Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990

 

Bigarren ekitaldia

 

Taberna barru bat, Altdorfen.

 

(eskale eseritakoa baso bat ardo edaten ari da, mahai batean aurrez aurre. Hankak zintzilik dauzka, hilda. tabernaria mostradorea garbitzen ari da. Isilunea. tabernariak burua altxatzen du.)

 

tabernaria: Joino! Aspaldian bistatu gabe, eh?

eseritakoa: Hain aspaldian ere!

tabernaria: Norbaiten zain?

eseritakoa: Bai.

tabernaria: Misteriotsua hagoena!

eseritakoa: Beno...

 

(Isilunea.)

 

tabernaria: Non bizi haiz orain?

eseritakoa: Hiri-barrenean. Ifarraldean.

tabernaria: Haizeak majo jotzen dik han, ezta?

eseritakoa: Ohitu egiten duk bat.

tabernaria: Ba al duk etxerik? (eskale eseritakoak barre egiten du.) Zeri egiten diok barre?

eseritakoa: Inuxentekeria horri.

tabernaria: Gizona...

eseritakoa: Bai, inuxentekeria bat bota didak.

tabernaria: Nonbaiten bizi beharko duk.

eseritakoa: Jakina.

tabernaria: Zer gertatzen zaik? Umore txarreko dirudik.

eseritakoa: (Azalpena ematen bezala.) Etxerik daukadan galdetzen didak...

tabernaria: Ez hindudan mindu nahi...

eseritakoa: Ez zeukeat etxerik. Sekula ez diat edukiko.

tabernaria: Pesimista haiz gero eh!

eseritakoa: Lanerako gauza direnek, beso ta hanka dituztenek ez diate eta nik edukiko diat! (Kopetilun.) Zabor-auzoan bizi nauk, zabortegien ondoan. Hantxe iraulkatzen nauk zerri baten pare. Orain badakik.

tabernaria: Barka ezak.

eseritakoa: Ba al dakik non dagoen nire auzoa?

tabernaria: Orain ez nauk jausten.

eseritakoa: Altdorfetik irten eta errepidean, harresiaren atzean.

tabernaria: Harresi atzean jendea bizi al da?

eseritakoa: Ez zera. Zertarako uste duk egin zutela ba?

tabernaria: Ez zekiat.

eseritakoa: Hik ez dakik ezer. Baso ardoak ateratzen, otartekoak jaten eta aguardientea edaten besterik ez. Horixe da hik dakiana.

tabernaria: Nahikoa arazo badiagu bestela ere. Beraz, harresi atzean zera zegok...

eseritakoa: Bai, gu gaudek. Gogoratzen al haiz nola orain bi urte, kantoietako Enperadorea etorri zitzaigun?

tabernaria: Bai. Urte ona izan huen.

eseritakoa: Ba, orduan jaso huen harresia. Hura Altdorfen sartzean ikus ez gintzan. Itsusi egiten genian.

tabernaria: Ez nitxakian...

eseritakoa: Nire lagun bati pentsatzetik eman zitxion.

tabernaria: Eta zer pentsatu zian?

eseritakoa: Esaten zian, harresian erabili zituzten adreiluekin etxeak egin zitzaketela gutako batzuentzat. Kalkuluak eta kontuak egitera jarri... eta horretara iritsi huen... Ez zekiat....

 

(Isilunea.)

 

tabernaria: Beste baxoerdi bat?

eseritakoa: Hik dena konpontzen duk hola. Beno, ekatzak.

 

(tabernariak atera egiten dio baxoerdia. eskale eseritakoak trago batean edaten du. atso zahar bat etortzen da. eskale eseritakoaren mahaira esertzen da.)

 

atsoa: Kaixo.

eseritakoa: Kaixo. Zer moduz? Berririk ba al dago?

atsoa: Oso nekatuta negok. Bederatzi orduz lur fregaketan aritu nauk. Bederatzi ordu nagusien karkaxak garbitzen eta haien zigarro mutxikinak jasotzen gehiegi dituk! Eskatu baxoerdi bat niretzat.

eseritakoa: (Deituz.) Aizak. Beste bat.

 

(tabernariak eman egiten dio. atsoak edan egiten du eta orain eskale eseritakoak egindako galderari erantzuten dio.)

 

atsoa: Bai.

eseritakoa: Bazegon edo ez!

atsoa: Bai. Arratsaldean askatu diate.

eseritakoa: Ikusi al dun? Aizak, beste bat.

atsoa: Bai.

eseritakoa: Nolako itxura zeukanan?

atsoa: Zurbil-zurbil zitxion.

eseritakoa: Jo egingo zinaten. Beti jotzen dinate zerri hoiek.

atsoa: Baina ez zeukean arrastorik aurpegian.

eseritakoa: Gorputzean jotzen dinate.

atsoa: Bazekiat.

eseritakoa: Tell gaixoa. Gozo-gozo jarriko zinaten kolpeka.

atsoa: Egia da oso zurbil zegoela. Beste baxoerdi bat eskatu. Egarri nauk. Bederatzi ordu...

eseritakoa: Beste bat. (tabernariak atera egiten dio. atsoak edan.) Askatu egin dute, hortaz.

atsoa: Arratsalde erdian.

tabernaria: (Entzun egin du eta...) Gillermo Tell askatu dutela?

eseritakoa: Bai.

atsoa: Bai, zazpi egun eta gero...

eseritakoa: Beldurrak daude.

atsoa: Hik uste?

eseritakoa: Bai, beldur ditun.

 

(walter furst sartzen da. Agure bat da.)

 

furst: (tabernariari.) Arratsalde on.

tabernaria: Baita zuri ere, Furst jauna.

furst: Nire suhia etorri al da?

tabernaria: Ez jauna. Etortzekoa al da ba?

furst: Geratuta nago hemen berarekin.

tabernaria: Orduan egia da kartzelatik irten dela.

furst: Arratsaldean, bai.

tabernaria: Ohore handia da gure etxerako, Gillermo Tell etortzea. Ez da ezkutatzera etorriko...

furst: Ez dator ihes eginda. Askatu egin dute.

tabernaria: Bai, bai. Ez dut etxean istilurik nahi, badakizu...

furst: (Begira-begira.) Ez kezkatu.

tabernaria: Ohore bat da, badakizu. Baina istilurik, ez. Nire etxean...

eseritakoa: Hi mixerable bat haiz.

tabernaria: Ze esateituk?

eseritakoa: Mixerable bat haizela!

tabernaria: Nik ez dut istilurik nahi, hori baino ez! Andrea eta seme-alabak ditut. Badakizu zer den, Furst jauna...

eseritakoa: Duela egun batzuk, gero hil zuten itsu bati esaldi eder bat entzun nion: “Hil daitezela zure andre eta seme-alabak”. Badirudi gaur egun andrea eta seme-alabak izateak, krimenak estaltzeko balio duela. Koldarra! Horixe besterik ez haiz hi!

furst: Lasai, jaunak.

eseritakoa: Zatoz ardoa edatera, Furst jauna.

furst: Pozarren.

 

(Eseri egiten da. tabernariak mostradorea garbitzen jarraitzen du.)

 

eseritakoa: Ala nahiago duzu garagardoa? Behartsuok ez daukagu dirurik, baina lortzen dugun apurra, alaikiro gastatzen dugu.

furst: Oraintxe bertan, ez. Gero edango dut. Eskerrik asko.

eseritakoa: Zure azken artikulua irakurri dut, Furst jauna. Erresistentziako Orrian, “Borrokan” azaldutakoa... Gustatu zait.

furst: Ba al dakizu nirea dela?

eseritakoa: Bai.

furst: Pozten nau gustatu izana.

eseritakoa: Oso ondo deskribatzen duzu Gobernadore jaunaren gaztelua. “Ospeldua -nola diozu?- ospeldua eta zulo eta kartzela lurrazpikoez inguratua, harkaitzen gailenean Bestearen gaztelua altxatzen da.... ” “Bestearena” diozu, ezta? Hori da ongi ulertu ez dudana. Zer esan nahi du “Bestearenak”?

furst: Esan nahi dut Gesslerrek ez duela zerikusirik herri honekin; hemengo gizonen aldean, sugea, kakalardoa edo eskorpioia bezain bestelakoa da.

eseritakoa: (Adi-adi.) Sugegorria bezalakoa. Ulertzen dut.

furst: Han dago, goian. Hurbilkaitza da. Hitz egiten diogu eta ez digu entzuten. Ezin digu entzun “Bestea” delako eta ez duelako belarririk gu bezala, ez odol gorri eta berorik, ezta bihotzik ere.

eseritakoa: Odola hotza dauka, sugegorriaren antzera. Edo berdea, landare itsusi batek bezala. Ulertzen dut.

furst: Ezin da berarengana: iritsi. Beste mundu batean bizi da. Entzungor egiten digu. Inurriak baino gehiago ez gara harentzat. Guk inurria hankapean akabatzen dugun bezala, berak, herri honetako edonor hil dezake.

eseritakoa: (Pentsakor geratu da.) Badakizu zer uste dudan, Furst jauna?

furst: Zer?

eseritakoa: Ez dirudiela gizona denik ere.

furst: Bai.

eseritakoa: Halako... armiarma antzeko bat dirudi.

furst: Bai.

eseritakoa: Hain zuzen, armiarma akabatzen den bezalaxe hil dezakegu. Gero inolako damurik izango ez dugula.

furst: Hala da. Berak gu hiltzen gaituen bezala.

eseritakoa: Ona da jakitea.

furst: Zergatik?

eseritakoa: Aukerarik izango balitz ere. Uste dut, honen jakinean neuk ez nukela dudarik egingo. Burua txikituko nioke, eta ardoa edanez, lagunekin berriketan egitera joan, tabernara. Ez lidake dardarrik egingo eskuak. Agian nazka pixkat baino ez zidakeen emango. Eta zuk? Zuk ere hilko zenuke?

furst: Nik?

eseritakoa: (Baietzean.) Aurrean jarriko balizute eta eskuan arma, hilko al zenuke?

 

(Isilunea.)

 

furst: (Azkenean.) Ez. Nire lana... zuengatik pentsatzea da, adiskidea. Zuena... niregatik ekitea. Nik pentsatzen dut, zuek egin dezakezuena krimena izan ez dadin. Zuek aktuatuko duzue, nik, pentsatzen dudana, filosofia hutsean gera ez dadin. Ulertzen?

eseritakoa: (fursti adi-adi begiratu eta lehor esaten dio.) Ulertzen dudana da, guri, eskuak odolez zikintzea tokatuko zaigula, Furst jauna.

 

(Elkarri begiratzen diote, bat-batean eten handi bat egin eta elkar harrapatu ezinda baleude bezala.)

 

furst: Ez deitu jauna, esan adiskidea.

eseritakoa: (Sinesterik ez dago bere esanean marmarka begietara begira esaten dionean.) Adiskidea...?

 

(Atea irekitzen da. Kanpoan haize-hots handia entzuten da. Atean gillermo tell dago. Bere irudia ikusten dugu. Haizea entzuten da. Hotzikara moduko bat egiten dute bertakoek. Tximistargia. Tellek atea itxi eta aurrera egiten du. furst altxa egin da.)

 

tell: Ekaitza da. Lehertzera doa.

furst: Gabon, Tell.

tell: Berdin. Gabon guztioi.

eseritakoa: Gabon.

tabernaria: Baita zuri ere, Tell jauna. Hotz egiten du, eh? Hotz egiten du kanpoan? Hementxe ere sentitzen da. Egur gehiago botako diot suari eta hobeto egongo zarete.

furst: Eseri Tell!

tell: Eskerrik asko, Furst jauna.

 

(Eseri egiten da)

 

furst: Baso bat aguardiente? Zuk ez duzu sekula edaten, badakit. Garrantzi handikoa da zure pultsoa tinkoa izan dadin. Ikusmena lainotu egiten da alkoholarekin, dardarka hasten dira eskuak... Ehiztariak ezin ukan dezake gure moduko bizio txikirik. Baina gaur ospatu beharra dago...

tell: Bai, baso bat aguardiente, mesedez.

furst: (tabernariari.) Aguardientea guztiontzat. (Tabernariak atera egiten du. Isilik edaten dute.) Zer moduz, Tell? Oso gogorra izan al da?

tell: (Eskua begietan pasatzen du.) Zuk ez dakizu...

furst: Zer duzu?

 

(Isilunea. tellek burua altxatzen du fursti begira. Begiak laino ditu.)

 

tell: Hemen nago zurekin... Baso bat aguardiente edaten dut eta arrotza egiten zait guztia... hura infernua da. Uste nuen galdua nuela mundu hau betirako. Ezin nuen imajinatu ere egin. Batek “Gabon” esan... Besteak kapela kendu eta iribarre egin... Eguraldiaz hitz egitea... Baxoerdi bat edan... Ezin nuen imajinatu ere egin.

furst: Hain gogorra izan al da?

tell: Hasieran Hedwig eta semearengan pentsatzen nuen, baina gero ezta hori ere. Ezin nuen pentsatu.

furst: Jo egin al zaituzte?

tell: (Ahots ahulez.) Bai.

furst: Alabak, jotzen ari zitzaizkizula pentsatu eta izugarri sufritzen zuen. Gaixoak, asko sufritu du egunotan. Hedwig gaixoa... Ez nekien zer egin kontsolatzeko.

tell: (Ahots lehorrez.) Ikusi dudanean beldurtu ere egin naiz. Zaharragoa iruditu zait. Bai, asko sufritu du. Beti sufritzen du nigatik. Ezkon zenezakeen alaba sufriaraziko ez zion beste gizon batekin!

furst: Ixo, ixo. Baina, zer diozu?

tell: Ez dit ezer aurpegira bota. Ez dit sekula ezer aurpegiratzen.

furst: Ez dauka zer ere.

tell: Nork agintzen dit sartzeko? Baina hain triste jarri nintzen gertatzen zena ikusita...

furst: Beste zenbaitetan ere gertatu izan zaizu, Tell.

tell: Bai, batzuetan gertatzen zait.

 

(Tragoa jo. Isilunea.)

 

furst: Jo egin omen zaituzte.

tell: Bai, baina ez zen hori txarrena. Mina eta kito. Txarrena, haien aurpegiak ikustea zen. Haien barre algarak entzutea. Haien aho ustelduei zerien alkohol kiratsa. Haien hanketako kiratsa. Hori zen txarrena.

furst: Gogor eman al dizute?

tell: Txikituta daukat bizkarra. Ostikadak eman dizkidate sabelean. Ur izoztutako bainuan eduki naute. Gustura jardun dira nirekin. Putasemeek ondo pasa dute.

furst: Tell gizarajoa.

tell: (Lasai.) Harrigarria da. “Putasemeek” esan dut baina ez nago haserre. Lasai nago.

furst: Ni ez nago lasai.

tell: Hoztuta nago, garrik gabe. Ez dakit zer dudan.

furst: Besteen mina handiagoa izaten da batzuetan. Inork esan balizu gaur: “ Ostikadak eman dizkidate sabelean” sutu egingo zinatekeen. Gaur ez da zure txanda, Tell. Gaur besteona da... sumina.

tell: Baliteke.

furst: Idatzi bat egingo dut Orrirako. Kantoietako Erresistentzia-Buru guztiak konbokatuko ditut. Propaganda eta ajitazio kanpaina bat egin beharra dago.

tell: Zu, maisuen modukoa zara, Furst jauna. Oso ongi idazten duzu. Gainontzeko Buruak ere oso argiak dira, nola esaten da? “intelektualak” edo antzeko zerbait. Biltzen bazarete tertulia literario bat egingo duzue, ez iraultza.

furst: Oker zaude gutaz. Ikusiko duzu...

tell: (Bizkarrak uzkurtuz.) Ez naiz ezertan sartuko, Furst jauna. Aspertuta nago. Etxera itxuli nahi dut, neure lanera. Bakean bizi nahi dut.

furst: Ez. Ezin duzu jarrera hori hartu. Zurekin kontatzen dugu. Zigortuenetako bat zara zu. la kondaira bat herriarentzat. Zergatik uste duzu ez zaituela hil oraingoan? Beldurra daukatelako zu hiltzeko. Badakitelako kantoiak altxako litzaizkiokela. Tell ez gaitzazu bakarrik utzi.

 

(Urrutiko trumoia entzuten da.)

 

tell: Ekaitza. Entzuten? Gaur gauean, izua nagusi mendian. Loa gozoa izango da mantapean, epel-epelean... Gustukoa dut lo egitea... Ezertan ez pentsatzea. (Sakon hartzen du arnasa.) Ondo nago.

furst: Tell, Tell. Ez gaitzazu utzi!

tell: Etxera noa. Gabon pasa.

 

(Altxa egiten da.)

 

furst: Batzarra konbokatuko dut. Etorriko al zara?

tell: Ez.

 

(Iluna egiten da.)

 

 

Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990