Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990

 

Lehenengo ekitaldia

 

Uriko kantoian, Altdorfeko plaza. Plaza barrenean eraikuntza ilun eta astuna ari dira jasotzen, aldamioa eszenatokian gora galtzen delarik. Igeltseroak aldamio gainean ari dira lanean. Su ta gar igeltsero kate bat adreilu sartzen ari da obra barrura, gain txiki batera igota dagoen katapazaren begirada zorrotza gainean dutela. Urrutian kantu monotono bat entzuten da, gitarrak lagunduta.

 

(Aurrez aurre, eskale besamotz batek bere esku bakarra alferrik luzatzen du. Ez dabil inor. Urruneko abestia entzuten dugu. Hemen dator eskale bat, lurrean eserita eta hanka elbarriak aurrera zabalduta, asko kostata arrastaka.)

 

eseritakoa: (Besteraren ondora iristean.) Egun on.

besamotza: Berdin.

eseritakoa: Utziko al didan pixkatean hemen hire ondoan egoten?

besamotza: Beno!

eseritakoa: Zerbait baletor hiretzat; ez zegon esan beharrik.

besamotza: Jakina.

 

(eskale eseritakoak duda-muda egin eta dio: )

 

eseritakoa: Niri emango balidate ere bai?

besamotza: Hiri ematen badiate, erdibana.

eseritakoa: Konforme. (Paretaren kontra eroso jartzen da.) Adiskidetasuna dagoenean eta bata bestearekin ulertu, poza ematen din. Lagun bat duanela ikusten dunanean eta batek ez hauala botatzen hagoen tokitik eta beste batek ez hauala jotzen eta beste batek ez hauala larderiaz begiratzen, orduan pentsatzen din norberak: “Bizitzeak merezi dik”.

besamotza: Bai horixe. (Isilunea.) Zer duk gaur hire tokian? Zergatik etorri haiz?

eseritakoa: Hotz handia egiten zinan eta gainera guardiak zebiltzenan bueltaka.

 

(Isilunea.)

 

besamotza: (Pentsakor.) Toki ona huen hura... garai batean.

 

(eskale eseritakoak baietz egiten du. Isilunea.)

 

eseritakoa: Garai batean oso bestelakoa hunan guztia. Ez zekinat gogoratuko haizen...

besamotza: (Ameslari.) Gogoratuko ez nauk ba...

eseritakoa: Ni hasi-berritan, gure ofizio honetako edozeinek, oso harrera ona zinan gizartean.

besamotza: Bai, beste gauza bat huen.

eseritakoa: Gizatasun handiagoa zegonan.

besamotza: (Burua dantzatuz.) Garai onak, haiek.

eseritakoa: Orain arbuiatu bezala egiten haunate.

Eta zerbait emanenean, begiratu ere egin gabe emango.

besamotza: Eta eman, ezta eskura ere... Urrutitik botako diate, kirasdunak bagina bezala.

eseritakoa: Niri, hanketara, larderiaz begiratzen zidaten. Umeek, beraien artean hitz egiten dinate ikusten nautenean. Ez zekinat zer esango dioten elkarri.

besamotza: Bazirudik norbera, sobran dagoela. Uste diat jende asko haserratu egiten dela hil ez garelako. Nazka ematen ziek gu izate hutsak.

eseritakoa: Ni mendi gidaria nindunan. Jendeak zioenez, Alpeetako gidaririk onena. Mundu guztiak maite ninduen asko.

besamotza: Ni holan aritu ninduan, baina ia ahaztu diat.

eseritakoa: Hanketako perlesiak eman zidanean, ni Unterwaldenekoa naun eta bertako jende guztiak ulertu zinan ezingo nintzela gehiago mendira mantenua irabaztera bueltatu, baina banuela bizitzeko eskubidea. Eta hala esan zidanan: “Elbarritu, komunitatearentzako lanean ari hintzela elbarritu haiz eta komunitateak mantendu behar hau hemendik aurrera. Hator etxez etxe behar duanaren eske, ez duk ezeren faltarik izango-ta.” Horrela egin nindunan eskale. Pentsazan, perlesiak jo nindunean etsita nintxonan. Neure burua hil nahi izan ninan. Ez dakin ondo zer den mendiko gizon batentzat horrela egotearen zigorra... ezer egin ez irabazteko, eta hainbesteko zigorra. Ito egiten nindunan. Baina jendea hain izan hunan ona nirekin, bizitza onartzen lagundu zidala eta Hari barkatzen, hain gogor eta hainbesteko okerkeriaz zigortu ninduelako.

besamotza: Ixo! Bekatuan habil. Aitaren da Semearen...!

eseritakoa: Aintzakotzat hartzen ziatenan bat orduan. Gal genezakenan Jainkoaganako sinistia, lagunak geratzeitunan beti ere-ta. Baina gero, gauzak nola okertu diren, ez zekinat... Orain inori ez zion batere ajola txakurra bezala akabatzen baldin bahaiz ere...

besamotza: Ni besamotz geratu nintzenean, eskuan burnia sartu nuelako, burniolako nagusiak bere gain hartu ninduan eta ez nian ezeren faltarik izan. Baina nagusia hil eta, semeek, umetan elkarrekin jolasten genianak, bota egin ninduten etxetik. Orduan ordea, ez zitxion limosnatik ondo bizi ezinik. Hau, orain, heriotza modu bat duk. Jendeak bidearen beste aldera pasa eta, ez dik begiratu ere egiten, gu ez ikustearren.

eseritakoa: (Haserre bizian.) Baina hemen gauden! Beste aldera begiratzen badute ere, hemen gauden!

besamotza: Ez haserratu, aixkidia!

eseritakoa: Ez naun haserre. Zera...

 

(Isilik geratzen da.)

 

besamotza: (Isilka.) Eta eskerrak Gobernadorea ez den gutaz gehiago akordatu.

eseritakoa: Bai, eskerrak.

besamotza: Gogoratu hadi harrapaketa egun haiekin, negu hartan, mendira jo babestera eta tiroka harrapatzen gintuztenean. Zenbat lagun hil ziren hotzak, kale bazterretan eta hiriko atari zabalean hil zizkiatenaz gain?

eseritakoa: Oso egun txarrak izan hitunan. Ez dizkinat gogoratu nahi!

besamotza: Eta gainera, makina bat harrapatu eta urkatu zizkian Gobernadoreak.

eseritakoa: Zenbat urkatu zizkinan? Ez naun gogoratzen.

besamotza: Hamabi. Plaza honetantxe egon hituen zintzilik haien gorputz gaxoak. Hiru emakume tartean.

eseritakoa: Ahaztuta nitxonan. Hamabi. Bai.

besamotza: Pentsatzen jarrita, guztiekin akordatzen nauk. Itxi begiak eta hor agertzen zaizkidak berriz haien bizar, haien graka, haien zauri, haien traje puskatu eta zikinak eta haien gorputz gabetuak. Gizarte tristea gaituk, eh aixkidia? Gure mundua duk begiak, hankak, besoak falta dituenen mundua edota balio ez digutela zeuzkeagu, edo dardarren batek astindu eta hil egin behar dugula zirudik, eta ahotik bitsa dariola jartzen gaituk, edo begiek negar egiten zigutek eta painelu zikin batekin lehortzen dizkiagu beti, eta makarrak geratzen zaizkiguk eta gaueko hats kirastua ahoan, edo hortzak ustelaren ustelez galdu dizkiagu, edo ezin diagu besorik mugitu, edo totelka egiten diagu hitz, ez gaituk konturatzen ezertaz eta lerdea dariola gaudek. Ulertzen diat gure izate hutsak haiek nazkatzea, aixkidia.

eseritakoa: Beno! Baina guk ez dinagu bizirik egotearen errurik. Nik arreba bat ninan. Odola zeriona ahotik eta bularrean tumore txarra. Errua ez hunan berea.

 

(Triste mugitzen du burua. Isilunea.)

 

besamotza: Ogi puska nahi?

eseritakoa: Beno.

besamotza: Atera zorrotik eta erdibanatu.

eseritakoa: Bai. (Atera eta jan egiten dute.) Ona zegon.

besamotza: Bai. (Jan egiten dute. Isilunea.) Orain behintzat bakea zeukeagu.

eseritakoa: Iraun dezala...

besamotza: Iraungo dik. Ez zioagu inori kalterik egiten.

eseritakoa: Ajola al du horrek batere...?

besamotza: Arrazoia duk hortan ere.

eseritakoa: Gobernadorea igoal haserretuko dun gurekin eta orduan...

besamotza: Bai, jakina.

eseritakoa: Beste harrapaldi bat antola zezaken.

besamotza: Bai, antola zezakek.

eseritakoa: Eta antolatzen badu, atzetik izango dizkinagu eta ez dun inor kontra altxako.

besamotza: Ez jakin!

eseritakoa: Altxa al zen inor aurrekoan? Ez. Txakur zaharren tankeran hil gintzaten utzi ziatenan.

besamotza: Izan huen altxa zenik.

eseritakoa: Gillermo Tell, bere haserralditako bat izan zuelako. Eta zer gertatu zen? la ia, bera ere hil egin zutela.

besamotza: Gillermo Tell ausarta duk.

eseritakoa: Bai baina ezin ezer egin. Fitxatuta zeukan Gobernadoreak. Poliziak ongi asko zaintzen din. Ez zioaten mugitzen ere uzten. Menperakaitza eta abertzalea izateaz akusatzen dinate. Eta ez bera bakarrik.

besamotza: Bazekiat.

 

(Isilunea.)

 

eseritakoa: Hoien lanari begira negok. Igeltseroei begira.

besamotza: (Hau ere begira. Isilunea.) Bazkaltzeko ordu ingurua izango duk, ezta?

eseritakoa: Katapazak agindutakoan, orduan izango dun hoien bazkaltzeko ordua.

besamotza: Bazekiat.

eseritakoa: Makina aldiz galdetu zionat neure buruari zein den katapaza horren lana. Hor zegon ezer egin gabe, begira. Mugitu ere ez dun egiten ia. Paretaren puska ematen din.

besamotza: Beldurra sartzeko zegok hor. Lan gehiago egiten duk beldurra dagoenean. Hortarako zeukatek hor. Ofizio ona duk eta ondo ordaintzen ziotek.

eseritakoa: Neri ofizio zerria iruditzen zaidan, baina ez dinat entenditzen.

 

(Isilunea.)

 

besamotza: (Obrari begira.) Oso polita izango duk kartzela, ezta?

eseritakoa: (Kopetilun.) Galanta izango dun. Nazio guztia sartzeko modukoa. Eta geroni ari gaitun eraikitzen, harririk jarriko ez badugu ere. Badakin nola? Isiltasunarekin.

besamotza: (Lagunari begira.) Iruditzen zaidak gehitxo pentsatzen duala, aixkidia... (Etena. Entzun egiten da, hurbilago, kantu monotonoa.) Eta hori zer da?

eseritakoa: Kantari ari den bat. Itsua. Inork ez zekin nondik datorren. Shwyzetik edo. Suizida bat. Erromantzeak kantatzen dizkin Gobernadorearen kontra. Hiltzeko aukeratu duen modua! Litekeena, eroa izatea.

 

(katapazak kanpaia jotzen du. igeltseroak lanari utzi eta aldamioan behera datoz. Adreilu katea hautsi egiten da. igeltseroak taldetan banatzen dira eta janari ontziak irekitzen dituzte. Gose handiz jaten, lurrean edo harri bloketan eserita, planu desberdinetan. itsua eta umea azaltzen dira eszenan. Honek gitarra darama. Hark, zorroa eta, eskuan, papertxo batzuk. Umeak gitarra jotzen du. itsua aldarrika hasten da.)

 

itsua: (Ahots monotonoaz.) Entzun kantoietako krimen eta sarraskien kontuak, nazioko injustizia eta zoritxarrak, tirania kanpotarraren kasurik entzutetsuenak. Itsuak dakar zuentzat, herriaren ahotsa, abertzale urenen ahotsa. Hil dadila inperio kanpotarra! Entzun bere askatasunagatik borrokan ari den herriaren kantak...

 

(Jendea inguruan bildu zaio. itsua ahots sakon eta monotonoaz hasten da, Umearen gitarrak lagunduta.)

 

                Andre, gizon eta ume

                arretarik handinez

                entzun agure zahar honek

                dioena saminez.

                Kontu honetan zitzaion

                ukatu andre ona

                Gobernadore jaunari

                ematera zeukana,

                Gessler izena duena

                mozkor, traidorea.

                Hala, arratsalde batean,

                ukatu zen gizona,

                eguzkitan lanean zela

                idi parea laguna,

                morroi zerria joan zaio,

                Gobernadorearena.

                Gessler izena duena

                mozkor, traidorea.

                “Idi parea eramateko

                eman didate ordena,

                zerga ordaintzeko omen dira

                zaudelako zorduna,

                eta gaurtikan aurrera

                mekauendios ta dena

                zeuk egin beharko duzu

                goldean abel lana.”

                Morroia oso indartsua

                hurbildu da idiengana.

                Baina gizona ere ausarta

                ta burniaz emanaz

                esku gainean jo zuen

                jarriz arrantzan dantzan

                odola bor-bor jario

                ta behatz baten faltan.

                Gizonak izu beldurrez

                lasterka arinean

                gora jo zuen mendira

                salbazio bidean.

                Baina eguzkitan patxadan

                zegoen egun batean

                mezulari bat etorri

                zitzaion herritikan.

                “Berri latzarekin nator

                odola dariona.”

                “Esan, esan, Jainko maitea,

                ze berri da, gizona?”

                Zurbil eskua bihotzean

                horra hor erantzuna:

                “Zure aita eraman zuten

                zuk alde egin hurrena.

                Bi guardia izan ziren

                Gobernadorearenak.

                Gessler izena duena

                mozkor, traidorea.

                Lurrean sartu zituzten

                bi pika puntadunak.

                Zaharra lurrera bota-ta

                eginagatik kristonak

                begitan sartu zizkioten

                bultzadarik handinaz.

                A ze izu ikara guztiok

                laztura ta egonezinak.

                Begitako odol errekak

                utzi zun lurra iluna

                ta agurearen karraxiek

                egundoko oihartzuna.

                Ekarri dudan berria

                da odola ta samina.

                Jainkoak gorde dezala

                agurearen anima.

                Malko jario hasi zen

                entzuten zegoena

                ta aita mendekatutzea

                hantxe egin zuen zina.

                Andre, gizon eta ume

                arretaz zeundetenak

                entzun duzue injustizia

                Gobernadorearena.

                Gessler izena duena

                mozkor, traidorea.

 

(Musika mututu egiten da. Isiltasun handia dago. Batzuek, izututa, ingurura begiratzen dute, zerbait gertatuko beldurrak. katapaza itsuari hurbiltzen zaio.)

 

katapaza: Alde hemendik! Eta eman eskerrak, aldegiten uzten diadalako.

itsua: Hemen entzun egin nahi didate, jauna.

katapaza: Alde edo oraintxe bertan parte emango zioat Poliziari. (Marmarra.) Alde edo parte emango diat.

 

(Marmar gehiago.)

 

igelsero bat: (Talde batetik.) Zergatik eman behar duzu parte? Itsuak ez dio inori kalterik egiten.

beste igelsero bat: Kanta beste bat.

beste bat: Bai, kantatu.

itsua: (Berriz.) Hemen entzun egin nahi didate, jauna.

katapaza: Alde edo... (Ukabila altxatzen du. Marmarra. Jendeak uhuka erantzuten dio. katapazak ingurura begiratzen du.) Inuxente halakoak! Zergatik ez didazue botatzen laguntzen? (Ez da inor mugitzen.) Arriskuan jartzen gaitu bere istorioekin. Guardiak etorriko balira, zer? Kartzelan sartuko gaituzte guztiok hau ez galarazteagatik. Guztiok jartzen gaitu arriskuan. (itsuari.) Alde behingoz!!

itsua: Ez.

katapaza: Mekauen zotz! Ostikoka botako haut!

itsua: Zu konprometitzeko nago hemen, jauna. Zu bezalako, amore eman dutenak konprometitzeko. Zu bezalako etsaiarekiko laguntzaile zerriak, jauna. Ea, motel. Beste istorio bat. Jo gitarra. Entzun kantoietako krimen eta sarraskien kontuak, nazioko injustizia eta zoritxarrak, tirania kanpotarraren kasurik entzutetsuenak... Itsuak dakar zuentzat, herriaren ahotsa, abertzale urenen ahotsa. Hil dadila inperio kanpotarra! Entzun bere askatasunagatik borrokan ari den herriaren kantak...

 

(katapazak lepotik heltzen dio.)

 

katapaza: Isildu hadi! Isildu! Entzun egingo haute!

itsua: (Askatu eta kantatu egiten du.)

        Andre ingurumenekoak lurralde on hontako gizonak, entzuitzazue arretaz itsuaren kontakizunak!

katapaza: Isildu hadi, madarikatua! Akatuko ahal haiz! Hoa infernuko zulora!

itsua: Isiltzea nahi baduzu ez da zaila. Hil nazazu. Ez dut bizitzeko gogorik. Txikitu burua harri batekin. Benga. Txikitu burua.

katapaza: Ez al duk isiltzeko asmorik?

itsua: Ez.

katapaza: Hiltzeko mehatxua eginda ere ez?

itsua: Hiltzeko mehatxua aldean daukat. Barre egiten diot, hiltzeko amorratzen nago-ta.

katapaza: Nor haiz hi?

itsua: (Ahuldu egiten zaio ahotsa, dardaiztu.) Horrek ez dio axola. Polizia Militarreko pelotoi batek erre zidan etxea. Semeak, herritik kanpora dagoen pareta baten kontra hil zizkidaten. Ni, hiltzat utzi ninduten harri artean.

katapaza: Adiskidea, ikusten diat nik mehatxu eginagatik ez haizela hemendik joango. Barkaidak zaputza eta zakarra izan banaiz. Baina eskatuko baniake, mesedez eskatu, lagun, beste plaza batera joateko, eta han jarraitzeko hire kantu ederrekin, mesedez eskatuko baniake, ez al hidakek kasu egingo? Lagun, guardiak etorri eta hiri entzuten harrapatu ezkero, guztiok hilko gaituztek. Andrea diat, seme-alabak, lagun. Joango al haiz? Hiri berdin zaik hemen edo han, eta joanda, mesede handia egingo diguk.

itsua: Koldarra zara. Zeurekoia. Edozeinek kaka egingo lizuke burutik behera. Nik, bostekoa eman eta esango nioke: “Ongi egin duzu”.

katapaza: Andrea diat, seme-alabak.

itsua: Seme-alabentzako kartzela ari zara egiten.

katapaza: Etxe bat da. Hau da nire lanbidea. Nik ez zekiat kartzela den. Niri berdin zaidak eskola izango den, eroetxea edo kartzela. Hau da nire lanbidea. Etxeak egitea. Ni tekniko bat besterik ez nauk, ulertzen?

itsua: Nik dakidan bakarra da, hori kartzela dela. Ni ez naiz teknikoa.

katapaza: Soldata ematen zidatek eta hortik jaten diate nire seme-alabek, eta hortik janzten neguan.

itsua: Sufriarazi egiten diezu gizon guzti hauei. Gogorkeriaz tratatzen dituzu. Tiraniak jarrai dezan laguntzen duzu.

katapaza: Andrea diat, seme-alabak.

itsua: Hil daitezela zure andre eta seme-alabak! Kartzela hori ez da egin behar! Kriminalak dira kartzela hori egiten dutenak!

katapaza: Nik egingo ez banu, beste batek egingo likek. Asko zeudek zain. Kartzela eraiki egingo duk. itsua: Ze iruditzen zaizu Gobernadore jauna?

katapaza: (Boza jaitsiz.) Isilka esango diat: Gizatxarra, mozkorra, barrunbe gabeko gizona, nazioaren hondamena.

itsua: Orduan, hil bedi Gobernadorea! Lagunok, grebara, grebara! Hil bedi Gobernadorea!

katapaza: (Ikaratuta.) Ixo! Ixo! Erotuta hago! Ixo!

itsua: Gobernuaren krimenak kantatzen ditut, Erresistentziaren heroismoa, injustiziak, eta gobernu donge baten obraz gertatzen diren kasu tristeak.

 

(umeak gitarra jotzen du. katapaza ihesi doa oihuka.)

 

katapaza: Polizia! Polizia!

itsua:

                Andre ingurumenekoak

                lurralde on hontako gizonak,

                entzuitzazue arretaz

                itsuaren kontakizunak.

                Herriko gizon on bat

                ezaguna lurralde honetan

                Abenduko arratsalde batean

                sorora joan eta hemen da bueltan.

                “Andrea etorri naizela.

                Non zaude nire zain ez egotekotan?”

                Baina erantzunik ez etxe hartan.

                Han doa beste gelara gizona

                eta ez du aurkitzen bertan.

                “Andrea, andrea, nora joan zara?

                Ez zaude nire zain? Nolatan?”

                Baina erantzunik ez etxe hartan.

                Etorri arteraino laguna

                eta malko benetazkoak darizkiola

                esaten dio, emazte kuttuna,

                indarrez eraman dutela.

                “Palazio barruan zeukatela,

                ondo pasa dute bere kontura.

                Lehenengo, Gobernadoreak

                eta gero tropak, goitik behera.

                Begiratzeak ematen zuen lastima

                eta geratu da hilda bezela.”

                Gizonak bidean egin zuen aurrera

                eta orain dago herritik kanpora,

                ikusi, entzun, sentitzen ez duela.

                Zotina eta tristura beltza

                eta amildegira botatzen du

                burua haitzartera.

                Horra istorio amaiera,

                irain eta biolentziazkoa,

                munstro batek burututakoa,

                Gobernadorea bera,

                lur hontakoa.

                Hartu armak gizonok,

                pikak eta baleztak,

                aizkora eta bastoiak,

                labanak eta harriak.

                Bota Gobernadorea,

                kendu betirako bizia!

 

(sarjentua eta bi guardia datoz, “metrailetaz” armatuta katapazarekin. igeltseroek atzera egiten dute izututa. Erdian, itsua eta umea geratzen dira bakarrik.)

 

itsua: Zer gertatzen da? Zer gertatu da?

umea: Sarjentua eta bi guardia, aitona!

itsua: Sarjentu!

sarjentua: Bai, hemen nago zure ondoan.

itsua: Sarjentu, Gobernadore jaunaren krimen beldurgarriak kantatzen ditut! Gertakizun odoltsuak kantatzen ditut, zantarkeriak! Gose kontuak dauzkat, hotzezkoak, injustiziazkoak! Ez ditut saltzen! Eman egiten dizkiot jendeari! Zenbat nahi dituzu, sarjentu? Odolezko kasuak dauzkat, injustiziazkoak, tristura handiko kasuak, sarjentu!

sarjentua: Laguniguzu!

itsua: Ez dizut lagundu nahi.

 

(Plazan, gain batean, gillermo tell azaldu da. Berrogeita bost urte inguruko gizona da. Aurpegia denborak zailduta dauka. Gorpuzkera lerdenekoa. Ilea zuritzen hasita lokitan. Gertatzen ari denari begira jartzen da.)

 

sarjentua: Hiltzeko agindua daukat aurre ematen baldin badidazu.

itsua: Hil nazazu. Zeren zain zaude?

katapaza: Gobernuaren kontra ari zen! Salatu egiten dut! Gora Gobernadorea!

itsua: (Katapazari begiratu gabe, esaten dio.) Hainbesteko beldurra daukazu, egundoko nazka ematen didazula. (sarjentuari begiratu gabe, oihuka.) Zeren zain zaudete tiro egiteko? Beste odol pixkat gehiago ez da antzeman ere egingo zuen eskutan! Egin tiro! Hil bedi Gessler! Aurrera! Hil bedi Gobernadorea! Ezin dut gehiago iraun! Ito egiten naiz aire kirastu honetan! Hilobietatik gora dator hilotzen hilurrindua! Dena ikusten dut! Jainkoak ez dit eman etsipenetik salbatuko nauen itsumenik! Dena ikusten dut! Kopetean jotzen naute zuhaitzetatik zintzilik dauden gizonen oinetakoek! Hatzamarkatu egiten didate hemen (Belarrietan.), haurren gose marruek! Estropozo egiten dut gorputz biluztu eta txikitutako batekin! Usaindu egiten dut Gobernadorearen hats alkoholizatua! Irauli egiten dit barrena haren korroskadak! Lurrin hori, sabeleko estoldatik dario gora! Kaka gure seme-alaben gainera egiten du! (Bere onetik irtenda oihuka, zoratuta bezala.) Hil bedi Gobernadorea! Hil bedi Gobern...!

 

(sarjentuak keinua egin eta guardiek tiro egiten diote “metrailetekin” Itsuari. Balantza egiten du... erori egiten da... umea gainera besarkatzen zaio.)

 

umea: Aitona! Aitona!

sarjentua: (Zakarki, banandu egiten du umea hankarekin.) Alde! (Bat-batean marmarrak plazan. Jendea, datorrenari begira. gillermo tell da, gertatu dena ikusi eta zegoen gain txikitik jaitsiz. guardiek ere begiratu egiten dute jendearen harridura ulertzen ez dutela. Nor da?

guardia: Ez dakit, sarjentu jauna.

 

(tell beraienganaino etortzen da. sarjentuaren aurrean gelditu eta begira-begira geratzen zaio.)

 

sarjentua: Nor zara zu? (tell guardien menpe dago, “metrailetekin” apuntatzen dutela.) Esan, nor zara?

tell: Gillermo Tell izena dut.

sarjentua: Gillermo Tell!

tell: Bai, neu naiz.

sarjentua: (Aieruz begiratzen dio.) Benetan... zu al zara Gillermo Tell?

tell: Bai.

 

(sarjentuak ingurura begiratzen du. Geldi-geldi daude denak. Begira. sarjentuak txistua irensten du. Inguratuta daukatelakoan dago.) .

 

sarjentua: Eta, zer nahi duzu?

tell: Zuri begiratu... Zure aurpegia ikasi...

sarjentua: (Larri.) Nire aurpegia ikasi! Zertarako?

tell: Ba, egunen batean... egunen batean aurrez aurre aurkitu nahiko zintudalako, sarjentu. Egun horretan... ez duzu zerbitzurik izango... Kaleko jantzita egongo zara... eta gaur laguntzaile dituzun hauek, urruti egongo dira... beste sarjenturen batekin... edo etxean.. hainbeste zerbitzu egiten duzuelako atseden hartzen... Atseden eguna andrea eta seme-alabekin pasatzen da, ezta? (guardiei begira jarri da. Hauek burua makurtzen dute. tellek jarraitzen du.) Baratzan lan pixkat egin... Pipa erre... Egunkaria irakurri...(Berriz sarjentuari begira.) Beno, zu bakarrik egongo zara... Litekeena da tabernaren batean ikustea elkar... Edatera gonbidatuko zaitut... Eta esango dizut ez dudala ezer zure kontra... baina polizia zarela... eta guk gorrotoa diogula eramaten duzuen uniforme horri... Egun horretan... elkar ikusiko dugun horretan, bi laban egongo dira, bat zuretzat eta bestea niretzat... eta egun horretan hil egingo zaitut.... Zin dagit hil egingo zaitudala! (Lepotik beltzen dio sarjentuari. sarjentua zuri dago. tellek oihuka.) Zin dagizut!

sarjentua: Ez! Ez! (Oihu beldurrikaraz.) Egin su! Hil ezazue! Mehatxu egin dio autoritateari! Egin su!

 

(guardiek tiro egiten dute “metrailetekin”, baina tell sarjentuaren gorputz atzean babesten da deskarga entzuten denean. Beste isilune bat egiten da. tellek sarjentuaren gorpua dauka eskutan. Askatu egiten du. Gorpua lurrera erortzen da. guardiek beldurrikaraz begiratzen diote. Batek oihuka.)

 

guardia bat: Gillermo Tellek hil du!

beste bat: Gillermo Tellek hil du!

 

(tellen gainera salto egin eta heldu egiten diote. Eraman egiten dute. Isilunea. katapaza da lehenengo mugitzen dena. Geldi dauden langileengana zuzendu eta die: )

 

katapaza: Tapatu horiek zakuekin bila datozen arte. Eta lanera! Ordua da...

besamotza: Esaten nian ba nik!

eseritakoa: Zer?

besamotza: Gillermo Tell ausarta dela.

eseritakoa: Hil egingo al dute?

besamotza: (Bizkarrak uzkurtuz.) Auskalo!

eseritakoa: Hilko balute herri guztia altxatzeko izango hunake.

besamotza: Agian ez ditek hilko. En fin, ikusiko diagu (Isilunea. Dardar egin eta hobeto tapatzen ahalegintzen da.) Hotz zegok. Jakina Azaroan gaudek eta sasoia hartarakoxea.

eseritakoa: Tell hilko balute       

 

(Pentsakor geratzen da.)

 

besamotza: Beste urte batzuetan egin izan dizkik hotz handiagoak garaiotan. Uf! Askoz handiagoak.

eseritakoa: Hilko balute, ez zekinat... Akaso...

besamotza: (Begiratu ameslariz.) 1290eko negua zeukeat buruan... Orain 17 urtekoa... Hura bai negu beltza... Jende asko hil huen hotzak...

eseritakoa: Hil zezaketen. Agian hil dinate jada bidean eta bide bazterren batean bota... askorekin egin duten bezala...

besamotza: (Solasaldi atsegina lez.) Ez da 1290eko negua bezelakorik izan. Ez da hurrik eman ere!

eseritakoa: Zerbait egin beharko huke hil ez dezaten. Ni neu, elbarri ez banengo!

besamotza: Ederra izan huen 1300ekoa ere, mende hasieran... Ez zekiat akordatuko haizen...

eseritakoa: Agian gauza garrantzitsua zegok martxan hemen! Agian iraultza!

besamotza: (Berean.) Baina 1290ekoa bezalakoa, alerik ere ez... Ezta alerik ere...!

 

(Poliki-poliki iluna egiten da.)

 

Gillermo Tellek triste ditu begiak
Alfonso Sastre

euskaratzaileak: Beatriz Zabalondo / J.L. Aranguren "Txiliku"
Hiru, 1990