Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

II.
PARIS AIRETIK IKUSITA

 

        Irakurlearen gozagarri eliza miresgarri hori, Parisko Andre Mariakoa alegia, deskribatzen saiatu berria gara. Gaingiroki adieraziak ditugu XV. mendean zituen eta gaur egun falta dituen edertasun gehienak, baina garrantzitsuenaren berririk ez dugu eman: bere dorreen gailurretatik Paris guztia ikusiz zegoen bista.

        Kanpandorrez osatutako harresi lodia elkartzut zeharkatzen duen eskailera kiribil beltzean haztamuka denbora luzez igo ondoren, azkenean bat-batean argi eta airez blai egindako bi plataforma handietako batera irteten zen. Begien azpian alde guztietara zabaldutako koadroa txit ederra zen. Ikuskizun sui generis horietako bat inola ere; hiri gotiko osoa, betea eta homogeneoa ikusi duten irakurleek erraz asma dezaketen horietakoa (Bavarian Nuremberg edo Euskal Herrian Gasteiz ikusitakoek, alegia, edo eredu txikiagoak izanagatik ongi kontserbatutako hiriak ikusitakoek; Bretainiako Vitre edo Prussiako Nordhausen ikusitakoek, adibidez).

        Duela hirurehun eta berrogeita hamar urteko Paris, XV. mendeko Paris, hiri erraldoia zen jadanik. Paristarrok askotan oker egoten gara harez gero gure ustez irabazi dugun lurraldeari buruz. Izan ere Paris Luis XI.az gero apenas heren bat baino apur bat gehiago hazi den. Zabaleran irabazi duena edertasunean galdu du ordea, noski.

        Paris, dakigunez, sehaska-forma duen Cite-ko irla zaharrean jaioa da. Bertako hondartza izan zuen lehen harresi eta Sena ibaia lehen lubaki. Parisek mende batzuetan iraun zuen irla gisa, bi zubi (bata ipar-aldean eta bestea hegoaldean) zituela. Bi zubi-buruak ziren bere portale eta gotorleku: Grand-Chatelet eskuin ertzean eta Petit-Chatelet ezker ertzean. Gero, lehen dinastiako erregeez gero, irlan estuegi eta moldatu ezinik, ibaiaz beste aldera egin zuen jauzi. Orduan Grand-Chatelet eta Petit-Chatelet baino harantzago, harresi eta dorrez Senaren bi aldeetako lurrak mugatzen hasi ziren. Joan den mendean artean itxitura horren arrastoak bazeuden. Gaur egun oroitzapena baizik ez dugu, eta han-hemenka tradizioren bat; Baudets edo Baudoyerko portalea, Porta Bagauda izenekoa adibidez. Emeki-emeki, hiri barneak kanporantz eragindako etxe-multzoek lehen barruti hura gainditu, higatu, marraskatu eta ezkutarazi egin zuten. Felipe Augustuk hesi berria egin zion. Paris dorre handi eta sendoz osatutako katea zirkularrean preso hartu zuen. Mende oso bat baino gehiagoz etxeak estutu, pilatu eta gorantz igo egin ziren itxitura hartan, ura presan bezalaxe. Salton izaten hasi ziren, pisu bat bestearen gainean ezartzen, batak bestea gainditzen, estu dagoen edozein sapa bezalaxe kimuak gora botatzen, eta denek albokoaren gainetik burua atera nahi zuten aire-pixka bat hartzekotan. Kalea gero eta sakonago, gero eta estuago. Plazak bete egin ziren, bat bera ere gabe geratuz. Azkenean etxeak, Felipe Augusturen harresia gaindituta, alai sakabanatu ziren lautadan inolako ordenarik gabe iheslari bailiran. Han antolatu, lorategiak prestatu eta eroso jarri ziren. 1367az gero hiria errebaletan guztiz hedatua zegoela eta, beste itxitura baten premia izan zuten; eskuineko ibai ertzean batez ere. Karlos V.ak eraiki zion. Baina Paris bezalako hiria beti ari da hazten, eta mota honetako hiriak dira, hain zuzen, hiriburu bihurtzen direnak. Herri bateko isurkin geografiko, politiko, moral eta intelektualak biltzen dituen inbutuak dira; herriaren malda natural guztiak elkartzen diren lekua. Zibilizazio-putzuak dira, nolabait esan, edo estoldak, bertan tantaka, mendez mende, merkataritza, industria, adimena eta biztanleria (hitz batez, sapa, hau da, nazioaren bizia eta arima den oro) etengabe iragazi eta nahastu egiten direlarik. Karlos V.aren itxitura honen etorkizunaz beraz, Felipe Augusturena izan zuela esan daiteke. XV. mendearen amaieran gainezka egin eta errebala urrutirago heldu zen. XVI. mendean, badirudi atzerakada egon zela. Begiratu batean hiri zaharrera gero eta gehiago biltzen ari zela ematen du, kanpoan hiri berria tamaina hartaraino hedatuta zegoenez. Atzerago jo gabe beraz, XV. menderako Parisek harresizko hiru zirkulu zentrukide (zeintzuen ernamuina Juliano Apostataren garaiaz gero Grand-Chatelet eta Petit-Chatelet-en baitzegoen) gaindituak zituen. Hiri indartsuak bere harresizko lau gerrikoak bata-bestearen ondoren hautsi zituen, hazten ari den umeak aurreko urteko arropak lehertzen dituen bezalaxe. Luis XI.aren garaian, han-hemenka harresi zaharretako dorreen hondakinak ikus zitezkeen, etxezko itsaso hartan uholdetako muinoen gailur edo Paris berrian murgildutako Paris zaharraren artxipelago bailiran.

        Harez gero, zoritxarrez Paris aldatuz joan da, baina beste barruti bat besterik ez du gainditu; Luis XV.arena. Lokatz eta pezuzko harresi miserable hori, erailtzea agindu zuen erregearen eta honakoa kantatu duen poetaren araberakoa da:

        Le mur murant Paris rend Paris murmurant.

        XV. mendean artean Paris ongi bereizitako hiru hiri desberdinetan banatuta zegoen. Bakoitzak bere fisonomia, bere berezitasuna, bere ohiturak, bere usadioak, bere pribilegioak eta bere historia zituen. Cite, Unibertsitatea eta Ville zeuden. Irla hartzen zuen Cite zen zaharrena; txikiena eta aldi berean beste bien ama zena, haien artean (eta konparazioa barkakizun bekigu) bi neska eder eta handiren arteko amona xahar txiki baten antzera zegoelarik. Unibertsitateak Sena ibaiaren ezkerreko ertza hartzen zuen, Tournelle-tik Tour de Nesle-raino (gaur egungo Parisen Ardo-azoka eta Moneta-etxea direlarik). Barnean zeukan Julianok termak eraiki zitueneko lekua. Santa Jenobebaren mendia ere barnean zegoen. Harresi-kurba honen puntu nagusia Aita Santu portalea zen, hau da, gaur egun Panteoia dagoen lekua gutxi gorabehera. Parisko hiru zatietan handiena zen Ville izenekoa, eskuineko ertzean zegoen. Sena ertzeko kaia, tarteka hautsia eta puntu batzuetan etenda, ibai ondoan zegoen Tour de Billy-tik Tour du Bois-eraino, hau da, gaur egungo Grenier d'abondance-tik Tuileries dagoen lekuraino. Sena ibaiak hiriko harresiak ebakitzen zituen lau puntuei (Tournelle eta Tour de Nesle ezkerreko ertzean eta Tour de Billy eta Tour du Bois eskuinekoan), Parisko lau dorreak deitzen zitzaien. Ville inguruko arloetan Unibertsitatea baino areago barneratzen zen. Villeko itxituraren muturreko puntua (Karlos V.arena) Saint-Denis eta San Martinen atarian zegoen, gaur egun ere bertan dagoelarik.

        Aurrez aditzera eman dugunez, Parisko hiru zati handi hauetako bakoitza hiria zen, baina hiri bereziegia osoa izateko; bakoitzak beste biak gabe ez baitzuen bizitzerik. Oso ongi bereizitako hiru alderdi ere bazituzten. Cite-n elizak ugari ziren, Ville-n jauregiak eta Unibertsitatean kolegioak. Paris zaharreko bigarren mailako berezitasunak eta bide-zorraren bitxikeriak alde batera utzita eta hiri-jurisdikzioetako anabasan oro har puntu nagusiak hartuta, irla apezpikuarena, eskuineko ibai ondoa merkatarien probestuarena eta ezkerreko ibai ondoa errektorearena zirela esango dugu. Parisko probestuak (erret ofiziala zen, eta ez udalarena) agintzen zuen guztien gainetik. Cite-k Andre Maria zeukan, Ville-k Louvre eta Udaletxea, eta Unibertsitateak Sorbona. Villek azokak zituen, Citek ospitaleak eta Unibertsitateak Pre-aux-Clercs izenekoa. Ikasleek ibaiaren ezker aldean Pre-aux-Clercs-en egiten zituzten delituak irlan juzgatu (Justizi jauregian, hain zuzen) eta ondoren eskuin aldean, Montfaucon-en, zigortzen ziren, baldin eta Unibertsitatea indartsu eta erregea ahul egonda errektoreak parte hartzen ez bazuen, zeren beren etxean urkatuak izatea ikasleen pribilegioa baitzen.

        (Bidenabar argitu dezagun pribilegio hauetako gehienak, eta hemen aipatutakoa baino hobeak baziren, matxinada eta altxamenduen bitartez erregeei erauzi egin zitzaizkiela. Betiko leloa da hori. Erregeak ez du inoiz ezer utzi, herriak kenduta izan ezik. Leialtasunaz ari denean arazoa xalo adierazten duen agiri zahar bat bada. Honela dio: —Civibus fidelitas in reges, quae tainen aliquoties seditionibus interrupta, multa peperit privilegia.)

        Hamabosgarren mendean, Sena ibaiak Parisko barrutian bost irla bustitzen zituen: Louviers-ko irla (orduan zuhaitzak eta orain zura besterik ez dagoena), Ile aux Vaches (edo Behi-irla) eta Andre Mariako irla (etxe zaharren bat izan ezik biak hutsak eta apezpikuaren menpekoak; XVI. mendean biak bat egin eta orain San Luis-en irla izenez ezagutzen ditugunak), eta azkenik, Cite izenekoa, bere muturrean behi-ontzizalearen irlatxoa zuela, zeina gero Pont-Neuf-eko lubetarekin azpian hartu baita. Citek orduan bost zubi zituen. Hiru eskuinera: Andre Mariako zubia eta Pontau-Change harrizkoak eta Pont-aux-Meuniers zurezkoa. Eta bi eskuinean: Petit-Pont, harrizkoa, eta Saint-Michel-go zubia, zurezkoa. Guztiak zeuden etxez beterik. Unibertsitateak Felipe Augustuk eraikitako sei portale zituen: Tournelle-tik hasita Porte Saint-Victor, Porte Bordelle, Aita Santu portalea, Saint-Jacquesko portalea, Saint-Michelgo portalea eta Porte Saint-Germain. Villek berriz, Karlos V.ak eraikitako sei portale zituen: Tour de Billy-tik hasita Porte Saint-Antoine, Porte du Temple, Sain Martingo portalea, Saint-Denisko portalea, Montmartreko portalea eta Porte Saint-Honore. Portale guzti hauek sendoak eta ederrak ziren. Izan ere edertasunak ez baitzion sendotasunari kalterik egiten. Urez betetako luebaki zabal eta sakonean neguko uholdeetan ur-korronte biziak garbitzen zituen Parisen inguruko harresien oinak. Sena ibaiak hornitzen zuen urez. Gauez portaleak itxi egiten ziren eta ibaia ere bai, hiriko bi muturretan burdinazko katea lodiak ipinita. Parisek lasai egiten zuen lo.

        Txoriek bezala goitik begiratuta, hiru auzo hauetako bakoitzak (Cite, Unibertsitate eta Villek) era bitxian nahasitako ehun nahaspilatsua erakusten zuen. Hala ere, lehen begiratuan nabaritzen zen hiriaren hiru zatiek gorputz bakar bat osatzen zutela. Berehala ikusten ziren etengabeko bi kale paralelo luze, ia lerro zuzenari jarraiki, hiru auzoak aldenik alde (hegoaldetik iparraldera, Senarekiko elkartzut) zeharkatzen zituztelarik. Hiru auzoak lotu, nahastu egiten zituzten, bateko jendea etengabe bestearen harresietara isuriz, jariatuz, intsuldatuz eta hirurak bat eginez. Bi kale hauetako bat Saint-Jacquesko portaletik San Martingo portaleraino zihoan. Unibertsitatean Saint-Jacques kalea deitzen zioten, Juiverie kalea Citen eta San Martin kalea Villen. Bitan zeharkatzen zuen ura: Petit-Pont-en eta Andre Mariako zubian. Beste kaleari La Harpe deitzen zioten ezkerreko ibai ertzean, Barillerie kalea irlan eta Saint-Denis kalea eskuin ertzean, Senaren adar batean Saint-Michelgo zubia eta beste adarrean Pont-au-Change zelarik. Unibertsitateko Saint-Michelgo portaletik Villeko Saint-Denisko portaleraino zihoan. Bestela esan, horrenbeste izen edukiagatik bi kale ziren, baina kale nagusiak, bi kale sortzaileak, Parisko bi arteriak. Hiri hirukoitzeko gainerako benak, elikatzera ala hustera hara joaten ziren.

        Paris aldenik alden zabaletara zeharkatu eta hiriburu osoarentzat komun ziren bi kale nagusi diametral hauez gain, Ville eta Unibertsitateak bakoitzak bere kale handi propioa zuen. Sena ibaiarekiko paralelo zeuden luzetaraka eta bi arteri kaleak elkartzut ebakitzen zituzten. Villen adibidez, zuzen jaisten zen Saint-Antoineko portaletik Saint-Honoreko portalera. Unibertsitatean berriz, Saint-Victorko portaletik Saint-Germaingo portalera. Bi kale handi hauek eta gurutzatzen zituzten aurreko bi nagusiek osatzen zuten sarean oinarritzen zen alde guztietara loturik eta bildurik Parisko kale-labirintoa. Sare honen irudi ulergaitzean, arretaz aztertuz gero beste sare bat nabari zitekeen; bi sorta luzeren antzekoa (bata Unibertsitatean eta bestea Villen), zubi eta portaleen artean zeuden kale zabalezko azaoak bailiran.

        Irudi geometriko hartatik oraindik ere zerbait badago.

        Baina, 1482 urtean, Andre Mariako dorre gainetik begiratuta zer itxura zuen multzo honek? Horixe deskribatzen saiatuko gara segidan.

        Gailur haietara izerdi patsetan heltzen zen ikuslearentzat, lehenik eta behin teilatu, tximinia, kale, zubi, plaza, gezi eta kanpandorrezko lilura zen. Denak zetozen begietara aldi berean; hastial tailatua, teilatu zorrotza, bi murruren ertzetan zintzilika zegoen dorretxoa, XI. mendeko harrizko piramidea, XV. mendeko arbelezko obeliskoa, dorre biribil eta biluzia, elizako dorre karratu eta bordatua, handia, txikia, astuna eta arina. Begirada denbora luzez galtzen zen labirinto haren sakontasunean, non bakoitzak bere originaltasuna, bere arrazoia, bere jitea, bere edertasuna baitzuen. Edozerk zeukan artearekin lotura; aurrea pintatuta eta zizelatuta, zurajea agerian, ate apaldua eta pisuak desplomaturik zeuzkan etxe txikienetik orduan dorre-kolomata zuen Louvre-raino. Baina hona hemen begia eraikin-multzo hartara moldatzen hasten zenean nabaritzen zituen masa nagusiak:

        Lehenbizi Citen. Citeko irla, Sauval-ek (erabiltzen dituen adierazpen nahaspilatsuen artean estilo-egokitasunen bat aprobetxatuz) dioenez, lohitan hondoratutako eta Senaren erdi aldean ibaian behera hondarra jotako itsasontzia bailitzan egina dago. Arestian esana dugu hamabosgarren mendean itsasontzi hau ibai ertzetara bost zubiz lotuta zegoela. Ontzi-forma horrek heraldika-idazleak ere harritu zituen. Izan ere hortik datorkio Pariseri, eta ez normandiarren setiatzetik, bere armarri zaharreko itsasontzia. Ulertzen duenarentzat, armarria enigma da; hizkuntza bat. Erdi Aroko bigarren erdiaren historia osoa armarrietan dago, lehen erdiaren historia eliza erromanikoen sinbolismoan dagoen bezalaxe. Teokraziaren hieroglifoen ondoren, feudalismoaren hieroglifoak dira armarriak.

        Cite auzoa beraz, begien aurrean popa sortalderantz eta branka sartalderantz zuela agertzen zen. Branka aldera teilatu zaharrez osatutako multzo handia ikusten zen, bertan Kapera Santuko abside biribila elefantearen bizkarra bere dorrearekin bailegoen nabarmentzen zelarik. Kasu honetan ordea, dorrea gezirik ausartena zen, landuena, leunduena, bere farfailezko konoan zehar zeruan inoiz ikusi den ebakiena. Andre Mariako aurrean, hiru kale biltzen ziren etxe zaharrez inguratutako plazan. Plaza honetako hegoaldera makurtzen zen Hotel-Dieu-ten fatxada zimur eta iluna, pikor eta garatxoz josia zirudien teilatu eta guzti. Ezker-eskuin, ekialdera eta mendebaldera, Citeko barruti estuan hogeita bat elizako dorreak zeuden zut. Garai, estilo eta tamaina guztietakoak ziren; Saint-Denis-du-Pas, Carcer Galucini, izeneko argi-mutil erromaniko apal eta pipiak jotakotik Saint-Pierre-aux-Boefs eta Saint-Landry-ko orratz finetaraino. Andre Mariaren atzean, iparraldera klaustroa zegoen bere galeria gotikoekin eta hegoaldera apezpikuaren jauregi erdi erromanikoa eta ekialdera Terrain-go mutur hutsa. Etxe-pilaketa hartan begiak artean nabaritzen zituen aldenik alden zulatutako harrizko mitrak (Karlos VI.aren erregealdian hiriak Juvenal des Ursins jaunari emandako )auregiarenak) eta harantzaxeago Marche-Palusko barraka mundruneztatuak. Urrutirago artean berria zen Saint-Germain-le-Vieux-ko absidea (1458an Febves-ko kalearen zati batez luzatua). Horrez gain, aldika, jendez betetako bidegurutzea, kale-kantoian zutik zegoen pikota, Felipe Augusturen garaiko zoladura dotorea (zaldien kaskoez marratutako kale erdiko baldosadura eta XVI. mendean haren ordez pavé de la Ligue izenekoaz gaizki harriztatua) eta hamabosgarren mendean egin ohi zituzten eskailera-dorretxoak zituen atzeko patio hutsa (Bourdonais kalean oraindik ere dagoena bezalakoa) ikus zitzakeen. Azkenik, Kapera Santuaren eskuinean, sartalderantz, bere dorre-multzoa ibai ertzean asentaturik zuela Justizi jauregia. Erregearen lorategitako basoek, Citeko mendebaldeko muturra estaltzen zutelarik, ontzizalearen irlatxoa ezkutatzen zuten. Ura berriz, nekez ikus zitekeen Citeko bi aldetan Andre Mariako dorreetatik. Sena ibaia ezkutatu egiten zen zubien pean, eta aldi berean zubiak etxeen azpian ere bai.

        Eta begirada zubiak (zeintzuk ibaiko hezetasunaz garaiz lehen lizundutako teilatuak baitzituzten) baino harantzago luzatzen zenean, ezkerrerantz (Unibertsitaterantz) bazihoan, lehenbizi nabarmentzen zen eraikina dorre-multzo sendo bat zen; bere atea zabal-zabalik zegoenean Petit-Pont-eko muturra hartzen zuen Petit-Chatelet zeritzana. Eta gero, begirada sortaldetik sartaldera eramanez, Tournelle-tik Tour de Nesle-ra, habe tailatuzko eta beira koloreztatuzko etxe-ilara zegoen, zoladurara pisuz pisu hiri-hastialen sigi-saga amaigabea desplomean jarriz (askotan kale-kantoi batek ebakita eta noizbehinka harrizko jauregi baten aurreak edo ertzak ebakita). Jauregia, jaun nagusia bilau-taldean bezalaxe, patio eta lorategi, gela eta hegal, zabal agertzen zen pilatutako eta kuzkurtutako etxe-multzoaren artean. Kaian horrelako bospasei jauregi zeuden, Lorraine-ko egoitzatik (zeinak bernardotarrekin batera Tournelleren ondoko barruti handia hartzen baitzuen) Hotel de Nesle-raino, azken Leku honetako dorre nagusia Parisko mugarri zelarik eta bertako teilatu zorrotzetan urtean hiru hilabetez triangelu beltzen artera sartaldeko eguzkiaren diskoa biltzen zelarik.

        Sena ibaiaren alderdi hau, bestetik, merkataritzan apalena zen. Izan ere ikasleak artisauak baino ugariago eta zaratatsuago ziren, eta egia esan, Saint-Michelgo zubitik Tour de Nesleraino izan ezik ez zegoen kairik. Senaren ibai ertza gainerakoan, hondartza hutsa (bernardotarretatik aurrera adibidez) edo oinak uretan zituen etxe-multzoa (bi zubien artean esaterako) zen. Arropa-ikuzle asko zebilen bertan. Ibai ondo guztian garrasika, berriketan eta kantuka ari ziren goiz eta arratsalde. Gaur egun bezalaxe gogor kolpatzen zuten arropa. Ez da, ez, hau Parisko poztasunik txikiena!

        Unibertsitatea begiari bloke gisa agertzen zitzaion. Mutur batetik bestera multzo homogeneo eta trinkoa zen. Bere mila teilatu elkartu, izkinatsu, eta elkarri itsatsiek, ia denak elementu geometriko berdinaz eginda zeudelarik, goitik begiratuta substantzia beraren kristalizazioa zirela ematen zuten. Kale-ibilgu bitxiak ez zuen etxe-orea proportziorik gabeko zatitan ebakitzen. Berrogeita bi kolegioak nahikoa berdin zeuden sakabanatuta eta han-hemenka nonahi zeuden. Eraikin eder haien teilatu desberdin eta airosoak, azpian zeuzkaten beste teilatu soilen arte berberaren emaitza ziren, eta azken finean ez ziren irudi geometriko beraren bigarren edo hirugarren berredura baizik. Multzoa konplikatu egiten zuten, baina asaldatu gabe; osatu bai, baina kargatu ez. Geometria harmonia da. Jauregi eder batzuek han-hemenka irtenune bikainak zituzten ezker aldeko ganbara ikusgarrien gainetik; jadanik desagertu diren Nevers-ko egoitzak, Erromakoak edo Reims-koak, adibidez. Cluny-ko jauregiak zutik dirau artistaren kontsolagarri, nahiz eta duela urte batzuk bere dorrea hain itsuski moztu zioten. Erdi puntuko arkuak dituen Clunyko jauregi erromanikoaren ondoan, Julianoren Termak zeuden. Abadia asko ere baziren han. Beren edertasuna jauregiena baino elizkoiagoa zen eta handitasunean serio eta patxadatsuagoak ziren, baina dotoretasun eta bikaintasunean jauregiek ez zieten aurrea hartzen. Begietara lehenbizi bernardotarrena (bere hiru kanpandorreekin) nabarmentzen zen; eta Santa Jenobeba, oraindik ere zutik dirauen dorre karratuak falta den gainerakoa sentiarazten duelarik; eta erdi kolegio erdi monastegi zen Sorbona, oraindik ere nabe ikusgarri bat eta Hirutasuneko ordenakoen klaustro karratua tente zituela; eta alboko San Berritoko klaustroa, bertako hormen artean korrika eta presaka liburu hau zazpigarren eta zortzigarren aldiz argitaratu artean teatroa eraiki dutelarik; eta frantziskotarrena, gainjarritako hiru hastial zituela; eta agustindarrena, bere gezi airosoak gero Tour de Neslen Parisko alderdi honetan mende baldetik bigarren gailurreria osatzen zuelarik. Klaustroaren eta munduaren bitarteko maila diren kolegioak, jauregi eta abadien monumentu-taldearen erdian zeuden, dotoretasunez betetako laztasuna, jauregiek baino gutxiago nahasitako eskultura eta komentuena bezain serioa ez zen arkitektura erakutsiz. Tamalez gaur egun arte gotikoak aberastasuna eta ekonomia hain zehatz konbinatzen zitueneko monumentu haietatik ia deus ere ez dago. Elizek, adibidez (Unibertsitatean oso ugari eta ederrak izanik, zona horretan han-hemenka zeuden, San Juliango erromanikotik Saint-Severin-go ojibaleraino estilo guztietakoak zeudelarik), dena hartzen zuten menpean, eta hango harmoniaren barruko beste elementu harmonizatzaile bat gisa, noiznahi hastial desberdinetan zehar zutitzen ziren beren gezi tailatu, kanpandorre zulatu eta orratz bakan eta guzti, zeintzuen lerroak teilatuetako angelu zorrotzen luzapen bikaina baizik ez baitziren.

        Unibertsitateko lurra menditsua zen. Hego-ekialdean Santa Jenobebako mendiak anpulu ikaragarria osatzen zuen eta ikusgarria zen Andre Mariako gainetik kale estu-bihurrien multzo hura (gaur egungo auzo latindarra), gailur haren gainetik erabat nahasian eta bere maldetan ia bertikal ibai ertzeraino norabide guztietara sakabanatuta zetozen etxe-sorta hura, etxeek (batzuk behera eta besteak gora zihoazela) denak elkarri eutsiz zeudela ziruditelarik. Zoruan gurutzatzen ziren milaka puntu beltzeko fluxuak begiak mugiarazi egiten zituen. Han goitik urrutira ikusitako jendea zen.

        Azkenean, teilatu, gezi eta eraikinen gorabehera guzti haien artean (zeintzuk tolestu eta bihurrituta Unibertsitatearen azken muga hain era bitxian ezartzen baitzuten), noizbehinka harresi-zati lizun bat, dorre sendo biribila edo gotorlekuaren antzeko harresi almenatuko atea nabari zitekeen: Felipe Augusturen itxitura zen. Harantzago belardiak berde ikusten ziren eta urrutirago bideak ihesi zihoazen, ertzetan errebaletako etxeak urrundu ahala gero eta bakanago zituztela. Errebal haietako batzuk garrantzitsuak ziren. Tournelletik hasita lehenbizi Saint-Victorko burgua zegoen, Bievre-ren gainean begi bateko zubia, Luis Potoloaren hilartitz edo epitafioa (epitaphium Ludovici Grossi) zeukan abadia eta alboan XI. mendeko lau kanpandorretxo eta guzti gezi oktogonala zuen eliza zituela (antzekoa Etampes-en ikus daiteke, oraindik bota ez dutelako); gero Saint-Marceau burgua zegoen, jadanik hiru eliza eta komentua zituelarik. Ondoren, Gobelinoen errota eta, bere lau horma zuriak ezkerrera utzita, Saint-Jacques burgua zegoen, bidegurutzean harri tailatuzko gurutze ederra, Saint-Jacques du Haut-Pas eliza (orduan gotikoa, zorrotza eta xarmanta zelarik), XIV. mendeko nabe ederra zuen Saint-Magloire (Napoleonek lastategi bihurtutakoa) eta mosaiko bizantziarrak zeuzkan Notre-Damedes-Champs zituela. Azkenean, landetan Chartreux monastegia utzita (zeina gelakako lorategi txikiak eta Vauvert-eko hondakin sorginduak izanik Justizi jauregiko garaian egindako eraikin aberatsa den), begia mendebaldera bideratzen zen Saint-Germain-des-Pres-ko hiru orratz erromanikoetara. Saint-Germain burgua orduan, hamabost-hogei kaleko herri handia zen. Saint-Sulpice-ko kanpandorre zorrotzak markatzen zuen burguaren izkinetako bat. Ondo-ondoan Saint-Germaingo feria egiten zeneko barruti karratua nabari zen, gaur egun bertan azoka dagoelarik. Gero abadearen pikota zegoen; txapel gisa berunezko konoa zeukan dorretxo dotorea. Teileria urrutirago zegoen (Four kalean, zeina herri-laberaino baitzihoan) eta muinoaren gainean errota, eta legendundegia (gaitziritzitako etxe isolatua). Baina begiak batez ere erakartzen zituena, abadia bera zen. Monastegiak benetan itxura ederra zeukan, bai elizagatik eta bai handitasunagatik. Abade-jauregi honetan gau bat pasata pozik sentitzen ziren apezpikuak. Jantokiari arkitektoak katedral gotikoaren arrosetoiaren gisako itxura eta bikaintasuna eman zizkion. Ama Birjinaren kapera dotore-dotoreak, logela ikaragarriak, lorategi zabalak, zubi altxagarriak, inguruko belardien berdetasunean nabarmentzen zen harresi almenatuak, eguzkitan armak eta kapa urreztatuak nahastuta distiratsu zeuzkaten patioek, dena erdi puntuko hiru geziren inguruan, abside gotikoan sendo asentaturik, horizontean irudi bikaina erakusten zuten.

        Eta Unibertsitateari begira luze egon ondoren eskuineko ibai ertzera, Villera, jiratzen bazinen, ikuskizunak bat-batean beste jite bat zuen. Ville, izan ere, Unibertsitatea baino dezentez handiagoa zen, baina hura bezain trinkoa ez. Begiratu batean, ongi bereizitako alderdi desberdinetan zatituta zegoela kontura zitekeen. Lehenbizi, sortaldean, oraindik ere aintzira deitzen den eta Camulogeno-k Zesar lokaztu zuen lekuan, jauregi-pilaketa zegoen. Multzoa ibai ondoraino heltzen zen. Ia elkarren ondoan kokatutako lau jauregik (Jouy, Sens, Barbeau eta erreginaren egoitzak) Senara begira zeuzkaten beren arbelezko gailurrak, dorretxo lirainez horniturik. Lau eraikin haiek Nonaindieres kaletik zelestindarren abadiarainoko lekua hartzen zuten, azken eraikin honen gezia etxeetako hastial eta almena artean nabarmentzen zelarik. Uraren ondoan jauregi handi-mandien aurrean eraikitako txabola berdexka batzuek ez zuten eragozten haien fatxadetako angelu ederrak, harriz markoa osatutako leiho zabalak, estatuaz jositako atari ojibalak, beti ere oso garbi ebakitako ertz biziak eta monumentu bakoitzean arte gotikoari bere konbinazioak berri-itxura ematen dioten asmakizun guztiak ikustea. Jauregi haien atzean norabide guztietan, batzuetan gotorlekua bezala hesia eta almenatua, eta besteetan komentu gisa arbola handiz ezkutaturik, Saint-Paul-go jauregi miresgarriaren barruti ikaragarri eta forma-anitza zabaltzen zen. Han Frantziako erregeak Delfinaren edo Borgoniako dukearen pareko hogeita bi printzeri (beren morroi eta laguntzaile guztiei) ostatu emateko adina leku zeukan, jaun handiak, Paris ikustera etortzen zen enperadorea edo erret jauregian lekua aparte zeukaten lehoiak kontutan hartu gabe. Argitu beharra dago printzearen apartamenduak, hasi harrera-gelatik eta otoiztegiraino (galeria, bainugela, lurrin-bainuetarako gela eta gainerako «beste zenbait leku» kontutan hartu gabe), gutxienez hamaika areto zituela. Horrez gain erregearen gonbidatu bakoitzak bere lorategi, sukalde, soto, bulego eta etxearen jangela nagusi propioak zituen. Ukuiluetan hogeita bi langela zeuden (hasi labetik eta upategiraino), mila modutako jokoak (txurrua, frontoia, eraztunak), txoritegiak, arrain-ontzitegia, piztitegia, kortak, abeldegiak, liburutegiak, armategiak eta errementaldegiak. Erregearen jauregia zen (Louvre modukoa) Saint-Paul jauregia; hiria hiriaren barruan.

        Gu gaudeneko dorre gainetik, aipatu ditugun lau egoitzek erdi ezkutaturik, Saint-Paul jauregia ikaragarria eta zoragarria zen. Beirate eta kolomatazko galeria luzeez eraikin nagusiari trebeki itsatsirik, garbi bereizten ziren Karlos V.ak bere jauregiari lotu zizkion hiru egoitzak; Petit-Mauce egoitza, farfailezko balaustradak teilatua edertzen ziolarik; Saint-Maur-ko abadearen egoitza, bere dorre sendo, matakan, gezi-leiho eta portale saxoniarrean ate igogarriaren gainean abadearen armarri tailatuak gaztelu-itxura ematen ziotelarik; eta Etampes-ko kondearen jauregia, bere dorrearen gaina hondatu samarra izanagatik begien aurrean oilarraren gandor koskatsuaren antzera biribiltzen zelarik. Han-hemenka hiruzpalau haritz zaharrek azalore erraldoi (itzal eta argizko tolesturaz betetako urmaeletako zisneen jauzi) ziruditen. Alderdi bitxiaz ikusten zitzaizkien beste patio asko ere bazeuden. Lehoi-jauregia zegoen, bere ojiba baxuak pilare saxoniarretan asentatuta, burdinazko barrak eta etengabeko orroak zituelarik. Eta guztiaren gainetik Abe Mariako gezi zartatua; ezkerrean ederki hustutako lau dorretxoz inguraturik Parisko probestuaren egoitza; erdian, hondoan, Saint-Paul jauregia bere fatxada anitzekin, Karlos V.az geroko etengabeko hobekuntzekin, bi mendetan arkitektoen fantasiak erantsitako kozkor hibridoekin, bere kaperen abside guztiekin, bere galerietako hastial guztiekin, lau haizetara zeuden milaka haize-orratzekin eta ondoz ondoko bi dorre luzeekin, bakoitzaren teilatu konikoak (oinarria almenaz inguratuta egonik) hegala jasoa duen kapela puntazorrotzaren itxura zuela.

        Urrutira lurrean hedatutako jauregiaren anfiteatroko mailatan gora igoz, Villeko teilatuetan San Antonio kalearen leize sakona igaro ondoren, begia (eta gu beti ere monumentu nagusietara mugatzen ari gara) Angulema-ko egoitzara heltzen zen; garai desberdinetan eraikitako eta zati berri zuriak (zeintzuk multzoan jipoi urdinean adabaki gorriak baino gaizkiago ematen baitzuten) zituen eraikin handira. Hala ere, jauregi modernoaren teilatu zorrotz-handia airosoa zen, xurrutarri zizelatuz erabat josirik eta milaka arabeskotan kobre urreztatuzko inkrustazio distiratsuak bihurritzen zitzaizkion berunezko plakak errematetzat zituela. Hain bitxi damaskindutako dorre lirain hura, eraikin zaharraren hondakin ilun artean zutitzen zen, ondoan dorretzar zaharkituak zituelarik. Denboraren eraginez barrika zahar bailiren sabelduak zeuden dorre haiek, goitik behera zabalduak, tripatzar irekiak balira bezala. Atzean, Tournellesko jauregiaren orratz-multzoa zegoen zutik. Mundu guztian ez dago begiarentzat, ez Chamborden, ez Alhambra-n, gezi, kanpandorre, tximinia, haize-orratz, espiral, luzernario zulatu, pabilioi eta neurri nahiz altuera guztietako ziri formako dorretxoz osatutako multzo hura baino gauza magiko, airoso eta harrigarriagorik. Harrizko xake-taula erraldoia zela esan zitekeen.

        Tournellestik eskuinera, tinta bezain beltz den dorre-sorta handia, bata-bestean sarturik, nolabait esan, zanga zirkularraz loturik dagoena, leiho baino askoz gezi-leiho gehiago dituen dorretzarra, beti igota dagoen zubi altxagarria, beti itxita daukan burdin atea, Bastille da. Almena artetik ateratzen diren eta urrutitik begiratuta xurrutarriak ematen duten moko beltzak, kanoiak dira.

        Beren bala azpian, eraikin itzelaren oinean, San Antonioko portalea dago bere bi dorreen artean ezkutaturik.

        Tournelles baino harantzago, Karlos V.aren harresiraino, belardi eta lore-arlo aberatsezko alfonbra zegoen erret parkeak osatuz, berorien erdian arbola eta zumardizko labirintoa zeukalarik. Dedalo lorategi famatua zen; Luis XI.ak Coictier-i emandakoa hain zuzen. Doktorearen behatokia Dedaloren gainean zegoen, kapitel gisa etxetxoa zeukan koloma lodi isolatua bailitzan. Bulego horretan horoskopo beldurgarriak egin dira.

        Gaur egun Royale plaza dago han.

        Arestian esan dugunez, jauregi-auzoa (zeinaren gainbegirada gaineko gauzak bakarrik emanez irakurleari adierazten saiatu garen) Karlos V.aren harresiak Senarekin ekialdean osatutako angeluan ezarrita zegoen. Villeren erdigunea, jende xehearen etxe-multzoak osatzen zuen. Hara bideratzen ziren eskuineko ibai ertzean Citeko hiru zubiak, eta dakigunez, zubietan jauregiak ez eta etxeak egiten dira. Aberaskako gelaxkak bezala pilatutako hiri-etxebizitza haien multzoak, bere dotoretasuna zuen. Batzuetan izan ere, hirietan itsasoko uhinak bezain teilatu ederrak egoten dira. Batetik elkar gurutzatuz nahasian zeuden kaleek, multzoan ehunka irudi atsegin eratzen zituzten. Azoka inguruan, mila lerroko izar modukoa zegoen. Saint-Denis eta San Martin kaleak beren beso ugariekin, adarrak nahasian dituzten bi arbolaren antzera zeuden. Eta gero, lerro bihurriekin, Platrerie, Verrerie, Tixeranderie, eta beste zenbait kale sigi-saga zebiltzan han eta hemen. Hastialezko itsaso haren harrizko uhinkadura zulatzen zuten eraikin ederrak ere baziren. Denen buru Pont-aux-Changeurs zegoen, bere atzean Sena ibaia Pont-aux-Meuniers-ko turtukiengatik aparrez betea ikusten zelarik. Chatelet zegoen han. Ez Juliano Apostataren garaiko erromatar dorre gisa; hamahirugarren mendeko dorre feudal gisa baizik. Oso harri gogorrez egina zenez, pikotxak hiru orduz ukabilaren lodiera ere ez ziokeen harrotuko. Saint-Jacques-de-la-Boucherie-ko kanpandorre karratu aberatsa zegoen, bere ertzak eskulturaz leundurik zituela. Bikaina zen orduan, nahiz eta XV. mendera arte bukatu ez zuten. Batez ere gaur egun oraindik teilatuko lau izkinetan dituen lau munstroak falta zitzaizkion, zeintzuk Paris berriari iraganeko enigmak planteatzen dizkioten lau esfinge diruditen. Rault eskultoreak 1526an ipini zituen, bere lanagatik hogei libera kobratuta. Pilare-etxea ere han zegoen Greve-ko plazan, irakurleari arestian adierazia diogunez. Saint-Gervais ere bai, gero gustu oneko portale batek alferrik galdu duelarik, edo Saint-Mery, bere ojiba zaharrak ia erdi puntuko arku zirelarik, edo San Joan, bere orratz nabarmenarekin. Kale beltz, estu eta sakoneko kaos hartan beren edertasuna erakusteko lotsarik ez zuren beste hogeitaka monumentu ere baziren. Horrez gain honako hauek zeuden: bidegurutzetan urkamendiak baino ugariago harri tailatuzko gurutzeak; Innocents-eko hilerria (urrutitik teilatuen gainetik itxitura arkitektonikoa ikusten zitzaiolarik); Azokako pikota, gailurra Cossonnerie kaleko bi tximinia artetik erakusten zuelarik; beti jendez betetako bidegurutzean Croix-du-Trahoir-ko eskailera; Gari-azokako txabola zirkularrak; Felipe Augusturen harresi zaharraren zatiak, han-hemenka etxeek itota agertzen zirelarik (huntzak jandako dorreak, ate hondatuak, murru erori eta deformatuak); Sena ondoko kaia, bere mila denda eta odolez zikindutako larrutegiekin; ibaia Port-au-Foin-ezik Apezpikuaren foruraino ontziz beteta. Guzti hori kontutan hartuta ere, 1482an Villeko trapezio hartaz gutxi gorabehera baizik ez zarete jabetuko.

        Bata jauregiz eta bestea etxez betetako bi auzo hauez gain Villek erakusten zuen hirugarren elementua, sortaldetik sartaldera ia erabat inguratzen zuen abadia-zerrenda zen. Paris babesten zuen gotorleku-gerrikoaren atzetik, komentu eta kaperazko beste barne-gerriko bat osatzen zion. Tournellesko parkearen ondo-ondoan adibidez, San Antonio eta lehengo Tenple-ko kalearen artean, Santa Katalina zegoen, bere baratze zabalak Parisko harresietaraino luzatzen zirelarik. Tenpleko kale zahar eta berriaren artean Tenplea zegoen; zorigaiztoko dorre-sorta luze, tente eta almenatutako itxitura zabalean isolatua. Neuve-du-Temple eta San Martin kaleen artean San Martin abadia zegoen bere lorategi erdian. Indartutako eliza bikaina zen, bere dorrezko gerrikoari eta kanpandorreetako gailurrei sendotasun eta edertasunean Saint-Germaindes-Pres-ek bakarrik aurrea hartzen zietelarik. San Martin eta Saint-Denis kaleen artean, Trinitateko barrutia zegoen, eta azkenik, Saint-Denis eta Montorgueil kaleen artean Filles-Dieu. Alboan, teilatu ustelduak eta zoladurarik gabeko Mirari Gortea ikus zitekeen; komentu-katea hartako zirkulu profano bakarra.

        Azkenik, eskuineko ertzean esparruko mendebaldeko angelua mugatuz, ibai ondoan eta urari beheri teilatu-multzoan nabarmentzen zen laugarren zatia, Louvreren oinean elkarri itsatsirik zeuden jauregi eta egoitzen taldea zen. Felipe Augusturen Louvre zaharra, erdiko dorre nagusiaren inguruan hogeita hiru dorre garrantzitsu eta beste hainbat dorretxo biltzen zituen eraikin itzela, Alençon egoitzaren eta Petit-Bourbonen teilatu gotikoen artean txertatuta ikusten zen urrutira. Dorrezko hidra honek, Parisko zaintzaile erraldoi honek, beti tente zituen hogeita lau bururekin, metal-distira zeriela berun eta arbelez estalitako bizkar higuingarriekin, harrigarriro mugatzen zuen Villeko ingurua sartaldean.

        Guzti hura ezker-eskuin jauregi-talde bana zuen hiri-etxezko ore handia zen (erromatarrek insula deitzen ziotena). Jauregi-talde batean nagusi Louvre zegoen eta bestean Tournelles, iparraldean abadia eta landutako arloz osatutako gerrikoak inguratzen zuelarik eta bistak dena elkartuta eta bat eginda ikusten zuelarik. Milaka eraikin zeuden beren teilazko edo arbelezko teilatuak erakutsiz, elkarri gainak hartu nahian eta gailur bitxiak (eskuinaldeko berrogeita lau elizaren kanpandorre tatuatu, estanpatu eta grabatuak, besteak beste) nahiz milaka kale zeharka agerian zituztela. Villek muga gisa alde batetik dorre karratuzko harresi handiak zituen (Unibertsitateko dorreak biribilak ziren) eta bestetik Sena ibaia, zubiz ebakia eta ontziz josia. Horra Ville hamabosgarren mendean zer zen.

        Harresiez kanpo portaleen ondoan errebal batzuk ikus zitezkeen, baina Unibertsitatekoak bezain ugari ez ziren eta gainera sakabanatuago zeuden. Bastille atzean hogeiren bat etxe zaharrez osatuta, Croix-Faubin-go eskultura bitxien eta Saint-Antoine des Champs abadiako arbotanteen inguruan ageri ziren. Harantzago Popincourt ikus zitekeen galsoroetan galdurik, eta urrutirago Courtille, kabaretak zituen herri alaia, eta San Lorentzo burgua, bere elizako kanpandorrea San Martingo portaleko dorre zorrotzei erantsi zitzaiela zirudielarik. Saint-Denisko burgua ere han zegoen, bere Saint-Ladre-ko barruti handiarekin. Montmartre-ko portaletik kanpo, harresi zuriz inguratuta Grange-Bateliere ageri zen, eta bere atzean malda eta guzti ia errota adina eliza zituen Montmartre (errotek bakarrik iraun dute, orain gizarteak gorputzarentzako janaria baizik eskatzen ez duelako). Azkenean, Louvre baino harantzago, belardietan ordurako nahikoa handia zen Saint-Honore errebala luzatzen ikus zitekeen, eta Petite-Bretagne berdetan edo Zerri-azoka zabaltzen ari zela, bertan diru faltsua egiten zutenak erretzeko labe biribil beldurgarriaren irudia nabarmentzen zelarik. Courtille eta San Lorentzo bitartean begiak, muino baten gainean, lautada hutsean etzanda, oinarriak jandako kolomata baten hondakina zirudien eraikin antzeko bat sumatuko zukeen urrutira. Ez zen, ez Partenoia eta ez Olinpoko Jupiterren tenplua; Montfaucon baizik.

        Orain, nahiz eta gu zerrenda txiki bat baizik egiten saiatu ez, hainbat eraikin aipatuta irakurlearen izpirituan antzinako Parisen irudi orokorra guk eraiki ahala birrinduta geratu ez bada, hitz gutxitan laburbiltzen saiatuko gara. Erdian Citeko irla zegoen, dortoka erraldoiaren forma zuela eta teilazko ezkatadun zubiak teilatuzko maskor grisaren azpitik hankak bailiran irteten zitzaizkiolarik. Ezkerrean Unibertsitateko trapezio monolitiko, irmo, trinko, bildu eta arantzatsua. Eskuinean, Villeko zirkuluerdi handia, lorategi eta monumentu ugariagorekin. Cite, Unibertsitatea eta Ville, hiru blokeak, konta ezin ahala kalez jaspeaturik. Zeharka Sena ibaia, «Sena elikagarria», Du Breul aitak esaten duenez, irla, zubi eta ontziz josia. Inguruan lautada ikaragarria, mila modutako arlo landuzko adabakiez eta herri ederrez ereina. Ezkerrean Issy, Vanvres, Vaugirard, Montrouge, Gentilly bere dorre biribil eta dorre karratuaz, etab. Eskuinean beste hogei, Conflans-tik Ville-l'Eveque-raino. Horizontean muinozko orla, urmaeleko ertzak bezala zirkulua osatuz. Azkenik, ekialdean urruti, Vincennes bere zazpi dorre karratu eta guzti; hegoaldean Bicetre eta bere dorretxo puntazorrotzak; iparraldean Saint-Denis bere geziarekin eta mende baldean Saint-Cloud eta bertako dorretzarra. Hona bada, 1482 urtean bizi ziren beleek Andre Mariako dorreetatik ikusten zuten Paris.

        Hala ere, Voltairek hiri honetaz zioenez, Luis XIV.a baino lehen lau monumentu eder besterik ez zituen.: Sorbonako kupula, Val-de-Grace, Louvre modernoa eta laugarrena ez dakit zein zen; Luxemburg agian. Hala eta guztiz ere, zorionez Voltairek ez zion Candide idazteari utzi eta gizaterian izan den gizon-andana luzean deabru-irribarre maltzurrena edukitzeari ere ez. Guzti horrek aditzera ematen duenez, jeinu izan daiteke aldi berean norberak beretzat hartzen ez duen arteaz deus ere ulertu gabe. Moliere-k, hain zuzen, ez al zituen Rafael eta Migel-Anjel ohoratu nahi beren mendeko Mindulin horiek esan zuenean?

        Gatozen XV. mendeko Parisera.

        Orduan ez zen hiri ederra bakarrik. Hiri homogeneoa zen; Erdi Aroko arkitekturaren eta historiaren emaitza, harriz idatzitako kronika. Bi geruza besterik ez zituen hiria zen. Geruza erromanikoa eta geruza gotikoa zituen, zeren erromatarren garaiko geruza, Erdi Aroko geruza lodiak zeharkatzen zuen Julianoren Termak izan ezik, aspaldi ezkutatua baitzen. Geruza zeltarraren arrastorik ez zegoen; ezta indusketak eginda ere.

        Berrogeita hamar urte geroago, Errenazimentuak unitate serio eta aldi berean bariatu honi bere fantasia distiratsuen luxu eta sistemak, erromatar erdi puntu, koloma greko eta arku gotiko beheratu ugariak, bere eskultura fin eta ideala, arabesko eta akanto-hostorako joera berezia eta Luther-en garaiko arkitektura-paganismoa nahastu zionean, Paris agian ederragoa izango zen, baina bista nahiz pentsamenduarentzat hain harmoniatsua ez. Monumentu bikain hark gutxi iraun zuen ordea. Errenazimentua ez zen inpartziala izan. Izan ere eraikitze hutsa ez zuen aski; eraitsi ere egin behar baitzuen. Egia da leku-premia zuela. Beraz, Paris gotikoa osorik minutu batez besterik ez zen bizi izan. Saint-Jacques-de-la-Boucherie bukatu orduko, Louvre zaharra botatzen hasi ziren.

        Harez gero hiri handia egunetik egunera deformatu da. Azpian Paris erromanikoa zeukan Paris gotikoa ere, desagertu da. Baina esan al daiteke Parisek ordezkatu duenik?

        Tuileries-en Katalina Medici-ren Paris dago; Enrike II.arena Udaletxean (gustu oneko eraikinak biak ere); Enrike IV.arena Royale plazan (adreiluzko fatxadak, harrizko kantoiak eta arbelezko teilatuak; hiru koloreko etxeak); Luis XIII.arena Val-de-Grace-n (arkitektura zapal eta mozkotea, gangak otar-heldulekuen formakoak dituena, kolomatan halako sabeldura bat eta kupulan konkorra duena); Luis XIV.arena Invalides-en, handi, aberats, urreztatu eta hotz; Luis XV.arena, Saint-Sulpice-n (kiribildura, zinta-korapilo, hodei, fideo eta txikoriarekin, dena harrian zizelaturik); Luis XVI.arena Panteoian edo gaizki kopiatutako Erromako San Pedron (eraikina gaizki txikiagotu da eta horrek ez dio itxura hobetu); Errepublikarena, medikuntza-eskolan (estilo greko-erromatar eskasekoa; III. urteko konstituzioa Minos-en legeei bezala Koloseoaren eta Partenoiaren antza izan nahi duena eta arkitekturan messidor gustukoa deitzen zaiona); Napoleonena, Vendome plazan (benetan bikaina, kanoiz egindako brontzezko koloma duela); berrezarkuntzakoa, Bourse-n, oso kolomata zuriak guztiz friso leunari eusten diolarik (multzoa karratua da eta hogei milioi kostatu zen).

        Monumentu berezi hauetako bakoitzak, gustu, forma eta jarreran antza duten etxe batzuk ditu taldekide. Auzo desberdinetan sakabanatuta daude, baina adituaren begiak erraz igartzen die noizkoak diren. Begiratzen jakinez gero, mende bateko izpiritua eta errege baten fisionomia ateko aldaban ere ikus daiteke.

        Gaur egungo Parisek ez du inolako fisionomia orokorrik. Mende desberdinetako laginen bilduma da, eta ederrenak ezkutatu egin dira. Hiriburua etxez ari da hazten, baina a zer nolako etxeak! Oraingo martxan Paris berrogeita hamar urteoro berrituko da. Horrela, bere arkitekturaren esanahi historikoa egunetik egunera ezkutatzen ari da. Monumentuak gero eta bakanago daude. Badirudi poliki-poliki etxe artean itota hondoratzen ari direla. Gure gurasoek harrizko Paris zeukaten, eta gure seme-alabek igeltsuzkoa edukiko dute.

        Paris berriko monumentuei dagokienez, nahiago dugu ez mintzatzea. Ez da behar bezala miresten ez ditugulako. M. Sufflot-en Santa Jenobeba harriz inoiz egin den Saboiako tartarik ederrena da, noski. Ohore-legioaren jauregia ere pastel-zati polita da. Gariazokako kupula, eskailera gaineko jockey ingelesaren txapel handia da. Saint-Sulpiceko dorreak bi Idarinete erraldoi dira, nolabait esan, eta telegrafo-dorre bihurri eta keinukariak bere teilatuaren eranskin polita dirudi. San Rokeko portadak daukan handitasunaren pareko San Tomas Aquinokoa baizik ez da. Sotoetan erliebezko kalbarioa eta zur urreztatuzko eguzkia daude. Benetan gauza miresgarriak dira. Landare-lorategiko labirintoaren linterna, zinez bitxia da. Bourse-ko jauregiari dagokionez, zeina bere kolomengatik grekoa, leiho nahiz ateetako erdi puntuko arkuengatik erromatarra eta bere ganga beheratuagatik Errenazimentukoa den, dudarik gabe monumentu txukuna eta oso garbia da. Horren adierazgarri, gailurrean Atenasen ez bezalako atikoa edukitzea da; lerro zuzen ederrezkoa eta han-hemenka berogailuaren tutuek ederki ebakia, hain zuzen. Horrez gain arkitekturan eraikin baten zeregina bere kanpoko itxura hutsagatik antzeman daitekeela kontutan hartuz, beti miretsiko genuke erret jauregi, diputatu-ganbara, udaletxe, ikastetxe, zaldi-hezitoki, akademia, biltegi, epaitegi, museo, kuartel, hilobi, tenplu edo teatro izan daitekeen monumentua. Bitartean Burtsa da. Monumentuak, bestetik, klimara egokitua behar luke. Honako hau garbi dago gure eguraldi hotz eta euritsurako propio egina dagoela. Izan ere teilatua Ekialdean bezala ia azotea bezalakoa du. Horregatik neguan elurra egiten duenean teilatua garbitu egin behar da, eta teilatuak, noski, garbitzeko egiten dira. Eta arestian aipatu dugun erabilpenari buruz, bere eginkizuna bikain betetzen du; Grezian tenplu izan zitekeen bezalaxe Frantzian Burtsa baita. Arkitekturak tamalez fatxadako linea garbiak hautsiko lituzkeen erloju-esfera kendu egin behar izan du, baina horren ordez monumentuaren inguruan kolomata ipini du, eta bertan erlijio-jai nagusietan maiestate handiz ibil daitezke truke-agente eta merkatal artekariak.

        Guzti hauek, dudarik gabe, monumentu bikainak dira. Horrez gain kontutan har ditzagun Rivoli bezalako kale eder, polit eta desberdinak eta zalantzarik gabe Parisek egunen batean, globotik begiratuta, forma-aberastasuna, xehetasun-ugaritasuna eta alderdi desberdintasuna edo xake-taulak duen sinpletasuneko handitasuna eta edertasuneko ustekabea izango ditu.

        Gaur egungo Paris miresgarria iruditzen bazaizu ere, berregin XV. mendeko Paris, berreraiki zure pentsamenduz, argiari orratz, dorre eta kanpandorrezko ilara harrigarrian zehar begiratu, zabaldu begirada hiri ikaragarrira, hautsi irlen muturretan, makurtu Sena sugearen azala baino aldakorrago dituen bere putzu zabal berde-horiekin zubien arkupera, horizonteko urdinean markatu Paris zahar horren profil gotikoa, ingurua flotarazi bere tximinia ugariei itsasten zaien neguko lanbroan, murgildu gau ilunean eta begiratu eraikin-labirinto ilun hartako argi eta itzalen joko bitxiari, ilargi-izpi bat isuri soslaia hala-hola ikus dadin eta laino artetik irtenarazi dorreen gailurrak, edo hartu berriz silueta beltz hori eta gezien nahiz hastialen milaka angelu zorrotzei itzala ipini eta sartaldeko zeru kobreztatuan marrazoaren matraila baino hozkatuago nabarmenarazi. Eta gero konparatu.

        Eta hiri zaharraz berriak eman ezin duen zirrara sentitu nahi baduzu, jai nagusia denean (bazkotan edo mendekostetan) egunsentian igo hiri osoa azpian hartzen deneko punturen batera eta karilloi guztiak nola iratzartzen diren dastatu. Ikusi zerutik datorren seinalearekin (eguzkiak bidalia baita) milaka eliza aldi berean nola hasten diren dardaraz. Lehenbizi eliza bat edo besteko tintin bakanak dira, musikariek hasi egin behar dela abisua pasatuko bailuten, eta gero bat-batean, begiratu, zeren une horretan belarriek begiak dituztela baitirudi; ikusi kanpandorre bakoitzetik zarata-zutabe batek edo harmoni keak nola irteten duen. Lehenbizi kanpandorre bakoitzeko bibrazioa zuzen, garbi eta, nolabait esan, besteengandik isolaturik igotzen da goizeko zeru distiratsuan. Gero, emeki-emeki elkartu egiten dira nahasiz eta batak bestea ezabatuz; kontzertu bikain batean urtuz. Hainbat kanpandorretatik etengabe irtendako soinu-bibraziozko masa bakar bat da, zeina hiri gainean flotatuz, uhinkatuz, jauzi eginez eta zurrunbilduz ari baita, bere oszilaziozko zirkulu burrunbatsua horizontea baino harantzago luzatuz. Baina harmoni itsaso hau ez da kaosa. Ozena eta sakona izanagatik, bere gardentasunik ez du galdu. Dilinden nota-multzo bakoitza bereizita ikusiko dituzu itzuli-mitzuli. Inoiz grabea eta inoiz zorrotza den karraka eta bordoiaren arteko elkarrizketari jarraitzerik izango duzu. Kanpandorre batetik bestera zortzidun artean jauzi egin dezakezu. Zilarrezko kanpandorretik notak hegaz, arin eta txistuka jaurtitzen edo zurezko kanpaitik hautsita eta herren erortzen ikusiko dituzu. Guzti horien artean San Eustakioko zazpi kanpandorreetatik etengabe gora eta behera doan sorta ederra miretsiko duzu. Norabide guztietara doazen nota garbi eta azkarrak ikusiko dituzu, sigi-saga argitsuak egin eta oinaztua bezala ezkutatzen direlarik. Urrutira San Martirago abadiako kantu garratz eta kraskatua entzungo duzu. Hemen Bastilleko zorigaiztoko ahots latza. Beste muturrean Louvreko dorre sendoa, bere doinu baxuaz. Jauregiko erret karilloiak etengabe jaulkitzen ditu norabide guztietara txorrotxio distiratsuak eta horien gainera kadentzia berdinez erortzen dira Andre Mariako kanpai geldiari jotako kolpe-hots baxuak, ingudeak mailupean bezalaxe txinpartak aterarazten dizkietelarik. Noizbehinka era guztietako soinuak pasatzen ikusiko dituzu, Saint-Germain-des-Pres-ko kanpandorre hirukoitzetik datozela, eta tarteka zarata zirraragarri hauen multzoa zerbait ireki egiten da Abe Mariako fugari leku emanez, zeina izar-molkoa bailitzan lehertzen eta txingartzen den. Hondoan, kontzertuaren sakontasunean, nola edo hala elizetako barne-kantua bereiz daiteke, beren gangetako dardarazko poroetatik izerdi gisa ateratzen zaienez. Guzti hau, entzutea merezi duen opera da, noski. Normalean egunez Parisetik ateratzen diren zaratak hizketan ari den hiriarenak dira, eta gauez ateratzen direnak, bere arnasa, baina orain kantuz ari den hiriarenak heltzen zaizkigu. Adi, beraz, belarriak kanpandorreen tutti honi, barreiatu multzoaren gainean milioi erdi bat pertsonen zurrumurrua, ibaiaren etengabeko kexua, haizearen arnaskada infinituak, organo-kaxa ikaragarri gisa horizonteko muinoetan dauden lau basoetako kuarteto grabe eta urrutia, argi-ilunetan deusezta erdiko karilloiak zakarretik eta zorrotzetik soberan duena, eta esazu ea munduan kanpai- eta ezkila-zarata hori, musika-labe hori, hirurehun oin altuko harrizko txiruletan batera kantatzen duten brontzezko hamar mila ahotsezko soinu hori edo ekaitzetako zarataren antzeko sinfonia hori bezain aberats, alai, urreztatu eta distiratsurik ikusi edo entzun duzun.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997