Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Bosgarren atalburua
Arratsaldeko lehenengo itzalekin batera iritsi zen uholdea eta handik minutu gutxira ezinezkoa zen norberaren beso luzatutik harantz ikustea. Agurea hamakan etzan zen logura noiz etorriko zain, uneoroko uraren marmara bortitz eta monokordeak kulunkaturik. Antonio José Bolívar Proañok lo gutxi egiten zuen. Gehienez bost orduz gauez eta bi orduz bazkalosteko lokuluxkan. Horrekin nahikoa zeukan. Denboraren gainerakoa eleberrietarako, maitasunaren misterioei buruzko gogoeta egiteko eta istorioak gertatzen ziren tokiak imajinatzeko erabiltzen zuen. Paris, Londres edo Geneva izeneko hiriei buruz irakurtzean, buru-ahalegin izugarria egin behar izaten zuen imajinatzeko. Behin baino ez zuen hiri handi bat bisitatu, Ibarra, eta berorretaz kale harriztatuak, etxe baxuak, maila berekoak, denak zuriak, eta katedralaren aurrean paseatzen ari zen jendez beteriko Armen plaza baino ez zituen gogoratzen zehaztasun handirik gabe. Horixe zen munduaz zeukan erreferentziarik handiena, eta Praga edo Bartzelona bezalako izen urrun eta serioko hirietan gertatutakoak irakurtzean, Ibarra, bere izenagatik, ez zela maitasun handietarako hiri aproposa iruditzen zitzaion. Amazoniarako bidaian, bera eta Dolores Encarnación del Santísimo Sacramento Estupiñán Otavalo beste bi hiritatik ere, Loja eta Zamoratik, igaro ziren, baina azaletik baino ez zituzten ikusi, eta ezin zuen esan haietan maitasunak tokirik aurki zezakeen. Baina, batez ere, elurra imajinatzea gustatzen zitzaion. Umetan ere ikusi zuen Imbabura sumendiaren ertzetan, lehortzeko zabalduriko arkume-larrua bezala, eta batzuetan nabarmenkeria barkaezina irizten zion eleberrietako pertsonaiek zikinduko zutelako kezkarik gabe zapaltzeari. Euririk ari ez zuenean, gauez hamaka utzi eta ibaira jaisten zen bere burua garbitzera. Berehala prestatzen zituen egunerako arroz-portzioak, banana berdea xerratan frijitzen zuen, eta tximino-okelarik edukiz gero zati handiak prestatzen zituen bazkarirako. Kolonoei ez zitzaien tximino-okela gustatzen. Ez zuten ulertzen okela gogor eta trinko hark elefante bazkaz elikaturiko txerri edo behien okelak baino askoz proteina gehiago zeukala, hori ur hutsa baitzen eta ez zeukan inolako zaporerik. Bestalde, tximino-okela luzaroan murtxikatu behar zen, eta berezko hortzik ez zeukatenei, batez ere, gorputza alferrik bete gabe asko jan izanaren zentzazioa eragiten zien. Bazkaria jaisteko, burdinazko callanan xigortu eta harriaz ehotutako kafe mingotsa edaten zuen, panelaz eztitua eta Frontera txorrotadatxo batzuez sendotua. Euritean zehar gauak luzeak izaten ziren eta hamakan geratzeko laketari eutsi ohi zion txizalarriak edo goseak altxarazten zuen arte. Euritearen onena zera zen, nahikoa zela ibaira jaitsi, murgildu, harri batzuk mugitu eta lokatzezko zoruan hatzirrikatzea gosaltzeko dozena bat karramarro lodi lortzeko. Horrelaxe egin zuen goiz hartan. Biluzi zen, soka bat lotu zuen gerrian beste muturra pilote bati sendo lotu ondoren, badaezpada bat-bateko uhandia edo noraezean zebilkeen enborren bat bazetorren, eta ura ditiburuetara iristen zitzaiola murgildu egin zen. Ibaia lodi zihoan, bai eta hondoan ere, baina beraren esku adituek lokatza haztatu zuten harri bat mugitu ondoren, karramarroek euren orrika indartsuez hatzetatik heldu zioten arte. Aztoraturik mugitzen zen eskukada bat karramarro harrapaturik irten zen ur gainera, eta irtetekotan zegoen oihuak entzun zituenean. —Kanoa bat! Kanoa bat dator! Begirada zorroztu zuen ontzia ikusten saiatuz, baina euriak eragotzi egiten zion ezer ikustea. Ur-mantua atseden gabe erortzen zen, ibaiaren gainaldea hain bortizki zulatuz ezen ziskurik ere ez zen eratzen. Nor izango ote zen? Ero bat besterik ez zen zaparradaren erdian nabigatzera ausartuko. Oihuak errepikatzen zirela entzun zuen eta irudi zehaztugabe batzuk erdikusi zituen kairantz korrika. Jantzi egin zen, karramarroak ontzi batez estalirik utzi zituen eta, soinean plastikozko mantu bat jarririk, bera ere bertaratu zen. Gizonak albo batean geratu ziren alkatea zetorrela ikustean. Lodia alkandorarik gabe zetorren eta, euritako beltz zabal baten azpian babesturik, gorputz osotik zerion ura. —Zer arraio gertatzen da? —oihu egin zuen alkateak ertzera hurbiltzen zela. Erantzun gisa, zutoinetako bati loturiko kanoa seinalatu zioten. Urreketariek egindako ontzi zakar haietako bat zen. Erdi-murgildurik iritsi zen, zurezkoa zelako baino flotatzen ez zuela. Eztarria txikiturik eta besoak urraturik zeuzkan gizaki baten gorpua zegoen barruan kulunka. Eskuetan, ontziaren alboetatik agertzen zirenak, arrainek hozkaturiko atzamarrak ikusten ziren, eta ez zeukan begirik. Haitz-oilarrak, txori gorri txiki eta indartsu horiek, eurijasaren erdian hegaz egoteko gai diren bakarrak, arduratuak ziren aurpegiera oro kentzeaz. Alkateak gorpua igo zezaten agindu zuen, eta kaiko oholen gainean eduki zutenean ahoagatik ezagutu zuten. Napoleon Salinas zen, aurreko arratsaldean dentistak urgatzia zuen urreketaria. Salinas, usteldutako hortzak atera beharrean urre-pipitez estaltzea nahiago zuten gizaki bakanetakoa zen. Urrez beterik zeukan ahoa eta orain mirespenik sortarazten ez zuen irribarre batez erakusten zituen hortzak, euriak ilea lisatzen zion bitartean. Alkateak agurea bilatu zuen begiradaz. —Eta? Katemea berriro? Antonio José Bolívar Proaño ontzian preso utziak zituen karramarroak burutik kendu gabe makurtu zen hildakoaren ondoan. Samako zauria ireki zuen, besoetako urradurak aztertu zituen, eta azkenik buruaz baietz adierazi zuen. —Zer arraio, bat gutxiago. Lehen edo gero gastatu behar zitzaion honi arnasa —iruzkindu zuen alkateak. Lodia zuzen zegoen. Euritean zehar urreketariak txarto eraikitako euren txaboletan egoten ziren, gehiegi irauten ez zuten aterruneen zain, hodeiek geroago euren zama kemen handiagoz botatzeko hartzen zituzten atsedenaldiak baino ez zirenak. Hitzez hitz hartzen zuten denbora urrea delako adierazpena eta euriak atsedenik hartzen ez bazuen berrogeietan jolasten zuten irudi sarritan ezagutezinak zeuzkaten kartez, elkar gorrotatuz, makil erregearen tantaiaren jabe izan nahiz, elkarrenganako gutiziaz, eta gauza arrunta zen uholdea amaitutakoan haietako batzuk desagertu izana, auskalo korronteak ala oihanaren aseezintasunak irentsirik. Batzuetan, El Idilioko kaitik gorpu puzturen bat ikusten zuten uhandiak eramandako adar eta enborren artean iragaten, eta inor ez zen ateratzeaz arduratzen. Napoleon Salinasek zintzilik zeukan burua, eta beso urratuek baino ez zuten erakusten bere burua defendatzen saiatu zela. Alkateak poltsikoak hustu zituen. Agiri identifikagarri ajatu bat, txanpon batzuk, tabako-hondarrak eta larruzko poltsatxo bat aurkitu zituen. Berau ireki eta hogei urre-pipita, arroz aleak bezain txikiak, zenbatu zituen. —Ea ba, aditu, zer uste duzu? —Zuk uste duzun gauza bera, gorentasun. Berandu irten zen hemendik, nahiko mozkorturik, eurijasak ustekabean harrapatu zuen eta ertzera hurbildu zen gaua emateko. Hortxe eraso zion emeak. Zauriturik egon arren, kanoaraino iristea lortu zuen, baina arin odolustu zen. —Pozten naiz ados egoteaz —esan zuen lodiak. Alkateak, eskuak libre edukitzeko, euritakoari eusteko agindu zion hara bilduak zirenetako bati, eta urre-pipitak banatu zituen guztien artean. Euritakoa berriro hartu ondoren, oinaz bultzatu zuen hildakoa berau uretara buruz erori arte. Gorpua astuntasunez murgildu zen eta euriak eragotzi egin zuen non azaleratu zen ikustea. Pozik, alkateak astindu egin zuen euritakoa joateko keinu gisa, baina inork ez zuela imitatzen eta guztiek agureari begiratzen ziotela ikusita, txu egin zuen haserre. —Beno, amaitu egin da antzerkia. Zeren zain zaudete? Gizonek agureari begira segitzen zuten. Hitz egitera behartu zuten. —Kontua da norbait nabigatzen ari denean gauak harrapatzen badu, zein ertzetara hurbiltzen da gaua emateko? —Seguruenera. Gurera —erantzun zuen lodiak. —Zeuk esan duzu, gorentasun. Gurera. Beti aukeratzen da alde hau, bat-batean kanoa galduz gero, herrixkara aihotzaz bidea irekiz itzultzeko aukera geratzen delako. Horixe pentsatu zuen Salinas gizaixoak. —Eta? Zer garrantzi dauka horrek orain? —Garrantzi handia. Pentsatzen jarriz gero, animalia ere alde honetan dagoela konturatuko zara. Eguraldi honekin tigrilloak ibaian sartzen direla uste duzu ala? Agurearen hitzek iruzkin urduriak sortarazi zituzten, eta gizonek alkatearengandik entzun nahi izan zuten zerbait. Izan ere, agintariek zerbait praktikotarako balio behar zuten eta. Lodiak erasoa bailitzan sentitzen zuen itxaronaldia eta, kokot gizena euritako beltzaren azpian kuzkurtuz, gogoeta egiten ari zenaren plantak egiten zituen. Euria areagotu egin zen, eta gizonak estaltzen zituzten plastikozko poltsak bigarren azala bailiran itsatsi zitzaizkien. —Piztia urrun dabil. Ez al duzue ikusi nola zetorren hilotza? Begirik gabe eta animaliek erdi janda. Hori ez da ordubetean gertatzen, ezta bostean ere. Ez dut arrazoirik ikusten praketan kaka egiteko —bota zuen alkateak harroputz. —Baliteke. Baina egia da hildakoa guztiz hotz ez zetorrena ere, eta ez zerion kiratsik —erantsi zuen agureak. Ez zuen beste ezer esan eta ez zen alkatearen beste ezein iruzkinen zain ere geratu. Buelta egin eta joan egin zen karramarroak frijiturik ala egosirik jango zituen pentsatzen. Txabolan sartzean, euri-geruzaren artetik alkatearen ingurumari bakarti eta gizena ikusi ahal izan zuen kaian euritakoaren azpian, oholen gainean hazi berri zen onddo erraldoi eta ilun bat bezala.
Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea |