BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Nik bulldog bat nuen. Bulka izena jarri genion. Erabat beltza zen, aurreko hanken muturrak izan ezik, zuriak baitzituen. Bulldog guztiek izaten dute behe-baraila luzeagoa goikoa baino, eta goiko haginak behekoen atzean geratzen dira, baina Bulkak behe-baraila hain zeukan irtena, non hatzamar bat ere sar zitekeen goiko eta beheko haginen artean. Bulkak aurpegi zabala zuen eta begi handi, beltz eta distiratsuak, eta hagin eta letagin zuriak kanpoan beti; beltz bat zirudien. Bulka maitekorra zen, ez zuen haginka egiten, baina oso indartsua eta ekina zen. Edozeri heltzen zionean, haginak estutu eta eutsi egiten zion piltzar baten moduan, eta ezinezkoa egiten zen handik askatzea; kurrika batzuen modukoa zen.

      Behin hartz baten aurka xaxatu zuten, oratu zion hartzari belarritik eta bertan geratu zen zintzilik, izain baten moduan. Hartzak hankekin jo zuen, estutu egin zuen bere kontra, alde batera eta bestera astindu zuen, baina ezin izan zuen askatu, eta bere burua bota zuen Bulka zapaltzeko asmotan, baina, hala ere, Bulkak hari gogor eutsita jarraitu zuen, ur hotza bota zioten arte.

      Kumetxoa zela jaso eta nik neuk hazi nuen. Kaukasora soldadutza egitera joan nintzenean, ez nuen eraman nahi, eta isilean alde egin nuen, hura giltzapean sartzeko aginduta, gainera. Lehenengo geralekuan nengoen beste diligentzia batera aldatzekotan, eta hara non ikusi nuen bidean zerbait beltz eta distiratsua. Bulka zen, kobrezko idunekoa lepoan. Arineketan zetorren geltokirantz arnasa betean. Jauzi egin zuen nigana, eskua miazkatu zidan, eta gerizpetan etzan zen zalgurdiaren azpian. Mihia kanpoan zuen zintzilik. Noiz barruratu egiten zuen, listua irentsiz; noiz kanporatu, oso-osorik. Artega ere artega zegoen, eta ez zuen arnasa hartzeko astirik, saihetsak dar-dar egiten zion. Iraulka zebilen, eta lurra buztanaz jotzen zuen.

      Gero jakin nuen nik alde egin ostean bere katea apurtu eta leihotik jauzi egin zuela, eta, di-da, bidera irten eta nire arrastoen atzetik hogei bat versta egin zituela galopan, eguzki-galdatan.

 

BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020