Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
ARIMA ELIZKOIAK

 

        Historia hau gertatu baino hamasei urte lehenago, Quasimodo-igandeko goiz ederrean, meza ondoren Andre Mariako elizan arkupeko oholtzaren gainean, ume txiki bat utzi zuten ezkerrean San Kristobalen irudi handiaren aurrez aurre. Santuak, Antonio Essartskoa jaun zaldunaren harrizko estatua zeukan aurrean belauniko begira 1413 urteaz gero, norbaitek santua eta zalduna botatzea erabaki zuen arte. Utzitako umeak aurkitutakoan, ohitura oholtza haren gainean jartzea zen. Nahi zuenak hartzen zuen utzitako umea. Oholtzaren aurrean, limosnak botatzeko kobrezko platera zegoen.

        1467 urteko Quasimodo-goizean ohol haien gainean zetzan bizidun izakiaren antzeko hark, aurrean pilatuta zegoen taldearen jakin-mina erabat piztu zuen. Taldeko gehienak emakumeak ziren, eta batez ere adinean aurrera joandako emakumeak.

        Lehen lerroan eta oholtza aldera makurturik, kofradiaren batekoak izan zitezkeen eta sotana antzeko kapusai grisez jantzitako lau ari ziren hizketan. Ez dakit historiak lau emakume zuhur eta agurgarri haien izenak ondorengoentzat zergatik ez dituen eman behar. Agnes la Herme, Joana Tarmekoa, Henriette la Gaultiere eta Gauchere la Violette ziren; laurak alargunak eta laurak Etienne-Haudry-ko kaperako kofradiakoak. Ordenako buruaren baimenaz Pierre Allykoaren estatutuen arabera beren etxetik irtenak ziren sermoia entzutera.

        Horrez gain, haudrytar jator haiek Pierre Allykoaren estatutuak gordetzen zituzten, baina oso pozik hausten zituzten Migel Brachekoa eta Pisa-ko kardinalarenak, zeintzuk isiltasuna zorrotz gordetzea agintzen baitzuten.

        —Zer da hor dagoen hori ahizpa? —zioen Agnesek Gauchereri oholtzan hainbesteren begiradapean beldurtuta negarrez mugitzen ari zen umetxoa seinalatuz.

        —Martxa honetan noraino iritsiko gara —zioen Joanak—honelako umeak egiten hasten badira?

        —Ume-kontuan asko ez dakit —bota zuen Agnesek—, baina honi begiratzea bekatua dela uste dut.

        —Ez baita umea, Agnes.

        —Lardaskatutako tximinoa da —argitu zuen Gaucherek.

        —Miraria da —erantsi zuen Henriette Gaultierek.

        —Beraz —gehitu zien Agnesek—, laetare-igandeaz gero hirugarrena da. Izan ere duela zortzi egun izan genuen erromesez trufatzen zelako Andre Maria Aubervillekoak zigortu zueneko miraria eta hura hileko bigarrena zen.

        —Munstro nardagarria da aurkitu duten ume antzeko hori —zioen Joanak.

        —Xantrea bera ere gortzeko moduan garrasi egiten du —esan zuen Gaucherek—. Isil hadi, zalapartatsu halako hori!

        —Eta izugarrikeria hau Reims-ko jaunak Parisko jaunari bidali diola pentsatzea ere! —zioen Gaultierek, eskuak elkartuz.

        —Piztia edo animalia dela esango nuke —bota zuen Agnes la Hermek—; juduaren eta zerramaren emaitza; kristaua ez den eta uretara edo sutara bota behar den zerbait.

        —Ez dut uste —zioen Gaultierek —inork jasoko duenik.

        —Ez horixe, ene Jaungoikoa —oihu egin zuen Agnesek—. Utzitako umeen inudeak erruki! Hor ibai ondoan kale barrenean apezpikuaren egoitzaren ondoan daudenak, alegia. Munstro honi bularra eman beharra ere! Saguzarrari lehenago emango nioke!

        —A zer nolako tuntuna gure Herme hau! —esan zuen Joanak— Ez al zara konturatzen, ahizpa hori, pizti honek gutxienez lau urte dituela eta zure bularra baino txuleta nahiago duela?

        Eta egia zen. Pizti hura (beste hitzen bat aurkitzea zaila litzaiguke) ez zen jaioberria. Orduan Parisko apezpiku zen Gilermo Chartier jaunaren marka zeukan zakuan bildutako masa koskatsu eta mugikorra zen, kanpora burua besterik ateratzen ez zitzaiolarik. Oso buru deformatua zen. Ile gorrizko basoa, begi bat, ahoa eta hortzak baizik ez ziren ageri. Begia negarrez ari zen, ahoa garrasika eta hortzak kosk egiteko prest ziruditen. Multzo hura zakuan zebilen, aurrean etengabe berritzen zen eta gero eta ugariago zen jendetza ahoa bete hortz utziz.

        Andere noble eta aberats zen Aloise Gondelaurierkoa, eskutik sei urteko neskatxa ederra eta bere ile gaineko txano urreztatutik zintzilik buru-estalkia zeramatzala, oholtzaren aurrean une batez geratu egin zen zorigaiztoko umeari begiratzearren. Bitartean bere Fleur-de-Lys Gondelaurierkoa alabatxo polita, zetaz eta belusez jantzirik, bere behatz xarmantaz oholtzan jositako letreroak zioena letreiatu zuen: KAXAKO HAURRAK

        —Egia esan —bota zuen andereak haserre jiratuz—, hemen agerian umeak edukitzen zirela uste nuen.

        Eta bizkar emanda platerera zilarrezko florina bota zuen, zeinak beste txanponak jotakoan hotsa atera eta Etienne-Haudry-ko kaperako emakume zintzoen begiak zabal-zabalik utzi baitzituen.

        Geroxeago, erregearen protonotari zen Roberto Mistricolle jakintsua pasa zen besapean mezaliburu handia eta beste besoari helduta emaztea (Guillemette la Mairese anderea) zuela; neurri-emaile izpirituala eta tenporala alde banatan zituela, alegia.

        —Kaxako umea! —esan zuen gauza ikusi ondoren —Dirudienez Phlegeto ibaiaren lubakian aurkitu dute!

        —Begi bakarra ikusten zaio —jakinarazi zuen Guillemette andereak—. Bestean garatxoa du.

        —Ez da garatxoa —argitu zion Robert Mistricollek—. Barruan bera bezalako beste deabrua daukan arrautza da, eta horren barruan beste deabrua dago, eta horren barruan beste bat, etab.

        —Eta nola dakizu hori? —galdetu zuen Guillemette la Mairesek.

        —Behar bezala dakit nik hori —erantzun zion protonotariak.

        —Protonotari jauna —galdetu zion Gaucherek—. Aurkitutako ume honetaz zer iragarpen egingo zenuke?

        —Erabat zorigaiztokoa —erantzun zion Mistricollek.

        —Ene Jaungoikoa! —esan zuen entzuten ari zen amona batek —Iaz halako izurritea jasan eta gainera ingelesak Harefleu-n lehorreratzekoak omen dira.

        —Agian erregina irailean Parisera etortzea galaraziko du —bota zuen beste batek—. Merkataritza hain dago gaizki!

        —Nire iritzian —bota zuen Joana Tarmekoak —Parisko arloteentzat hobe litzateke azti txiki hau ohol gainean edukitzea baino su-egurraren gainean ipintzea.

        —Hori, hori! Egur piloan sutan! —erantsi zuen amonak.

        —Horixe litzateke zuhurrena —esan zuen Mistricollek.

        Lehentxeagotik apaiz gazte bat haudrytarren argudioak eta protonotariaren epaiak entzuten ari zen. Itxuraz serioa zen, bekoki zabalekoa eta begirada zorrotzekoa. Begira zeudenak isilik aldenarazi, azti txikia aztertu, eta eskua luzatu zion. Ba zen garaia, zeren elizkoi guzti haiek su eder hura ikusteko irrikitzen baitzeuden.

        —Neuk jasoko dut haur hau —esan zuen apaizak.

        Bere sotanan hartu eta eraman egin zuen. Han zeudenek harrituta begiratu zioten. Une bat geroago, elizako klaustroko Ate gorritik ezkutatu zen.

        Zur eta lur geratu ondoren bere onera etorri zenean, Joana Termekoak honakoa bota zion Gaultiereri belarrira;

        —Esaten nizun bada, ahizpa, Claude Frollo hori aztia zela.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997