BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Stanitsatik ez nintzen zuzenean joan Errusiara, lehenengo Piatigorskera joan eta bertan hilabete bi geratu nintzen. Milton kosako ehizazale bati oparitu nion, eta Bulka nirekin eraman nuen Piatigorskera.

      Piatigorskek, Bost Mendi, horrela dauka izena, Beshtau mendian dagoelako. Eta Besh tartarieraz piati (bost) da; eta tau, gora (mendia). Mendi horretatik sufre-iturri bero bat isurtzen da. Ura bor-bor dario, irakiten bezala, eta mendian sortzen den lekuaren gainean lurruna jaikitzen da beti, samovar batean egiten duen legez. Hiria eraikita dagoen eskualde guztia zoragarria da. Menditik ur termalak isurtzen dira; haren barrenean Podkumok ibai txikia doa. Mazeletan basoak daude; inguru guztietan, zelaiak; eta zeruertzean Kaukasoko mendi erraldoiak nabarmentzen dira. Han elurra ez da inoiz urtzen, beti daude azukrea bezain zuri. Menditzar horietako bat Elbrus da eta, oskarbi dagoenean, edozein lekutatik ikus daiteke, azukrezko buru zuria bailitzan.

      Jendea sendatzera etortzen da ur termal horietara, eta iturburuen gainean uda-etxeak eta estalpeak eraiki dira, eta inguru guztian lorategiak eta bidexkak egin dira. Goizean, musika jartzen dute, eta jendeak ura edan, edo bainuak hartzen ditu, eta paseoan ibiltzen da.

      Hiria bera mendian dago; eta beheko aldean, errebala. Nik errebal horretako etxe txiki batean hartu nuen ostatu. Etxea patio batean zegoen jasota, eta lorategi txiki bat zuen leihoen aurrean, eta lorategian ugazabaren erleak zeuden, ez enbor hutsetan, Errusian bezala, erla-saski biribiletan baizik. Hango erleak hain baketsuak ziren, ezen goizetan beti jesartzen nintzen Bulkarekin lorategian erlauntzen artean.

      Bulka erlauntzen artean ibiltzen zen atzera-aurrera, harritu egiten zen erleekin, eta usaindu, eta haien burrunba entzuten zuen; baina kontuz-kontuz mugitzen zen haien artean, eta erleek ez zuten gogaitzen ezta ukitzen ere.

      Goiz batean, ur termaletatik etxera itzulita, kafea hartzen jesarri nintzen lorategi hesituan. Bulka belarrien atzean hazka egiten eta lepokoari tilin eragiten hasi zen. Zarata horrek asaldatu egin zituen erleak, eta nik kendu egin nion lepokoa samatik. Gerotxoago, hiritik, mendi aldetik, zetorren astrapala arraro eta ikaragarria entzun nuen. Txakurrak ahausika, aiumaka eta alarauka ari ziren, jendea garrasi batean, eta iskanbila hori menditik behera zetorren, eta ematen zuen gure errebalera hurreratzen eta hurreratzen ari zela.

      Bulkak hazka egiteari utzi zion, eta buru zabala aurreko hanka zurien artean jarri zuen, eta bere hagin zuriak agerian eta mihia zintzilik, ohitura zuen bezala, nire ondoan etzan zen. Astrapala entzun zuenean, esan zitekeen ulertzen zuela zer gertatzen zen; belarriak tente jarri zituen, haginak erakutsi, zapart egin eta marmarka hasi zen.

      Iskanbila gehiago hurreratu zen. Bazirudien hiri osoko txakur guztiak aiuma, intziri eta ahausi batean ariko balira bezala. Atera irten nintzen begiratzeko, eta ugazabandrea ere nire ondora irten zen. Galdetu nion: "Zer da hori?". "Txakurrak hiltzera datozen espetxeko presoak. Txakur asko alderrai ibiltzen dira, eta udal agintariek bertako guztiak hiltzeko agindu dute".

      "Zer? Hilgo lukete Bulka, ikusiz gero?"

      "Ez; lepokorik gabekoak baino ez hiltzeko agindu zaie".

      Ni berbetan ari nintzela egin-eginean, presoak gure patiorako bidean agertu ziren.

      Buruan soldaduak zetozen, eta ondoren lau preso kateatuta. Horietako bi presok burdinazko kako luzeak zituzten eskuetan, eta beste biek astamakilak zituzten. Gure ate aurrera iritsi zirenean, kakoa zuen preso batek kale-txakur gaixo bat harrapatu zuen, kalearen erdirantz dandarrez eraman zuen, eta bestea bere astamakilarekin jipoitzen hasi zen. Txakurtxoak alarau ikaragarriak egiten zituen, eta presoek zerbait oihukatzen zuten eta orro egiten zuten barreka. Kakodun presoak buelta eman zion txakurtxoari, eta hilda zegoela ikusi zuenean, atera zuen kakoa eta beste txakur batzuen bila hasi zen.

      Une horretan, Bulkak buruz aurrera jauzi egin zuen presoaren kontra, hartzarekin egin zuen antzera. Gogoratu nintzen bera lepokorik gabe zegoela, eta zarata egin nion, "atzera, Bulka!", eta presoei oihuka esan nien ez hiltzeko nire txakurra.

      Baina presoak Bulka ikusi zuen, barre-purrustada egin, eta trebeziaz jo zuen kakoaz, eta izter azpitik harrapatu zuen.

      Bulka askatzen ahalegindu zen, baina presoak beregana tiratu eta beste bati oihu egin zion, “jo eta akaba ezak!”

      Besteak bere astamakila airean zuen, eta segurutik hil egingo zuten Bulka, baina berak borroka egin zuen buru-belarri, hankako azala urratu egin zitzaion, eta, buztana hanken artean, eta izterrean zauri beldurgarri bat zuela, ziztu bizian sartu zen atetik etxe barrura, eta nire ohearen azpian ezkutatu zen.

      Kakoa egon zen lekuan larrua alderik alde urratu zitzaiolako salbatu zen.

 

BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020