BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Bulka eta Milton bateratsu hil ziren. Kosako zaharrak ez zuen ulertu zelan zaindu behar zuen Milton. Hegaztien ehizara bakarrik eraman beharrean, basurdetan eraman zuen. Eta udazken hartan bertan bi urteko basurde batek zarrastatu egin zuen. Inork ez zuen jakin josten, eta Milton hil egin zen.

      Bulka ere ez zen asko bizi izan, presoengandik onik irten ondoren. Presoengandik salbatu eta gutxira, hasi zen goibeltzen eta aurrean zuen guztia miazkatzen. Eskua miazkatzen zidan, baina ez lehenago txerak egiten zizkidan moduan. Miazka egoten zen luzaroan eta mihia gogor estutzen zuen, eta gero haginekin heltzen hasten zen. Argi zegoen haginka egin beharrean zegoela, baina ez zuen nahi. Eskua eskaintzeari utzi nion. Orduan nire oinetakoa eta mahaiaren hanka hasi zen miazkatzen, eta gero oinetakoa edo mahaiaren hanka hortzikatzen. Bi egunez ibili zen horrela, eta hirugarrenean desagertu egin zen, eta harrezkero inork ez du hartaz gehiagorik jakin.

      Hura inork lapurtzea ezinezkoa zen, nigandik ere ezin zuen alde egin. Horregatik, desagerketa otsoak haginka egin eta sei bat astera gertatu zenez,  pentsa daiteke ziurrenik otsoa amorraturik zegoela. Bulkak ere amorrua hartu eta hanka egin zuen. Ehiztariek stechka esaten diotena, eromenaren lehen etapa, gertatu omen zitzaion. Hori omen da-eta amorrua, animalia amorratuak eztarrian dardarak sentitzen dituzte. Edan egin gura dute, baina ezin dute, urak dardarak areagotu egiten dizkielako. Orduan, minak eta egarriak beren onetik ateratzen dituzte eta haginka hasten dira. Segurutik, Bulka horrelako dardarak izaten hasi zen, nire eskua eta mahaiaren hanka miazkatzeari eta gero haginkatzeari ekin zionean.

      Inguru guztian ibili nintzen Bulkaz galdezka, baina ezin izan nuen jakin nora joan zen ezta zelan hil zen ere. Ibili balitz haginka, bazterrik bazter, txakur amorratuak egiten duen moduan, izango nuen haren berri. Baina, nonbait, basartean sartu zen lekuren batean, eta han hil zen, bakarrik. Ehiztariek diote txakur argi bat eromenak harrapatzen duenean zelai eta basoetara alde egiten duela eta han behar dituen belarrak bilatzen dituela, ihintzetan iraulkatzen dela, eta bakarrik osatzen dela. Bulka ez zen osatu, antza. Ez zen egundo itzuli eta betiko desagertu zen.

 

BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020