Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Zortzigarren atalburua
Arratsaldearen gainerakoa hildakoekin eman zuten. Mirandaren hamakan bildu zituzten, aurrez aurre, betierekotasunean arrotzak bailiran sar ez zitezen, gero beztidura josi zuten eta lau harri handi lotu zizkioten muturretan. Lupetza hurbil batera herrestatu zuten fardela, altxatu zuten, kulunkatu zuten bulkadaz baliatzeko, eta uharkako ihi eta arrosen artera jaurti zuten. Fardela gurguriaka hondoratu zen, landareak eta apo harrituak berarekin batera hondoraraziz. Ilunpea oihanaz jabetu zenean itzuli ziren saltokira eta lodiak guardia-txandak antolatu zituen. Bi gizon geratuko ziren. zelatan, eta lau orduren buruan beste pare batek hartuko zien txanda. Berak etenaldirik gabe egingo zuen lo egunsentira arte. Lotaratu baino lehen arroza eta banana-xerrak prestatu zituzten, eta afaldu ondoren Antonio José Bolívarrek bere ordezko horzdura garbitu zuen zapian gorde baino lehen. Bere kideek duda-mudatan ikusi zuten, eta harritu egin ziren plaka berriro egokitzen ikustean. Lehenengo txanda zegokionez, agurea karburozko lanparaz jabetu zen. Beilakideak txunditurik begiratzen zion liburuan ordenaturiko zeinuak lupaz ibiltzen zituelarik. —Egia al da irakurtzen badakizuna, konpai? —Zertxobait. —Eta zer ari zara irakurtzen? —Eleberri bat. Baina egon isilik. Hitz egiten baduzu mugitu egiten da garra, eta niri letrak mugitzen zaizkit orduan. Bestea urrutiratu egin zen traba ez egiteko, baina hain arreta handia eskaintzen zion agureak liburuari, non ez baitzuen jasan bazterrean geratzerik. —Zeri buruzkoa da? —Maitasunari buruzkoa. Agurearen erantzuna entzunda, bestea interes handiagoz hurbildu zen. —Ez esan. Eme goxo bero-beroekikoa? Agureak supituki itxi zuen liburua eta lanpararen garra dardararazi. —Ez. Bestelako maitasuna da. Min ematen duena. Gizona zapuzturik geratu zen. Soina goratu eta urrundu egin zen. Nabarmenkeriaz, zurrut luzea egin zuen, zigarro bat piztu eta aihotzaren ahoa zorrozteari ekin zion. Harriaz igurtzita, metalaren gainera txu egin, erkain bat pasa eta zorroztasuna neurtzen zuen. Agureak berean segitzen zuen, harriak altzairuaren kontra ateratzen zuen hots latzari jaramon egin gabe, hitzak otoitz egiten arituko balitz bezala gurguratuz. —Ea ba, irakurri ozenkixeago. —Benetan? Interesatzen al zaizu? —Bai, noski. Behin batean zinemara joan nintzen, Lojan, eta film mexikar bat ikusi nuen, maitasunezkoa. Zertarako esan, konpai. Hainbat negar isuri nuen, ba. —Orduan, hasieratik irakurri behar dizut, onak eta txarrak nor diren jakin dezazun. Antonio José Bolívar liburuaren lehenengo orrialdera itzuli zen. Hainbat aldiz irakurria zuen eta buruz zekien. «Paulek kartsuki musukatzen zuen neska, gondolariak, bere lagunaren abenturetan sopikun, beste alde batera begiratzearen plantak egiten zituen bitartean, eta gondola, kuxin gurinak zeuzkana, lasaiki irristatzen zen Veneziako kanaletan zehar». —Ez horren arin, konpai —esan zuen ahots batek. Agureak begirada jaso zuen. Hiru gizonak zeuzkan inguruan. Alkatea urrutiraturik zetzan, zorro-pila baten gainean. —Ez ditut hitz batzuk ulertzen —adierazi zuen hitz egina zuenak. —Guztiak ulertzen al dituzu zuk? —galdetu zuen beste batek. Agureak orduan berba ezezagunak bere gisa azaltzeari ekin zion. Gondolaria, gondola eta kartsuki musukatzearena nahiko argi geratu zen gertaera ausartez zipriztindutako iritzi-trukaketan pare bat ordu eman ondoren. Baina, lekualdatzeko, jendeak txalupak behar zitueneko hiriaren misterioa ezin zuten inola ere ulertu. —Auskalo, agian euri asko izaten dute. —Edo gainezka egiten duten ibaiak. —Gu baino bustiago bizi behar dute horiek. —Pentsa. Zurrut batzuk eginda, etxetik txiza egitera irtetea otutzen zaizu, eta zer ikusten duzu? Arrain-aurpegiz begiratzen dizuten auzokideak. Gizonek barre egiten zuten, erretzen zuten, edaten zuten. Alkatea mugitu egin zen haserre bere ohantzean. —Jakin dezazuen, Venezia aintzira batean eraikitako hiria da. Eta Italian dago —bota zuen oihuka bere logabe-bazterretik. —Arraioa! Beraz etxeek almadiak bailiran flotatzen dute —zehaztu zuen batek. —Horrela bada, orduan, zertarako txalupak? Etxeez bidaia dezakete, ontziek bezala —bota zuen beste batek. —Hauek ergelak, hauek! Etxe sendoak dira. Jauregiak, katedralak, gazteluak, zubiak, eta jendearentzako kaleak ere badaude. Eraikin guztiek harrizko zimenduak dauzkate —adierazi zuen lodiak. —Eta zergatik dakizu? Egon al zara bertan? —galdetu zuen agureak. —Ez. Baina pertsona jantzia naiz. Zerbaitengatik naiz alkatea. Lodiaren azalpenak korapilatu egin zituen gauzak. —Ondo ulertu baldin badut, gorentasun, jende horrek tobak bezala flotatzen duten etxeak dauzka, baina, hala ere, etxea tobaz eraikitzen baduzu ez du flotatzen, ez horixe. Ziur oholak sartzen dizkiotela azpitik. Alkateak bi eskuez heldu zion buruari. —Hauek ergelak! Ergel baino ergelagoak! Pentsa nahi duzuena. Zuei kutsatu egin zaizue oihaneko pentsamoldea. Zuei Kristok ere ez dizue ergelkeria kenduko. A, gauza bat: nahikoa da gorentasun deitze horrekin. Dentistari entzun zeniotenetik gustua hartu diozue berbatxoari. —Eta nola deitzea nahi duzu? Epaileari jaun hori esan behar zaio; apaizari, bere bikaintasun, eta zuri ere nolabait deitu behar dizugu, gorentasun. Lodiak zerbait erantsi nahi izan zuen, baina agurearen keinu batek gerarazi zuen. Gizonek ulertu egin zuten, eskuak armetara eraman zituzten, lanparak itzali eta zain geratu ziren. Kanpotik isiltsu mugitzen zen gorputz baten zarata apala iritsi zen. Urratsek ez zuten hotsik sortzen, baina gorputz hura zuhaixka baxu eta landareetara hurbiltzen zen. Hau egitean gerarazi egiten zuen ur-txorroa, eta aurrera egitean, gerarazitako ura oparoago erortzen zen. Mugitzen ari zen gorputz hark zirkuluerdia marrazten zuen saltzailearen txabolaren inguruan. Alkatea katamarka hurbildu zen agurearenganaino. —Piztia? —Bai. Eta usaindu egin gaitu. Lodia zutitu egin zen bat-batean. Ilunpea gorabehera, atera iritsi eta errebolberra hustu zuen, abarrarterantz itsuka tiro eginez. Gizonek lanpara piztu zuten. Burua mugitzen zuten tutik esan gabe eta alkateari, arma berriro kargatzen ari zena, begiratzen zioten. —Zuen erruz joan zait. Beila-txandak bete beharrean, gaua maritxuak bezala ergelkeriez mintzatzen emanagatik. —Nola nabaritzen den pertsona jantzia zarena, gorentasun. Piztiak dena zeukan bere aurka. Nahikoa zen pasatzen uztea, zenbateko distantzian zegoen kalkulatu arte. Bi urrats gehiago eta jopuntuan izango genuen. —Bai zera. Zuek guzti-guztia dakizue. Baliteke jo izana —justifikatu zen lodia. —Joan ikustera, nahi baduzu. Eta eltxo batek eraso egiten badizu, ez hil tiroka, bestela logura uxatuko diguzu eta. Egunsentian, oihan-sabaitik iragazten zen argi xumea aprobetxatuz, inguruak miatzera irten ziren. Euriak ez zuen ezabatzen animaliak utzitako landare zapalduetako aztarna. Hostailan ez zen odol-arrastorik sumatzen, eta oinatzak mendian barrena galtzen ziren. Txabolara itzuli eta kafe beltza edan zuten. —Animalia El Idiliotik bost kilometro baino gutxiagora dabilela jakitea da gutxien gustatzen zaidana. Zenbat denbora behar du tigrillo batek tarte hori egiteko? —galdetu zuen alkateak. —Guk baino gutxiago. Lau hanka dauzka, putzuen gainetik salto egiten daki eta ez du botarik janzten —erantzun zuen agureak. Gizonen aurrean ospea nahiko narriaturik zeukala ulertu zuen lodiak. Agurearen ondoan, haien sarkasmoek harroturik zebilena, denbora luzeagoa egoteak beraren ezgauza-ospea, eta agian koldarrarena ere, areagotzea besterik ez zuen ekarriko. Logiko itxura eduki ez-ezik bizkarra estaltzen zion irtenbide bat aurkitu zuen. —Egin dezagun tratua, Antonio José Bolívar. Zeu zara mendian trebatuena. Guk traba baino ez dizugu egingo, agure. Azterkatu emea eta hil ezazu. Estatuak bost mila sukre ordainduko dizkizu lortzen baduzu. Gera zaitez hemen eta egin nahi duzun bezala. Bitartean, herrixka babestera itzuliko gara gu. Bost mila sukre. Zer diostazu? Agureak inolako keinurik gabe entzun zuen lodiaren proposamena. Egia esan, egin zitekeen zentzuzko gauza bakarra El Idiliora itzultzea zen. Animalia, gizonaren ehizan, laster joango zen herrixkara, eta han erraza izango zen segada prestatzea. Emeak biktima gehiago bilatuko zuen halabeharrez, eta ergelkeria zen beraren lurraldean bertan liskartzen saiatzea. Alkateak berarengandik libratu nahi zuen. Bere erantzun zorrotzez mindu egiten zituen animalia agintariaren gisako haren printzipioak, eta soinetik astintzeko bide dotorea aurkitua zuen. Agureari bost axola zion lodi izerditsuak pentsa zezakeenak. Eskainitako sariak ere ez zion axolarik. Beste ideia batzuk zebilzkion buruan. Animalia ez zegoela urrun esaten zion zerbaitek. Agian eurei begira zeukaten une horrexetan, eta bere buruari galdetzen hasia zen orduantxe zergatik ez zuen biktimetako batek ere minberatzen. Seguru aski shuarren artean bizi izandako aldiak heriotza horietan justizi egintza ikustea ahalbidetzen zion. Hortzak hortz eta begiak begi, ankerki, baina ezinbestez, gauzatua. Gringoak kumeak hil zizkion, eta agian arra ere bai. Bestalde, animaliaren jokaerak heriotzaren bila zebilela sumarazten zion, gizonei arrisku handiz hurbilduz, bart eta lehenago ere, Plascencio eta Miranda hiltzean, egin bezala. Agindu ezezagun batek esaten zion bera hiltzea ezinbesteko erruki-egintza zela, ez ordea barkatu eta oparitzeko moduan zeudenek aldarrikatzen zuten errukia. Piztia aurrez aurre hiltzeko aukeraren bila zebilen, ez alkateak ez gizonetako batek ere ezin uler zezaketen dueluan. —Zer diostazu, agure? —errepikatu zuen alkateak. —Ados. Baina zigarroak, pospoloak eta beste kartutxo-sorta bat utzi behar didazue. Alkateak lasaitu ederra sumatu zuen onarpena entzutean eta eskatutakoa eman zion. Taldeak ez zuen denbora luzerik eman itzuleraren xehetasunak prestatzen. Agur esan zioten elkarri, eta Antonio José Bolívarrek txabolako atea eta leihoa segurtatzeari ekin zion. Arratsalde-erdian ilundu zuen, eta lanpararen argi goibelaren pean irakurtzen hasi zen berriro, hostailaren artean irristatzen zen uraren hotsek inguraturik itxaroten zuen bitartean. Agureak hasieratik berrikusten zituen orrialdeak. Haserre samar zegoen argumentuaz ezin jabetu izateaz. Gogoan gordetako esaldiak berresaten zituen eta zentzurik gabe irteten ziren haren ahotik. Haren pentsamenduak norabide guztietan abiatzen ziren gelditzeko moduko puntu zehatz baten bila. —Agian beldurrak nago. Beldurretik ezkutatzea gomendatzen zuen esaera shuar bat gogoratu zuen, eta lanpara itzali zuen. Ilunpean zorroen gainean etzan zen eskopeta bularraren gainean prest zeukala, eta pentsamenduak, harriek ibaiaren hondoa ukitzean bezala gera zitezen utzi zituen. «Ikus dezagun, Antonio José Bolívar. Zer gertatzen zaizu? Ez da hau piztia erotu bati aurre egiten diozun lehenbizikoa. Zerk artegatzen zaitu? Itxaroteak? Nahiago al zenuke oraintxe bertan atea eraitsiz sartu eta bukaera arina izatea? Ez da gertatuko. Badakizu ezein animalia ez dela gordeleku arrotz batean sartzeko bezain burugabea. Eta zergatik zaude horren ziur emeak zu, hain zuzen, bilatuko zaituela? Ez al duzu uste piztiak, erakutsi duen azkartasuna erabiliz, gizon taldea aukera dezakeela? Haiei jarraiki eta banan-banan garbi ditzake El Idiliora iritsi baino lehen. Badakizu egin dezakeena eta ohartarazi behar zenien, esan behar zenien: ‘Ez urrundu elkarrengandik metro batera ere. Ez lo egin, igaro gaua esna eta ibai-ertzean beti’. Badakizu, hala ere, erraz leukakeela piztiak segada egitea, salto egin, bat lurrera zintzurra irekirik, eta besteek izua gainditu baino lehen bera ezkutuan egongo da, hurrengo erasoa prestatzen. Uste al duzu tigrillak izaki berdintzat hartzen zaituela? Ez zaitez harroa izan, Antonio José Bolívar. Gogoan hartu ez zarela ehiztaria, zuk zeuk errefusatu duzu-eta izendura hori, eta katukiak benetako ehiztariari jarraikitzen zaizkio, benetako ehiztariei darien beldur eta zakil geldiaren usainari. Zu ez zara ehiztaria. Askotan El Idilioko biztanleek ‘Ehiztaria’ deitzen mintzatzen dira zutaz, eta hori ez dela egia erantzuten diezu, ehiztariek erotzen eta barrutik usteltzen dituen beldurra gainditzearren hiltzen dutelako. Zenbat aldiz ikusi dituzu gizabanako sukarti eta ondo armaturikoen taldeak azaldu eta oihan-barrenerantz sartzen? Handik aste gutxira hartz inurrijale, ugabere, eztijale, boa, musker eta basakatu txikien larru-metekin azaltzen dira berriz, baina inoiz ere ez itxaroten ari zaren emea bezalako benetako etsai baten hilikiarekin. Zuk ikusi izan dituzu larru-fardelen alboan mozkortzen, etsai duinak oihanaren mugagabetasunean ikusi dituela, usaindu dituela eta mesprezatu dituela jakiteak eragiten dien beldurra ezkutatzeko. Egia da ehiztariak gero eta gutxiago direna, animaliak ekialderantz sartu direlako mendikatea gaindiezinak zeharkatzen, urrun, hain urrun ezen Brasilgo lurraldean ikusi baita azken anakonda. Baina zuk hemendik ez oso urrun ikusi eta ehizatu zenituen anakondak. Lehenbizikoa justizia edo mendeku egintza izan zen. Milaka buelta emanda ere ez duzu alderik aurkitzen. Narrastiak kolono baten semeari egina zion horzka berau bainatzen ari zenean. Begiko zenuen zuk mutikoa. Hamabi urte besterik ez zituen eta anakondak ur-poltsa bat bezain bigun utzi zuen. Oroitzen al zara, agure? Kanoaz jarraiki zintzaizkion aztarnari, eguzkitan egoten zen hondartza aurkitu zenuen arte. Orduan zenbait ugabere hil utzi zenuen amu gisa eta zain geratu zinen. Garai horretan gaztea eta bizkorra zinen, eta bazenekin bizkortasun horren menpe zegoela zu ere uretako jainkosarentzako oturuntza ez bilakatzea. Jauzi ona izan zen. Aihotza eskuan. Ebaki garbia. Sugearen burua hondarretara erortzen, eta berau ukitu baino lehen zuk salto egin zenuen landare baxuen artean babestera, narrastia bere gorputz sendoa behin eta berriz astintzen iraulka zebilelarik. Hamaika edo hamabi metro gorroto. Hamaika edo hamabi metro larru oliba-arre eta eraztun belztun, jadanik hilik zegoela ere hiltzen saiatzen zena. Bigarrena bizia salbatu zizun azti shuarrenganako eskerronezko omenaldia izan zen. Gogoratzen al duzu? Hondartzan beita uztearen amarrua errepikatu zenuen eta zuhaitz baten goialdean itxaron zenuen ibaitik irteten ikusi zenuen arte. Horretan ez zen gorrotorik izan. Marraskariak irensten ikusten zenuen gezia prestatu bitartean, mutur zorrotza amaraunean bildu, kurareaz gantzatu, zerbatanaren fitan sartu, eta buru-hezurraren azpialdearen bila destatu zenuen. Narrastiak geziaren erasoa jaso zuen, gorputzaren ia hiru laurden goratuz tentetu zen, eta ezkutuan zeundeneko zuhaitzetik beraren begi horiak, kurareak efektu arina daukalako zureganaino iritsi ez zen begirada batez bilatzen zintuzten beraren betsein bertikalak, ikusi zenituen. Gero larrutzearen zeremonia etorri zen, hamabost, hogei urrats eman, aihotzak bera ireki eta beraren okela hotz eta arrosakara hareaz zikintzen zelarik. Gogoratzen al duzu, agure? Larrua ematean, ez zinela haietakoa baina bertakoa zinela adierazi zuten shuarrek. Eta tigrilloak ere ez zaizkizu arrotz, baina sekula ez zenuen kumerik hil, ez tigrilloenik ez beste ezein espezietakorik ere. Animalia helduak soilik, shuarren legeak ezartzen duen bezala. Badakizu tigrilloak animalia arraroak, jokaera aurreikusezinekoak, direna. Ez dira jaguarrak bezain indartsuak, baina adimen fina daukatela erakusten dute, ordea. ‘Azterkapena lar erraza bada eta konfiantza sentiarazten badizu, tigrilloa zeure garondoari begira daukazula esan nahi du’, esaten dute shuarrek, eta egia da. Behin, kolonoek eskaturik, katu pikardatu handiaren zuhurtzia neurtzerik izan zenuen. Haietako oso indartsu batek behi eta mandoei ekiten zien, eta laguntza eskatu zizuten. Azterkapen latza izan zen. Lehenengoz, animaliak jazartzen utzi zizun Kondorraren mendikatearen irtenuneetaraino gidatuz, hauek landaretza baxuko lurrak baitira, lur pareko segadetarako ezin aproposagoak. Zeure burua amarruan harrapaturik ikustean handik irteten eta abarrartera itzultzen saiatu zinen, eta tigrilloak bidea oztopatzen zizun, bere burua agerian jarriz baina eskopeta begietara eramateko astirik ere eman gabe. Bi edo hiru aldiz desarratu zenuen eskopeta bera jo gabe, katukiak behin betiko erasoa baino lehen nekarazi nahi zintuela ulertu arte. Itxaroten bazekiela jakinarazi zizun, eta agian, zure munizioak urriak zirela ere bai. Borroka duina izan zen. Oroitzen al zara, agure? Gihar bat ere mugitu gabe itxaroten zenuen eta, logura uxatzeko, zapladak ematen zenizkion noizean behin zeure buruari. Hiru egun zain, tigrilloa ziur sentitu eta erasoari ekin zion arte. Jokaldi ona izan zen lurrean etzanik eta arma prest itxarotea. Zergatik gogoratzen duzu hori guztia? Zergatik betetzen dizkizu emeak pentsamenduak? Biok berdintsu zaudetela dakizuelako ote? Lau hilketa burutu ondoren asko daki gizakiez, zuk tigrilloez beste. Edo agian zuk gutxiago dakizu. Shuarrek ez dute tigrillorik ehizatzen. Okela ez da jangarria eta bakar baten larruaz belaunaldietan zehar irauten duten ehunka apaingarri egin daitezke. Shuarrak; gustatuko al litzaizuke haietako bat zurekin edukitzea? Bai, noski, Nushiño zure konpaia. —Konpai, atzetik al zatoz? Shuarrak ezetz esango du. Egia dioela jakin dezazun askotan txu eginez, interesik eza adieraziko dizu. Ez da bere arazoa. Zeu zara zurietako ehiztaria, eskopeta daukana, heriotza bortxatu eta minez pozoitzen duena. Nushiño zure konpaiak esango dizu shuarrek tzantza nagiak baino ez dituztela hil nahi izaten. —Eta zergatik, konpai? Tzantzek zuhaitzetatik zintzilik lo egin besterik ez dute egiten. Erantzun baino lehen, Nushiño zure konpaiak puzker ozen bat botako du ezein tzantza nagik entzun ez dezan, eta oso aspaldian buruzagi shuar bat maltzur eta odoltzale bihurtu zela esango dizu. Arrazoirik gabe hiltzen zituen shuar onak eta adinekoek haren heriotza erabaki zuten. Tñaupik, buruzagi odoltzaleak, bere burua inguraturik ikustean, tzantza nagi bilakaturik ihes egin zuen, eta tximinoak hain antzekoak direnez ezinezkoa da jakitea haietako zeinek ezkutatzen duen zigorturiko shuarra. Horregatik hil behar dira guztiak. —Horrelaxe gertatu omen da —esango du Nushiño konpaiak joan baino lehen azken aldiz txu eginez, shuarrak, istorio bat amaitzean urrundu egiten direlako, gezurrak sortarazten dituzten galderak saihesteko. Nondik ote datoz pentsamendu hauek guztiak? Ea ba, Antonio José Bolívar. Agure. Zein landareren azpian ezkutatzen dira eta erasotzen dute? Izango ote da beldurrak aurkitu zaituela eta jadanik ezkutatzerik ez daukazula? Horrela bada, beldurraren begiek ikusi egin zaitzakete orduan, zuk kanaberako zirrikituetatik sartzen diren egunsentiaren argiak ikusten dituzun bezalaxe. Hainbat katilukada kafe beltz edan ondoren, prestaketei ekin zien. Argizari batzuk urtu eta kartutxoak bilgor isurkituan sartu zituen. Berehala tantak isurtzen utzi zituen geruza mehe batek estalirik geratu ziren arte. Horrela siku iraungo zuten uretara erorita ere. Bilgor urtuaren gainerakoaz kopeta igurtzi zuen, bereziki bekainak estaliz, bisera antzeko bat egiteko. Horrela urak ez zion ikusmena galaraziko animaliari oihaneko argiune batean aurre egin behar izanez gero. Azkenik, aihotzaren ahoa begiratu zuen eta oihanerantz abiatu zen aztarnen bila. Txabolatik ekialderantz berrehun urratseko erradioa marratuz hasi zen, bezperan aurkitutako lorratzei jarraikiz. Aurreikusitako tokira iritsi zenean hego-mendebalderanzko zirkuluerdiko aldaerari ekin zion. Zapalduriko landare batzuk aurkitu zituen, zurtoinak lokatzetan sarturik zeuzkatenak. Hortxe makurtu zen animalia txabolarantz segitu baino lehen, eta landare umiliatuen esparruak aldika agertzen ziren mendiaren maldan desagertzeraino. Lorratz zahar horiek ahaztu eta bila segitu zuen. Basabananaren hosto handien azpian miatzean animaliaren erpeen marrazkia aurkitu zuen. Erpe handiak ziren, gizon heldu baten ukabilak bezalakoak agian, eta lorratzen ondoan animaliaren jokabideaz mintzatzen zitzaizkion beste xehetasun batzuk aurkitu zituen. Emeak ez zuen ehizatzen. Erpeen aztarnen alboetan zeuden zurtoin puskatuek edozein katukiren ehizakeraren kontra jotzen zuten. Emeak buztana astintzen zuen, arduragabekeriaraino eroturik, biktimen hurbiltasunak narritaturik. Ez, ez zuen ehizatzen. Dohain gutxiagoko espeziei aurre egiten ziela jakitearen ziurtasunaz mugitzen zen. Hantxe bertan imajinatu zuen, gorputza argal, arnasketa tarritaturik, antsiatsu, begiak finko, harrizko, gihar guztiak irmo, eta buztana sentsualtasunez astintzen». —Beno, piztia, badakit nola mugitzen zaren. Orain non zauden jakitea besterik ez zait geratzen. Oihanari hitz egin zion eta eurijasaren erantzun bakarra jaso. Jardun-erradioa zabalduz saltzailearen txabolatik urrundu zen lurraren igo-une xume bateraino iritsi arte; honek, euria gora-behera, ibilbide osoa behatzeko aukera ona eskaintzen zion. Landaretza baxu eta zarratua zen bertan, lur pareko eraso batetik babesten zuten zuhaitz garaiekiko kontrastean. Lepotxo hura utzi eta mendebalderantz lerro zuzenean joatea erabaki zuen, handik ez oso urrun iragaten zen Yacuambi ibaiaren bila. Eguerdia baino lehentxeago atertu zuen eta kezkatu egin zen. Euriak segitu behar zuen, bestela lurrunketa hasiko zen eta oihana laino lodi batean murgilduko zen, arnasa hartu eta sudurretik harantz ikustea eragotziko ziona. Bat-batean, zilarrezko milioika tantek zulatu zuten oihanaren sabaia, erortzen ziren tokiak biziki argituz. Hodeiarteko argiune baten azpi-azpian zegoen, landare hezeen gainera erortzen ziren eguzki-islek itsuturik. Madarikazioka igurtzi zituen begiak eta, ehunka ortzadar iraungikorrek inguraturik, presaka ibili zen handik irteteko lurrunketa beldurgarria hasi baino lehen. Orduantxe ikusi zuen. Bat-batean erori zen uraren hotsak ohartarazirik, itzuli egin zen; eta hegoalderantz mugitzen ikustea izan zuen, berarengandik ehun eta berrogeita hamar bat metrora. Geldo mugitzen zen, muturra zabalik eta alboak buztanaz joaz. Burutik buztanera bi metro luze bazeuzkala jo zuen, eta bi hankaren gainean eserita, arditxakur baten altuera gainditzen zuela. Animalia zuhaixka baten atzean desagertu zen eta ia berehala berriro jarri zen agerian. Oraingoan iparralderantz mugitzen zen. —Amarru hori ezagutzen dut. Berton nahi banauzu, ondo dago, geratu egingo naiz. Lurrun hodeian sarturik zuk ere ez duzu ezer ikusiko —oihu egin zion, eta gorde egin zen bizkarra enbor baten kontra jarriz. Aterruneak berehala erakarri zituen eltxoak. Ezpainak, bekainak eta urradurak bilatuz eraso zuten. Arenilla ñimiñoak sudurzulo eta belarrietan eta ile artean sartzen ziren. Berehala sartu zuen zigarro bat ahoan, mastekatu zuen, birrindu zuen, eta txuzko orea aurpegian eta besoetan zabaldu zuen. Zorionez, geldiuneak gutxi iraun zuen eta berriro hasi zuen euria indarberriturik. Horrela barealdia itzuli zen eta hostailan sartzen zen uraren hotsa baino ez zen entzuten. Emea hainbatetan azaldu zen, beti ipar-hegoalderanzko itzulian. Agureak aztertuz begiratzen zion. Animaliaren mugimenduak artatzen zituen, iparraldeko puntu berberera itzuli eta ibilaldi tarritagarriari berrekitea ahalbidetzen zion bira abarrarteko zein puntutan egiten zuen ikusteko. —Hementxe naukazu. Antonio José Bolívar Proaño naiz eta pazientzia da sobera daukadan gauza bakarra. Animalia arraroa zara, horretan ez dago zalantzarik. Zure Jokabidea adimenak ala etsipenak eragiten duen galdetzen diot neure buruari. Zergatik ez nauzu inguratzen eta erasotzeko itxurak egiten? Zergatik ez duzu jotzen ekialderantz, zure atzetik joan nadin? Ipar-hegoalderantz mugitzen zara, mendebalderantz bira egin eta berriro hartzen duzu bide bera. Tontotzat hartzen al nauzu? Ibairako bidea oztopatzen didazu. Horixe da zure plana. Oihanean barrena ihes egiten ikusi nahi nauzu eta orduan jazarri. Ez naiz horren inozoa, lagun. Eta zu ez zara nik uste bezain azkarra. Mugitzen begiratzen zion eta behin edo behin desarratzekotan egon zen, baina ez zuen egin. Bazekien behin betikoa eta ziurra izan behar zuela tiroak. Zauritu besterik egiten ez bazuen, emeak ez zion emango arma kargatzeko betarik, eta eraunskailuaren matxura baten erruz bi kartutxoak batera joaten zitzaizkion. Orduak iragan ziren eta iluntzen hasi zenean jakin zuen animaliaren jokoa ez zetzala ekialderantz bultzatzean. Bertan nahi zuen, hantxe, eta ilunpearen zain zegoen erasotzeko. Agureak ordubeterako argia zeukala jo zuen, eta epe horretan alde egin behar zuen, ibai ertzera iritsi eta toki segurua bilatu. Emeak hegoalderanzko lekualdaketetako bat amaitu eta berriro abiapuntura eramaten zuen itzulingurua egin zezan itxaron zuen. Orduan, arrapaladan abiatu zen ibairantz. Denbora irabaztea ahalbidetu zion sasirik gabeko lursail zahar batera iritsi eta eskopeta bularraren kontra estuturik zeukala zeharkatu zuen. Zorte pixka batekin emeak ihesa sumatu baino lehen iritsiko zen ibai ertzera. Bazekien handik urrun gabe aurkituko zuela gordeleku gisa erabili ahal izango zuen urreketarien kanpaleku abandonatu bat. Poztu egin zen uhandia entzutean. Ibaia hurbil zegoen. Iraz estaliriko hamabost bat metroko aldapa bat jaistea besterik ez zitzaion geratzen animaliak eraso zionean. Emea, ihesaz konturatzean, hain abiadura eta isiltasun handiz ibiliko zen non agurea ohartu gabe paraleloan korrika egitea lortu baitzuen, beraren albo batean kokatu arte. Aurreko hankez egindako bultzada jaso eta aldapan behera itzulipurdika erori zen. Zorabiaturik, aihotzari bi eskuez eutsiz finkatu eta azken erasoari itxaron zion. Goian, aldaparen ertzean, emeak sumindurik astintzen zuen buztana. Belarri txikiek oihaneko hots guztiak berenganatuz dardaratzen ziren, baina ez zuen erasotzen. Harrituta, agurea astiro-astiro mugitu zen eskopeta berreskuratu arte. —Zergatik ez duzu erasotzen? Zer-nolako jolasa da hau? Eraunskailuak ireki eta begietara eraman zuen arma. Distantzia horretan ez zeukan huts egiterik. Goian animaliak ez zuen begietatik galtzen. Bat-batean, orro egin zuen, goibel eta nekaturik, eta hanken gainean etzan zen. Arraren erantzun ahula oso hurbiletik iritsi zitzaion eta erraz aurkitu zuen. Emea baino txikiagoa zen eta enbor hustu baten babesean etzanda zegoen. Larrua hezurdurari itsatsirik zeukan eta izter bat draiada batek gorputzetik ia bereizirik. Animaliak nekez hartzen zuen arnasa, eta agonia ezin mingarriagoa zitzaiola ikusten zen. —Horren bila zenbiltzan? Azken tiroa eman niezaion? —oihukatu zuen agureak gorantz begira, eta emea landareen artean ezkutatu zen. Ar zaurituari hurbildu eta eskuaz kolpetxo amultsuak eman zizkion buruan. Animaliak ozta-ozta jaso zuen bekain bat, eta zauria arretaz begiratuta inurriak jaten hasia zirela ikusi zuen. Kanoi biak animaliaren bularrean jarri zituen. —Sentitzen dut, lagun. Gringo putaseme madarikatu horrek guztiok izorratu gaitu —eta desarratu egin zuen. Ez zuen emea ikusten baina goian igartzen zuen, ezkutuan, agian gizakien antzerako deitoreetara emanda. Arma kargatu eta axolagabe ibili zen ertz desiratura iritsi arte. Ehun bat metroko distantzia egina zuen emea hildako arrarekin elkartzera zihoala ikusi zuenean. Urreketarien postu utzira heltzean ia erabat ilun zegoen, eta uholdeak kanaberazko eraikina eraitsia zuela ikusi zuen. Inguruari begirada arin bat egin eta poztu egin zen hondartzan iraulirik zegoen barrunbe urratuko kanoa bat aurkitzeaz. Banana-xerra lehorrak zeuzkan zorro bat ere aurkitu zuen, poltsikoak bete zituen eta kanoaren sabelpean sartu zen. Lurreko harriak siku zeuden. Lasaitasunezko hasperena egin zuen ahoz gora, zangoak luze eta seguru etzatean. —Zortea eduki dugu, Antonio José Bolívar. jauskera hezur bat baino gehiago hausteko modukoa izan da. Eskerrak irazko koltxoiari. Arma eta aihotza bere alboetan egokitu zituen. Kanoaren sabelak kokoriko jartzeko altuera nahikoa zeukan, aurrera edo atzera mugitu nahi izanez gero. Kanoak bederatzi bat metro luze zeuzkan eta ur lasterretako harri zorrotzek egindako hainbat urradura agertzen zuen. Egokiturik, eskukada batzuk banana lehor jan zituen, zigarro bat piztu eta benetako laketaz erre zuen. Oso nekatuta zegoen eta laster geratu zen lo. Oso amets bitxia eduki zuen. Bere burua ikusi zuen boaren tonuera ñabarrez eta ibaiaren parean jesarririk natemaren efektuak jasotzeko. Beraren aurrean, zerbait mugitzen zen airean, hostailan, ur geldoaren azaleran, ibaiaren hondoan bertan. Eite guztiak zeuzkala eta haiez guztiez aldi berean elikatzen zela zirudien zerbait. Etengabe aldatzen zen, begi txundituak haietako batera ohitu zitezen ahalbidetu gabe. Bat-batean papagaio baten bolumena hartzen zuen, ondoren ahoa irekirik salto egin eta ilargia irensten zuen bagre guakamaio bilakatzen zen, eta uretara erortzean gizon baten gainera jausiko zen ugatz baten zakarkeriaz egiten zuen. Zerbait horrek ez zeukan forma zehatzik, definigarririk, eta haietako edozer hartuta ere berarengan beti zirauten begi hori dirdiratsuek. —Zure heriotza bera da, mozorrotuz harritu nahi zaituena. Hori egiten badu, oraindik alde egiteko unea ez zaizula heldu esan nahi du. Ehizatu —agintzen zion azti shuarrak, beraren gorputz izutua hainbat eskukada errauts hotzez masajeatzen zuela. Eta begi horidun eitea norabide guztietan mugitzen zen. Ortzimugaren lerro berde barreiatu eta beti-hurbilak irentsia izateraino urruntzen zen, eta egitean txoriak berriro hasten ziren hegaldaka ongizate eta asetasunezko euren mezuekin. Baina aldi bat iraganda, berriro agertzen zen hodei beltz batean azkar jaisten, eta begi hori aldaezinezko euria oihanaren gainera erortzen zen abar eta lianei eusten, oihana, berriro beldurraren eta sukarren eromenera zeraman tonuera hori gori batez pizten. Berak oihu egin nahi zuen, baina izuaren marraskariek horzka txikitzen zioten mihia. Berak korrika egin nahi zuen, baina suge hegalari meheek zangoak lotzen zizkioten. Berak bere txabolara iritsi, Dolores Encarnación del Santísimo Sacramento Estupiñán Otavaloren ondoan azaltzen zen argazkian sartu eta basakeriaren inguru haiek utzi nahi zituen. Baina begi horiak toki guztietan zeuden bidea mozten, toki guztietan aldi berean, orain bezala, kanoaren gainean sentitzen baitzituen, eta kanoa mugitu egiten zen, zurezko bere azalaren gainetik zebilen gorputz haren pisuaz kulunkatzen zen. Arnasari eutsi zion zer gertatzen ari zen jakiteko. Ez. Ez zegoen ametsen munduan. Emea goian zegoen bai, paseatzen, eta zura oso leuna zenez, ur etengabeak leundua, animaliak erpeak erabiltzen zituen brankatik popara ibiltzean eusteko, bere arnasa antsiatsuaren soinu hurbila eskaintzen ziola. Ibaiaren igaroa, euria eta animaliaren paseoa ziren unibertsoaz zeukan erreferentzia bakarra. Animaliaren jokaera berriak arin pentsatzera behartzen zuen. Emeak erakutsia zuen azkarregia zela berak erronka onartu eta ilunpe betean aurre egitera irtetea espero izateko. Zer-nolako amarrua zen oraingoa? Egia ote zen shuarrek katukien usnaz ziotena? «Gizaki askori eurek jakin gabe darien hildako usaina sumatzen du tigrilloak». Tanta batzuk hasieran eta txorro kirasdunak gero nahasi ziren kanoaren zirrikituetatik sartzen zen urarekin. Animalia eroturik zegoela ulertu zuen agureak. Txiza egiten ari zitzaion. Bere ehizakia bailitzan markatzen ari zen, aurre egin baino lehen hildakotzat joaz. Ordu luze eta trinkoak iragan ziren horrela, argitasun ahula aterperaino sartzera animatu zen arte. Agurea, azpian, eskopetaren karga aratinik ziurtatzen, eta goian emea, gero eta labur eta urduriago bilakatzen ari zen ibilaldi nekaezinean. Argiaz eguerdia hurbil zegoela ondorioztatu zuen animalia jaisten ari zela sentitu zuenean. Erne, mugimendu berrien zain geratu zen, albo bateko zaratak emea ontzia jarririk zegoen harrietan azterkatzen ari zela ohartarazi zion arte. Emeak beraren gordelekura sartzea erabakia zuen berak erronkari ez ziola erantzuten ikustean. Gorputza aratinik herrestatuz kanoaren beste muturreraino atzeratu zen eta ozta-ozta saihestu zuen erpakadak itsuka jaurtikiz azaldu zen erpea. Eskopeta bularraren kontra estuturik zeukala altxatu zuen burua eta desarratu egin zuen. Ikusi ahal izan zuen animaliaren hankatik indarrez isuri zen odola eta, aldi berean, eskuineko oinean sumatu zuen min biziak zangoen irekidura txarto kalkulatua zuela eta draia batzuk oin-lepoan sartuak zitzaizkiola adierazi zion. Berdin zeuden. Biak zauriturik. Urruntzen entzun zuen, eta aihotzaren laguntzaz altxatu zuen pixka bat kanoa, han, ehun bat metrora, hanka zauritua miazkatzen, emea ikusteko tarte nahikoa utziz. Orduan, arma berriro kargatu eta mugimendu batez irauli zuen kanoa. Zutitzean zauriak min ikaragarria egin zion, eta animalia, harrituta, harrien gainean etzan zen erasoa kalkulatzeko. —Hemen nago. Amai dezagun behingoz jolas madarikatu hau. Ahots ezezagun batez oihukatzen entzun zuen bere burua, shuarreraz ala gaztelaniaz oihukatua zuen ziur jakin gabe, eta gezi pikardatu bat bailitzan ikusi zuen hondartzan korrika, hanka zaurituari jaramon egin gabe. Agurea tinkatu egin zen, eta animaliak, txokea baino bost bat metro lehenago, salto miresgarria egin zuen erpeak eta betortzak erakusten zituela. Emea bere hegaldiaren goi erpinera iritsi arte itxarotera behartu zuen indar ezezagun batek. Orduan gatuak sakatu zituen eta animalia gelditu egin zen airean, albo baterantz okertu zen eta astuntasunez erori zen bularra draiada bikoitzak irekirik zeukala. Antonio José Bolívar Proaño astiro-astiro zutitu zen. Hildako animaliarengana hurbildu zen eta zirgit egin zuen karga bikoitzak suntsitua zuela ikustean. Bularra ubeldura erraldoi bat zen eta bizkarrean tripa eta birika birrinduen zatiak ageri ziren. Lehenbizikoan ikustean uste izan zuena baino handiagoa zen. Argala bazen ere, animalia ikusgarria zen, ederra, pentsamenduaz ere ezin errepika zitekeen lerdentasunezko maisu-lana zen. Agureak laztandu egin zuen, oin zaurituko minari jaramon egin gabe, eta lotsaturik negar egin zuen, ez-duin, doilor sentituz, eta inola ere ez guda horretako garaile. Begiak malkoek eta euriak lausoturik zeuzkala, ibai ertzeraino bultzatu zuen animaliaren gorpua, eta urek oihanean barrena eraman zuten, gizaki zuriak sekula laidotu gabeko lurraldeetaraino, Amazonasekiko elkarguneraino, harrizko sastakaiek txikituko zuten ur lasterretaraino, piztia ez-duinengandik libre betiko. Berehala jaurtiki zuen eskopeta amorruz, eta gloriarik gabe hondoratzen ikusi zuen. Izaki guztiek gaitzetsitako metalezko piztia. Antonio José Bolívar Proañok ordezko horzdura kendu zuen, zapian bildurik gorde zuen eta, tragediari hasiera eman zion gringoa, alkatea, urreketariak, bere Amazoniaren birjintasuna izorratzen zuten guztiak madarikatzeari utzi gabe, aihozkada batez ebaki zuen adar lodi bat, eta horren laguntzaz abiatu zen El Idilio, bere txabola eta bere eleberrien bila, hauek hain hitz ederrez mintzatzen baitziren maitasunez, ezen batzuetan giza basakeria ahaztarazten baitzioten.
Artatore, Jugoslavia, 1987 Hamburg, Alemania, 1988
Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea |