Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

VI.
LA ESMERALDA

 

        Pozik adierazten diegu gure irakurleei bitarte hartan Gringoirek eta bere obrak aurrera segitu zutela. Egileak sustatuta, aktoreek jarraian aritu ziren beren lanean eta Gringoirek etenaldirik gabe entzun zien. Anabasa hartan etsi-etsian emankizuna burutzea erabaki zuen, entzuleek arreta berriz ere antzerki-lanera bideratuko zuten esperantzan. Itxaropen-izpi hura hazi egin zitzaion Quasimodo, Coppenole eta eroen aita santuak zeraman oste zaratatsua oihuka gelatik irteten ikusi zituenean. Jendea berehala joan zen haien atzetik.

        —Gaitz erdi! —esan zuen bere golkorako —Zalapartari guzti horiek joan dira behintzat!

        Zalapartari hango guztiak ziren nonbait, eta tamalez, laster batean areto nagusia hustu egin zen.

        Egia esan, entzule bakan batzuk bazeuden, batzuk sakabanatuta eta beste batzuk pilare inguruetan bildurik. Iskanbila eta zarataz gogaitutako emakume, zahar eta umeak ziren. Ikasle batzuk leihoetako erlaitzetan zangalatraba zeuden plazara begira.

        —Tira! —pentsatu zuen Gringoirek —Nire misterioaren amaiera entzuteko behar adina jende bada hemen. Gutxi dira, baina ikasiak eta jantziak.

        Une hartan, Ama Birjinaren etorrera iragartzeko efektu nagusia sortu behar zuen sinfoniarik ez zegoela ohartu zen. Musikariak eroen aita santuak eraman zituen bere prozesioan.

        —Pasa hurrengo zatira —esan zien irmoki.

        Obraz arduraturik zirudien hiritar-talde batengana gerturatu zen. Hona hemen jaso zuen elkarrizketa-zatia:

        —Maisu Cheneteau. Ezagutzen al duzu nafarren egoitza? Nemoursko jaunarena zena?

        —Bai. Braque-ren kaperaren aurrez aurre zegoena?

        —Ba fiskoak Gilermo Alixandre historialariari alokatu dio urteko sei libera eta zortzi sos paristarren truk.

        —Ikustekoa da errentak gora nola egin duten!

        —Tira! —esan zion Gringoirek bere buruari hasperenka —Besteak adi egongo dira.

        —Lagunok! —deiadar egin zuen leihoetako gazte alproja haietako batek —La Esmeralda! La Esmeralda plazan!

        Hitz haiek erabateko eragina izan zuten. Aretoan zeuden guztiaz hormetan gora leihoetara hurbildu ziren ikustera, haiek ere La Esmeralda! La Esmeralda! oihu egiten zutelarik.

        Aldi berean, kanpotik txalo-hots handia zetorren.

        —Zer esan nahi du La Esmeralda horrek? —hasi zen Gringoire galdezka eskuak etsita elkartuz Jaungoiko maitea! Orain leihoen txanda dela dirudi.

        Marmolezko mahaira jiratu eta emanaldia berriz ere etenda zegoela ikusi zuen. Jupiter bere tximistaz agertzekoa zen orduantxe, baina geldirik zegoen eszenategi barrenean.

        —Migel Giborne! —garrasi egin zion poetak haserre— Zertan hago hor? Hire txanda duk. Igo beraz!

        —Nola? —erantzun zion Jupiterrek— Ikasle batek eskailera eraman du.

        Gringoire begira hasi zen. Eraman zuen, bai. Antzerki-lanaren korapilo eta askaeraren arteko komunikazioa etenda zegoen.

        —Eta alproja horrek, zertarako eraman du? —murmurikatu zuen.

        —La Esmeralda ikustearren —erantzun zion Jupiterrek atsekabez—. «Hona hemen inork behar ez duen eskailera» esan eta eraman egin du.

        Azken kolpea zen hura; Gringoirek eraman handiz jasandakoa, hain zuzen.

        —Deabruak eraman zaitzatela! —esan zien aktoreei— Ordaintzen badidate kobratuko duzue.

        Gero burumakur erretiratu egin zen, baina azkena, ausart borroka egindako jeneralaren antzera.

        Jauregiko eskailera bihurrietan behera zihoala honela zioen ahopeka:

        —Hau duk asto eta artaburuz osatutako paristar jendaila, hau! Misterioa ikustera etorri eta ez diate ezer entzun! Edozeinez arduratu dituk: Clopin Truillefou, kardinal, Coppenole, Quasimodo eta deabruaz, baina Ama Birjinaz tutik ere ez. Jakin izan banu berehala ekarriko nizuen nik zuei Ama Birjina, astazakil halakoak! Eta ni? Aurpegiak ikusi nahian etorri eta bizkarrak besterik ikusi gabe joan behar! Poeta izan eta botikariaren arrakasta eduki! Hala ere, egia duk Homero ere Greziako herrixketan eskale ibili zela eta Nason ere erbesteraturik moskutarren artean hil zela, baina zer arraio esan nahi ziaten beren Esmeralda horrekin? Zer esan nahi dik hitz horrek? Ijitanoa izango duk.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997