Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990

 

Laugarren ekitaldia

 

Altdorfeko plaza.

 

(Langileak lanean ari dira katapazaren begiradapean, lehenengo ekitaldian bezala. eskale besamotza limosna eske alfer-alferrik. bi guardia daude lurrean pika bat sartzeko jardun nabarmenean. Bigarren ekitaldiko atsoa dator.)

 

atsoa: Egunon.

besamotza: Berdin.

atsoa: Ikusi al dun nire laguna.

besamotza: Ez.

atsoa: Non ote zebilen?

besamotza: Ez dun ba bere tokian egongo?

atsoa: Ez.

besamotza: Ba, ez zekinat.

atsoa: (guardiak ikusten ditu.) Zertan ari ditun hoiek?

besamotza: (Bizkarrak uzkurtuz.) Pika zahar bat lurrean sartzen...

 

(guardiek amaitu dute lurreko zuloarekin. Orain kapela beltz bat jartzen dute pika muturrean eta lurrean sartzen masta bailitzan.)

 

atsoa: Eta zer dela-ta?

besamotza: Antzemaion...

 

(Begira geratzen dira.)

 

guardia 1: (Eskuak garbituz.) Ondo zegok, ezta?

guardia 2: Bai.

guardia 1: Sendo?

guardia 2: (Dantzatu egiten du pika eskuekin.) Bai, ez duk eroriko.

guardia 1: Ez al du haizeak eramango?

guardia 2: Halajaina!

guardia 1: Lotuko al diagu sokarekin?

guardia 2: Aginduak ez ziok ezer.

guardia 1: Haizeak eraman zezakek...

guardia 2: Aginduak ez ziok ezer.

guardia 1: Orduan ez.

guardia 2: Eta orain zer egin behar diagu?

guardia 1: Hemen geratu.

guardia 2: Aginduak al dio?

guardia 1: Jakina.

guardia 2: Hemen gaudek ba!

guardia 1: Hemen gaudek.

guardia 2: Irmo egon behar al diagu?

guardia 1: Aginduak ez ziok ezer.

guardia 2: Orduan nola egon behar diagu?

guardia 1: Ez zekiat! Atsedenean jarriko gaituk. Zer diok?

guardia 2: Ez nauk atrebitzen.

guardia 1: Bai motel. Begiratuniri. (Jarri egiten da.) Ikusten? Ez duk ezer gertatzen.

guardia 2: Zaharrena haizenez, hik agintzen baduk...

guardia 1: Jarri beldurrik gabe.

guardia 2: Hire esanera.

guardia 1: Inor inportanterik baletor, nik aginduko diat eta irmo jarriko gaituk. Zer diok?

guardia 2: Primeran. Hola, ez diat uste ezer pasako zaigunik eta lotara etxera joateko moduan izango gaituk. (Biak atsedenean jartzen dira. pregoijotzailea eta atabalaria datoz.) Hor zetorrek pregoijotzailea. Irmo jarriko al gaituk?

guardia 2: Lasai. Egon pixkatean.

 

(pregoijotzailea eta atabalaria plazaren erdian kokatu dira.)

 

pregoijotzailea: (atabalariari.) Jo.

atabalaria: Esanera.

 

(Denborra jotzen du.)

 

pregoijotzailea: Orain ixo. (atabalariak ez dio entzuten eta jarraitu egiten du.) Isiltzeko!

atabalaria: Esanera!

 

(Isildu egiten da. pregoijotzailea irakurtzera doa.)

 

pregoijotzailea: “Altdorf hiriko biztanleei. Gobernadore jaunaren aginduz, Altdorfeko biztanle guztiak, maila, edade, sexu edo egoera bereizketarik egiten ez dela, behartuak daude, Gessler plazatik pasatzen direnean, han jarrita dagoen Gobernadore jaunaren kapela adeitsuki agurtzera, hanka bat belaunikatu eta han dagoen zaintzak entzuteko moduan ozenki esango dutelarik “Gora Gobernadore jauna”. Aditzera ematen da, agindu honen haustea zorroztasun handienaz zigortuko dela, eta bertan dagoen zaintzak, ahalmena duela hitzez eta ekintzez hiritar menperakaitzak torturatzeko, zeintzu berehala eramango dituzten Terrorismo Errepresiorako Epaimahai-Buru nagusiaren aurrera. Autoritateari aurre egingo baliete, unean bertan zigortuak izan daitezke heriotz zigorraz. Gorpua Udal Depositora eramango da, hemendik Disekzio departamentuetara eta han matrikulatutako estudianteen esku utziko. Altdorfen sinatua, Uriko kantoian, 1307ko Azaroaren 18an. Gessler. Gobernadorea.” (atabalariari.) Jo. (atabalaria distraituta dago.) Jotzeko! (atabalariak jo egiten du.) Ixo. (atabalaria isildu egiten da.) Goazen.

 

(Badoaz. Geroxeago, danborraren tarrapata entzuten da urrutian.)

 

atsoa: Entzun dun?

besamotza: Bai.

atsoa: Mundu hau zoroetxea dun.

besamotza: (Patxaroso.) Zer ba?

atsoa: Tia! Normala iruditzen zain hori?

besamotza: Mozkor okerragoak harrapatu dizkinat nik.

atsoa: Gobernadore jaunaren mozkorraldi bat dela uste al dun?

besamotza: Ez zea. Pasako zaion.

atsoa: Beldurtzekoa dun.

besamotza: Zer?

atsoa: Zer? Mozkorraldi honen bixamona. Beno, orain lagunaren bila nian. Ea aurkitzen dudan.

besamotza: Kapela aurretik pasa beharko dun.

atsoa: Ikusiko dun nola agurtzen dudan! Neu izango naun lehenengoa kirtenkeria hori egiten. Gero hiritar errespetagarri guztiak etorriko ditun atzetik.

 

(Barre egiten du.)

 

besamotza: Mozkorraldiko pertsonaia bat emango dun. Horixe gaitun denok. Nagusiaren mozkorraldi handiko pertsonaiak! Ea ba. Ea nola egiten dunan; nik barre egingo dinat hemendik.

atsoa: Ikusiko dun. (Kapelari hurbiltzen zaio. Gehiegizko imintzioak eginez belaunikatzen da. Oihu egiten du.) Gora gobernadorea!

 

(eskale besamotzak barre egiten du ezkutuan. atsoak agur esaten dio urrutitik, burlazko keinu batekin eta badoa. Isilune txiki bat.)

 

guardia 1: Badakik zer iruditzen zaidan?

guardia 2: Zer?

guardia 1: Atso horrek barre egin digula.

guardia 2: Baina agindua bete dik.

guardia 1: Hori bai.

guardia 2: Ezin zioagu ezer egin.

guardia 1: Horixe txarra. (Isilunea.) Hi...

guardia 2: Zer?

guardia 1: Zeharo izorratuta nebilek. Badakik zergatik?

guardia 2: Ez.

guardia 1: Alaba gazteena gaixorik zeukeat. Ume gaixoa...

guardia 2: Zer du?

guardia 1: Hesteetako zornea, medikuak esan duenez.

guardia 2: Ez duk ezer izango. Ikusiko duk.

guardia 1: Aldatu egin nahi nian guardia hau, baina inork ez zidak mesedea egin. Orain ez zegok adiskidetasunik.

 

(Isilunea.)

 

guardia 2: Ni ere izorratuta nebilek.

guardia 1: Eta nor ez Kantoietan?

guardia 2: Soldatak ez zidak ematen. Hori duk nire arazoa.

guardia 1: - Niri ere ez zidak ematen.

guardia 2: Zera, andrea bularretik zebilek eta diru asko behar. Arratsaldetan, uniformea erantzi ondoren aroztegi batean egiten diat lana. Eta halere ezin...

guardia 1: Bizimodua latza zegok, aixkidia. (Isilunea.) Ea baten bat etortzen den, agurtu ez eta egurtzen dugun. Hartara behintzat hustualdi bat hartuko diagu.

guardia 2: Amorratzen negok!

guardia 1: Uste diat badatorrela baten bat.

guardia 2: Bai, han zetorrek.

guardia 1: Agurtzen ez badu, hartu behar dizkik! (walter furst dator. Bakarrik. Kapela aurretik pasatzen da. Arreta handiz begiratzen diote. furstek harriduraz begiratzen dio kapelari. Bizkarrak uzkurtzen ditu. Aurrera egitera doa. Ahots batek gelditzen du.) Hi, aizak!

furst: (Harrituta bueltatuz.) Zer da?

guardia 1: Ez al dakik hire betebeharra?

furst: Zein betebehar?

guardia 1: (Besteari.) Hara bestea! (fursti.) Barre egin nahi diguk edo zer?

furst: Barre? Ez.., ez da gutxiagorik ere.

guardia 1: Bai, barre! Barre egin nahi diguk edo zer?!

furst: Ez, ez dizuet barrerik egin nahi.

guardia 2: Ederki jaioak gaituk! Ironiko zetorrek!

furst: Jaunak, ez dut ulertzen...

guardia 1: (Besteari.) Eta kokoloa baino ez genian behar.

furst: Iraindu egin nauzu. Ezin dut onartu...

guardia 2: Bale. Ez haiz ba autoritatearen kontra joango, ezta?

furst: Esaten ari nintzen...

guardia 2: (Haserre.) Isilduko haiz edo zer?

furst: Ez dut legerik hautsi. Ez dut ezeren beldurrik izan beharrik.

guardia 2: Ba al dakik norena den kapela hori?

furst: Ez dakit.

guardia 2: Gobernadore jaunarena.

furst: Eta zer egiten du hor?

guardia 1: Hori hor zegok hi bere aurrean belaunikatu eta esan dezaan: “Gora Gobernadorea”

furst: Zentzugabea da.

 

(guardia 1ek aurpegian jotzen du.)

 

guardia 1: Esan berriro zentzugabea dela.

furst: Zentzug...!

 

(Gogor jotzen dute. Lurrera bota. guardia 2ak ostikada bat ematen dio. furst indarge kexatzen da.)

 

guardia 1: Eta orain esantzak “Gora Gobernadorea” edo bertan akatuko haugu.

furst: (Ingurura begiratzen du laguntza eske bezala. Ez dago lagunduko dionik. igeltseroak aldamio goian ari dira lanean.) Altdorfdarrok! Hemen! Altdorfdarrok...!

 

(Ez du inork erantzuten.)

 

guardia 1: Gora Gobernadorea edo hementxe bertan hilko haiz.

 

(Lurrean dago. Bularrean dauzka guardien pikak. Beldurrikaraz dago. Dardarka. Oihu egiten du.)

 

furst: Gora Gobernadorea!

guardia 2: Berriro!

furst: (Oihu egiten du.) Gora Gobernadorea!

guardia 2: Berriro! Berriro!

furst: Gora.J

 

(Ezin du amaitu. Zotinka. Dardarka egiten du negar. Trapu zahar triste baten gisan higitzen da lurrean. Iluna egiten da.)

 

Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990