BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Behin Kaukason ginela, basurdeak ehizatzera joan ginen, eta Bulka nirekin etorri zen ziztuan. Galgoak tropelka abiatu zireneko, Bulka euren alarauen atzetik irten eta basoan desagertu zen. Hori azaroan gertatu zen. Garai horretan urdeak eta basurdeak sano lodi egoten dira. Kaukason, basurdeak bizi diren basoetan, fruitu gozo asko egoten dira: basamahatsak, ananak, sagarrak, makatzak, masustak, ezkurrak, basaranak… Eta fruitu horiek guztiak heldu eta izozteekin jausten direnean, basurdeek gura adina jan, eta gizendu egiten dira.

      Garai horretan basurdea hain gizentsu dagoenez, ezin da txakurren aurrean denbora luzean laukoan ibili. Ordu biko jazarpenaren ostean, basoaren hostotzan katigatuta gelditzen da. Orduan ehiztariak basurdea geldi dagoen lekurantz lasterka doaz eta tiroka hasten dira. Txakurraren ahausiaren arabera jakiten da basurdea geldi dagoen ala zuzian dabilen. Zuzian badabil, txakurrek txilioka egiten dute ahausi, joko balituzte bezala; eta, geldi badago, ahausi egiten dute jendeari egingo lioketen moduan, eta alarauka hasten dira.

      Ehizaldi honetan asko ibili nintzen basoan arineketan, baina ez nuen behin ere izan basurdearen bidea ixteko aukerarik. Azkenean, zaunkaldi bat eta ehiza txakurren alarauak entzun nituen, eta haiengana joan nintzen arrapaladan. Benetan gertu nuen basurdea. Karraskotsak entzun nitzakeen basartean. Basurdea zen txakurrei aurre egiten. Baina ahausiengatik igar zitekeen ez ziotela heldu, inguratuta zeukaten bakarrik. Halako batean, atzean isilka-misilka zebilen zerbait sentitu nuen, eta Bulka ikusi nuen. Bistan denez,  galgoak galdu egin zituen basoan, eta nahastuta zegoen, eta orain, nik bezala ahausiak entzutean, harantz zihoan oldar bizian. Basorik baso zihoan arrapaladan, belar luze artean, buru beltza eta hagin zurien artean kosk eginiko mihia besterik ez nion ikusten. Deiadar egin nion, baina ez zen itzuli, atzean utzi ninduen eta basartean ostendu zen. Atzetik jarraitu nion arineketan, baina zenbat eta urrunago joan sarriagoa egiten zen basoa. Zuhaitz adarrek kapela erauzten zidaten, aurpegian jotzen ninduten, arropa elorri beltzen arantzetan katigatzen zitzaidan. Hurrean nituen ahausiak, baina ezin nuen ezer ikusi.

      Bat-batean, entzun nuen txakurrak gogorrago hasi zirela ahausika, zerbaitek kraska egin zuen errime, eta basurdea arnasoska hasi zen eta marranta hartu zuen. Pentsatu nuen Bulkak harrapatua zuela eta harekin ziharduela. Senperrenak eginda, sasirik sasi abiatu nintzen leku hartarantz. Basarte hostotsuenean galgo nabar bat begiztatu nuen. Zaunka zebilen eta ez zen bere lekutik mugitzen, eta handik hiru pausora zarata egiten zuen zerbait ikusten zen.

      Hurreratu nintzenean, basurdea ikusi nuen eta Bulkaren aiuma burrunbatsuak entzun nituen. Basurdea kurrinka hasi zen eta galgoari atzaparka, galgoak buztana hanka artean sartu zuen eta alde batera egin zuen jauzi. Basurdearen saihetsa eta burua ikus nitzakeen. Saihets aldera apuntatu eta tiro egin nuen. Asmatu nuela ikusi nuen. Basurdeak kurrinka egin zuen eta urruntzen hasi zen basartean. Txakurrek aiuma eta ahausi egiten zuten hari segika, eta ni basoan haien atzetik barruratu nintzen. Itsumustuan, ia neure oinetan, zerbait ikusi eta usaindu nuen. Bulka zen. Trebes zegoen etzunda eta intzirika zebilen. Haren azpian odol putzu bat zegoen. Pentsatu nuen: txakurrarenak egin du, baina orain ezin naiz harekin arduratu; eta aurrera jo nuen. Berehala ikusi nuen basurdea. Txakurrek atzetik harrapatu zuten, eta bera alde batetik bestera mugitzen zen. Basurdeak ikusi ninduenean,  oldartu egin zitzaidan. Berriro egin nion tiro, ia muturren aurrean, halako eran non kanoiak erre egin zuen, eta erlastu eta kordokan hasi zen, eta lurrera jausi zen oso-osoan.

      Hurbildu nintzenean, basurdea hilda zegoen, artean puztu egiten zen han-hemenka, eta ikarak baino ez zituen. Baina txakurrak asaldaturik zeuden, batzuek tripatik eta hanketatik urratzen zuten, eta beste batzuek zaurietako odola miazkatzen zioten.

      Orduan Bulkarekin gogoratu eta haren bila joan nintzen. Bidera irten zitzaidan narraska eta intzirika. Beragana hurbildu, pikotxean jarri eta zauria aztertu nion. Sabela zabalik zeukan, eta heste mataza zeraman tatarrez orbel lehorren gainetik. Nire lagunak heldu zirenean, bere lekuan jarri genizkion hesteak eta sabela josi genion. Sabela josteko azala zulatzen genion bitartean, eskua miazkatu eta miazkatu egiten zidan.

      Basurdea zaldiaren buztanetik lotu genuen basotik ateratzeko, eta Bulka haren gainean jarri genuen etzanda. Horrela eraman genuen etxera. Bulka sei astean egon zen gaixorik eta gero osatu egin zen.

 

BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020