HILDAKO ZALDIA
Jean Arbousset

Le cheval tué, 1916
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

Lokatzetan eta odoletan

lur grisaren gainean

zaldi zahar bat hil hurran

igarotzen den orori

dei eginik etsipenez

begiratu indargean

lokatzetan eta odoletan

lur grisaren gainean.

 

Gogortzen ari da,

noizean behin dardara.

 

Hegaldi triste eta noraezeko

hostoak bezala udazkenean,

oroitzapenak ari ditu

bere gorputz gogortuaren gainean.

 

Gogortzen ari da,

noizean behin dardara.

 

Herria, garai haiek, argia,

inaurkin beroan egin ametsak

eta irrintzika, pozez eta maitez,

urruneko behorrak.

Herria, garai haiek, argia.

 

Zaldi dohakabea hil da

bere istil gorrian.

Badator gaua. Zirkinik ez.

 

Horrela, urrezko astroa joanik,

zaldi zaharra bezala

dei, amets eta lo

hil da bere istil gorrian

soldadu bat baino gehiago.

 

HILDAKO ZALDIA
Jean Arbousset

Le cheval tué, 1916
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018