Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990

 

Hirugarren ekitaldia

 

Walter Fursten etxean soto handi bat. Argi gutxirekin. Iluna. Matxinada antolatzeko aukeratutako tokia da.

 

(furst eta uriko bost gizon daude mahai handi baten inguruan. Isilunea.)

 

bat: Berandu datoz.

bi: Bai.

bat: Ez zituzten ba atzemango?

hiru: Ez dut uste.

lau: Orain zaintza handia ipini dute gauetan.

bost: Bikoteak harrapatzen ibiltzen dira. Ez du inork holako ezer espero.

bat: Ez dakit ba.

hiru: (Irribarrez.) Laugarren brigadako guardiak dira. lasai ibiltzen dira neska-mutilik ikusten ez badute.

bi: Lehenengo Brigadak eta Bigarrenak beti dauzkate retenean bi konpainia. Badaezpada ere.

bost: Zurrutean eta jokoan besterik ez dute egiten koartelilloan. Armak herdoilak jota dauzkate.

hiru: Hiltzeko agintzen dietenean, hil egiten dute.

Baina hondoa jota daude. Organizazioa falta zaie.

bat: Fitxeroek funtzionatzen dute!

hiru: Begiratzera doazen bitartean makina gauza gerta liteke.

bi: Kontuz ibili behar da poliziarekin. Ez dago fidatzerik.

bost: Soldata kaxkarra dute. Hori aprobetxatzen jakin behar da.

bat: Berandu datoz gauza onerako.

bost: Ordua al da?

bat: Bai.

bi: Harrigarria da Schwyzekoak ez iristea. Stauffacher oso puntuala da.

hiru: Melchtalek esan zuen Unterwaldenekoak agian berandu etorriko zirela.

lau: Ixo.

bi: Zer gertatzen da?

lau: Entzuten?

 

(Entzuten jartzen dira.)

 

bat: Patruilaren oinotsak dira. Botaotsa asfaltoan.

lau: (Entzuten jarrita.) Bai.

bat: (Entzuten jarrita.) Badoaz.

bi: Ez dut ezer entzun.

lau: Bai, patruila zen. (Isilunea.) Furst jauna.

furst: (Lozorroan zirudienak.) Zer?

lau: Pentsakor zaude.

furst: Bai.

bost: Ez daukagu atzera egiterik.

furst: Noski ezetz. (Kolpe jakin batzuk entzuten dira atean. Furst altxa egiten da.) Schwyzekoak. (Atea irekitzera doa. Ireki egiten du. Stauffacher eta Schwyzleko bi gizon sartzen dira.) Ongietorriak.

 

(Furst eta Stauffacher besarkatu egiten dira.)

 

stauffacher: Gabon guztioi.

 

(Agurren marmarra.)

 

furst: Eseri. (Eseri egiten dira guztiak.) Erraz etorri al zarete?

stauffacher: Oraintxe zetorren patruila bat. Ezkutatu egin gara pasatzen uzteko. Ez geneukan zertan kontu emanik.

furst: Ondo. Nola zarete Schwyzen?

stauffacher: (Kopetilun.) Kendu egiten dizkigute etxeak eta lurrak. Soroei su ematen diete, Gobernadorearen aldarteren bati kontra egin orduko. Bakarrik ez daukagu zereginik.

furst: Ez zarete bakarrik izango. Zuetako inortxo ere ez.

stauffacher: Ba al dator Melchtal?

furst: Bai, etortzekoa da.

stauffacher: Unterwaldenen zigor eraso beldurgarria jasan omen dute.

furst: Zergatik?

stauffacher: Ez jakin.

furst: Melchtalek esango digu. (Isilunea.) Nola izan dira hautatuak Schwyzeko ordezkariak Iraultza Batzordean?

schwyzeko bata: Aukeraketaz.

schwyzeko bia: Isileko bozketa egin da kantoian. Gu aukeratu gaituzte.

uriko bata: Hemen ere berdina egin da. Bozketa isila.

stauffacher: Zenbatek eman du botua?

uriko bia: Ehuneko larogeitamarrrak.

stauffacher: Orduan kolaborazionista gutxi dago Urin. Hamarra bakarrik. Primeran.

furst: Hamar horri ez zitzaion galdetu. Salatu egingo gintuzten Gobernadorearen Polizia Sailean. Eta Schwyzen?

schwyzeko bata: Han okerrago gaude. Hirurogeitamarra dago gurekin.

furst: Nahikoa dugu. (Kolpe jakinak entzuten dira atean. furst hara doa. Ireki aurretik.) Melchtal?

melchtal: (Kanpotik.) Bai, ireki!

 

(furstek ireki egiten du.)

 

furst: Ongietorriak. (melchtal eta unterwaldeneko hiru gizon sartzen dira estu eta larri.) Zer gertatzen da?

melchtal: Jarraitu egin digutela uste dut. Ahalegindu gara atzean uzten baina ez dakit...

 

(Entzuten.)

 

furst: Ez da ezer entzuten.

melchtal: Oihanetik sartu gara.

unterwaldeneko bata: Zaindariak elkarri abisu pasatzen ari zirela zirudien.

unterwaldeneko bia: Txistua entzun dugu eta itzalak ikusi ditugu mugitzen.

unterwaldeneko hirua: Gelditu egin gara eta amaitu egin da guztia.

unterwaldeneko bia: Bai, baina mugitu garenean, berriz txistua, berriz itzalak.

furst: Ez dator inor.

melchtal: Nahi duzuenean hasi gaitezke.

stauffacher: Zeuek nahi duzuenean.

melchtal: (uriko gizonei begira.) Ez al da Gillermo Tell etorri?

furst: (Totelka.) Ba... gaur beharbada ezingo du etorri.

melchtal: Zergatik ez?

furst: Oso bere gainean daude. Arriskutsua litzateke etortzea.

uriko bata: Etorriko balitz, poliziak nahikoa luke nora datorren jarraitu eta, gaur bertan amaituko litzateke guztia.

melchtal: Gurekin izango dugu, ezta?

furst: Jakina.

melchtal: Unterwaldenen zabaldu da beldurgarri torturatu dutela kartzelan.

furst: Erresistentzia buruen izenak eman zitzan ahalegindu ziren. Hirugarren maila aplikatu zioten. Ez zuten ezer lortu.

melchtal: Gizon ausarta da.

 

(Eseriz joan dira.)

 

furst: Zer izan da Unterwaldenekoa?

melchtal: Zigor erasoa, hemen antolatua, Urin, Gobernadoreak berak pertsonalki.

furst: Zigorra, zergatik?

melchtal: Arma eta gudabasen fabrikako grebagatik.

furst: Ez genekien.

melchtal: Hemen kartzela egiten ari diren igeltseroek bat egitea nahi genuen, baina ez zigun denborarik eman.

furst: Altdorfen ez genekien....

melchtal: Mezularia bidali genuen baina hil egin zuten. Gorpua biluzik eta txikituta azaldu zen harritarte batean.

stauffacher: (Astinaldi haserre batean.) Iraultza Komitean aztertu beharrekoak, berehala aztertzen hastea proposatzen dut.

furst: Konforme. (Guztiak eserita daude, geldi. Isilunea.) Ordenean hasi gaitezen. Komite burua izendatu behar da.

melchtal: Zeu izatea proposatzen dut. Eta jarrai dezagun. Ekin egin behar diogu. Tiranoa gizentzen ari da gu hizketan ari garen bitartean. Izan zeu Furst jauna.

furst: Ohore handia litzateke niretzat baina zuzenena, bozketa egitea izango da.

uriko bat: Bai, onena.

melchtal: Komitean ordezkaritzarik handiena Urikoa denez, berriro proposatzen dut Walter Furst jauna, buru izendatzeko.

uriko hiru: Agian Urikoren batek nahiago luke Melchtal. Bozketa egin beharko genukela iruditzen zait.

furst: Zeuk, adibidez, Melchtali emango zenioke botua, ezta?

uriko hiru: Bai, jauna.

furst: (Besteei.) Jaun-andreok?

melchtal: Ondo da. Egin dezagun bozketa. Baina azkar.

furst: Bakoitzak idatzi dezala bere hautagaiaren izena paper batean. (Hala egiten dute. Atea jotzen dute. Furst irekitzera doa. Ireki egiten du. gillermo tell sartzen da. Eite urruna du, kezkatua.) Tell!

tell: Gabon.

 

(Agurrak.)

 

furst: Etorri egin zara.

tell: (Bizkarrak uzkurtuz.) Bai.

furst: Arretarik izan duzu?

tell: Arreta? Zergatik?

furst: Jarrai zintzaketen.

tell: Ez... Niri eman zizkidaten ematekoak. Orain bakean uzten naute.

furst: Tell, oso gustura gaude hemen zaudelako baina kontuz ibili behar zenuen.

tell: Paseiatzera irten naiz. Ez nuen etortzeko asmorik.

furst: Ez zenuela asmorik...?

tell: Ez nuen, ez. (Isilunea.) Oso aurpegi luzeak dauzkazue. Zer gertatzen da?

furst: Tell, ez da txantxetan hartzekoa. Zuk badakizu...

tell: Ezer erabaki al duzue?

furst: Hasi-berri gara.

tell: Garaiz nator orduan.

melchtal: Bai, Tell. Ongietorria.

tell: Baita zuek ere Urira, jaun-andreok. (Fursti) Hasi-berri zarete orduan!

furst: Bai. Komite buru baten hautaketa planteatu da.

tell: Ah, bai.

furst: Eta bozketa egiten ari gara.

tell: Bozketa... Beno...

furst: Ez al deritzozu ondo? Zer gertatzen da?

tell: Ezer ez... Horrela hasten da...

furst: Ados egongo zara gauzak ordenean egitearekin.

tell: Jakina...

furst: Botatu nahi?

tell: Ez. Nik ez. Entzutera etorri naiz. (Eseri egiten da.) Jarraitu mesedez. Ez nizueke eten nahi.

furst: Zeuk ikusi...

 

(Bizkarrak uzkurtu eta keinu egiten die besteei tell arraro samarra dela adieraziz.)

 

melchtal: Egur handia eman dizute, ezta Tell?

tell: Hor nonbait... Baina pasa da...

melchtal: Tell, pozten naiz elkar ikusi dugulako.

tell: Neu ere bai... Ba al dakizu zure aitaren istorioa itsu-erromantzetan kantatzen dela? Neuk entzun dut.

melchtal: Bai... kantatzen da istorioa baina inork ez daki ni naizenik. Entzuten diot itsuari, ikusten dut jendea negarrez nire ondoan, baina gero, bultzada eman eta ajolakabeki joaten zaizkit.

tell: Duela gutxi, gizona hil zuten hemen, Altdorfen, istorio hori kontatzeagatik.

melchtal: Esan didate. Gustatuko litzaidake haren hilobira errezatzera joatea.

tell: Inork ez daki non dagoen. (Melchtali begira.) Nolatan ez zenuen egun hartan Gobernadorea hil?

melchtal: Zoratuta nengoen penaz ta dolorez baina, ez nintzen ausartu. Aitaren begi odolduak ikusten nituen eta ez nintzen gauza, negar egin eta eskuak igurtzitzeko besterik. Gero mina, baretuz joan zen. Baina sumina hemen dago, neuregan, lehenengo egunean bezala, hamar urte pasa diren arren. Hamar urte jada!

tell: (Errepikatuz.) Hamar urte...

melchtal: Bakea izango dut, aita torturatu zuten guztiak hiltzen diren egunean. Orduan bakarrik.

tell: Nik ezin izango nuen hainbeste denbora itxaron. (Besteengana itzuliz.) Ez al duzue jarraitu behar? Mesedez...

furst: Bai, Tell, ez dugu denborarik galdu behar. (Jarraitu nahian.) Botatu al duzue guztiok? (papeletak zenbatzen ditu.) Hara... Harritzekoa... Hamairu gara... Zoritxarrekoa omen da...

tell: Hamalau nirekin, Furst jauna.

furst: Hala da. (Berriz zenbatzen du.) Ikustazue zeuek. Sei botu, lau, hiru. Eskerrik asko jaunak, nireganako konfidantzagatik.

tell: Zorionak, Furst jauna.

furst: Eskerrik asko. (Guztiei.) Egitasmo bat proposatzen dizuet.

melchtal: Bota, Furst jauna.

furst: Puntu garrantzitsu batzuk daude tratatu beharrekoak: komiteko idazkariaren izendapena; azpikomiteak erabaki eta berauen buru eta idazkarien izendapena; ajitazio eta propaganda azpikomiteak egin beharrekoen azterketa berezia eta hemendik irtengo den egitarau siziopolitiko baten idazketa. Egin behar dena da, azterketa bat, sortu beharko den Estatu berriaren egituraketa politikoarena; eta idatzi Premiazko Araudi Penala, oinarrituko dena Eskubide Naturalaren arau aldaezinetan, zeinarekin epaituko diren orain botere arrotzaren zerbitzura dauden traidore guztiak... Konturatuko zarete guzti honek zenbaterainoko lege arazoa suposatzen duen. Abelgintza edo nekazaritzaren antolaketa nazionalaz arduratzea ez da delitua. Antolaketa horretaz Gesslerren Gobernuaren menpe ardurartzea bai ordea. Zergatik? Hortxe dago arazoa.

stauffacher: Hortxe dago arazoa.

melchtal: Barkatu. Nik ez dut arazorik ikusten. Nire ustez, traizio delitu argia da hori.

furst: Traizioa, zeri?

melchtal: Aberriari, justiziari.

furst: Aberriari... Baliteke... Baina erabaki egin beharko litzateke zeri esaten diogun Aberria. Justiziari dagokionean ordea, esan beharra dago, inperioarekin kolaboratzen ari diren funtzionarietako batzuek, berdintasunaren arauek agintzen dutenaren arabera, ahal dutena egiten dutela, guztiz anormala den egoera baten barruan, Eskubideak eta Justizia ezartzeko. Jende hori gabe, gaudena baino okerrago geundeke.

melchtal: Kolaboratu egiten dute inperioarekin. Horixe dute delitu.

furst: (Berriz.) Jende hori gabe, okerrago geundeke.

melchtal: Jende hori gabe, kantoiak ez lirateke inperioaren menpean egongo.

stauffacher: (Burua dantzatuz.) Auskalo.

melchtal: Funtzionari guztiak kanpotarrak balira, aspaldi altxatu ginen. Gessler kanpotarra balitz, hilda zegokeen. Beraiek omen dira benetako abertzaleak; gu, hemen terroristak. Hola engainatzen dute jendea. Esaten dute une honetan Nazioari benetan komeni zaiona zer den, beraiek dakitela. Gu omen gara bandidoak, terroristak, boikoteadoreak, gangsterrak plan nazionalaren sabotaiariak.

uriko bata: Egia da. Hil daitezela guztiak.

furst: Lasai. Lasai lagunok. Demostratu egin behar dugu ez garela asasinoak. Ezertan hasi aurretik pentsatu egin behar da.

melchtal: Pentsatzera jartzen bagara ez dugu sekula ezer egingo!

furst: Mesedez jaun-andreok, lasai... Baretu gaitezen... (tell altxa egiten da eta badoala dirudi.) Tell, ba al zoaz?

tell: Bai.

furst: Ezin zara orain joan. Guzti hau zuri ere badagokizu.

tell: Jakinaraziko didazue... zer erabakitzen duzuen. Ni... nik ez dut balio hemen egoteko.

furst: (Gogor samar.) Uste genuen zurekin kontatzen genuela.

tell: Kontatzen duzue.... baina beste arlo batean. Zerbait egin dezakedan tokian.

furst: Hemen. Gera zaitez.

 

(Isilunea.)

 

tell: Zera... semea daukat gaixorik Furst jauna. Horregatik noa.

furst: Walty gaixorik?

tell: Bai.

furst: Tell, gera zaitez. Waltyrena ez da ezer izango. Neu ere kezkatzen nau iloba gaixo egoteak. Baina geratu beharra daukagu.

tell: Sukarra dauka.. Kexu da, sufritzen ari da... Horregatik irten naiz etxetik... Buelta bat ematera. Ez entzuteko... Paseiatzera irten naiz burua arintze aldera.... Baxoerdi bat hartu dut tabernan... Orain hobeto nago...

furst: Zer du ba?

tell: Ez dakit... Seguraski ezer ez... baina etxera noa... ea nola dagoen.

furst: Ez nekien ezer. Barkatu. Noiz gaixotu da?

tell: Bart. Baina ez noa horregatik bakarrik... Ez... Zuei entzuteak.. hoztu egiten nau. Zuei entzun eta ez dirudi nazioan injustizia eta mixeriarik dagoenik. Gezurra balitz bezala. Ipuin kontatzen ari zaretela dirudi. Negozioren bat montatzen. Hau Unibertsitateko katedra balitz bezala. Ez, ni banoa. Ez daukat zereginik zuen artean. Zuen hitzen artetik, ez dut umerik ogi eske ikusten. Inork umeren bati sufriarazten baldin badio, hil egingo dut. Baina bitartean, etxean egongo naiz. Barkatu eten izana. Gabon pasa.

 

(Irten egiten da. Isilunea.)

 

furst: (Azalpenak ematen.) Gizon zintzoa da. Zuzena gainera. Anarkista ordea eta zaila da berarekin tratatzea.... Beno. Joan da baina ez dio ajola. Disziplina, arauak, burokrazia ez dira beretzat eginak. Halere, kontatzen dugu berarekin. Behar denean, lehertuko da eta gure artean azalduko. Hil ere egingo du beharrezkoa bada. Etxeak erreko. Egin beharreko guztia egingo du. Suizida bailitzan. Mutur-muturrean ibiliko da, lehenengo, gogorrenekin erasoan. Arriskutsuena tokatuko zaio eta pozik egingo du. Eta beharrezkoa bada gauza handia egingo du. Guri orain, bere ordez pentsatzea dagokigu.

 

(Isilunea. Geldi daude guztiak. Melchtalek ahots lodiz hitz egiten du.)

 

melchtal: Hemendik irten behar du gaur Gobernadorea hiltzeko erabakiak. Hura hiltzeaz bat eroriko da guztia. Seinale bat proposatzen dut. Erortzen den egunean, su handiak piztuko ditugu menditan. Lurraldeko azken txokotik ere ikusiko dira. Matxinatzeko seinalea izango da. Egun zoriontsu horretan gure asaba zaharren armak aterako ditugu. Kantoietako lurraldea aske izango da.

stauffacher: Seinalearen berri ematera noa. Gau ta egun egongo gara zain, erne.

schuyzeko bata: Suak ikusi orduko zabalduko dugu Gobernadorea hil denaren berria eta sartuko gara gaztelutan.

furst: Altdorfen hilko balitz, oihanari emango diogu su. Nazio guztiak ikusiko du sutea. Nazioak berak hartu duela su idurituko du.

melchtal: Hauxe izango da konsigna: “Hil bedi Gobernadorea!”

denek: Hil bedi!

 

(Altxa egin dira. Geldi daude, erabakior, hurbilkaitz. Behera dator

teloia)

 

Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990