Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

IV.
ZAKURRA ETA BERE NAGUSIA

 

        Hala ere, bazen Quasimodok besteentzat zeukan gaiztakeria eta gorrotoa erakusten ez zion pertsona bat; agian katedrala adina maite zuena: Claude Frollo, hain zuzen.

        Arrazoia garbi zegoen. Claude Frollok jaso, adoptatu, elikatu eta hazi egin zuen. Txikia zela zakurrek eta umeek erasotzen ziotenean Claude Frolloren belaun artean babestu ohi zen. Claude Frollok irakatsi zion mintzatzen, irakurtzen eta idazten. Claude Frollok erakutsi zion kanpaiak jotzen. Eta Quasimodor kanpai handia emaztetzat ematea, Romeori Julieta ematearen pareko zen.

        Guzti horregatik Quasimodok sakoneko, erabateko eta mugarik gabeko esker ona zion. Aitatzakoaren aurpegia askotan zaputza eta zorrotza izanagatik, gehienetan hitz gutxi, gogorrak eta aginduzkoak esaten bazizkion ere, bere esker ona inoiz ere ez zion ukatu. Artxidiakonoarentzat Quasimodo eskaburik esanekoena, morroirik otzanena eta zakurrik zelatariena zen. Kanpai-jole gizagaixoa gortu ondoren, Claude Frollok eta biek bakarrik ulertzen zuten keinuzko hizkuntza misteriotsu batez baliatzen ziren elkar aditzeko. Artxidiakonoa zen Quasimodok harez gero harremana izandako izaki bakarra. Mundu honekin bi lotura besterik ez zituen, beraz: Andre Maria eta Claude Frollo.

        Artxidiakonoak kanpai-jolearekiko zeukan aginpidearen pareko, kanpai-joleak artxidiakonoarekiko menekotasuna besterik ez zegoen. Clauderen keinu bat eta hura atsegin zitzaiola jakitea aski izango zukeen Quasimodok bere burua Andre Mariako dorre-puntatik botatzeko. Oso nabarmena zen Quasimodoren baitan indar fisikoa tamaina hartaraino garatuta beste baten borondatearen menpe hain itsu jartzea. Dudarik gabe semearen atxikimendua eta familiarekiko joera zeuden portaera hartan, baina izpiritu baten bestearekiko lilura ere bai. Burua makur eta begiak erreguka zituen organismo pobre, arlote eta baldarra zen adimen argi, sakon ahaltsu eta nagusiaren aurrean zegoena. Beste edozeren gainetik esker ona ageri zuen. Azken mugaraino eramandako esker ona izan ere; ez baikenuke zerekin konparatu jakingo. Gizaki artean adibide asko aurki daitekeenetako bertutea ez da hau, hain zuzen. Beraz, Quasimodok artxidiakonoa inoiz inongo zakur, elefante edo zaldik bere nagusia baino gehiago maite zuela esango dugu.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997