BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020

 

      Kaukasotik alde egin beharrean nintzela, han artean gerra zegoen, eta arriskutsua zen gauez eskolta barik irtetea.

      Nik goizean ahalik eta goizen joan nahi nuen, eta horregatik ez nintzen ohean sartu.

      Adiskide bat lagun egitera etorri zitzaidan, eta jesarrita egon ginen arratsalde eta gau guztian kosakoen herrixkako kalean, nire kata edo txabolaren aurrean.

      Ilargi-gau lanbrotsua zen, eta hain argia, non ilargia ageri ez arren irakurri ere egin zitekeen.

      Bat-batean, gauaren erdian, kalearen bestaldeko eskortan txerrikume bat txilioka entzun genuen. Gutariko batek oihu egin zuen: “Otsoa txerrikume bat itotzen ari da!”.

      Arin-arin sartu nintzen nire katan, eskopeta kargatua hartu nuen, eta rau irten nintzen kalera. Denak zeuden txerrikumea txilioka zegoen eskortaren ate aurrean, eta oihuka kinatzen ninduten:  “Hemen, hemen!”. Milton triskan etorri zen nire atzetik, nonbait eskopetarekin ehizan nindoalakoan, eta Bulkak bere belarri laburrak jaso zituen eta batera-bestera zebilen presaka, nori heldu behar ote zion usnan balebil bezala. Hesira karraderan hurreratu nintzenean, ikusi nuen eskortaren beste aldetik niganantz zuzen-zuzen basapiztia bat zetorrela. Otsoa zen. Abiada batean hesiraino hurbildu zen, eta zapart eginez igo zen. Beragandik kontu handiz urrundu nintzen atzeranzka, eta eskopeta prestatu nuen. Otsoak hesitik nigana jauzi egin orduko, bertatik bertara apuntatu eta katuari sakatu nion, eskopetak txik egin zuen eta ez zuen su egin. Otsoa ez zen gelditu eta kalea arineketan zeharkatu zuen. Milton eta Bulka haren atzetik irten ziren. Milton hurbil zegoen otsoarengandik baina nabari zen harrapatzeko beldur zela, eta Bulkak, bere hanka motzetan indar guztia ipinita ere, ezin zuen hura atzeman. Guk ere arineketan egin genuen ahal bestean otsoaren atzetik, baina otsoa eta txakurrak gure bistatik galdu ziren. Ahausi apal bat baino ez genuen entzun herrixkako bazter bateko bide-arroilatik zetorrena, eta, ilargiaren lanbro artean ikusi genuen hautsa harrotzen zela eta txakurrak astrapalan zebiltzala otsoarekin. Bide-arroilara heldu ginenean, otsoa ez zegoen jada, eta txakurrak guregana itzuli ziren isatsak gora eta aurpegiak sumin. Bulkak marmar egiten zuen burua nire kontra igurtzika, bistakoa zen zer edo zer esan nahi zidala baina ez zekien zelan.

      Aztertu genituen txakurrak eta konturatu ginen Bulkak hozkada txiki bat zuela buruan. Antza, bide-arroila parean harrapatu zuen otsoa, baina ezin izan zion heldu, otsoak hortzak erakutsi zizkion eta ziztu bizian alde egin zuen. Zauria ez zen oso handia, eta ez ginen larritu.

      Katara itzuli ginen, jesarri eta gertatutakoaz berba egin genuen. Ni haserre nengoen eskopetak huts egin zidalako, behin eta berriz neukan buruan ondo ibili balitz otsoa hantxe eroriko zela zerraldo. Nire laguna harrituta zegoen: otsoari zelan otu zitzaion eskortan sartzeko bidea. Kosako zahar batek zioen ez zegoela ezer miragarririk horretan, ez zela otsoa izan, sorgina baizik, eta berak xarmatu omen zuen nire eskopeta. Horrela jesarrita berbetan geundela, ez bat eta ez bi, txakurrek zapart egin zuten, eta berriro ikusi genuen kalearen erdian, gure aurrean, lehengo otso bera; baina oraingoan gure oihuek uxatuta, arin-arin joan zen eta txakurrek ezin izan zuten harrapatu.

      Horren ostean, kosako zaharra etsi-etsirik geratu zen ez zela otsoa izan, sorgina baizik, eta nik pentsatu nuen ez ote zen txakur amorratua izango, ze inoiz ez nuen ez ikusi ez entzun otso bat herri batera berriro itzuli zenik halako moduan jazarri eta gero.

      Badaezpada, bolbora zabaldu nuen Bulkaren zaurian, eta su eman nion. Bolborak sua hartu zuenean zauria erre zuen.

      Sutautsarekin zauria kauterizatu nuen amorruaren birusa itzaltzeko asmoz, hondino odolera heldu ez bazen. Izan ere, listu kutsatua jausi eta odolera igarota bazegoen, banekien nik odoletik gorputz osora zabalduko zela, eta orduan ezinezkoa izango zen osatzea.

 

BULKARENAK
Lev Tolstoi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 68. zkia
armiarma.eus, 2020