Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990

 

Bosgarren ekitaldia

 

Tellen etxea. Arratsalde erdia da.

 

(Eguzki argitan, moteltzen jada, hiltzen, tell ehizako armak begiratzen. hedwig, bere andrea, etxeko lanetan. Isilunea.)

 

hedwig: Aizu, berandu dator Walty.

tell: Ez, emakumea.

hedwig: Berandu samar da.

tell: Ez kezkatu.

 

(Alai, kantari.)

 

hedwig: Lanari aspaldi utziko zion.

tell: Lagunekin egongo da tabernan. On egingo dio distraitzeak.

hedwig: Ahul xamarra dago oraindik.

tell: Uztazu, bera animatuko da pixkanaka.

hedwig: Holako gaixotasuna eta gero...

tell: Ez da ezer izan emakumea.

hedwig: Gogoratu ze oihu egiten zituen.

tell: Amaitu ziren horiek.

hedwig: Oso txuria dago.

tell: Normala da.

hedwig: Eta oso argala gizarajoa.

tell: Orain, ondo jan behar du. Kontu pixkatekin, ikusiko duzu...

hedwig: Ez zitzaion ba zerbait gertatuko?

tell: Zer gertatuko zitzaion? (Isilunea.) Hedwig, badakizu oso gustura nagoela semearekin?

hedwig: (Burua dantzatuz.) Ni kezkatzen nau ahul xamarra dagoelako... Besteak bezalakoa ez delako... Lagunek bezala, jolas gogorretan parte hartu ezin duelako... Horrek bai kezkatzen nauela, min ematen dit...

tell: Hedwig, Jainkoak ez digu seme indartsu bat eman nahi izan. Seme ona eman digu, argia, langilea. Eskerrak eman beharrean gaude.

hedwig: (Tristura apur batekin.) Nire gusturako...

tell: Hedwig, Hedwig, ez zara zuzena. Ez al zara konturatzen ze seme daukagun? Munduan ez dago hobea amesterik! Ez al zara konturatzen?

hedwig: Gaur goizean begizulo handiak zeuzkan. Gau txarra pasa izan balu bezala. Lorik egin ez balu bezala.

tell: Irakurtzen egongo zen berandu arte. Gauza askoren berri jakitea gustatzen zaio. Lo gutxi egiten du bizitzea asko gustatzen zaiolako. Hedwig, eman diogun bizitza eskertzen digun semea daukagu. Hedwig, zuk bazeneki! Badira seme-alabak gurasoei gorrotoz begiratzen dietenak, bizitza honetara ekarri dituztelako. Badira esaten dutenak: “Nik ez nuen nahi!”, edota oihukatu: “Nork eskatu dit baimenik jaiotzeko?”, edo baita ere “Nik ez nizuen esan ekartzekorik”. Seme-alaba horien gurasoak triste daude. Eta batzuetan gazte horiek sasoikoak eta osasuntsuak dira, sekula gaixorik egon ez direnak. Badakizu? Badira gazteak beren buruaz beste egiten dutenak eta inork ez daki zergatik. Hauen gurasoek badute triste egoteko motiburik. Guk ez Hedwig. Gu pozik gaude, ezta?

hedwig: Bai, Tell. Jainkoak barka nazala kexatzen ausartzeagatik ere.

tell: Gertatzen da dena nahi dugula, Hedwig. Eta dena ezin da eduki bizitza honetan.

hedwig: Ez ba, Tell. Barkaidazu zuk ere.

tell: Hedwig, maitte, ez daukat zer barkaturik! (Isilunea.) Ez al zara konturatzen, Hedwig, zeinen ona zaren?

hedwig: (Hunkituta. tellen begiak bustita daude.) Tell...

tell: Ez zara konturatzen.

hedwig: Zer gertatzen zaizu, Tell?

tell: Pozik nago. Pozik nagoenean, negarra dariela jartzen zaizkit begiak. Ez da ezer. (Isilunea.) Pozik nago gure bizimoduarekin.

hedwig: Ni ere bai, Tell. Oso zoriontsuak izan gara.

tell: (Ingurura begiratzen du.) Zer gertatzen da gaur?

hedwig: Ezer ez, Tell. Beti bezalakoxe arratsaldea daukagu.

tell: Ez dakit ba.

hedwig: Zerbait antzematen al diozu?

tell: Arratsalde arraroa da. Zerbait gertatu dena edo gertatuko den horietakoa.

hedwig: Etorriko da Walty. Sutondoan afalduko dugu. Eta kito. Lasai egingo dugu lo. Beste zer gertatu behar du?

tell: Sutondoan afalduko dugu. Patxadan lo egin. Goiz jaikiko naiz. Ehizan egingo dut mendian. Horixe da nahi dudana.

hedwig: Horrelaxe ikusi nahi zaitut. Lasai...

tell: Etsita...

hedwig: Etsita ez, Tell. Lasai...

tell: Bai, lasai...

 

(Walty dator. Hemezortzi urte inguruko gaztea da.)

 

walty: Kaixo, ama. (Musu ematen dio.) Aita...

 

(Bizkarrean ematen dio amultsuki aitari.)

 

hedwig: Kaixo, seme. Berandu etsita nengoen.

walty: Ezin izan dut lehenago etorri. Barkatu.

 

(Sutondoan esertzen da. Kopetilun dirudi. Hedwig begira dauka.)

 

hedwig: Zer gertatzen da, Walty?

walty: Ezer ez...

hedwig: Bazirudien... Pentsakor geratu zara...

walty: Ez, ama... Beno, zergatik ukatu! Gertatzen da!

hedwig: Zer da? Okerren bat izan al duzu kalean? Lagunen batekin haserratu? Erritan egin al dizu nagusiak... edo zer?

walty: Nik neuk ez dut ezer, ama.

hedwig: Nork, orduan?

walty: Aitonak.

hedwig: (Zurbil altxatzen da.)Zeozer gertatu al zaio aitonari?

walty: Bai, baina ez da gaixotasun kontua, ama.

hedwig: Orduan?

walty: Jo egin dute guardiek.

hedwig: (Minduta.) Egia al da, seme?

walty: Denen aurrean jo dute. Plazan. Eta behartu egin dute “Gora Gobernadorea!” esatera.

hedwig: Aitaren...!

walty: Han, plazan, Gobernadorearen kapela bat jarri dute pika baten gainean, eta pasatzerakoan, agurtu egin behar da.

tell: (Elkarrizketan sartuz, kopetilun.) Kapela bat agurtu behar dela?

walty: Bai, aita. Pasatzen diren guztiek egiten dute. Ukatu egin den bati egurra eman ondoren kartzelara eraman dute. Eta ez da ezer gertatu.

tell: Eta aitonari?

walty: “Gora Gobernadorea! ” esan duenean, askatu egin dute.

tell: Non dago?

walty: Ezkutatzera joan omen da. Hala entzun dut. Lotsatuta dagoela.

tell: Hau mixeria!

walty: Aita, goibeldu egin zara?

tell: Bai.

 

(Isilunea.)

 

walty: Aitona gizarajoa! Ezkutatzera joan da. Orain ezingo du sekula inorekin hitz egin. Nahiago izango zuen hil izan balitz. (hedwig, negarrez.) Ez negarrik egin, ama.

hedwig: Aitona ikusi nahi dut, Walty.

walty: Ez dago etxean. Inork ez daki non dagoen. Ihes egin duela dirudi.

hedwig: Dagoen tokian dagoela errukarri sufrituko du.

 

(Negar egiten du. Etena.)

 

tell: (Pentsakor.) Agurtu egin behar da kapela bat! Barregarria dirudi baina denik eta gauzarik tristeena da.

walty: Aita...

tell: Jo egin dute orduan! Esaten nuen nik aitona maisuen modukoa zela. Ez nau harritzen holako proba ezin jasan izana. Hitz egiten besterik ez dakite. Oso ondo hitz egin ere. Arazoak ikusi bai baina besterik ez.

walty: Aitona gajoari denek barkatuko diote...

tell: Ez dio ezertarako balioko. Bera da bere buruari barkatuko ez diona. Orain konturatuko zen.

walty: Zertaz?

tell: Momentu jakin batzuetan hiltzea hobea dela. Bizitzea ez dela garrantzitsuena. Berak bazekien baina orain konturatuko zen benetan. (Isilunea.) Eta jendea kapela agurtzen ari al da?

walty: Batzuk pasa ere ez dira egiten handik. Baina iruditzen zait beste batzuk, beharrik gabe ere pasa egiten direla, Gobernadorearen eskerrona lortze hutsagatik.

tell: Egun tristea orduan.

hedwig: (Lasaitu egin dela dirudi. Malkoak lehortzen ditu.) Zeozer jarriko dizuet? Nik ez daukat goserik, baina zuek... afaldu nahi duzue?

tell: Ez. Gaur ez. Badago beste zereginik.

 

(Isilunea. Zurrun geratu da.)

 

hedwig: (Beldurtuta begiratzen dio.) Tell, berriz?

tell: Baietz uste dut.

 

(Geldi-geldi dago.)

 

hedwig: Berriz eman al dizu?

tell: Ez dakit.

hedwig: (Izubeldurrez.) Ez hola begiratu.

tell: Ez nago zuri begira, Hedwig. Ez dakit nora begira nagoen.

hedwig: Oso triste dituzu begiak, Tell.

tell: Ba, agian zerbait gerta liteke Hedwig.

 

(Altxa egin da.)

 

hedwig: Irtetera al zoaz?

tell: Bai.

hedwig: (Izubeldurrez.) Ez zaitez joan!

tell: Ez daukat aukerarik. Ezin naiz geratu.

 

(Balezta bat ateratzen du.)

 

hedwig: (Oihu.) Ez!

 

(Ateajotzen dute. waltyk irekitzen du. uriko bata da.)

 

uriko bata: Gabon. (Ez dio inork erantzuten.) Nahiago nuen etorri ez-ta, Hedwig, Tell. Barkaidazue.

tell: Zer gertatzen da?

uriko bata: Niri tokatu zait esatera etortzea. Ez nuen nahi.

tell: Zer da?

uriko bata: Walter Furst jauna...

tell: Zer?

uriko bata: Bere burua hil du. Sentitzen dut. Nik ez nuen etorri nahi.

tell: Bere burua hil?

uriko bata: Urkatu egin da oihaneko zuhaitz batean. Nik ez nuen nahi...

 

(Hedwigek izugarrizko oihua egiten du. Zotinka dago.)

 

tell: (Lasai.) Joan beharra daukat berehala.

uriko bata: Barkaidazue. Nik ez dut balio horrelako berriak emateko. Nik...

tell: Gero arte. (Baina atean gelditu egiten da. semeari begiratzen dio.) Walty.

walty: Zer?

tell: Zatoz nirekin. Goazen.

walty: Nora goaz?

tell: Zu, etorri.

walty: Zergatik nahi duzu zurekin joatea aita?

tell: (semeari begiratzen dio harrituta.) Oraindik ez dakit seme. Etortzeko esan al dizut?

walty: Bai, aita.

tell: Orduan... (Bizkarrak uzkurtuta.) Ez dakit... Zerbaitegatik izango da... Goazen.

 

(tell eta walty kanpora doaz. hedwigek negarrez jarraitzen du. uriko gizona zutik dago, geldi, kopetilun. Iluna egiten da.)

 

Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990