Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997

 

Laugarren atalburua

 

      Nabigatzen bost egun eman ondoren, El Idiliora heldu zen. Lekua ezberdin zegoen. Hogei bat etxek kale bat osatzen zuten ibaiaren aurrean, eta bazterreko eraikin handixeago batek errotulu hori bat zeukan aurrealdean ALKATETXEA hitzarekin.

      Bazegoen oholezko kai bat ere, Antonio José Bolívarrek saihestu zuena, eta segitu zuen nabigatzen metro batzuk beherago, nekeak txabola altxatzeko toki bat seinalatu zion arte.

      Hasieran bertakoak berarengandik aldentzen ziren, hil zuen gizon bakarrarengandik —behar ez bezala hil ere— jarauntsitako hamalauko Remington eskopetarekin oihanean sartzen ikustean basati bati bezala begiratzen ziotela, baina laster ikusi zuten hurbil edukitzea zein baliotsua zen.

      Bai kolonoek bai urreketariek era guztietako oker ergelak egiten zituzten oihanean. Gupidagabe hondakatzen zuten, eta honen zioz piztia batzuk ankertu egiten ziren.

      Batzuetan, metro batzuk lurzoru lau lortzearren ordenarik gabe ebakitzen zituzten zuhaitzak eta ugatzen bat isolaturik utzi, eta honek trukean zamari bat hiltzen hartzen zuen mendekua; edo pekariei arreske zeudela eraso egitearen baldarkeriagatik, basurde txikiok munstro oldarkor bihurtzen ziren. Eta bazeuden petrolio instalazioetatik etorritako gringoak ere.

      Talde algaratsutan iristen ziren gudaroste batentzako adina armarekin, eta mendian barrena jotzen zuten mugi zitekeen oro akabatzeko prest. Krudelkeriaz jokatzen zuten tigrilloekin, kumeak edo eme ernariak bereizi gabe eta, geroago, alde egin baino lehen, argazkiak egiten zizkioten elkarri tantaietan jarritako dozenaka larruen ondoan.

      Gringoak joan eta larruak bertan geratzen ziren usteltzen esku artatsu batek ibaira botatzen zituen arte, eta bizirik geratzen ziren tigrilloek abelburu gosekilak destripatuz hartzen zuten mendekua.

      Antonio José Bolívar beren tokian mantentzeaz arduratzen zen, kolonoek oihana suntsituz gizaki zibilizatuaren obra handia eraikitzen zutelarik: basamortua, alegia.

      Baina animaliek gutxi iraun zuten. Biziraun zuten espezieak zuhurrago bilakatu ziren eta, shuarren eta Amazoniako beste kultura batzuen bideari jarraikiz, animaliak oihanean barrena joan ziren, ekialderanzko ezinbesteko exodoan.

      Antonio José Bolívar Proañori denbora guztia geratu zitzaion beretzat, eta aldi berean jakin zuen hortzak usteltzen ari zitzaizkiola eta irakurtzen bazekiela.

      Ahotik zerion arnasatsa eta masailetako min iraunkorrak sumatzean kezkatu zen hortzez.

      Sarritan ikusia zuen Rubicundo Loachamín doktorearen jarduna, honek sei hilero egiten zituen bidaietan, eta inoiz ez zuen bere burua oinazeen besaulkian imajinatu, egun batean mina jasanezin bihurtu eta kontsultategira igo beste irtenbiderik geratu ez zitzaion arte.

      —Doktore, hitz gutxitan, gutxi dauzkat. Nik neuk atera ditut gehiegi izorratzen nindutenak, baina atzekoekin ezin dut. Garbituidazu ahoa eta eztabaida dezagun plaka polit horietako baten prezioaz.

      Aldi hartantxe Sucre-tik estatuko funtzionario bikote bat jaitsi zen, eta alkatetxearen atariaren azpian mahai batekin jarri zirenez, zerga berriren baten biltzailetzat hartu zituzten.

      Alkateak konbentzitzeko bere gaitasun urri osoa erabili behar izan zuen bertako biztanle iheskorrak gobernu-mahaira eramateko. Han, boterearen bi mandatari aspertuek El Idilioko biztanleen isileko botoak biltzen zituzten, hilabete geroago izango ziren presidentziarako hauteskundeen zioz.

      Antonio José Bolívar ere iritsi zen mahaira.

      —Ba al dakizu irakurtzen? —galdetu zioten.

      —Ez naiz gogoratzen.

      —Ea ba. Zer jartzen du hemen?

      Mesfidantzaz, luzatu zioten papereraino hurbildu zuen aurpegia, eta harritu egin zen ikur ilunak dezifratzeko gai izateaz.

      —Hau-ta-gai-hautagai-jau-na-jauna.

      —Badakizu? Botoa emateko eskubidea daukazu.

      —Zer egiteko eskubidea?

      —Botoa ematekoa. Hautespen unibertsal eta sekreturakoa. Lehenengo magistraturarako aurkezten diren hiru hautagaietarik bat demokratikoki aukeratzekoa. Ulertzen al duzu?

      —Ezta tutik ere. Zenbat kostatzen zait eskubide hori?

      —Ezer ere ez, gizon. Horregatik da, ba, eskubidea.

      —Eta nori eman behar diot botoa?

      —Nori izango da ba? Bere gorentasunari, herriko hautagaiari.

      Antonio José Bolívarrek aukeratuari eman zion botoa eta, bere eskubidea erabiltzearen truke, botila bat Frontera eman zioten.

      Bazekien irakurtzen.

      Bere bizitza osoko aurkikuntzarik garrantzitsuena izan zen. Bazekien irakurtzen. Zahartzaroaren pozoi lazgarriaren aurkako antidotoaren jabe zen. Bazekien irakurtzen. Baina ez zeukan zer irakurri.

      Gogoz kontra, azkenik alkateak onartu egin zuen hari uztea ikusgai zeuzkan egunkari zaharrak, botere zentralarekiko bere lotura ukaezinaren froga zirenak, baina Antonio José Bolívarri ez zitzaizkion interesgarri iruditu.

      Kongresuan egindako hitzaldien lerroaldeak, non Bucaram ohoragarriak beste ohoragarri bati esperma ur bilakatzen zitzaiola ziurtatzen baitzuen, edo Artemio Matelunak bere lagunik onena hogei aiztokadaz, baina gorrotorik gabe, hil izanaren xehetasunak jasotzen zituen artikulua, edo Manta taldearen zaleek futbol zelaian arbitro bat irendu izana salatzeko kronika ez zitzaizkion iruditu irakurtzen aritzeko pizgarri nahikoak. Hori guztia urruneko mundu batean gertatzen zen, ulergarria izateko erreferentziarik gabe eta imajinagarri izateko gonbiterik gabe.

      Egun batean, garagardo kutxak eta gas-ontziekin batera, Elizako agintariek haurrak bataiatu eta ohaidegoak desagerrarazteko bidalitako apaiz aspertu bat ere jaitsi zen Sucre-tik. Hiru egunez geratu zen fraidea El Idilion, kolonoen herrixketara eramateko prest zegoen inor aurkitu gabe. Azkenean, bezeriaren ezaxolak gogaiturik, kaian eseri zen ontziak handik atera zezan itxarotera. Udamineko orduak emateko, liburu zahar bat atera zuen bere zorrotik eta irakurtzen saiatu zen logalearen borondatea berea baino handiagoa izan zedin arte.

      Apaizaren eskuetan zegoen liburuak beitaren eragina izan zuen Antonio José Bolívarren begietarako. Pazientziaz itxaron zuen, apaizak, logurak garaiturik, albo batera erortzen utzi zuen arte.

      San Frantziskoren biografia zen eta epaixka gainikusi zuen, egiten ari zena ebaskeria barkaezina zela sentitzen zuela.

      Silabak elkartzen zituen eta, aurrera egin ahala, orrialde horietan zegoen guztia ulertzeagatiko antsiak, harrapatutako hitzak ahopeka errepikatzera bultzatu zuen.

      Apaiza esnatu zen eta dibertiturik begiratu zion Antonio José Bolívarri, sudurra liburuan sarturik zeukala.

      —Interesgarria al da? —galdetu zuen.

      —Barkatu, bikaintasun. Baina lotan ikusi dut berori eta ez dut molestatu nahi izan.

      —Interesatzen al zaizu? —errepikatu zuen apaizak.

      —Badirudi asko hitz egiten duela animaliei buruz —erantzun zuen herabeti.

      —San Frantziskok maite egiten zituen animaliak. Jainkoaren kume guztiak.

      —Neuk ere maite ditut. Neure moduan. Ezagutzen al du berorrek San Frantzisko?

      —Ez. Jainkoak ez zidan laket hori eman. San Frantzisko duela urte mordoa hil zen. Hau da, lurreko bizitza utzi zuen eta Sortzailearen ondoan bizi da orain betiereko.

      —Nolatan dakizu hori?

      —Liburua irakurri dudalako. Nire kuttunenetakoa da.

      Apaizak azal gastatua laztanduz nabarmentzen zituen hitzak. Antonio José Bolívarrek liluraturik begiratzen zion, bekaizkeriaren ziria sentituz.

      —Liburu asko irakurri al duzu?

      —Hainbat. Lehen, oraindik gazte eta begiak nekatzen ez zitzaizkidanean nire eskuetara iristen zen obra oro irensten nuen.

      —Liburu guztiak al dira santuei buruzkoak?

      —Ez. Munduan milioika eta milioika liburu daude. Hizkuntza guztietan idatziak eta gai guztiei buruzkoak, eta gizakientzako debekaturik egon beharko lukeenik ere badago.

      Antonio José Bolívarrek ez zuen zentsura hura ulertu, eta begiak apaizaren eskuetan, esku lodiak, liburuaren azal ilunaren gaineko esku zuri haietan tinkaturik zeuzkala segitu zuen.

      —Zertaz hitz egiten da gainerako liburuetan?

      —Esan dizut. Gai guztiez. Batzuetan abenturez, zientziaz, izaki bertutetsuei buruzko historiez, teknikaz, maitasunaz,...

      Azkeneko horrek interesa piztu zion. Maitasunari buruz abestietan aipatzen zena zekien, batez ere Julito Jaramillok abesten zituen pasilloetakoa, guayaquildar txiroarenaren antzeko haren ahotsak pilazko irratitik ihes egin eta gizakiak goibel uzten zituenetakoa. Pasilloen arabera, maitasuna ezpara ikusezin baten koska bezalakoa zen, baina guztiek aurkitu nahi zuten.

      —Nolakoak dira maitasun liburuak?

      —Uste dut, tamalez, ezin izango dizudala horretaz hitz egin. Pare bat baino ez dut irakurri.

      —Berdin dio. Nolakoak dira?

      —Beno, elkar ezagutu, elkar maite eta zoriontsu izaten eragozten dieten oztopoak gainditzearren borrokatzen duten bi pertsonaren istorioa kontatzen dute.

      Sucre-tiko deiak abiatzeko garaia zela iragarri zuen eta ez zen ausartu apaizari liburua utz ziezaion eskatzera. Bai utzi zizkion, ordea, irakurtzeko gogo biziagoak.

      Eurite osoa irakurle ezgauzaren bere zoritxarra mamurtzen iragan zuen, eta lehenbizikoz ikusi zuen bere burua bakardadearen animaliaren erasopean. Piztia zuhurra. Beraren ahotsaz jabetzeko ustekaberik txikienaren zain beti, entzulegorik gabeko hitzaldi luzeak egitera kondenatzen zuen.

      Zer irakurri eskuratu behar zuen eta horretarako El Idiliotik irten egin behar zuen. Baliteke oso urrunera joan behar ez izatea, agian El Doradon egongo zen libururik zeukan norbait, eta behin eta berriz astintzen zuen burua nola eskuratu pentsatzen.

      Atertu zuenean oihana animalia berriz bete zen, eta orduan irten zen txabolatik eta, eskopeta, hainbat metro soka eta behar bezala zorrozturiko aihotza harturik, mendian barrena abiatu zen.

      la bi aste eman zituen bertan, gizaki zuriek preziatzen zituzten animalien lurraldeetan.

      Tximinoen lurraldean, landaretza garaiko lurralde zen hartan, dozena batzuk koko hustu zituen harrapagailuak prestatzeko. Shuarrekin ikasi zuen eta ez zen zaila. Nahikoa zen kokoak hazbetetik beherako diametroko ebakidura eginez hustea, beste aldean soka bat pasatzeko moduko zuloa egitea eta barrutik korapilo itsu estu batez segurtatzea. Sokaren beste muturra enbor bati lotzen zitzaion eta, azkenik, kalabazan uharri batzuk sartzen ziren. Tximinoak, goitik begira zeudenak, bera joan eta berehala jaitsiko ziren kalabazen edukia ikustera. Hartuko zituzten, eragingo zieten eta, uharrien txintxirrin-hotsa entzutean, eskua sartuko zuten ateratzen saiatzeko. Eskuan harritxo bat eduki bezain laster, eskuan hertsatu, zeken halakoak!, eta handik ateratzeko alferreko borrokan arituko ziren.

      Harrapagailuak gertatu eta, tximinoen lurraldea utzi baino lehen, papaiondo altu bat bilatu zuen, arrazoi osoz tximinoaren papaiondo deituriko horietako bat, haiek baino ez baitzuten lortzen eguzkiak eztitutako fruitu goxo-goxoetaraino heltzea.

      Enborra astindu zuen mami lurrintsuko bi fruitu erori ziren arte, eta loro, papagaio eta tukanen lurralderantz abiatu zen.

      Fruituak zorroan zeramatzan eta oihaneko argiuneen bila ibiltzen zen, aurkitu nahi ez zituen animaliak saihesteko.

      Ataka batzuek landaretza hostotsuko gune batera eraman zuten; lekua liztor-habia eta erle langileen abaraskaz beterik zegoen, eta txori-kakaz lohiturik toki guztietatik. Abarrartean sartu ahala, zenbait ordu iraungo zuen isiltasuna sortu zen, hegaztiak beraren presentziara ohitu ziren arte.

      Liana eta aihenez ehun itxizko bi kaiola egin zituen, eta prest eduki zituenean yahuasca-landareak bilatu zituen.

      Orduan papaiak xehatu zituen, fruituen mami usaintsu horia yahuasca-sustraiak aihotzaren eskutokiaz kolpatuz lortutako zukuaz nahasi zuen eta, erretzen zuela, nahasketa irakin arte itxaron zuen. Dastatu zuen. Zapore goxo eta gogorra zeukan. Pozik erreka bateraino urrundu, bertan kanpatu eta arrainez ase zen.

      Biharamunean, harrapagailuez lortutako arrakasta egiaztatu zuen.

      Tximinoen lurraldean, kalabazetan harrapaturiko ukabil itxiak askatzeko ahalegin antzuak ahiturik aurkitu zuen dozena bat animalia. Hiru bikote gazte aukeratu, kaioletako batean sartu eta askatu egin zituen gainerako tximinoak.

      Geroago, fruitu hartzituak utziak zituen lekuan, jarrera pentsaezinetan lo zegoen makina bat loro, papagaio eta bestelako hegazti aurkitu zuen. Batzuk kordokatuz ibiltzen saiatzen ziren edo, hegoak koordinaziorik gabe astinduz, hegal egiteko ahaleginetan zebiltzan.

      Kaiola batean sartu zituen urdin eta urre koloreko guakamaio bikote bat eta shapul lorotxoen beste bat, berbatiak zirelako oso preziatuak zirenak, eta agur esan zien gainerako hegaztiei itzarraldi ona opatzen ziela. Bazekien mozkorraldiak egun pare bat iraungo ziena.

      Harrapakina bizkarretik zintzilik zeramala itzuli zen El Idiliora, eta Sucre-ko tripulazioak zamaketa lanak amai zitzan itxaron zuen patroiarengana hurbiltzeko.

      —Kontua da El Doradorako bidaia egin behar dudala eta ez daukadala dirurik. Zuk ezagutzen nauzu. Eramaten banauzu harantzago ordainduko dizut, animaliatxoak saltzean.

      Patroiak begiratu bat egin zien kaiolei, hainbat egunetako bizarrean hatz eginez erantzun baino lehen.

      —Lorotxo horietako batekin ordaindutzat emango dut bidaia. Aspaldi agindu nion bat semeari.

      —Orduan bikote bat utziko dizut aparte eta itzultzeko bidaia ere geratzen da ordaindurik horrela. Gainera, txoriño hauek tristuraz hiltzen dira bananduz gero.

      Bidaian zehar Rubicundo Loachamín doktorearekin mintzatu zen eta bere bidaiaren arrazoien berri eman zion. Dentistak dibertiturik entzuten zion.

      —Baina, agure, liburuak nahi bazenituen, zergatik ez zenidan ekartzeko enkargua egin? Ziur Guayaquilen lortuko nizkizula.

      —Estimatzen da, doktore. Kontua da oraindik ez dakidala zer liburu mota irakurri nahi dudan. Baina jakin bezain laster eskaintzaren ordaina hartuko dizut.

      El Dorado ez zen, inola ere, hiri handia. Ehun bat etxe zeuzkan, haietako gehienak ibaiaren aurrean lerrokaturik, eta haren garrantzia polizi kuartela, gobernuaren bulego pare bat, eliza bat eta ikasle gutxi izaten zuen eskola publikoa edukitzean zetzan. Antonio José Bolívarrentzat, oihanetik irten gabe berrogei urte eman ondoren, aspaldi ezagutzen zuen mundu erraldoira itzultzea zen.

      Dentistak eskolako maistra, bere asmoetan lagun ziezaiokeen pertsona bakarra, aurkeztu zion, eta agureak gaua eskolaren esparruan —sukaldea ere bazeukan kanaberazko gela eskerga bat— gaua ematerik eduki zezan ere lortu zuen, etxeko lanetan eta belartegi baten prestaketan laguntzearen truke.

      Tximinoak eta loroak saldutakoan, maistrak bere liburutegia erakutsi zion.

      Hunkitu egin zen hainbeste liburu batera ikustean. Maistrak berrogeita hamar bat zeuzkan oholezko armairu batean ordenaturik, eta lupa erosi berriaren laguntzaz gainbegiratzeko zeregin atseginari ekin zion.

      Bost hilabete izan ziren bere irakurle-lehentasunak sortzen eta lantzen eman zituenak, aldi berean zalantzaz eta erantzunez betetzen zela.

      Geometria testuak ikustean, irakurtzea benetan merezi zuenetz galdetzen zion bere buruari, eta liburu horietatik umore txarreko uneetan bota ohi zuen esaldi luze bat gorde zuen: “Hipotenusa angelu zuzenaren aurreko aldea da triangelu errektangeluarrean”. Geroago esaldiak harridura sortarazten zien El Idilioko biztanleei eta aho-korapilo ergela edo ernegu erantzunezina bailitzan hartzen zuten.

      Historia testuak gezur bilduma iruditu zitzaizkion. Nola liteke jauntxo zurbil horiek, eskularruak ukondoetaraino eta sokagainkari-galtza estuak jantzirik, gudak irabazteko gai izatea? Nahikoa zen haizeak kulunkatzen zituen ile kiribil ondo-zainduei begiratzea morroi haiek euli bat ere hiltzeko gai ez zirela konturatzeko. Beraz gertakari historikoak baztertu egin zituen gustuko irakurketetatik.

      Edmundo D’Amicis eta Corazón-ek lanpeturik eduki zuten El Doradon eman zuen denboraldiaren ia erdia. Hortik zihoan kontua. Eskuei itsasten zitzaien liburua zen, eta begiek txiriak egiten zizkioten nekeari irakurtzen segitzeko, baina hainbestetan joaten da pegarra iturrira ezen arratsalde batean bere buruari esan baitzion hainbesteko pairamena ezinezkoa zela eta hainbesteko zoritxarra ez zela gorputz bakar batentzakoa. Txerri galanta izan behar zuen batek El Pequeño Lombardo bezain mutiko gizaixo bat horrela sufriarazteko, eta, azkenik, liburutegi osoa miatu ondoren, benetan nahi zuena aurkitu zuen.

      Florence Bardayren El Rosario-k maitasuna biltzen zuen, maitasuna barra-barra. Pertsonaiek sufritu egiten zuten eta hain modu ederrean nahasten zituzten zoriona eta pairamenak, ezen lupa malkoz lurruntzen baitzitzaion.

      Maistrak, beraren irakurle gustuekin oso ados ez zegoena, liburua eramaten utzi zion, eta berarekin itzuli zen El Idiliora leihoaren aurrean behin eta berriz irakurtzeko, orain dentistak ekarriko zizkion liburuekin egingo zuen bezala, liburuak hantxe baitzeuzkan zain aierukor eta horizontal mahai garaiaren gainean, Antonio José Bolívar Proañok gogoratu nahi ez zuen iraganaldiranzko begiratu desordenatuarekiko zerikusirik ez zeukatela, hobe baitzen oroimenaren putzuak irekirik utzi eta denbora baino iraunkorragoak ziren maitasunen poz eta oinazeez betetzea.

 

Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997