BULKARENAK
Xabier Boveda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Lev Tolstoi Yasnaia Polianan (Errusia) jaio zen 1828an familia noble batean. Bederatzi urte zituela, umezurtz geratu zen, eta izeko batzuek hazi zuten. Zuzenbide ikasketak hasi zituen unibertsitatean, baina bertan behera laga zituen amaitu orduko.

      Gaztetan, Moskun eta San Petesburgon ibili zen anaiarekin batera errusiar gazte noble gehienen antzera bizitzen. Baina bizimodu azal horrekin nazkatu egin zen, eta armadan sartzea erabaki zuen. Krimeako Gerraren garaia zen, eta Sebastopoleko setioaren lekukoa izan zen. Hango sarraskiak markatuta utzi zuen betiko, eta ikusitako izugarrikeriak biolentziarik gabeko erresistentziaren pentsaerara eraman zuen. Gandhiren aurrekaria izan zen horretan.

      Europan zehar ibili zen gero esperientzia pedagogiko berriak ezagutzen; eta, Yasnaia Polianara itzuli zenean, nekazarien seme-alabentzako eskola bat sortu zuen, zeinean, konpromiso handiarekin, metodo aurrerakoiak erabili zituen. 1862an Sofia Andreievnarekin ezkondu zen, eta familia ugaritsua izan zuten. Garai horretan bere eleberri nagusiak idatzi zituen: Gerra eta Bakea eta Anna Karenina eleberri errealistak.

      Baina Tolstoik kontraesan eramangaitz bat bizi zuen barru-barruan; alde batetik, bere erako kristautasunean oinarrituta, bat egin nahi zuen nekazari xumeen bizimoduarekin, euren lan eta pobretasunarekin; baina bestetik, bera aristokrata zen, eta hainbat ondasun zituen. Ondasun eta lursail guztiei uko egin nahi izan zien, nekazarien artean banatzeko; baina emazteak eta familiak, aurka eginez, ez zioten utzi. Horrela, familia barruko giroa nahastu egin zen.

      82 urte zituela, maleta txiki bat hartuta, Yasnaia Polianatik alde egitea erabaki zuen. Norabide jakin barik, trena hartu, eta desagertu egin zen. Lau egun geroago, bularreko anginak jota hil zen Astapovoko geltokian.

      1871 eta 1875 urteen artean hainbat ipuin idatzi zituen Yasnaia Polianako eskolako umeentzat. Indar handiko narrazioak era zuzen eta xumean kontatzea zuen helburu. Haietako batzuk txakur baten gainekoak dira: Bulka.

 

BULKARENAK
Xabier Boveda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020