Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
ARETO NAGUSIA

 

        Duela hirurehun eta berrogeita zortzi urte, sei hilabete eta hemeretzi egun, paristarrak hiru lekutako (Cite, Unibertsitate eta Ville-ko) kanpai guztiak jo eta ke ateratako soinuaz esnatu ziren.

        Historiak ez du, ordea, 1482ko urtarrilaren 6 egun hartako oroitzapenik gorde. Goizean goiz kanpaiak eta hiritarrak bueltaka jarri zituen gertaera hark ez zuen, izan ere, ezer nabarmenik. Ez zen picardietar edo borgoniarren erasorik, ez prozesioan eramandako erlikiarik, ez Laas-ko mahastietan ikasleek egindako matxinadarik, ez gure errege jaun txit agurgarria agertzerik eta ez Parisko justiziak kondenatutako gizon eta emakume lapurrak urkatzerik. XV. mendean ohikoa zen enbaxada dotore eta panpoxik ere ez zegoen. Izan ere bi egun lehenago gisa horretara apaindutako zalduneria ikusia zuten, enbaxadore flandestarrak delfina eta Margarita Flandeskoa ezkontzeko tratua egitera Parisera etorri zirenean. Borboiko kardinal jauna asko haserretu zen, zeren erregeari atsegin ematearren alkate flandestarrezko nekazari-talde han aurpegi ona erakutsi behar izan baitzion. Horrez gain Borboiko jauregian teatro-lana, satira eta fartsa eskaini behar izan zizkien, euri-jasak atarian bere tapizak hondatzen zituen bitartean.

        Baina ez. Urtarrileko seigarren egun hartan, Joan Troyeskoa idazlearen eran esanda Parisko herria aztoratzen zutenak aspaldi-aspalditik ospatzen zituzten eta egun berean tokatutako bi jai ziren: Errege-eguna eta Zoro-festa.

        Egun hartan su handia egingo zuten Greve-ko plazan, «maiatzeko zuhaitza» aldatuko zen Braque-ren kaperan eta auto sakramentalaren moduko misterioa antzeztuko zuten Justizi jauregian. Bezperan, turuta-soinu, danbor-hots eta guzti, Parisko probestuaren morroiek (beren gamelu-ilezko soingaineko morez eta bularraldean gurutze zuri handiak zituztela) aldarrikatu zuten hiriko kaleetan.

        Hiritarrek, gizon zein emakumeek, beren etxe eta dendak itxita goizean handik eta hemendik zihoazen aipatutako hiru leku horietakoren batera. Bakoitzak bere aukera egina zuen: sua, maiatzeko zuhaitza edo teatroa. Parisko aspaldiko ikusleen sen onaren omenetan, esan beharra dago gehienak su handira hurbiltzen zirela (zeina urte-sasoia kontutan hartuta oso egokia baitzen) edo bestela auto sakramentalera (ondo estali eta hobeto itxitako jauregiko areto nagusian antzezten zenez, jendeak babesa topatzen zuelako). «Maiatzeko zuhaitz» loratugabea beraz, bakarrik uzten zuten hotzak ikaraz urtarril gorrian, goian zerua eta behean lurra, Braque-ren kapera ondoko hilerrian.

        Jendea batez ere justizi jauregi inguruko hiribideetan zebilen; bai baitzekiten bi egun lehenago heldutako enbaxadore flandestarrak antzezlanera eta areto handi hartantxe egingo zen eroen aita santuaren aukeraketara joatekoak ziren.

        Ez zen, ez, batere erraza egun hartan munduan inoiz egindako estalitako gela handientzat jotzen zen areto hartara sartzea. (Bestetik, egia da Sauval-ek artean ez zuela Montargisko gazteluko areto nagusia neurtu). Jauregiko plaza, jendez leporaino, leihoetatik begira zeudenentzat itsasoaren antzekoa zen, bertara bospasei kaletatik (ibaien bokale bailiran) etengabe buru-uholdeak isurtzen zirela. Gero eta ugariagoa zen jendetzaren uhin haiek, talka egiten zuten etxe-kantoien kontra, zeintzuk muturrak bailiran plazako urtegi irregularrean irteten baitziren. Jauregiko fatxada gotiko altuaren erdian, eskailera zabalean, gora eta behera etengabe zebilen jendea, eta harmailadia erdian etenda, alboko arrapaletan uholdeka hedatzen zen. Eskailerak, dena den, aintzirako ur-jauziak bezalaxe isurtzen zuen jendea plazara etengabe.

        Oihu, barre eta milaka zangoren oin-hotsek, zarata eta harrabots handia ateratzen zuten. Noizbehinka iskanbila eta burrundara hura areagotu egiten zen. Jendetza eskailera handira bultzatzen zuen korronteak atzera egiten zuen; nahastu, zurrunbildu egiten zen. Arkulariren baten bultzadak edo ordena zaintzera probestutzatik joandako sarjenturen baten zaldiaren ostikadak sortzen zuen atzerakada hura. Probestutzak kondestablegoaren gain, kondestablegoak mariskaltzaren ardurapean eta mariskaltzak Parisko gure jendarmetzaren esku utzi duen ohitura bikaina dugu hau.

        Ate, leiho, argizulo, eta teilatuetan txindurriak bailiran milaka herritarren aurpegi lasai eta zintzoak ikus zitezkeen. Beste ezeren beharrik ez eta, jendetzari begira zeuden. Izan ere Parisen jende asko da ikusleek eskainitako ikuskizunarekin aski duena, eta guretzat oso bitxia da ostean zerbait gertatzen deneko harresia.

        1830 urteko pertsonok hamabosgarren mendeko paristar haiekin batera egon eta haiekin batera bultzaka, ukondoka eta inarroska 1482ko urtarrilaren 6an hain estua zirudien Jauregiko areto ikaragarri hartara sartzerik bagenu, ikuskizuna ez litzateke, ez interes eta ez xarmarik gabea. Erabat berri iruditzerainoko gauza zaharrez inguratuta egongo ginatekeen.

        Irakurlearen baimenaz, pentsamenduaren bidez gurekin batera areto itzel haren ataria zeharkatu eta jipoi, soingaineko zein bular-sareaz jantzitako jendetzaz inguraturik balego sentituko zukeen zirrararen berri ematen ahaleginduko gara.

        Lehenik eta behin, belarrietan burrundara eta begietan itsutasuna sentituko lituzke. Gure buru gainean, ojibazko ganga bikoitza, zurezko eskulturez hornitua, urdinez pintatua eta urrezko lis-lorez apaindua legoke, eta oinen azpian marmol zuri eta beltza txandakatuz egindako zoladura. Gure aldamenean, hurbil, pilare ikaragarria, aurreraxeago beste bat, eta gero beste batzuk. Aretoak luzetaraka guztira zazpi zutabe zituen, zabaleraren erdian ganga bikoitzaren abiaburuei eutsiz. Lehen lau pilareen inguruan merkatarien dendak, beira eta urre-izunez distiratsu. Azken hiru zutabeen bueltan berriz, auzilarien galtzek eta prokuradoreen togek higatu eta leundutako haritzezko aulkiak. Aretoaren inguru guztian, hormen goialdean, ate, leiho eta pilare artean, Farabundo geroztiko Frantziako errege guztien estatuak lerro amaiezina osatuz: errege alferrak besoak zintzilik eta begiak behera begira, eta ausart eta borrokalariak esku-buruak zerurantz harro zituztela. Gainera ojibazko leihoetan, mila koloretako beirak, eta aretorako sarrera zabaletan, oso fin tailatutako ate ezin dotoreagoak. Eta guztia (ganga, pilare, horma, marko, kasetoidura, ate eta estatuak) goitik behera urre- eta urdin-koloreko pintura ederraz estalita zegoen, zeina guk ikusten dugun garaian ajatuxe egonda ere, Du Breul-ek 1549 urtean artean tradizioa medio miresten zuenean hauts eta amaraun azpian ia erabat desagertua baitzen.

        Pentsa dezagun areto itzel luzexka hura urtarrileko egun batean kanpoko izpi motelez argiztatua dugula eta horma ondoan nahiz pilare inguruetan dabilen giza uholde nahasi eta zaratatsuaz beterik dagoela. Horiek gogoan hartuta, guk xehetasun bitxienak nabarmendu nahi dizkiogun koadroaren arrastoa izan dezakegu, berau lauso samarra bada ere.

        Bistan da Ravillac-ek Enrike IV.a hil ez balu Justizi jauregiko artxiboetan Ravillac prozesuko agiriak eta beroriek desagerrarazi nahi zituzten konplizeak ez liratekeela egongo; ezta, besterik ezinda, agiriak erretzeko artxiboari eta artxiboa erretzeko Jauregiari su emateko premia izan zutenik ere. 1618 urteko suterik ez zitekeen gertatuko, beraz. Jauregi zaharra zutik egongo zitekeen, bere areto nagusi eta guzti, eta nik irakurleari honakoa esango niokeen: «zoaz eta ikus ezazu". Horrela biok saihestuko genukeen zerbait: nik nola-halako deskribapena egitea eta hark irakurtzea. (Gertaera garrantzitsuek inork uste ez bezalako ondorioak dituztela esan nahi du horrek).

        Egia da Ravillac-ek konplizerik ez izatea gerta zitekeela, eta edukita ere 1618 urteko sutean parterik ez hartzea ere bai. Beste bi azalpen onargarri ere badira. Batetik, oin bat zabal eta ukondo bat altu zen suzko izarra martxoaren 7an gauerdi ondoren (denok dakigunez) zerutik Jauregira erortzea, eta bestetik, Teofiloren laukoa dago:

 

                Certes, ce fut un triste jeu

                Quand à Paris dame Justice,

                Pour avoir mangé trop d'épice,

                Se mit tout le palais en feu.

 

                Joko tristea izan zen, inola ere.

                Parisko Justizia Andereak

                espezia gehiegi janda,

                jauregi guztia sutan jarri zuen.

 

        Justizi jauregiko 1618a erreketaz argibide politikoa, fisikoa ala poetikoa sinetsi, benetan erre egin zela da egia, kontuak kontu eta usteak uste. Gaur egun, ezbehar hura zela eta, geroztik suak errespetatutakoa hondatu duten berrikuntzak direla eta, jauregiak lehengotik ezer gutxi du; Frantziako erregeen lehen egoitza, Louvrekoaren anaia zaharra eta Felipe Ederraren garaian Roberto erregeak jaso eta Helgaldo-k deskribatutako eraikin bikainen arrastoen bila ibilitako jauregitik, alegia. Ia dena desagertu da. Zer geratu da San Luisek bere ezkontza osatu zueneko kantzelaritzako gelatik? Eta zer errege hark «gamelu-ilezko soinekoz, mahukarik gabeko zeta meheko tunikaz eta bizkarrean sandalo beltzezko gainjantzia zuela, Joinville alboan tapiz ederrean etzanda zuela" justizia administratzen zueneko lorategitik? Zer Segismundo enperadorearen gelatik, Karlos IV.arenetik edo Joan Lurgabearenetik? Non da Karlos VI.ak bere grazi ediktua aldarrikatu zueneko eskailera? Non dago delfinaren aurrean Martzelok Roberto Clermontekoari eta Champagneko mariskalari zintzurra egin zieneko lauza? Non Benedikto antiaita santuaren buldak desegin zireneko eta ekarri zituztenak (irendu eta asta belarriak jantzita Parisen zehar jendaurrean lotsagarri erabili zituztenak) abiatu zireneko ataka? Non dago areto nagusia, bere urre eta urdin, ojiba, estatua, pilare eta eskulturaz dena laukituta zeukan ganga izugarriarekin? Eta gela urreztatua? Eta atarian Salomonen tronukoen gisa justizi aurrean dagoenari dagokionez apal, burumakur eta isatsa hanka artean zuela zegoen harrizko lehoia? Eta ate ederrak? Eta beira bikainak? Eta Biscornetteri inbidia pizten zioten burdineria zizelatuak? Eta Du Hancy-ren zurezko lan finak? ...Denborak eta gizakiek zer egin diete lan miresgarri horiei? Guzti horretatik, Galiako historia guzti horretatik, arte gotiko guzti horretatik, zer jaso dugu? Arteari dagokionez, Saint-Gervais-ko portaleko arkitekto baldar den M. de Brosse-ren zertxa jaitsi eta astunak, eta historian dagokionez, pilare handiaren oroitzapen ahoberoak ditugu, non oraindik ere Patrus-en berriketen oihartzuna entzun daitekeen.

        Ez da asko, egia esan, baina gatozen benetako jauregi zaharreko benetako areto nagusira.

        Paralelogramo ikaragarri haren bi mutur haietako batean, marmolezko mahai famatua zegoen; sekula ikusitako luze, zabal eta lodiena (pergamino zaharrek, Gargantuan jangura eragingo lioketen estiloaz, munduan tamaina hartako marmol-puskarik ez zela ikusi zioten). Beste muturrean, Luis XI.aren kapera zegoen. Ama Birjinaren aurrean belauniko zegoela eskultura eginarazita, hara eramatea agindu zuen, errege-estatuen lerroan bi nitxo hutsik geratzen zirelako batere kezkatu gabe. Nitxoak Karlomagno eta San Luisenak ziren, zeintzuk Frantziako errege izan zirelako zeruan indar handia izango baitzuten. Kapera berria zen, zuela sei urte egina, gure Herrian gotikoaren amaiera markatu eta Errenazimentuko fantasia harrigarrietan hamaseigarren mendearen erdialdera arte luzatzen den arkitektura finez eta oso leun zizelatutako eskultura miresgarriz betea. Atari gainean zegoen arrosetoi kalatu txikia, mehetasun eta graziaz betetako maisulana zen; farfailezko izarra.

        Aretoaren erdian, atearen aurrez aurre, urrezko brokatuz hornitutako taulatua zegoen hormaren ondoan. Han, leiho batetik, sarbide pribatua prestatu zen urrezko gelaren galeriatik flandestar mandatarientzat eta antzezlana ikustera gonbidatutako gainerako pertsonaia ospetsuentzat.

        Usadioak agintzen zuenez, marmolezko mahaian jokatu behar zen misterioa, eta horretarako antolatuta zegoen goizetik. Oin-markaz josia zegoen marmolezko pieza ederrak, taulatu altu samarrari eusten zion. Haren gaina aretoko edozein puntutatik ongi ikusten zen, bertan antzeztu behar zutelako, eta barnealdea, tapiz batzuez ezkutaturik, teatroko pertsonaiek janzteko erabiliko zuten. Kanpotik agerian ipinitako eskailera batek eszenategia eta aldagelak komunikatu behar zituen, bere maila zurrunak bai aktoreak sartzeko eta bai irteteko eskainiz. Ez zegoen, ez ustekabeko pertsonaiarik, ez gorabeherarik eta ez ezustekorik, eskailera haren premia ez zuenik. Arte eta tramoiaren haurtzaro xalo eta agurgarria benetan!

        Marmolezko mahaiaren lau izkinetan Jauregiko bailegoko sarjentu bana zutik zegoen, bai jaiegunetan eta bai exekuzio-egunetan herriaren atsegin guztien derrigorrezko zaintzaile izaki.

        Jauregiko erloju handiak eguerdiko hamabigarren kanpai-hotsa ateratakoan hasi behar zuen antzerkiak. Teatro-emankizunerako berandu zen inola ere, baina flandestar enbaxadoreen orduetara moldatu beharra izan zuten.

        Hala ere, jendetza hura goiz guztian zegoen han zain. Ikusmina zuten pertsona zintzo haietako asko gainera, egunsentiaz gero jauregiko eskailera handiaren aurrean hotzikaraz zebilen. Batzuek, lehenbizi sartuko zirela segurtatzearren gau osoa atetzarraren aurrean etzanda kale gorrian igaro zutela zioten. Unetik unera jendetza ugaltzen ari zen, eta neurria gainditzen duen urak bezala, hormetan gora, pilare inguruetan pilatuz, erlaitz, leihoetako balaustrada, fatxadako irtenune zein eskultura guztietan gainean jartzen hasia zen. Nekea, egonezina, ondoeza, lasaikeri eta erokeri eguneko askatasuna eta edozergatik (ukondo zorrotzagatik, oinetako estuegiagatik, luze itxaroteagatiko nekeagatik) pizten ziren liskarrak medio, flandestar enbaxadoreak heldu baino dezentez lehenago hesitu, bildu, estutu, zapaldu eta itotako jendetza haren giro zaratatsuak kutsu garratz eta mingotsa zeukan. Madarikazioa besterik ez zen entzuten. Flandestarren, merkatarien probestuaren, Borboiko kardinalaren, Parisko bailegoaren, Margarita Austriakoaren, sarjentuen, hotzaren, beroaren, eguraldi txarraren, Parisko apezpikuaren, eroen aita santuaren, pilareen, estatuen, hango ate itxiaren edo hemengo leiho irekiaren kontra arrangura eta maldizioa baizik ez zitzaion jendeari ateratzen. Egoera hartan, ikasle-taldeek eta jende artean sakabanaturik zeuden morroiek, beren broma eta gaiztakeriak ondoez han gehituta, ziztada haien bidez guztien umore txarra areagotu egiten zuten.

        Besteak beste deabru alai haietako talde batek, leiho bateko beirak hautsi eta erlaitzean lotsagabe eserita, bai barrukoei eta bai kanpokoei, aretoko jendetzari eta plazako multzoari txandaka begiratu eta iseka egiten zien. Beren keinu irrigarri, barre-algara eta lagunei aretoko mutur batetik bestera egiten zizkieten dei jostariak ikusita, erraz igar zitekeen ikasle gazte haiek gainerakoen neke eta ondoezean ez zirela partaide. Beren buruak ederki dibertitzearren, begi aurrean zuten ikuskizunak hurrengoa hasi arte patxadaz zain egoteko bide ematen zien.

        —Arraioa! Hi inola ere Joannes Frollo de Molendino haiz! —oihu egin zion batek kapitel bateko molorrika-hostoari helduta zegoen itxura oneko eta pikaro-aurpegiko deabru txiki ilehori bati. —Hi inondik ere Joan Errotakoa deitzen diotena haiz, heure bi besoek eta bi zangoek haizeak eragindako hegalen antza diatelako. Noiztik hago hor?

        —Arraiopola! —erantzun zion Joannes Frollo izenekoak —Lau ordu baino gehiago zeramatzaat hemen eta purgatorioan igaro beharreko denboratik kenduko dizkidatela espero diat. Kapera Santuko meza nagusian Siziliako erregearen zortzi xantreak lehen bertseta kantatzen sumatu dizkiat.

        —Xantre onak dituk —arrapostu egin zion besteak—. Beren bonetak baino ahots zorrotzagoa ditek! Meza ipini baino lehen erregeak hobe zian latina kutsu proventzalez kantatzea atsegin al zitzaion San Joani galdetzea.

        —Siziliako erregearen xantre madarikatu horiei lana ematearren egin dik! —garrasi egin zuen leihopean jendartean zegoen atso batek —Argituko al didak? Parisko mila libera meza bategatik! Parisko arrain-azokaren bizkar gainera!

        —Lasai, andere! —erantzun zuen arrandunaren ondoan sudurra estaltzen zuen pertsona serio eta potolo batek —Meza ipini beharra zegoen, ezta? Ez duzu, bada, erregea berriz gaixotzerik nahiko?

        —Ongi esana, erregearen larru-ontzaile eta jantzigile Gilles Lecornu jauna! —deiadar egin zuen kapitelera igotako ikasle txikiak.

        A zer nolako barre-algarak atera zituzten ikasleek erregearen larruzko jantziak egiten zituen gizaixoaren zorigaiztoko deitura entzun zutenean!

        —Adarduna! Gilles Adarduna! —ari ziren batzuk.

        —Cornutus et hirsutus —zioten beste batzuek.

        —Bai. Zalantzarik gabe —eman zion segida kapiteleko deabrutxoak—. Zergatik ari zarete barrezka? Gilles Adarduna ohoretsua da, erregearen jauregiko probestu den Joan Adarduna maisuaren anaia eta Vincennesko basoko lehen atezain den Mahiet Adardunaren semea, guztiak ere Parisko hiritarrak eta ezkonduak direlarik.

        Algarak areagotu egin ziren eta erregearen larru-ontzaile potoloa, txintik ere atera gabe, alde guztietatik zetozkion begiradetatik ezkutatzen saiatzen zen, baina alferrik ari zen izerditan hasperenka, zeren ziria egurrean sartzen denean bezalaxe, haren ahaleginak haserre eta suminduraz gorritutako bere sorreri-aurpegi zabala ingurukoen bizkar artean gehiago nabarmendu baizik ez baitzuen egiten.

        Azkenean, inguruko gizon bat, bera bezain lodi, mozkote eta agurgarri bat, alde atera zitzaion.

        —Oraindik horrelakorik! Ikasleak hiritar bategatik horrela gaizki-esalea jardutea ere! Garai batean egurtu egingo zituzketen eta gero egur horrekintxe erre.

        Ikasle-talde osoa hasi zitzaion algaraz.

        —Hara bestea! Nor ari da hor bereak eta bi esaten? Zein da asturu gaitzeko mozolo hori?

        —Kontxo! Ezagutzen dut —esan zuen batek—. Andry Musnier maisua da.

        —Egia. Unibertsitateko lau liburuzain zin-eginetako bat da eta! —erantsi zuen beste batek.

        —Dena laukoitza da denda horretan —zioen hirugarrenak—. Lau nazioak, lau fakultateak, lau festak, lau prokuradoreak, lau hautesleak, lau liburuzainak.

        —Ba —bota zuen Joan Frollok—, laurei egin behar dizkiegu kristorenak.

        —Musnier! Liburuak erre egingo dizkiagu.

        —Musnier! Hire morroiak jipoitu egingo dizkiagu.

        —Musnier! Hire andreari adarra joko zioagu.

        —Oudarde anderea, atso-potzola halakoa!

        —Alargun balego bezain guri eta alai dagoena.

        —Deabruak eraman ditzala! —marmar egin zuen Andty Musnier maisuak.

        —Maisu Andry —esan zuen Joanek, beti ere bere kapiteletik zintzilik—. Isiltzen ez bazara buru gainera jauzi egingo dizut!

        Maisuak begiak gora begira jarri eta une batean pilarearen altuera neurtu, barre-eragilearen pisua kalkulatu, buruz abiaduraren karratuaz biderkatu eta isildu egin zen.

        Joanek, bere burua inguruko nagusi ikusita, honela eman zion jarraipena bere mehatxuari:

        Jauzi egingo dizut. Baita artxidiakonoaren anaia izanda ere!

        —Hau duk jendaila daukaguna Unibertsitatean! Gaurko egunean geure eskubideak defendatzeko gauza ere ez dira izan! Ville-n gaur sua eta maiatzeko zuhaitza ditugu, Cite-n antzerkia, eroen aita santua eta flandestarrak. Unibertsitatean berriz, ezer ere ez.

        —Maubert plaza nahikoa handia izan arren! —erantsi zion leihoko erlaitzean jesarrita zeuden ikasleetako batek.

        —Utikan errektorea, hautesleak eta prokuradoreak! —deiadar egin zuen Joanek.

        —Champ-Gaillard-en gaur arratsaldean —zioen beste batek—, sua egin behar litzateke maisu Andryren liburuekin.

        —Eta eskriben idazmahaiekin! —esan zuen ondokoak.

        —Eta eskolazainen makilekin!

        —Eta dekanoen txistu-ontziekin!

        —Eta hautesleen kutxekin!

        —Eta errektorearen oin-oholekin!

        —Utikan! —zioen jostari Joan txikiak —Utikan maisu Andry, eskolazain eta eskribak, Utikan teologo, mediku eta dekretulariak! Utikan prokuradoreak, hautesleak eta errektorea!

        —Munduaren amaiera da hau! —murmurikatu zuen maisu Andryk belarriak itxiz.

        —Hara errektorea! Hortxe dago plazan! —deiadar egin zuen leihoko batek

        Denak plazara begira jarri ziren.

        —Benetan al da maisu Thibalt gure errektore agurgarria? —galde egin zuen Joan Frollo Errotakoak, barruko pilare bati helduta zegoelako kanpokoa ikusten ez zuela eta.

        —Bai, bai —erantzun zioten besteek—. Bera da, maisu Thibalt, errektore berbera.

        Eta halaxe zen. Izan ere orduan Unibertsitateko errektorea eta bertako agintari guztiak taldea osatuz Jauregiko plaza zeharkatuz enbaxadoreengana zihoazen.

        Ikasleek, leihoan pilatuta, irri mingarriz eta isekazko txaloz hartu zituzten. Taldeburu zihoan errektoreak, lehen erasoa jaso zuen. Ez zen, ez, gozoa izan.

        —Egun on, errektore jauna! Eup! Egun on, beraz!

        —Nolatan hemen, jokalari porrokatua? Dato-jokoa utzita etorri al zara?

        —Begira mando gainean trostan nola datorren! Mandoak berak baino belarri txikiagoak ditu eta!

        —Kaixo! Egun on, Thibalt errektore jauna! Tybalde aleator! Agure zozoa! Zarpail jokalaria!

        —Jainkoak lagun zaitzala! Bi seiko askotan atera al zaizkizu bart?

        —Begira datuetara hainbeste jokatuta zein aurpegi zimur, eraitsi, nekatu eta eroria duen!

        —Nolatan, Tybalde ad dados, Unibertsitatea utzi eta Ville aldera trostan?

        —Dudarik gabe Thibautode kalean etxeren bat bilatzera doa —oihu egin zuen Joan Errotakoak.

        Talde osoak azpimarratu zuen eztenkada trumoiaren pareko oihuz eta txalo biziz.

        —Thibautode kalera zoaz zeure txosnaren bila. Ez al da hala, errektore jaun jokalari arraio hori?

        Ondoren, gainerako kargudunentzako txanda izan zen.

        —Kanpora eskolazainak! Utikan mazokariak!

        —Aizak, Robin Poussepain, zein duk hango hura?

        —A! Gilbert Suillykoa, Gilbertus de Soliaco duk, Autun-go kolegioko kantzelaria.

        —Tori nire zapata. Bota iezaiok aurpegira, hi ni baino leku hobean hago eta.

        —Saturnalitias mittimus ecce nuces.

        —Kanpora sei teologoak, beren txaramel zuri eta guzti!

        —Teologoak al dira ba? Nik Santa Jenobebak Roogny-ko feudoagatik hiriari emandako sei antzara zuri zirela uste nuen.

        —Alde egin dezatela medikuek!

        —Utikan kardinalak eta diputatuak.

        —Tori nire kapela, Santa Jenobebako kantzelari hori! Gaiztakeria egin didazu. Egia da. Normandiako nazioan nire lekua Bourgesko probintziako Askanio Falzaspada italiarrari utzi diozu.

        —Ez dago eskubiderik! —oihu egin zuten gainerako ikasle guztiek —Kanpora Santa Jenobebako kantzelaria!

        —Hara maisu Joakin Ladehorskoa! Begira Luis Dahuille-ri! Han han Lambert Hoctement!

        —Deabruak ito dezala Alemaniako nazioko prokuradorea!

        —Eta Kapera Santuko kaperauak beren muzeta grisekin! cumtunicis grisis!

        —Seu de pellibus grisis fourratis!

        —Begira arte-maisuei! Kapa beltz politak benetan! A zer nolako kapa gorri dotoreak!

        —Errektoreari isats ederra osatzen diote.

        —Eman behar itsas ezkontzara doan Veneziako «ducea» dela!

        —Joan! Hara hor Santa Jenobebako kalonjeak.

        —Pikotara kalonje eta kalonje-ondoak!

        —Eta orain Claude Choart abadea! Claude Choart doktorea! Marie la Giffard-en bila al zabiltza?

        —Glatigny kalean topatuko duzu.

        —Alprojen erregearentzat ohea prestatzen ari da.

        —Bere lau denarioak, quatuor denarios, ordaintzen ditu.

        —Aut unum bombum.

        —Doan egitea nahi al duzu?

        —Lagunok! Simon Sanguin maisua, Picardieko hauteslea, hanka gainean emaztea duela!

        —Post equitem sedet atra cura.

        —Aurrera, maisu Simon!

        —Egun on, hautesle jauna!

        —Gabon, hautesle anderea!

        —Hori duk pagotxa, hori, dena ikusten ari diren horiek daukatena! —zioen hasperenka Joannes de Molendinok, beti ere bere kapiteleko hostoetatik zintzilik.

        Bitartean Unibertsitateko liburuzain zinegotzi Andry Musnier maisua; erregeari larruzko jantziak prestatzen zizkion Gilles Lecornu maisuari belarrira hizketan ari zitzaion.

        —Benetan diotsut, jauna. Hau munduaren amaiera da. Ikasleengan tamaina honetako gehiegikeriarik ez da inoiz ikusi. Eta guzti honen errua, dena alferrik galtzen duten oraingo asmakuntza madarikatu horiek dute; artilleria, serpentin eta bonbardek, baina batez ere inprentak, Alemaniako izurrite horrek. Ez da ez eskuizkriburik eta ez libururik idazten! Inprimategiak liburua desagerrarazi egiten du. Hau munduaren azkena da.

        —Konturatu naiz, bai, belus-ehunak gehiago saltzen direla ikusita —erantzun zion larru-ontzaileak.

        Eta une hartantxe hamabiak jo zituen.

        —A! ... atera zitzaion jendetzari bat-batean. Ikasleak isildu egin ziren. Gero zalaparta handia sortu zen, hanka- eta buru-mugimendu etengabea, zintz eta eztul-hots ikaragarria. Denak prestatu, eseri, igo, bildu egin ziren. Gero isilune handia sortu zen, lepo denak tente, ahoak zabal, begiradak marmolezko mahaian finko. Ez zen inor agertu. Bailegoko lau sarjentuak han zeuden, pintatutako estatuak bailiran, geldirik tente. Begirada guztiak flandestar mandatarientzat egindako taulatuak erakarri zituen, baina ateak itxita segitzen zuen eta taulatuak hutsik. Jendetza hura goiz guztian hiru gauzaren zain zegoen: eguerdiaren, Flandesko enbaxadaren eta antzerkiaren zain. Eguerdia besterik ez zen bere garaian heldu.

        Larregitzat jotzen zuten hura.

        Minutu bat, bi, hiru, bost,... ordu-laurdena igarota, ez zen inor ageri. Oholtza hutsik eta antzerkia mutu zeuden. Ezinegonaren lekua haserreak hartu zuen ondoren. Arrangura-hitzak artean ez ziren oihuka entzuten, egia da. —Antzerkia! Antzerkia! —murmurikatzen zuen jendeak. Giroa berotzen ari zen. Orroa besterik egiten ez zuen ekaitza jendetza artean zebilen. Joan Errotakoa izan zen lehen txinparta sortu zuena.

        —Hasi antzerkia eta pikotara flandestarrak! —garrasi egin zuen indar guztiz, bere kapitelean sugearen gisa bilduz.

        Jendea txaloka hasi zen.

        —Antzerkia —errepikatu zuen— eta hor konpon Flandes!

        —Misterioa behar dugu bertatik —eman zion segida ikasleak—. Bestela komedia eta teatro gisa jauregiko bailegoa zintzilikatu egingo dugu.

        —Ongi esana! —onetsi zuen ikuslegoak— Has gaitezen sarjentuak esekiz.

        Txalo handiz eman zien jendeak errematea hitz haiei. Lau gizajoak berriz, zurbiltzen ari ziren, elkarri begira. Jendea zaintzaileei oldartu zitzaien, eta haiek ikusleengandik bereizten zituen zurezko balaustrada ahula bultzadaren bultzadaz okertzen eta amore ematen ari zen.

        Kinka larrian zeuden.

        —Eraso! Eraso! —oihu egiten zuten nonahitik.

        Une hartan, lehenago deskribatu dugun aldagelako tapizak altxatu egin ziren. Pertsonaia bat atera zen, eta hura ikuste hutsarekin denak isildu egin ziren, aztikeriaren batek haserrea jakin-min bihurtu bailuen.

        —Isilik! Isildu, arren!

        Aktorea, batere lasaitu gabe eta gorputz-atal guztiak dar-dar zituela, marmolezko mahaiaren ertzeraino aurreratu zen, bai alde batera eta bai bestera erreberentziak eginez, zeintzuk hurbildu ahala belaunikatzearen gero eta antz handiagoa baitzuten.

        Bitartean poliki-poliki giroa baretu egin zen. Jendetzaren isiltasunetik beti atera ohi den zurrumurru txiki hori baizik ez zitekeen entzun.

        —Hiritar jaunak —hasi zen esaten —eta hiritar andereak. Kardinal jaun txit agurgarriaren aurrean oso antzezlan ederra jokatzeko ohorea izango dugu. Obraren izena, Andre Mariaren sen ona da. Niri Jupiterren papera dagokit. Kardinal jauna orain Austriako duke jaunaren enbaxada ospetsuarekin dago. Orain Baudets-ko portalean Unibertsitateko errektore jaunaren hitzaldia entzuten ari da. Kardinal jaun agurgarria iristen denean hasiko gara.

        Jupiterrek parte hartzea behar izan zen, alajainkoa, Jauregiko bailegoko lau sarjentuak salba zitezen. Oso benetako historia hau guk asmatu eta Kritika anderearen aurrean erantzule bagina, ez ligukete ondoko arau klasiko hau egotziko: Nec deus intersit. Gainera, Jupiterren jantzia oso dotorea zen, eta guztien arreta erakarriz jendetza baretzen zerikusi handia izan zuen. Jupiterrek belus beltzez estalitako eta iltze urreztatuz apaindutako jipoi edo brigantina zeraman soinean eta zilar urreztatuzko botoiz hornitutako kurloa zuen buruan. Aurpegia erdibana betetzen zuten makillaje eta bizar handiagatik izan ez balitz, eskuan dilista argitsuz josita zeramatzan kartoizko erroilu urreztatu eta larruzko zinta distiratsuengatik (edozein adituk laster igarriko zion hura tximista zela) izan ez balitz, greziarren antzera zintaztaturiko eta haragi-koloreko hankengatik izan ez balitz, bere jantzien seriotasuna medio Berry-ko jaunaren guardiako arkulari bretoitzat har zitekeen.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997