Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997

 

Bigarren atalburua

 

      Alkatea, funtzionario bakarra, agintari gorena eta beldurrik sortarazteko urrunegi zegoen boterearen ordezkaria, etengabe izerditzen zen gizon lodia zen.

      Bertakoen esanetan, izerdi-jarioa Sucre-tik jaitsi eta lurra zapaldu bezain laster hasi zitzaion, eta harez geroztik ez zion utzi zapiak lauskitzeari, eta horrexegatik bereganatu zuen Barea goitizena.

      El Idiliora iritsi baino lehen kargua mendialdeko hiri handiren batean izan zuela ere xuxurlatzen zuten, eta iruzurren batengatik ekialdeko bazter galdu horretara bidali zutela zigor gisa.

      Izerditu egiten zen, eta beraren beste eginkizuna garagardo hornidura administratzea zen. Bere bulegoan jesarririk, zurrutada laburretan edanez iraunarazten zituen botilak, jakin bazekielako hornidura amaitutakoan errealitatea are etsigarriagoa izango zela.

      Zortea bere alde zeukanean, gerta zitekeen lehortea whiskyz ondo hornituriko gringoren baten bisitaldiaz saritzea. Alkateak ez zuen pattarrik edaten gainerako bertakoek bezala. Fronterak lokamutsak sortarazten zizkiola baieztatzen zuen eta erotasunaren mamuak jazarririk bizi zen.

      Emakume indio batekin bizi zen egun zehaztugabe batetik eta basakeriaz kolpatzen zuen, sorgindua zuela leporatzen ziola, eta guztiek espero zuten emakumeak hil zezan. Apustuak ere egiten ziren horren inguruan.

      Iritsi zen unetik bertatik, zazpi urte lehenago, guztien gorrotoa bereganatu zuen.

      Arrazoi ulertezinengatiko zergak kobratzeko setakeriaz etorri zen. Arrantza eta ehizarako baimenak ere saldu nahi izan zituen lurralde gobernaezin hartan. Estatu guztiak baino antzinakoagoa zen oihanean zur hezea batzen zuten egurketariei gozamenagatiko eskubidea kobratu nahi izan zien, eta gehiegizko ardura zibikozko goraldi batean, ordena publikoa nahasteagatik isunak ordaindu nahi ez zituzten mozkortiak atxilotzeko kanaberazko txabola bat eraikitzeko agindu zuen.

      Bera pasatzean mesprezuzko begiradak zuzentzen zizkioten, eta haren izerdiak bertakoen gorrotoa areagotzen zuen.

      Aurreko agintaria, ordea, gizon maitatua izan zen. Bizi eta utzi bizitzen zen haren leloa. Berari zor zizkioten ontziaren etorrerak eta postariaren eta dentistaren bisitaldiak, baina gutxi iraun zuen bere karguan.

      Arratsalde batean liskarra izan zuen urreketari batzuekin, eta handik bi egunera burua aihozkadaka irekirik eta inurriek erdi janda aurkitu zuten.

      El Idilio bi bat urtez egon zen inolako mugapenik ez zeukan oihan haren subiranotasun ekuadortarra jagongo zuen agintaririk gabe, botere zentralak zigorturikoa bidali zuen arte.

      Astelehenero —obsesioa zeukan astelehenekin— kaiko makil batean bandera goratzen ikusten zuten, ekaitz batek trapua oihanean barrena eraman zuen arte; eta berarekin batera, inori axola ez zioten astelehenen ziurtasuna ere eraman zuen.

      Alkatea kaira iritsi zen. Zapi batez igurzten zituen aurpegia eta sama. Lauskitzen zuela, hilotza jasotzea agindu zuen.

      Gizon gaztea zen, berrogei urtetik beherakoa, ilehoria eta gorpuzkera indartsukoa.

      —Non aurkitu duzue?

      Shuarrek elkarri begiratu zioten, erantzun ala ez erantzuteko zalantzaz.

      —Ez al dute oihandar hauek gazteleraz ulertzen? —marmaratu zuen alkateak.

      Indioetako batek erantzutea erabaki zuen.

      —Ibaian gora. Bi eguneko ibilian.

      —Utzidazue zauria ikusten —agindu zuen alkateak.

      Bigarren indioak hildakoaren burua mugitu zuen. Intsektuek eskuineko begia jana zioten eta ezkerrekoak dirdira urdina zeukan oraindik. Kokotsean hasi eta eskuineko lepoan amaitzen zen urradura bat agertzen zuen. Zauritik arteria-puskak eta har albino batzuk azaltzen ziren.

      —Zeuek hil duzue.

      Shuarrek atzera egin zuten.

      —Ez. Shuarrek ez hiltzen.

      —Ez esan gezurrik. Aihozkada batez garbitu duzue. Argi ikusten da.

      Lodi izerditsuak errebolberra atera eta indio harrituei destatu zien.

      —Ez. Shuarrek ez hiltzen —ausartu zen errepikatzera lehenago ere hitz egin zuena.

      Alkateak armaren eskutokiaz kolpe bat emanez isilarazi zuen.

      Odol-haritxo mehar bat isuri zitzaion shuarraren kopetari.

      —Ez hartu ni lelotzat. Zeuek hil duzue. Goazen. Alkatetxean esango dizkidazue arrazoiak. Mugitu, basatiok. Eta zu, kapitain, presta zaitez ontzian bi preso eramateko.

      Sucre-ko patroiak soinak goratu beste erantzunik ez zuen eman.

      —Barkatu. Egiatik aterea zabiltza. Hau ez da aihotzez egindako zauria —entzun zen Antonio José Bolívarren ahotsa.

      Alkateak amorruz lauskitu zuen zapia.

      —Eta zuk, zer dakizu?

      —Ikusten dudana dakit nik.

      Agurea hilotzera hurbildu zen, makurtu, burua mugitu zion eta atzamarrez ireki zuen zauria.

      —Ikusten al duzu haragia ilaratan ebakirik dagoela? Ikusten al duzu masailean sakonagoak direla eta jaitsi ahala azalekoagoak direla? Ikusten al duzu bat beharrean lau ebaki dauzkala?

      —Zer arraio esan nahi didazu?

      —Ez dagoela lau ahoko aihotzik. Erpakada. Katuki baten erpakada da. Animalia heldu batek hil zuen. Etorri. Usaindu.

      Alkateak garondotik pasatu zuen zapia.

      —Usaindu? Ikusten dut, ba, usteltzen ari dela.

      —Makurtu eta usaindu. Ez izan ez hildakoaren ez harren beldur. Usaindu arropa, ilea, dena.

      Nazka gaindituz, lodia makurtu egin zen eta txakur beldurtiaren keinuez usaindu zuen, gehiegi hurbildu gabe.

      —Zeren usaina dauka? —galdetu zuen agureak.

      Beste kuxkuxero batzuk ere hurbildu ziren hondarrak usaintzera.

      —Ez dakit. Nola jakingo dut ba? Odolarena, harrena —erantzun zuen alkateak.

      —Katu-txizen kiratsa dauka —esan zuen begiluzeetako batek.

      —Katemearenak. Kateme handiren baten txizenak —zehaztu zuen agureak.

      —Hori ez da hauek hil ez zutelako froga.

      Alkatea bere agintea berreskuratzen saiatu zen, baina bertakoen arreta Antonio José Bolívarrengan zetzan.

      Agureak berriro aztertu zuen hilotza.

      —Eme batek hil zuen. Arra hortik ibiliko da, zauriturik beharbada. Emeak hil zuen eta berehala txiza egin zion markatzeko, beste piztiek jan ez zezaten bera arraren bila zihoan bitartean.

      —Atso kontuak. Oihandar hauek hil zuten eta gero katu-txizez busti zuten. Zuek edozein lelokeria sinesten duzue —adierazi zuen alkateak.

      Indioek ihardetsi nahi izan zuten, baina eurei destatzen zien kanoia isilik egoteko agindu hertsia zen.

      —Eta zergatik egingo zuten? —esku hartu zuen dentistak.

      —Zergatik? Harritzen nau zure galderak, doktore. Lapurtzeko. Zertarako, bestela? Basati hauek ez ditu ezerk ere geldiarazten.

      Agureak gogaiturik mugitu zuen burua eta dentistari begiratu zion. Honek ulertu egin zuen Antonio José Bolívarrek nahi zuena eta hildakoaren ondasunak biltzen lagundu zion.

      Esku-erlojua, iparrorratza, diruzorroa diruarekin, bentzinazko txiskeroa, ehizarako aiztoa, zaldi-buru bat eskegita zeraman zilarrezko katea. Agurea haien hizkuntzan mintzatu zitzaion shuarretako bati eta indioak kanoara egin zuen jauzi eta olana berdezko motxila bat eman zion.

      Zabaltzean eskopetarako munizioa eta bost tigrillo txiki-txikiren larruak aurkitu zituzten. Laurdena baino gutxiagoko neurria zeukaten katu pikardatuen larruak. Gatzeztaturik zeuden eta kiratsa zerien, ez hildakoari bezainbat, hala ere.

      —Beno, gorentasun, uste dut auzia konpondurik daukazula —esan zuen dentistak.

      Alkateak, izerditzeari utzi gabe, shuarrei, agureari, bertakoei, dentistari begiratzen zien eta ez zekien zer esan.

      Indioek, larruak ikusi bezain laster, hitz urduriak elkarri esan eta kanoetara jauzi egin zuten.

      —Geldi! Zuek itxaron hemen nik besterik erabaki arte —agindu zuen lodiak.

      —Utzi joaten. Badaukate alde egiteko arrazoirik. Ala oraindik ez duzu ulertzen?

      Agureak alkateari begiratu eta burua astintzen zuen. Bat-batean larruetako bat hartu eta jaurtiki egin zion. Lodi izerditsuak nazka-keinu batez jaso zuen.

      —Pentsatu, gorentasun. Hainbeste urtez hemen eta ez duzu ezer ikasi. Pentsatu. Gringo putasemeak kumeak hil zituen eta ziur arra zauritu zuela. Begiratu zeruari, euria ekartzear dago. Osatu koadroa. Emea ehizan irtengo zen gilborra bete eta lehenengo euri-asteetan eradoskitzeko. Kumetxoak titia kendu gabe zeuden eta arra zaintzen geratu zen. Horrela egiten dute piztiek, eta horrelaxe aurkituko zituen gringoak. Orain emea oinazeak eroturik dabil hor zehar. Orain gizakiaren ehizan dabil. Gauza erraza izango zitzaion gringoaren aztarnari jarraitzea. Zoritxarrekoak bizkarretik zintzilik zeraman emeak azterkatu zuen esne-usaina. Dagoeneko gizon bat hil du. Giza odolaren zaporea dastatu eta ezagutu du jadanik, eta animaliaren garun txikiaren ustez gizaki guztiok gara bere kumaldiaren asasinoak, beretzat guztiok daukagu usain bera. Utzi shuarrek alde egin dezaten. Euren herrixkan eta ingurukoetan abisatu behar dute. Iragaten den egun bakoitzean emea etsituago eta arriskutsuago bilakatuko da, eta herrixketatik hurbil bilatuko du odola. Gringo putaseme halakoa! Begira larruei. Txikiak, baliogabeak. Euria heltzear dagoela ehizan egitea, eta eskopetaz! Begira zenbat zulo daukaten. Konturatzen al zara? Zuk shuarrei leporatu diezu eta erruduna gringoa da. Sasoiz kanpo ehizan, eta debekaturiko espezieak, gainera. Eta arman pentsatzen ari bazara, ziurtatzen dizut shuarrek ez daukatela, hil zen tokitik oso urrun aurkitu zutelako. Ez al didazu sinesten? Begira botei. Orpoen aldea urraturik dago. Horrek esan nahi du emeak herrestan eraman zuela hil ondoren tarte luze batean. Begiratu alkandoraren urradurei, bularrean. Hortik heldu zion animaliak hortzez, tiratzeko. Gringo gizaixoa. Heriotza izugarria izango zuen. Begira zauriari. Erpeetako batek jugularra suntsitu dio. Ordu erdi inguru emango zuen agonian emeak oldeka zerion odola edaten zion bitartean, eta ondoren, animalia burutsuak, ibaiaren ertzeraino eraman zuen herrestan inurriek jan ez zezaten. Orduan txiza egin zion, markatzeko, eta arraren bila ibiliko zen shuarrek aurkitu zutenean. Utzi joaten, eta eskaiezu ertzean kanpaturik dauden urreketariei ohartaraz diezaieten. Oinazeak erotutako tigrilla bat hogei asasino baino arriskutsuagoa da.

      Alkateak ez zuen tutik erantzun eta El Doradoko polizi posturako gaztigua idaztera joan zen.

      Airea gero eta beroago, gero eta trinkoago sumatzen zen. Itsaskor, mintz zirikagarri baten antzera itsasten zitzaion azalari, eta ekaitzaren aurreko isilunea zekarren oihanetik. Une batetik bestera irekiko ziren zeruko uhertsigarriak.

      Alkatetxetik idazmakinaren tekleaketa geldoa heltzen zen, bi gizonek kaiko oholen gainean ahazturik itxaroten zuen hilotza garraiatzeko kaxoia amaitzen zuten bitartean.

      Sucre-ko patroia madarikaziotan zebilen zeru koipetsuari begiratuz eta behin eta berriz biraokatzen zuen hildakoa. Berak bete zuen kaxoia gatzezko ohantze batez, nahiz eta alferrekoa izango zela jakin.

      Oihanean hildako pertsona ororekin ohi zena egin behar zen, xedapen juridiko funts-gabeengatik ezin baitzen junglako argiuneren batean ahazturik utzi: samatik izterrondorainoko ebaki on bat ireki, tripak atera eta gorpua gatzez bete. Horrela itxuroso iristen ziren bidaiaren amaierara. Baina, kasu honetan, gringo madarikatu bat zen eta osorik eraman behar zen, harrek barrutik jaten zutela, eta lurreratzean zorne-zaku kirasduna besterik ez zen izango.

      Dentistak eta agureak ibaia nola igarotzen zen begiratzen zuten gas-ontzien gainean jesarririk. Aldika Frontera botila eskuz esku pasatzen zuten eta hosto gogorreko zigarroak erretzen zituzten, hezetasunak itzaltzen ez dituen horietakoak.

      —Arraioa!, Antonio José Bolívar, mutu utzi duzu bere gorentasuna. Ez nizun detektibe fazeta ezagutzen. Guztien aurrean umiliatu duzu, eta merezia du. Espero dut egunen batean jibaroek gezi bat sar diezaioten.

      —Bere emazteak hilko du. Gorrotoa metatzen ari da, baina oraindik ez du nahikoa bildu. Horretarako denbora baino ez da behar.

      —Begira. Hildakoaren istilu guztiarekin ia ahaztu dut. Bi liburu ekarri dizkizut.

      Agureari begiak piztu zitzaizkion.

      —Maitasunezkoak?

      Dentistak baietz esan zion.

      Antonio José Bolívar Proañok maitasun eleberriak irakurtzen zituen, eta dentistak, bere bidaia bakoitzean, zer-irakurri ekartzen zion.

      —Tristeak al dira? —galdetzen zuen agureak.

      —Uholdeka negar egitekoak —ziurtatzen zuen dentistak.

      —Benetan maite duen jendea agertzen dutenetakoak?

      —Inork sekula maite izan ez duen erakoak.

      —Asko sufritzen al dute?

      —la ezin izan nuen jasan —erantzuten zuen dentistak.

      Baina Rubicundo Loachamín doktoreak ez zuen eleberririk irakurtzen.

      Agureak, bere gustuak argiro adierazirik —oinazeak, zoritxarreko maitasunak eta zorioneko amaierak—, zer-irakurri ekartzeko mesedea eskatu zionean, dentistak betetzen zaila zen mandatu bati aurre egin behar ziola sentitu zuen.

      Uste zuen irrigarri geratuko zela Guayaquileko liburu-denda batean sartu eta «Emadazu eleberri triste bat, maitasun ziozko pairamen handikoa eta zorioneko amaieraduna» eskatzean. Maritxu zahartzat hartuko zuten, baina irtenbidea ustekabean aurkitu zuen kamingaineko putetxe batean.

      Dentistari emakume beltzak gustatzen zitzaizkion, lehenengo eta behin boxeolari jipoitu bat altxarazteko moduko hitzak esateko gai zirelako, eta, bigarrenik, ohean ez zirelako izerditzen.

      Arratsalde batean, Josefinarekin, danbor larrua bezain azal tinkoa zeukan esmeraldastar batekin, ihutika zebilen artean, liburu sorta bat ikusi zuen komodaren gainean ordenaturik.

      —Irakurtzen al duzu? —galdetu zuen.

      —Bai. Baina astiro-astiro —erantzun zuen emakumeak.

      —Eta nolako liburuak gustatzen zaizkizu gehien?

      —Maitasun eleberriak —erantzun zuen Josefinak, Antonio José Bolívarren gustu berberak erantsiz.

      Arratsalde hartatik aurrera Josefina txandaka aritu zen laguntza damaren zereginetan eta literatur kritikariarenetan, eta sei hilabetean behin, bere ustez oinazerik handiena agertzen zuten bi eleberriak aukeratzen zituen, geroago Antonio José Bolívar Proañok Nangaritza ibaiaren aurreko bere txabolan irakurriko zituen berberak.

      Agureak liburuak jaso zituen, azalak aztertu eta gustuko zituela adierazi zuen.

      Une horretan ari ziren kaxoia ontziratzen, alkateak maniobra jagoten zuela. Dentista ikustean, hurbil zekion agindu zion gizon bati.

      —Zergez ez ahazteko dio alkateak.

      Jadanik prest zeuzkan billeteak eman zizkion dentistak, eta erantsi zuen:

      —Bururatzea ere! Esaiozu hiritar zintzoa naizela.

      Gizona alkatearengana itzuli zen. Lodiak billeteak eskuratu zituen, patrika batean desagerrarazi eta dentista agurtu zuen esku bat kopetara eramanez.

      —Beraz zu ere harrapatu zaitu zergen kontu horrekin —iruzkindu zuen agureak.

      —Koxkak. Gobernuak hiritarrei ematen dizkieten horzkada traidoreez bizi dira. Eskerrak txakur txiki batekin jokatu behar duguna.

      Erre zuten eta beste zurrutada batzuk edan zituzten, ibaiaren betierekotasun berdea iragaten ikusten zutela.

      —Antonio José Bolívar, pentsakor ikusten zaitut. Bota.

      —Zuzen zaude. Ez zait kontua batere gustatzen. Ziur Barea arakaldia antolatzen ari dela, eta deitu egingo dit. Ez zait gustatzen. Ikusi al duzu zauria? Erpakada garbia. Animalia handia da eta erpeek bost bat zentimetro izango dute. Horrelako piztia bat, oso gosetuta badago ere, indartsua izaten da beti. Gainera euritea dakar. Aztarnak ezabatu egiten dira, eta goseak zuhurrago bihurtzen ditu.

      —Uko egin ahal diozu ehizan parte hartzeari. Zahar zaude horrenbesteko trostarako.

      —Ez pentsa. Batzuetan berriro ezkontzeko gogoa sortzen zait. Agian horrelako batean harritu egingo zaitut aitabitxi izan zaitezen eskatuz.

      —Gure artean, zenbat urte duzu, Antonio José Bolívar?

      —Gehiegi. Hirurogei bat, paperen arabera, baina nire izena oinez ikasia nuela inskribatu zutela kontutan harturik, esan dezagun hirurogeita hamarrerako bidean nagoela.

      Irteera iragartzen zuten Sucre-ko kanpai-hotsek agur esatera behartu zituzten.

      Ontzia ibaiaren bihurgune batek irentsirik desagertu zen arte geratu zen agurea kaian. Orduan, egun hartan jadanik ez zuela beste inorekin hitz egingo erabaki zuen eta ordezko horzdura kendu zuen, zapian bildu eta, liburuak bularraren kontra estutuz, bere txabolarantz abiatu zen.

 

Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997