BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Eper-txakur bat erosi nuen faisaiak ehizatzeko. Txakurrak Milton zuen izena. Garaia, argala eta gris pikardatua zen, ezpain jausiak zituen eta belarri luzeak, oso indartsua eta azkarra zen. Ez zuen auskan egiten Bulkarekin. Ez da izan txakurrik Bulkarekin auskan ausartu denik. Haginak erakusten dituenean, batzuetan halaxe gertatzen zen, txakurrek buztana hanka artean gordetzen dute eta urrundu egiten dira. Behin faisai-ehizan joan nintzen Miltonekin. Ustekabean, Bulka etorri zen basora nire atzetik bizi-bizi. Nik uxatu gura izan nuen, baina ez zen egon modurik. Eta etxea urruntxo zegoen hara berriro itzultzeko. Pentsatu nuen ez zidala traba handirik egingo, eta aurrera egin nuen; baina Miltonek belar artean faisaiak usnatu eta bila jarri zeneko, Bulkak aurrerantz egin zuen, eta erdian jartzen hasi zen bide guztian. Miltonek baino lehenago harrapatu nahi zuen faisaia. Zer edo zer usnatu zuen belartzan, jauzi eta bira egin zuen, baina haren usaimena eskasa zen, eta ezin izan zuen lorratzik aurkitu; Miltoni begiratu zion, eta hura joan zen lekurantz abiatu zen. Miltonek arrastoren bat adieraziz gero, Bulka aurrean jartzen zitzaion. Deitu egin nion Bulkari, jo egin nuen, baina ezer ez den moduan. Milton bilaka hasi eta atoan, besteak aurrera egiten zuen eta galarazi. Nik ordurako etxera itzultzeko gogoa nuen, ehizaldia zapuztua zelakoan, baina Milkak nik baino hobeto asmatu zuen zelan marro egin Bulkari. Hara zer egin zuen: Bulkak aurrea hartu dionean, Miltonek lorratza utzi, beste alde baterantz bira egin eta bila dabilelakoa egin du. Bulkak Miltonek itxurak egin dituen lekurantz jo du; orduan, Miltonek neuri begiratu dit, eta benetako lorratzera itzuli da. Bulkak berriro lasterka egin du Miltonengana, aurrean jarri zaio, eta Miltonek berriz egin ditu hamar urrats-edo beste alde baterantz, ziria sartu dio Bulkari eta beste behin erakutsi dit niri bide zuzena. Horrela, ehizaldi osoan zehar marro egin zion Bulkari, eta ez zion utzi hura alferrik gal zedin.

 

BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020