VAUQUOIS-ERA BURUZ
Jean Arbousset

En montant à Vauquois, 1915
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

Errepide txikiaren ezpondan

hildako bat, gero bi, gero hiru.

Etzanak daude zaku hutsen gainean

gorputza uzkur, atzamarrak hertsi, azala zurbil.

 

Iduri luke, nolabait,

guri begiratu daudela oraindik.

 

Ikara ematen du begiratu horrek.

Nekez bada nekez, hauxe esan nahi lieke

harantz doazenei jakin minez:

Zoazte. Erraz husten da

adurra errege duen bizitzaren anfora.

 

Adurrak nahi badu bertan eror zaitezen,

estalkitzat aurkituko duzu, ez hilobirik

baina bai nabarlorerik, zitoririk, mitxoletarik

eta guztien ahanztura. Zoazte.

Bihar zuen anaiek ikusi ahal izango dute noski,

oihartzunik gabeko begiratu zintzoan

hildako bat, gero bi, gero hiru

errepide txikiaren ezpondan.

 

VAUQUOIS-ERA BURUZ
Jean Arbousset

En montant à Vauquois, 1915
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018