematen die Gobernadorearen guardiei.)

 

bat: Hil bitez tiranoak!

denak: Hil bitez!

beste bat: Seinalea! Seinalea! Gobernadorea hil da!

beste bat: Eman su oihanari! Hil da Gobernadorea!

tell: (Nahaspilan oihuka.) Txikitu gorpu hori! Apurtu mila zatitan! Nik burua hartu eta paretaren kontra jotzeko! Hil bitez tiranoak!

denak: Hil bitez!

 

(gobernadorearen burua pika batean altxatzen dute. Eszena gorrizta bihurtzen da.)

 

bat: Seinalea! Seinalea! Oihana erretzen ari da!

beste bat: Milaka su ari dira pizten urrutian, menditan! Nazio guztiak ikusi du seinalea!

beste bat: Herri osoa altxa da orain! Gaztelutan sartzen ari dira!

tell: (Ahotsa lehertu beharrean, erdi zoratuta.) Hil bitez tiranoak!

denak: Hil bitez!

 

(Borrokaldi gorriaren gainean, iluna egiten da.)

 

Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990