Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

IV.
GRESA ETA BEIRA

 

        Egunak igaro eta lasaitasuna emeki-emeki itzuli zen Esmeraldaren izpiritura. Min handia, poz handia bezalaxe, gutxi irauten duen gauza bortitza da. Giza bihotzak ez dauka muturreko egoera hauetan luze egoterik. Buhameak horrenbeste sufritu zuenez gero, harridura besterik ez zeukan bere baitan.

        Segurtasunarekin batera, itxaropena ere itzuli zitzaion. Gizartetik kanpo zegoen, bizitzatik kanpo, baina nola edo hala sumatzen zuen agian berriz ere bizitzaren korrontera murgiltzeko aukera izango zuela. Bere menpe hilobiko atea zuen hildakoa bezalakoa zen.

        Denbora luzez gogoa hartu zioten irudi beldurgarriak poliki-poliki ihesi zihoazkion. Pierrat Torterue, Jacques Charmolue eta mamu nazkagarri guzti haiek, baita apaiza ere, ezabatzen ari ziren bere barrenean.

        Gainera Febo bizirik zegoen. Berak ikusi zuen. Feboren bizia zen garrantzitsuena. Patuaren astindu beldurgarri haiek bere baitan dena eraitsita utzi ondoren, sentimendu bakarra geratu zitzaion zutik: kapitainarenganako maitasuna. Maitasuna izan ere, zuhaitza bezalakoa da. Bere gisa hazten da, gure izate guztian sustraiak itsatsiz, eta askotan hondatutako bihotzari ere kimuak irteten zaizkio.

        Eta grina zenbat eta itsuago, hainbat eta zailduagoa izaten da. Berez arrazoirik ez duenean izan ohi da sendoena.

        Esmeraldak ordea, samintasuna ere sentitzen zuen kapitaina burura zetorkionean. Izugarria litzateke hura ere engainaturik egotea, hau da, beragatik bizia mila aldiz emango zuenak sastakatu zuela sinestea. Dena den, ez zen harritzekoa. Izan ere, ez al zuen neskak bere krimena aitortu? Emakume ahula izaki, ez al zuen berak oinazeetan amore eman? Berea zuen, beraz, erru guztia. Hitz hura esan baino lehen azkazalak kentzeraino eutsi behar ziokeen. Baina, tira! Febo beste behin, minutu bakar batez, ikusten bazuen, hitz bat, begirada bat, aski izango zuen gauzak argitzeko eta bereganatzeko. Ez zeukan inolako zalantzarik. Gauza bitxi asko zirela medio, nahastuta zegoen. Barkamen eske eliz atarira joan zenean ez zekien Febo nolatan zegoen han, eta orduan ondoan zeukan emakume hura ere ez. Arreba izango zuen, inola ere. Arrazoi hark ez zeukan funts handirik, baina besterik ezean onartu egiten zuen, aldez edo moldez Febok bera bakarrik maite zuela sinetsi beharraren beharrez. Ez al zion, bada, zin egin? Beste zer behar zuen, bada, neska gajo fidakor hark? Gainera, arazo hartan itxura guztiak ez al zeuden mutilaren kontra baino gehiago neskaren kontra? Beraz, zain zegoen.

        Bestetik eliza, alde guztietatik inguratu, gorde eta salbatzen zuen etxe handi hura, berez zen lasaigarri bikaina. Arkitekturako forma ospetsuek, neska inguratzen zuten objektu guztien erlijio-jarrerak eta, nolabait esan, harri handi hartako zirrikitu guztiei zerien pentsamendu jainkotiar eta lasaiek, konturatu gabe eragiten zioten neskari. Eraikinak gainera, arima gozatzen zioten handitasun eta bedeinkapenezko zaratak ateratzen zituen. Elizkizunetako kantu monotonoa, jendearen erantzunak (batzuetan ongi ahoskatu gabeak eta beste zenbaitetan ozenak), beirateen dardara harmoniatsuak, ehun turutaren indarrez durunda zegien organoa, erle erraldoiak bailiran burrunba ateratzen zuten hiru kanpandorreak, jendetzatik kanpandorrera gora eta behera eskala handian zehar jauzika zebilen orkestra hark, sorgortu egiten zioten oroimena, irudimena eta mina. Kanpaiek batez ere, urrumakatu egiten zuten. Magnetismo indartsu moduko bat zen aparatu ikaragarri haiek uhin handitan neskarengana bidaltzen zutena.

        Horregatik, egunetik egunera bareago, arnasa hobeaz eta biziago zegoen. Barneko zauriak orbaintzen ari zitzaizkion neurrian, lehengo grazia eta edertasuna ageri zituen aurpegian, baina bilduago eta bareago. Garai bateko izaera bereganatzen ari zen. Baita alaitasun-apur bat ere, hain berea zuen keinu berezia, ahuntzarenganako maitasuna, kantatzeko joera, ahalkea. Goizetan, gelako izkina batean janzten zen, argizulotik inguruko ganbararen batetik inork ikus ez zezan.

        Feborekiko oroitzapenek tarteren bat uzten ziotenean, ijitoari noizbehinka Quasimodo zetorkion burura. Hura zen gizartearekin eta bizidunekin zeukan lotura, harreman eta komunikabide bakarra. Gajoa! Gizartetik Quasimodo baino urrunago zegoen! Patuak ondoan ipini zion lagun bitxi harenik ez zuen ezer ulertzen. Askotan itsu-itsuan zergatik ez zuen onesten aurpegiratzen zion bere buruari, baina ezin zen kanpai-jole harengana ohitu. Itsusiegia zen.

        Ez zuen erabili Quasimodok emandako txistua. Hala ere, begibakarra lehen egunetan noizbehinka etorri zitzaion. Otordua eta txarrokada ura ekartzen zionean nazka ez adierazten ahalegintzen zen, baina hark, horrelako ezer bazegoen, berehala jasotzen zuen eta triste joaten zen.

        Behin batean, Djali laztantzen ari zela agertu zitzaion. Une batez ijitoak eta ahuntzak osatutako bikote politari pentsakor begira geratu zitzaion. Azkenean, bere gaizki egindako buru astunari eraginez honela hitz egin zuen:

        —Tamalez gizon antz handiegia dut. Animalia izan nahi nuke, ahuntz hori bezalaxe.

        Neskak harrituta begiratu zion.

        Begirada hari, honela erantzun zion:

        —O! Ongi dakit zergatik.

        Eta joan egin zen.

        Beste batean, gelako atarira (ez baitzen inoiz sartzen) Esmeralda antzinako balada espainiar bat abesten ari zela etorri zen. Letrak zioena ez zuen ulertzen, baina buruz zekien, txilatan ijitoek sehaskan kantatu ziotelako. Bat-batean aurpegi itsusi hura ikusita, ijitoa isildu egin zen nahi ezta beldur-itxura erakutsiz. Kanpai-jole gizajoak, atarian belauniko jarri eta bere bi esku itzelak elkartuta honela erregutu zion pena handiz:

        —O! Mesedez! Jarraitu arren eta ez nazazu bidali.

        Neskak ez zuen nahigabetu nahi eta, ikaraz, bere erromantzeari ekin zion berriro. Poliki-poliki beldurra ezabatu egin zitzaion, bere burua kantatzen ari zen doinu triste eta bigunaren harian murgilduta. Quasimodo belauniko zegoen, otoitzean bezala eskuak batuta, adi-adi, ia arnasarik ere hartu gabe, begirada ijitoaren begi-nini distiratsuetan finko zuelarik.

        Beste behin, baldar eta lotsati etorri zitzaion.

        —Entzun mesedez —esan zion ahaleginak eginez—. Zerbait esan behar dizut.

        Ijitoak keinu egin zion entzuten ari zitzaiola adieraziz. Orduan hasperenka hasi zen. Ezpainak ireki eta hizketan hasiko zela zirudien. Gero begiratu egin zion, buruari eraginda ezezkoa aditzera eman eta eskuak buruan zituela poliki-poliki joan egin zen, neska txundituta utziz.

        Horman tailatutako irudi barregarrietan bat asko estimatzen zuen eta maiz botatzen zizkion begirada adeitsuak. Behin batean buhameak honakoa esaten sumatu zuen:

        —O! Zergatik ez ote naiz zu bezala harrizkoa!

        Hurrengo batean, azkenik, Esmeralda sabaiaren ertzeraino hurbilduta Saint-Jean-le-Rond-eko teilatu zorrotzaren gainetik plazara begira zegoen, atzean Quasimodo zuelarik. Neskaren atzean ipini ohi zen, ikusita nazka har ez zezan. Bat-batean ijitoa ikaratu egin zen. Begietara malkoa eta poz-izpia aldi berean etorri zitzaizkion. Teilatutxoaren ertzean belauniko jarri eta besoak plaza aldera estu eta larri zabalduz oihuka hasi zen:

        —Febo! Zatoz! Hitzerdi bat! Jainkoarren! Hitzerdi bat besterik ez! Febo! Febo!

        Haren ahotsak, aurpegiak eta itxura osoak, horizontean eguzki-izpi batek jota urrutitik doan ontzi alaiari laguntza-eskea egiten dion naufragoaren antza zuten.

        Quasimodo plaza aldera begira hasi zen eta neskaren erregu samur-eldarniagarriaren helburu gazte bat, kapitain bat, zela ikusi zuen. Armaz eta apaingarriz jantzitako zaldun eder bat harro zihoan plaza barrenean eta lumadun kaskoaz agur egiten ari zitzaion bere balkoian irribarrez zegoen emakume eder bati. Ofizialak, nolanahi ere, deika ari zitzaion gajoak zioena ezin zuen entzun. Urrunegi zegoen.

        Gor gizajoak ulertu zion ordea. Hasperen sakonak irten zion barrenetik. Jiratu egin zen. Bihotza irentsitako malkoz gainezka zeukan. Bere bi ukabil dardaratiek burua kolpatzen zuten, azkenean eskuetan adats-izpi gorri bana izateraino.

        Ijitoak ez zuen erreparatzen, baina ahopeka hortz-karraskaz honela zioen:

        —Arraioa! Horrelakoa izan behar da, beraz! Kanpotik eder izatea aski da nonbait!

        Bitartean ijitoa belauniko zegoen eta aztoraturik ari zen mintzatzen:

        —O! Begira! Orain zalditik jaisten ari da! Etxe horretara sartuko da! Febo! Ez du aditzen! Febo! Zein gaiztoa den emakume hori! Zergatik hitz egin behar ote dio, ni ari natzaionean? Febo! Febo!

        Gorra begira zegokion. Ederki ulertzen zituen keinu haiek. Kanpai-jole gaixoaren begia malkoz betetzen zen, baina batek berak ere ez zion ihes egiten. Bat-batean, neskari emeki mahuka-puntatik tira egin zion. Neska jiratu egin zitzaion. Itxura lasaia zuen. Honela hitz egin zion gorrak:

        —Nahi baduzu ekarriko dizut.

        Pozaren pozez, garrasi bat atera zitzaion neskari:

        —O! Bai! Zoaz bizkor! Ekar ezazu kapitaina! Ekar ezazu eta maiteko zaitut!

        Neskak belaunak besarkatzen zizkion. Quasimodok ordea, samintasunez eragiten zion buruari.

        —Ekarriko dizut —esan zion ahots ahulaz.

        Gero jiratu eta eskaileran behera hasi zen urrats handiak emanez, negar-zotinka.

        Plazara heldu zenean, Gondelaurierkoen atarian lotutako zaldia besterik ez zegoen. Kapitaina sartu berria zen.

        Begirada elizako teilatura altxa zuen. Esmeralda hantxe zegoen, leku eta jarrera berean. Buruaz keinu tristea egin zion. Gondelaurierkoen atari ondoan geratu zen, kapitaina noiz irtengo.

        Gondelaurierren etxean eztei aurretik egin ohi zen ospakizuna zegoen. Quasimodok jende asko ikusi zuen sartzen, baina inor ere ez irteten. Noizbehinka teilatura begiratzen zuen. Ijitoa ez zen bera baino gehiago mugitzen. Zaldi-mutil bat etorri zen, zaldia askatu eta etxeko ukuilura sartzera.

        Egun osoa horrela igaro zen, Quasimodo atarian, Esmeralda teilatuan eta Febo, inola ere, Fleur-de-Lys-en oinetan.

        Ilundu egin zuen. Ilargirik gabeko gau iluna zen. Quasimodo Esmeralda ikusi nahian saiatzen zen. Laster, ilunabarreko orban zuri bat besterik ez zekusan eta gero deus ere ez. Ezabatu egin zen, dena beltz zegoenez.

        Quasimodok Gondelaurierkoen etxeko fatxadan leihoak goitik behera argitzen ikusi zituen eta halaber bata-bestearen ondoren plazako beste leihoak ere. Han egon zen Quasimodo haietako azkena itzali arte, gau guztia bertan igaro zuenez. Ofiziala ordea, ez zen ageri. Azken oinezkoak etxera joan zirenean, beste etxeetako leiho guztiak itzali zirenean, Quasimodo bakar-bakarrik, ilunpe-ilunpetan geratu zen. Andre Mariako plazan argirik ez zegoen orduan.

        Hala ere, gauerdia igaro arren, Gondelaurierkoen etxeko fatxadan leihoak argiztaturik zeuden. Quasimodok, geldirik eta adi, mila koloretako beiren atzean dantzan mugituz ari ziren itzalak ikusten zituen. Gorra izan ez balitz, Parisko zaratak isildu ahala Gondelaurierkoen etxetik zetozen festa—, barre- eta musika-hotsa gero eta garbiago entzungo zituzkeen.

        Goizeko ordu bata aldera, gonbidatuak erretiratzen hasi ziren. Ilunpetan ezkutatutako Quasimodok, denak ikusten zituen zuziz argitutako ataritik irteten. Haietako inor ez zen kapitaina.

        Pentsamendu tristez beterik zegoen. Batzuetan gora begiratzen zuen, aspertuta daudenek begiratzen duten antzera. Hodei beltz handi, astun, urratu eta pitzatuak, gaueko sabai izarratuan krespoizko hamakak bailiran zintzilik zeuden. Zeru-gangako amaraunak zirela ziruditen.

        Une batez, bat-batean bere buru gaineko harrizko balaustradara irteteko fatxadako atea ireki egin zen misteriotsuki. Beirazko ate hauskorra, bi pertsona igaro ondoren isil-isilik itxi zen. Gizon bat eta emakume bat ziren. Nekez igarri zuen Quasimodok gizona kapitain ederra eta emakumea goizean balkoi hartatixe ofiziala agurtzen ari zen emakumea zirela. Plaza erabat ilun zegoen eta balkoira irtendakoan ate atzean gela aldetik itxi zen gortina gorri bikoitzak barruko argiari ia ez zion uzten bikotearengana heltzen.

        Elkarri esaten zioten hitzik entzuten ez bazuen ere, Quasimodori iruditu zitzaionez gizona eta neska oso amultsu ari ziren elkarrizketan. Neskak ofizialari gerritik heltzen utzi zion eta musurik jaso nahi ezean edo gozo ari zen mutilari eusten.

        Quasimodo hantxe zegoen neska-mutilei so, inor konturatuko ez zelakoan, bikoteak eskainitako ikuskizun bitxiari begira. Zorion eta edertasun hartaz samintasunez jabetzen zen. Azken finean gizajo haren baitan natura ez zen gorra, eta oso bizkarrezur okerra izan arren, beste edozein bezalaxe ikaratzen zen. Probidentziaren eskutik jasotako miseriaz pentsatu zuen. Emakumeak, maitasuna nahiz atsegin haragikoia, beti ere bere albotik joango ziren eta besteren zoriona ikuste hutsarekin konformatu beharko zuen. Baina ikuskizun hartan gehien mintzen zuena, barrena haserretzen ziona, hura ikusiko balu ijitoak sufrituko lukeena zen. Oso gau iluna zen eta Esmeralda bere lekuan begira bazegoen ere (Quasimodok horretaz ez zuen zalantzarik, noski) urrunegitik begiratzen zuen. Berak izan ere, askoz ere hurbilago egon arren ozta-ozta sumatzen baitzituen. Horrek lasaitzen zuen apur bat.

        Bitartean, elkarrizketaren berotasun-maila gora zihoan. Neskak ofizialari besterik eska ez ziezaion erregutzen ziola zirudien. Quasimodok guzti hartatik elkartutako esku ederrak, malkoekin nahasitako irribarreak, neskak zeru izarraturantz altxatutako begiak eta behera neskari begira ari ziren kapitainaren begi sutsuak besterik ez zuen sumatzen.

        Zorionez, eta zorionez neskaren indarrak ahultzen hasiak zirelako diogu, balkoiko atea ireki egin zen. Andere zahar bat agertu zitzaien bat-batean. Neska zur eta lur geratu zen, ofiziala berriz musuhuts, eta hirurak barrura sartu ziren.

        Geroxeago zaldi baten sudur-ziztua entzun zen atarian eta bere gaueko kapan bildurik ofizial distiratsua azkar pasatu zen Quasimodoren aurrean.

        Kanpai-joleak kale-kantoiraino joaten utzi zion eta gero atzetik bere tximu-trebetasunaz korrika joan zitzaion deiadarka:

        —E! Kapitain hori!

        Kapitaina geratu egin zen.

        —Zer nahi ote du alproja horrek? —esan zuen ilunpetan herrenka, korrika eta jauzika zetorkion irudi hura sumatuta.

        Quasimodo ordurako kapitainaren ondoan zen, zaldiaren bridari gogor eutsiz.

        —Zatoz nirekin. Pertsona batek zurekin hitz egin nahi du.

        —Mahomaren adarra! —murmuratu zuen Febok —Pizti tximarro hau beste nonbaiten ikusia dudala iruditzen zait. E, maisu! Zaldiaren brida utziko al duzu mesedez?

        —Kapitaina! —erantzun zion gorrak —Ez al didazu galdetu behar zein den?

        —Utzi bakean zaldia! —errepikatu zion Febok urduri —Zaldiaren buruari horrela helduta zer nahi ote du arraio honek? E! Nire zaldia urkamendia dela uste al duk?

        Quasimodok, zaldiaren brida utzi ez eta jiratuta etorritako bidetik eraman nahi izan zuen. Kapitainak zergatik nahi ez zuen ulertu ezinda, honela esan zion gorrak:

        —Zatoz, kapitaina. Neska bat daukazu zain —eta ahalegina eginez—. Maite zaituen emakume bat.

        —Zirtzil halako hori! —esan zuen kapitainak —Maite nauten ala maite nautela dioten neska guztiak bisitatu behar ditudala uste du honek. E! Eta hire antzekoa baduk, hontz aurpegi hori? Bidali hauenari esan ezkontzera noala eta deabruak eraman dezala.

        —Entzun! —oihu egin zion Quasimodok, hitz batez zalantzak uxatuko zizkiolakoan —Zatoz, jauna! Zuk ezagutzen duzun ijitoak ikusi nahi zaitu!

        Hitz haiek txundituta utzi zuten Febo, baina kapitainarengan ez zuten Quasimodok espero zuen eraginik sortu. Dakigunez, gure ofizial prestua Fleur-de-Lysekin erretiratu egin zen Quasimodok kondenatua Charmolueren eskuetatik salbatu baino lehentxeago. Geroztik, Gondelaurierkoen etxera joan zen bakoitzean neska hartaz ez zuen hitzik ere egin, nahiz eta azken finean harenganako gupida izan. Fleur-de-Lysi ere, buhamea bizi zela esatea ez zitzaion egokia iruditu. Feboren ustetan, beraz, Similar gajoa hila zen zuela hilabete edo bi. Gainera kapitainak une batzuk bazeramatzan gaueko ilunpe sakonean mezulari bitxiaren neurriz gaineko itsusitasunaz eta hilobi-ahotsaz pentsatzen. Gauerdia igaro eta kalea hutsik zegoen, monje mozorrotuak eraso zionean bezalaxe. Bestetik, Quasimodori begira zaldia sudur-ziztuka ari zen.

        —Ijitoa! —deiadar egin zuen harrituta —Eta zu nondik zatoz? Beste mundutik?

        Eta eskua sastakai-girtenera eraman zuen.

        —Azkar, azkar! —esan zion gorrak zaldia eraman nahian —Hemendik!

        Febok gogor jo zuen ostikoz bularrean.

        Quasimodoren begiari distira atera zitzaion. Kapitainari eraso egiteko keinu egin zuen, baina bere buruari eutsita honela mintzatu zitzaion zaldunari:

        —Zein zoriontsua zaren, zeinek maitatua baduzulako!

        Zeinek maitatua hitzak ozenago esan zituen, eta zaldiaren brida utziz:

        —Zoaz! —esan zion.

        Febok bi ezproiez zaldia ziztatu eta madarikatuz joan zen. Quasimodok kaleko lanbro artean ezkutatzen ikusi zuen.

        —O! —esan zion bere buruari ahopeka —Ezezkoa ematea ere!

        Andre Mariako elizara itzulita, kriseilua piztu eta dorrean gora abiatu zen. Berak uste bezala, buhamea lehengo lekuan zegoen.

        Urrutira ikusi zuen orduko inguratu zitzaion.

        —Bakarrik zatoz! —garrasi egin zuen bere bi esku ederrak saminez elkartuz.

        —Ez dut aurkitu —esan zion lehor Quasimodok.

        —Gau osoan egon behar zenuen zain! —bota zion haserre.

        Keinu sutsua ikusi eta errietan ari zitzaiola ulertu zuen.

        —Hurrengoan hobeto zainduko dut —esan zion burumakur.

        —Zoaz! —agindu zion neskak.

        Eta joan egin zen. Neskak ez zuen Quasimodo gogoko eta gorrak ijitoa nahigabetzeari baino egokiago zerizkion kaltea berak jasateari. Bere gain hartu zuen saminaren zama guztia.

        Harez gero buhamearen begi-bistara ez zen agertu. Gelara etortzeari utzi egin zion. Gehienez ere noizbehinka dorrearen puntan kanpai-jolearen irudi tristea sumatzen zuen, baina neskak ikusi orduko ezkutatu egiten zen.

        Korkox gizajoa nahita agertzen ez zitzaiolako, neska ez zen asko nahigabetu, egia esan. Azken finean neskak eskertu egiten zion. Quasimodok bestetik, itxaropenik ez zuen.

        Neskak begi-bistan ez zeukan gor gizajoa, baina inguruan jeinu ona zebilkiola sentitzen zuen. Jatekoa lo zegoen bitartean uzten zion esku ikusezin batek. Goiz batean leihoan kaiola ikusi zuen txori eta guzti. Gelaren gainean beldurra ematen zion eskultura bat zegoen eta behin baino gehiagotan eman zion horren berri Quasimodori. Goiz batean (izan ere gauza guzti haiek gauez egiten baitzituen) eskulturarik ez zuen ikusi. Hautsita zegoen. Eskulturaraino igo zenak, bere bizia arriskutan ipini zuen, inola ere.

        Batzuetan, gauean, kanpandorreko teilatupetik kantu bat heltzen zitzaion. Lo har zezan kantatua zirudien abesti triste eta berezi hark. Errimarik gabeko bertsoak ziren, gorrak eginak izaki.

 

                Ne regarde pas la figure,

                Jeune fille, regarde le coeur.

                Le coeur d'un beau jeune homme est souvent difforme.

                Il y a des coeurs où l'amour ne se conserve pas.

                Jeune fille, le sapin n'est pas beau,

                N'est pas beau a tort d'etre;

                La beauté n'aime que la beauté,

                Avril tourne le dos à janvier.

                La beauté est parfaite,

                La beauté peut tout,

                La beauté est la seule chose qui néxiste pas à demi.

                Le corbeau ne vole que le jour,

                Le hibou ne vole que la nuit,

                Le cygne vole la nuit et le jour.

 

        Goiz batean, esnatu zenean, leihoan lorez betetako bi ontzi ikusi zituen. Bata beirazkoa zen; oso polita eta distiratsua, baina pitzatua. Botatako urari ihes egiten utzi zion eta loreak zimeldu egin ziren. Bestea gresezko ontzi arrunta zen, baina bere ur guztia gorde zuen eta loreak heze eta gorri mantendu zituen.

        Ez dakit intentzioz ala gabe gertatu zen, baina Esmeraldak lore-sorta iharra hartu eta egun guztian bularrean erabili zuen.

        Egun hartan dorreko kanturik ez zitzaion heldu.

        Neska ez zen gehiegi kezkatu. Eguna Djali laztanduz, Gondelaurierkoen atarira begira, ahopeka Feborekin hizketan eta enarei ogi-apurrak botatzen ematen zuen.

        Bestetik, Quasimodo ez zuen ikusten eta haren kanturik ere ez zuen entzuten. Bazirudien kanpai-jole gizajoa elizatik ezkutatu egin zela. Hala ere, gau batean lorik hartu ezinda bere kapitain ederraz pentsatzen ari zela, arnas hotsa sumatu zuen gela ondoan. Ikaratuta jaiki zen, eta Ilargiaren argitan gelako ate aurrean etzanda masa bihurri bat sumatu zuen. Quasimodo zen, harri gainean lotan ari.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997