|
Parisko Andre Maria Duela urte batzuk Andre Mariako katedralari bisita egiten ari zela (edo, hobeto esan, bertan zokomiran zebilela), liburu honen egileak dorre bateko bazter ilun batean horman eskuz grabaturik hitz hau aurkitu zuen: ¢ANAGKH Urteek belztutako eta harrian nahikoa sakon tailatutako grekozko letra maiuskula haiek, beren forma eta altueragatik kaligrafia gotikozkoak zirela eta Erdi Aroko esku batek idatzi zituela salatzen zuten, baina batez ere adierazitako mezu goibel eta zorigaiztokoak harritu zuen egilea. Arima oinazeturen batek hilketa- edo zorigaitz-seinale hura eliza zaharraren bekokian utzi gabe mundu hau uzterik ez zuen nahi izan, eta egilea hura zein izan zitekeen asmatzen saiatu zen, bere buruari galdera eginda. Gero elizako horma kareztatu edo arraskatu (bietakoren bat) egin zuten, eta inskripzioa desagertu egin zen. Horrela tratatzen dira duela berrehun urtez gero Erdi Aroko eliza miresgarri hauek. Erasoak nonahitik datozkie; barrutik zein kanpotik. Apaizak kareztatu egiten ditu, arkitektoak arraskatu, eta gero herriak bat-batean bota. Liburu honen egileak adierazitako oroitzapen xume honez gain, beraz, gaur egun ez dago, ez Andre Mariako elizaren dorre iluneko hitz misteriotsuaren arrastorik eta ez hain goibel laburbiltzen zuen patu ezezagunaren aztarnarik. Hitz hura harrian grabatu zuen gizona duela mende batzuk suntsitu zen. Belaunaldietan zehar grabatutako hitza ere katedraleko horman deuseztatu da eta eliza bera ere lurrazaletik laster desager daiteke. Aipatutako hitz hori oinarri harturik idatzi da liburu hau. 1831ko otsaila. Parisko Andre Maria |