Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

VI.
ATE GORRIKO GILTZAREN JARRAIPENA

 

        Gau hartan Esmeralda bere gelan lo zegoen, une txarrak ahazturik eta itxaropenez nahiz pentsamendu gozoz beterik. Denboraldia zeraman lo, beti bezala ametsetan Febo tartean zela, inguruan zarata sumatu zuenean. Lo arina eta azalekoa zen neskarena; txorienaren antzekoa. Edozerk esnatzen zuen. Begiak ireki zituen. Gaua beltz zegoen, baina argizulotik norbait begira ari zela sentitu zuen. Kriseilu batek argitzen zion aurpegia. Esmeralda konturatu zela ikusita, aurpegi hark putz eginda kriseilua itzali egin zuen. Neskak hala ere, aurpegi hura ezagututa, begiak itxi egin zituen izututa.

        —O! —esan zuen ahots ahulaz —Apaiza!

        Tximista bezala, zorigaiztoko gertaerak etorri zitzaizkion burura. Harri eta zur, ohean etzan zen.

        Geroxeago, bere gorputza ukitzen ari zela eta, esnatuta, ikaratuta eta haserre zutik jarri zen ohean.

        Apaiza hurbildu eta neska besoez inguraturik zeukan.

        Neskak garrasi egin nahi, baina ezin zuen.

        —Zoaz munstro hiltzaile hori! Zoaz! —esan zion ahots dardarati eta ahulez, haserre eta ikaraz beterik.

        —Erruki zaitez nitaz! —murmuratu zuen apaizak ezpainez neskaren sorbalda musukatuz.

        Ijitoak, zeukan ile-apurretik bi eskuez heldu zion burti soilari eta musuetatik haginkadak bailiran ihes egiten saiatu zen.

        —Izan gupida! —zioen dohakabeak —Zugana dudan maitasuna zenbaterainokoa den bazeneki! Sua edo berun urtua bezalakoa da; bihotzean sartutako mila labana bezalakoa!

        Eta neskaren bi besoak geldiarazi egin zituen indar ikaragarriz.

        —Utz nazazu edo aurpegira txu egingo dizut! —esan zion neskak.

        —Zigor nazazu, jo nazazu, izan gaiztoa nirekin! Egin iezadazu nahi duzuna, baina gupida zaitez! Maite nazazu!

        Orduan neskak umearen amorruaz jo egin zuen. Eskuak zurrun zituen, aurpegia urratzeko.

        —Zoaz, deabru halako hori!

        —Maite nazazu! Maite nazazu! Izan gupida! —deiadar egiten zuen apaiz gizajoak neskaren gainera joanda eta kolpeen ordez laztan eginez.

        Bat-batean, neskak bera baino indartsuagoa zela igarri zion.

        —Amaitu egin behar da! —esan zion apaizak hortzak estutuz.

        Neskak bere burua menperaturik, taupaka, hautsita, haren besoetan eta haren esku sentitu zuen. Azken ahalegina eginez oihuka hasi zen:

        —Lagundu! Hel niri! Banpiroa! Banpiroa!

        Inor ez zen ageri. Djali bakarrik zegoen esna, estutasunean beeka.

        —Zaude isilik! —zioen apaizak arnaska.

        Neskak, lurrean arrastaka zebilela, bat-batean gauza metaliko hotz bat topatu zuen. Quasimodoren txistua zen. Itxaropen handiz hartu, ezpainetara eraman eta artean zeuzkan indar-apurrekin gogoz jo zuen. Txistutik soinu garbi, bizi eta sarkorra atera zen.

        —Zer da hori? —galdetu zion apaizak.

        Ia berehala, beso indartsu batek heldu zion. Gela ilun zegoen eta ez zekien zeinek zeukan hala harrapaturik. Dena dela, amorruzko hortz-karraska entzun zuen eta ilunpean buru gainean aihotz luzea ikusteko adina argi ozta-ozta zegoen.

        Apaizari Quasimodo zela iruditu zitzaion. Beste inor ezin zitekeen izan. Sartzean atez kanpo etzanda zegoen konkor batekin behaztopa egin zuela gogoratu zen. Etorri berriak ez zuen hitzik egiten ordea, eta ez zekien gauza garbirik. Aihotza zeukan besoari heldu eta oihu egin zuen:

        —Quasimodo!

        Baina bere herio-sukarrean ahaztu egin zitzaion Quasimodo gorra zela.

        Amen batean apaizak bere burua lurrean ikusi zuen, beruna baino belaun astunagoa bularrean zuela. Belaun zorrotza sentituta, Quasimodo zela konturatu zen. Baina, zer egin? Nola adieraziko zion zein zen? Gauean gorra itsu ere bai baitzen.

        Galdua zegoen. Neskak, errukirik gabe, tigre eme amorratuak bezala, ez zuen ezer egiten salbatzearren. Aihotza burutik gero eta hurbilago zegoen. Oso une latza zen. Bat-batean etsaiak zalantza egin zuen.

        —Neska ez dezadan odolez zikindu! —esan zuen ahots latzez.

        Quasimodoren ahotsa zen, hain zuzen.

        Orduan apaizak esku handi batek arrastaka gelatik kanpora zeramala sentitu zuen. Han kanpoan hil beharko zuen. Bere mesedetan Ilargia agertu berria zen.

        Gelako atea zeharkatu zutenean, Ilargi-izpi ahul batek apaizaren aurpegia argitu zuen. Quasimodok aurrez aurre begiratu zion eta ikaratu egin zen. Apaiza askatu eta atzera jo zuen.

        Atarira irtenda zegoen ijitoa, bat-bateko portaera-aldaketaz jabetu zen. Orduan apaiza zen mehatxu egiten zuena, eta Quasimodo erreguka ari zena. Orduan artxidiakonoa ari zitzaion gorrari haserre eta haginka. Handik alde egin zezan agindu zion keinuka.

        Gorrak burua makurtu eta ijitoaren gelako atarian belauniko jarri zen.

        —Jauna! —esan zion etsipenezko ahots baxuaz —Gero nahi duzuna egin, baina aurrez hil nazazu.

        Hori zioenarekin batera, aihotza apaizari eskaini zion. Apaizak, bere onetik irtenda, jauzi egin zuen hartzearren, baina neska azkarrago ibili zen. Quasimodoren eskuetatik aihotza hartuta, barrealgaraz hasi zen buhamea.

        —Zatoz! —esan zion apaizari.

        Aihotza altxatuta zeukan eta artxidiakonoak zalantza egiten zuen. Neskak izan ere, seguraski kolpe egingo baitzion.

        —Ez zara hurbiltzera ausartuko, koldar hori! —oihu egiten zion.

        Gero errukirik gabe, mila burdina goriz apaizaren bihotza zulatu egingo zuela jakin arren, honela hitz egin zuen:

        —A! Gainera badakit Febo ez dela hil!

        Apaizak ostikoz jota Quasimodo lurrera bota zuen eta amorru biziz eskailerako gangapean ezkutatu zen.

        Alde egin zuenean, Quasimodok ijitoa salbatutako txistua jaso zuen.

        —Herdoiltzen ari da —esan zion neskari, txistua emanez. Gero bakarrik utzi zuen.

        Gertaeraren bortitzak erasanda, akituta etzan zen ohean eta negarrari ekin zion. Bere etorkizuna erabat ilundu zen berriro.

        Apaiza berriz, haztamuka heldu zen bere gelaraino.

        Egoera argi eta garbi zegoen. Dom Claude Quasimodogatik jeloskor zegoen!

        Honela zioen pentsakor:

        —Ez da inorentzat izango!

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997