Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

II.
GREVE-KO PLAZA

 

        Gaur egun lehengo Greve-ko plazaren arrasto gutxi dago. Plazan iparraldeko izkinan dagoen dorretxo xarmangarria da horietako bat, nahiz eta bere eskulturen ertzak deuseztatzen dituen kare-geruza kaxkar batez ezkutatuta egon. Gainera laster botako dute, Parisko fatxada zahar guztiak hain azkar irensten dituen etxe berriak egiteko boladak harrapatzen badu.

        Guk bezala Greve-ko plazara joandako bakoitzean Luis XV.aren garaiko bi etxe zaharren artean itota dagoen dorretxo gaixoari errukiz eta maitasunez begiratzen dionak, erraz ikusiko ditu bere irudimenean alboan zituen eraikinak eta hamabosgarren mendeko plaza gotiko zaharra ere.

        Gaur egun bezalaxe, trapezio irregularra zen, alde batean kaiak eta beste hiruretan etxe handi, estu eta ilunek mugatzen zutelarik. Egunez eraikin desberdinak ikus zitezkeen; denak harri edo zur tailatuzkoak. Erdi Aroko etxebizitzen arkitektura desberdinen adierazgarri ziren. Ojiba menperatzen hasitako gurutzeriatik ojibak ordezkatu zuen erdi puntuko arku erromanikoraino hamabosgarren mendetik hamaikagarrenera arteko aztarnak zeuden. Esan beharra dago ojiba-arkua artean Tannerie kale aldetik Sena eta plaza artean izkina egiten duen Tour-Roland-eko etxe zaharraren lehen pisuan hedaturik zegoela. Gauez etxe haiei, plaza inguruan angelu zorrotzezko katea osatzen zuen teilatuko silueta beltza besterik ez zitzaien ikusten. Izan ere lehengo eta oraingo hirien arreko diferentzia nabarmena horixe da. Orain etxeek plaza edo kale aldera fatxada dute, baina lehen pinoi edo hastialak zeuden plaza aldera. Azken berrehun urte honetan beraz, etxeak jiratu egin dira.

        Plazaren ekialdeko erdi parean, hiru etxebizitza gainjarrita zituen eraikin sendo eta hibridoa zegoen. Bere historia, erabilpena eta arkitektura definitzen zituzten hiru izen zituen: Delfinaren etxea (bertan Karlos V.a bizi izan zelako), Merkantzia (Udaletxe izan zelako) eta Pilare-etxea edo domus ad piloria (hiru pisuei eusten zieten zutabe lodiak zituelako).

        Paris bezalako hirian behar zen guztia bertan aurki zitekeen: Jainkoari otoitz egiteko kapera, auzitara jo eta behar izanez gero erregearen agindupekoei lotsak emateko entzutegia eta artilleriaz betetako ganbara. Parisko hiritarrek bai baitakite hiriaren eskubideak defendatzeko batzuetan errezatzea eta auzitara jotzea ez dela aski. Beraz, badaezpada ere Udaletxeko ganbaran beti egoten dira arkabuzak, herdoildu samarturik bada ere.

        Plazak orduan ere bazuen gaur egun iradokitzen duen irudi beldurgarria eta Pilare-etxea ordezkatu zuen Dominique Boccador-en Udaletxearen goibeltasuna. Hantxe elkarren ondoan plazaren erdian zutik zeuden urkamendiak eta pikotak ere (justiziak eta eskailerak, orduan esaten zenez), begiak zorigaiztoko plaza hartatik kentzen ez zuten gutxi laguntzen. Osasun beteko zenbat jende hil ote da hor, berrogeita hamar urte geroago Saint-Vallieren sukar delakoa (urkamendi-izuaren gaitza, zeina Jaungoikoak ez eta gizonak sortua delako gaixotasunetan gogaikarriena baita) sortuko zen plazan.

        Bidenabar esan dezagun duela hirurehun urte heriotza-zigorrak bere burdinazko gurpil, harrizko urkamendi eta oinazerako tresnak beti hantxe zigilaturik zituela Greveko plaza, Azoka, Delfin-plaza, Croix-du-Trahoir, Zerri-azoka, Montfaucon nazkagarria, Sarjentu-barrera, Katu-plaza, Saint-Denisko portalea, Champeau, Baudetsko portalea eta Saint-Jacquesko portalea hartzen zituela, horrez gain justizia administratzeko ahalmena zuten probestu, apezpiku, kapitulu, abade eta prioreen «eskailerak» nahiz Sena ibaian itota hiltzeko epaiak ere bazeudelarik. Pozgarria da gaur egun banan-banan bere armazoiko piezak askatuta, bere oinaze ugariak, bere irudimen eta fantasiazko zigorrak, bere tortura (gizarte feudaleko jaun beldurgarri hori, zeinari Grand-Chatelet-en bost urtean behin larruzko ohe berria egiten baitzioten) gure lege eta hirietatik ia desagertua, kodez kode mugatua eta plazaz plaza egotzia ikustea. Kontsolagarria da, beraz, oraingo gure Paris ikaragarrian Greveko plazako izkina kaxkarrean, gillotina triste, isil, urduri eta lotsagarria besterik ez izatea. Gainera bere kolpea jota hain azkar desagertzen denez, badirudi bistako gaiztakerian harrapatuko duten beldur dela.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997