FANTASIA
Jean Arbousset

Fantaisie, 1915
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

Goethe heldu zait atzo bisitan. Triste, Goethe

ilargirik eta maitasunik gabeko gaua bezain triste.

Ez zen inolaz ere Estrasburgoko Goethe,

ez zen inolaz ere Spinoza maite duen Goethe.

 

Lezoietatik,

lubakietatik,

urak isurtzeko arroiletatik

eta Fritz horiek,

gerizpea maite duten eta lona grisaren azpian

izarretan amets egiten duten

Fritz horiek ikus ez ditzaten

ongi babestutako bidezidorretatik

ibili nau “Kontuz, kontuz, hemendik”

eta berehala iritsi gara,

beste Walpurgis gau bateko

Fausto berri eta Mefisto berri,

poetaren emakume heroien egoitzara.

 

Eta Goethe burumakur.

 

Nola maite zintudan, Margarete!

Thuleko errege zintzoaren abestia

kantatzen zenuen

goruari eraginez,

ez motel eta arin,

zentzumenak aztoraturik.

 

Thuleko errege zintzoaren abestia

kantatzen zenuen

baina zure gogoa

maitasuna aipatu zizun

zaldun ederrarengana zegoen.

 

Nola maite zintudan, Charlotte,

zure nebei ogi xerrak zatitzen

hain luzeak diren zure nebei,

Werther samurraren botetaraino iristen baitira,

nola maite zintudan, Charlotte,

duzun moja goxo aire horrekin!

 

Eta zu, Dorothea, atorra arinean zindoazela

(kolko zabaltxo, oh Dorothea!),

ebangelio santuetako bertso bat

bezain gardeneko ura ematen duen

iturrirako bidean,

nola maite nuen zure idilioa!

 

Eta zu, Mignon, nola maite nik kantatzen zenuen abestia,

oinutsik bidean,

Jesusek bezala zalantza egiten dutenei.

 

Oh! Esadazue dudala egin amets

eta ikusi dudana inoiz gertatu ez.

 

Esadazu, Gretchen, ez dituzula torneatzen

berrehun eta hamarreko obusak Fritzentzat.

 

Esadazu, Lotte, atzetik zure nebek

otordu eske, ez dizutela haserre egiten

eta ez diezuela K.K. ogi xerrarik ematen.

 

Eta zuk, Hermennen andregaia,

esadazu pegarrean hartutako ura

ez dela garbiketan ibilitako ura.

 

Eta zuk, Bohemiako Mignon, esadazu

zure abestia ez dela

Prusia zaharreko Deutschland über alles.

 

Oh! Esadazue dudala egin amets

eta ikusi dudana inoiz gertatu ez.

 

Orduan joango natzaizue

noizbait bisitan berriro,

zuen aurpegi maitea

ez zait haboro tristea irudituko

aurkituko dut zuengana neukan maitasun osoa

eta izango naiz berriro, doi batez, 

Spinoza maite duen Goethe.

 

FANTASIA
Jean Arbousset

Fantaisie, 1915
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018