Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997

 

Seigarren atalburua

 

      Karramarro goxoak jan ondoren, agureak ardura handiz garbitu zuen horzdura eta zapian bildurik gorde zuen. Jarraian, mahaiko gauzak jaso, janari-hondarrak leihotik bota, Frontera botila bat ireki eta eleberrietako bat aukeratu zuen.

      Alde guztietatik inguratzen zuen euriak eta egunak barnekotasun paregaberako parada eskaintzen zion.

      Eleberriak hasiera ona zeukan.

      «Paulek kartsuki musukatzen zuen neska, gondolariak, bere lagunaren abenturetan sopikun, beste alde batera begiratzearen plantak egiten zituen bitartean, eta gondola, kuxin gurinak zeuzkana, lasaiki irristatzen zen Veneziako kanaletan zehar».

      Pasartea hainbat aldiz irakurri zuen, ozenki.

      Zer arraio dira gondolak?

      Kanaletan zehar irristatzen ziren. Txalupak edo kanoak izango ziren eta, Pauli zegokionez, argi zegoen ez zela pertsona onestua, neskatxa «kartsuki» musukatzen baitzuen lagun eta sopikun zen haren aurrean.

      Gustatzen zitzaion hasiera.

      Zuzena iruditu zitzaion egileak hasieratik gaizkileak zeintzuk ziren argi zehaztea. Horrela gaizkiulertuak eta begikotasun merezigabeak ekiditen ziren.

      Musukatzeari buruz, nola zioen? «Kartsuki». Nola arraio egingo zen hori?

      Dolores Encarnación del Santísimo Sacramento Estupiñán Otavalo oso gutxitan musukatu izana gogoratu zuen. Agian aldi bakan horietakoren batean horrela, kartsuki, musukatu zuen, eleberriko Paulek bezala, baina berak jakin gabe. Edonola ere, oso musu gutxi izan ziren, emakumeak edo barre-algaraka erantzuten zuen edo bekatua izan zitekeela esaten zuelako.

      Kartsuki musukatzea. Musukatzea. Konturatu berri zen oso gutxitan egina zuela eta bere emaztearekin baino ez, shuarrentzat musu ematea ohitura ezezaguna baitzen.

      Gizon eta emakumeek elkar laztantzen zuten, gorputz osoa, eta ez zien axolarik beste pertsonarik ere egoteak. Maitasunaren unean ere ez zuten musurik ematen. Emakumeek nahiago zuten gizonaren gainean jesarri, jarrera horretan maitasuna bizikiago sentitzen zutelako argudioaz, horrela egintzan abesten ziren anentak are sentikorragoak baitziren.

      Ez. Shuarrek ez zuten musurik ematen.

      Gogoratu zuen, halaber, nola behin batean ikusi zuen urreketari bat emakume jibaro bat etzanarazten; kolono eta abenturazaleen artean pattar zurrutada bat erregutzen noraezean ibiltzen zen gizaixo bat zen. Gogoa zeukan orok eramaten zuen bazterrera larrua jotzera. Emakume gizaixoa, alkoholak zakarturik, ez zen konturatzen berarekin egiten zutenaz. Aldi hartan, abenturazalea, emakumea harearen gainean zegoela jarri zen haren gainean eta ahoa bilatu zion bereaz.

      Emakumeak basapizti baten erreakzioa izan zuen. Lurrera bota zuen gizona, harea-eskukada jaurtiki zion begietara eta disimulatu ezinezko nazkaz joan zen oka egitera.

      Hori baldin bazen kartsuki musukatzea, eleberriko Paul hori txerri hutsa zen.

      Bazkalosteko lokuluxkaren ordua iristerako lau bat orrialde irakurri eta hausnartuak zituen, eta haserre zegoen Venezia beste eleberri batzuetan ere aurkitutako hiriei esleituriko maskez imajinatzeko bere ezintasunagatik.

      Zirudienez, Venezian kaleak urpeturik zeuden eta, horregatik, jendeak gondolak behar zituen lekualdatzeko.

      Gondolak. «Gondola» hitzak liluratu egin zuen azkenik, eta bere kanoari horrelaxe deitzea otu zitzaion. Nangaritzako Gondola.

      Pentsamendu horietan murgildurik zegoela heldu zitzaion arratsaldeko ordu bietako lozorroa eta hamakan etzan zen irribarre maltzur batez, euren etxeetako ateak ireki eta lehenengo urratsa emateaz batera ibai batera erortzen ziren pertsonak imajinatuz.

      Arratsaldean, beste karramarro-betekada bat hartu ondoren, irakurtzen segitzea erabaki zuen, eta horretan hastekotan zegoen oihuteriak lekorarazi eta burua eurijasara ateratzera behartu zuenean.

      Zidorretik mando erotu bat zetorren korrika arrantza izugarrien artean, eta gerarazten saiatzen zirenei ostikoak jaurtikiz. Jakin-minak jota, plastikozko mantu bat jarri zuen soinean eta zer gertatzen zen ikustera irten zen.

      Senperrenaren ondoren lortu zuten gizonek animalia muzina inguratzea eta, ostikoak saihestuz, hertsigunea itxiz joan ziren. Batzuk erori eta lokatzez beterik altxatzen ziren, azkenik animalia bridatik hartu eta geldiaraztea lortu zuten arte.

      Mandoak zauri sakonak zeuzkan alboetan eta odol ugari zerion buruan hasi eta ilaia mehatzeko bularrean amaitzen zen urradura batetik.

      Alkateak, euritakorik gabe oraingoan, etzanaraz zezaten agindu zuen eta herio-danbada desarratu zion. Tiroak jo zuenean, animaliak ostiko pare bat jaurtiki zuen airean eta geldi geratu zen.

      —Alkaseltzer Mirandaren mandoa da —esan zuen baten batek.

      Gainerakoek baieztatu egin zuten. Miranda El Idiliotik zazpi bat kilometrora bizi zen kolono bat zen. Jadanik ez zituen lantzen mendiak ebatsitako bere lurrak, eta pattar, tabako, gatz eta Alkaseltzer —hortik zetorkion goitizena— saltoki miserablearen jabea zen. Urreketariek bertan erosten zuten herriraino joan nahi ez zutenean.

      Mandoa zelaturik iritsi zen, eta honek zaldizkoak nonbait egon behar zuela frogatzen zuen.

      Alkateak biharamunean goiz Mirandaren saltokirantz abiatzeko presta zitezen agindu zuen, eta bi gizoni mandoa zatikatzeko ardura esleitu zien.

      Aihotzak trebe aritu ziren euripean. Okela gosekiletan sartu, odoldurik irten eta, hezurren baten erresistentzia gainditzeko berriro erortzera zihoazenerako, zaparradak ezin hobeto garbiturik zeuden.

      Okela zatiak alkatetxearen atariraino eraman zituzten eta lodiak bertan zeudenen artean banatu zituen.

      —Aizu, zein zati nahi duzu, agure?

      Antonio José Bolívarrek gibel zati bat besterik ez zuela nahi erantzun zuen, lodiaren adeitasun erakuspenak bilaketa-taldean sarrarazten zuela ulertuz.

      Gibel zati beroa eskuan zeramala itzuli zen txabolara, animaliaren ataletarik burua eta beste zati erabiltezinak ibaira botatzeko zeramatzaten gizonen aurretik. Iluntzen ari zuen jadanik, eta euriaren marmarioaren artetik biktima berriaren tripa lokaztuak lortzearren liskarretan zebiltzan txakurren zaunka entzuten zen.

      Gibela erromero-ezpalak botaz frijitzen zuen bitartean, madarikatu egin zuen bere lasaitasunetik aterarazia zuen gertaera. Jadanik ezin izango zuen arreta irakurketan jarri, alkatea biharamuneko espedizioaren buru izango zela pentsatzera beharturik.

      Guztiek zekiten alkateak begitan hartua zuena eta seguruenik ezinikusia handiagoa zen hildako gringoa zela-eta shuarrekin izandako gertaeraren ostean.

      Lodiak arazoak sortarazi ahal zizkion, eta lehenagotik jakinarazia zion.

      Umore txarrez, ordezko horzdura ipini zuen eta gibel zati lehorrak mastekatu zituen. Askotan entzuna zuen urteen poderioz jakinduria heltzen dela, eta berak itxaron egin zuen, jakinduria horrek berak gehien nahi zuena, oroitzapenen norabidea gidatu eta beroriek sarritan jartzen zizkioten marroetan ez erortzeko gai izatea, alegia, eskain ziezaion itxaropenaz.

      Baina, berriro ere, marroan erori zen eta utzi zion eurijasaren marmario monotonoa entzuteari.

      Hainbat urte iraganak ziren El Idilioko kaira ordura arte inoiz ikusia ez zen ontzi bat iritsi zen goizetik. Motordun txalupa lau bat zen, zortzi bat pertsona, binaka jesarririk, eroso joatea ahalbidetzen zuena, kanoaz egindako bidaietako banakako ilara mangugarrian ez bezala.

      Ontzi bitxi horretan argazki-makinak, jakiak eta erabilpen ezezaguneko gailuak zeuzkaten lau iparramerikar iritsi ziren. Hainbat egun eman zuten alkatea lausengatzen eta whiskyz itotzen, lodia, oso prestu, haiekin agurearen txabolaraino hurbildu zen arte, Amazonia hoberen ezagutzen zuena zela esanez.

      Lodiari zurrut-kiratsa zerion eta behin eta berriz aipatzen zuen bere lagun eta lagunkidea zela, gringoek haiei ez-ezik euren makinen aurrean jartzen zen edozeri ere argazkiak egiten zizkioten bitartean.

      Baimenik eskatu gabe sartu ziren txabolara, eta haietako batek, algaraka barre egin ondoren, agurea Dolores Encarnación del Santísimo Sacramento Estupiñán Otavaloren ondoan azaltzen zeneko argazkia erosteko nahi sendoa adierazi zuen. Gringoa argazkia deseseki eta bere motxilan sartzen ausartu zen, eta trukean billete-sorta bat utzi zion mahai gainean.

      Kostatu zitzaion amorrua gainditu eta mintzatzen hastea.

      —Esaiozu putakume horri, argazkia zegoen tokian uzten ez badu eskopetaren bi kartutxoez potroak lehertuko dizkiodala. Eta argi eduki beti edukitzen dudala kargaturik.

      Arrotzek gaztelaniaz ulertzen zuten, eta ez zuten behar izan lodiak agurearen asmoak azal ziezazkien. Adeitsu, ulerkortasuna eskatu zien, lurralde haietan oroitzapenak sakratuak direla argudiatu zuen, eta ez zezaten gaizki har, ekuadortarrek, eta berak bereziki, oso begiko zituztela iparramerikarrak eta, haien asmoa oroigarri onak eramatea bazen, bera arduratuko zela emateaz.

      Argazkia betiko tokian eskegita eduki zuenean, agureak eskopetaren eraunskailuari eragin zion eta alde egiteko esan zien.

      —Zahar ugerdoa. Tratu bikain bat galarazten ari zatzaizkit. Biok ari gara tratu bikain bat galtzen. Itzuli egin dizu argazkia. Zer gehiago nahi duzu?

      —Alde egin dezaten. Ez dut traturik egiten besteen etxea errespetatzen ez dakitenekin.

      Alkateak zerbait erantsi nahi izan zuen, baina bisitariek itzultzerakoan egiten zuten mesprezuzko keinua ikusita, sumindu egin zen.

      —Zeuk egin beharko duzu alde, zahar ustelori.

      —Ni neure etxean nago.

      —A, bai? Inoiz ez al diozu zeure buruari galdetu norena den zure kobazulo nazkagarri hau daukazun lurzorua?

      Antonio José Bolívar erabat harriturik geratu zen galderaren zioz. Aspaldian eduki zuen goiburudun paper bat, bi hektarea lurren jabea zela benetakotzen zuena, baina lurrok hainbat legoatara zeuden ibaian gora joanda.

      —Hau ez da inorena. Ez dauka jaberik.

      Alkateak barre egin zuen garaile.

      —Ba, oker zaude. Ibai ondoko lur guztiak, ertzetik barreneko lurretako ehun metroetaraino, Estatuarenak dira. Eta, ahantz ez dezazun, hemen Estatua neu naiz. Hitz egingo dugu. Egin didazun hau ez dut ahaztuko, eta ni ez naiz barkatzen duten horietakoa.

      Jotailua sakatu eta eskopeta desarratzeko gogoak nabaritu zituen. Draiada bikoitza hesteontzi eskergan sartzen ere imajinatu zuen, nola bultzatzen zuen atzerantz, eta nola irteten zen tripa guztiak eta bizkarraren zati bat eramanez.

      Lodiak, agurearen begi sutsuak ikusita, arin alde egitea erabaki zuen eta trostan iritsi zen iparramerikarren taldearenganaino.

      Biharamunean ontzi laua tripulante gehiago zeramatzala abiatu zen kaitik. Lau iparramerikarrekin batera, oihana ondo ezagutzen zutelako alkateak gomendatutako kolono bat eta jibaro bat zihoazen.

      Antonio José Bolívar Proaño eskopeta prest zeukala geratu zen lodiaren bisitaren zain.

      Baina lodia ez zen txabolara hurbildu. Bai hurbildu zen, ordea, Onecen Salmudio, Vilcabamban jaiotako laurogei urteko gizona. Agureak begiko zuen biak mendialdekoak zirelako.

      —Zer gertatu da, paisano? —agurtu zuen Onecen Salmudiok.

      —Ezer ere ez, paisano. Zer gertatuko zen ba?

      —Nik badakit zerbait gertatzen dena, paisano. Barea gringoak mendian barrena laguntzeko eskatzera hurbildu zitzaidan niri ere. Nekez lortu nuen konbentzitzea dauzkadan urteekin ez nintzela urrunera iritsiko. Nola lausengatu ninduen Bareak. Behin eta berriz esaten zidan gringoak nirekin zoriontsu sentituko zirela, nirea ere izen gringoa dela kontutan hartuz.

      —Nolatan, ba, paisano?

      —Ba, bai. Onecen gringoen santuetako baten izena da. Haien txanpontxoetan azaltzen da eta bereiz idazten da, bukaeran “t” letra erantsiz. One cent.

      —Susmatzen ari naiz ez zarela zure izenaz mintzatzera etorri, paisano.

      —Ez. Kontuz ibil zaitezen esatera nator. Bareak begitan hartu zaitu. Nire aurrean eskatu zien gringoei El Doradora itzultzean komisarioarekin hitz egin dezaten honek guardia pare bat bidal dezan. Zure etxea botatzeko asmoa dauka, paisano.

      —Guztientzat adina bala daukat —baieztatu zuen konbentzimendurik gabe. Eta hurrengo gauetan ezin izan zuen loak hartu.

      Logabeziaren aurkako baltsamoa astebete geroago etorri zitzaion, ontzi laua azaltzen ikustean. Beraien porturatzea ez zen dotorea izan. Kaiko piloten kontra jo zuten eta karga jasotzeko ardura ere ez zuten hartu. Hiru iparramerikar baino ez zetozen, eta lurrera salto egin bezain laster arrapaladan abiatu ziren alkatearen bila.

      Handik gutxira lodia etorri zitzaion bisitan, bakez etorri ere.

      —Begira, agure, mintzoa da kristauen ulerpidea. Esan nizuna egia da. Zure etxea Estatuaren lurretan dago eta ez daukazu berton segitzeko eskubiderik. Are gehiago, atxilotu egin beharko zintuzket legez aurka okupatzeagatik, baina lagunak gara eta, esku batek bestea garbitu eta biek ipurdia garbitzen duten bezala, elkarri lagundu egin behar diogu.

      —Eta zer egitea nahi duzu orain?

      —Lehenengo eta behin, entzutea. Kontatuko dizut gertatutakoa. Bigarren kanpaldirako, jibaroak alde egin zuen pare bat botila whiskyrekin. Zuk badakizu basatiak nolakoak diren. Lapurtzea besterik ez daukate buruan. Eta, beno, kolonoak esan zien ez zuela axolarik. Gringoek barren-barrenera iritsi nahi zuten shuarrei argazkiak egiteko. Ez dakit zergatik gustatzen zaizkien horrenbeste larrugorritan dabiltzan indio horiek. Kontua da kolonoak arazorik gabe eraman zituela Yacuambiko mendikatearen inguruetaraino, eta han tximinoek eraso zietela diote. Ez diet dena ulertu, histeriko datozelako eta guztiek aldi berean hitz egiten dutelako. Tximinoek kolonoa eta beraietako bat hil zituztela diote. Ezin dut sinetsi. Noiz ikusi dira tximinoak pertsonak hiltzen? Gainera, ostiko batez dozena bat garbi dezakezu. Ezin dut ulertu. Nire ustez jibaroek egin zuten. Zer deritzozu ?

      —Zuk badakizu shuarrak arazoak saihesten saiatzen direna. Ziur ez zutela bat bera ere ikusi. Dioten bezala kolonoak Yacuambiko mendikatearaino eraman bazituen, kontutan hartu shuarrek aspaldi alde egin zutela handik. Eta kontutan hartu, halaber, tximinoek eraso egiten dutela. Egia da txikiak direna, baina haietako milak triskatu egiten dute zaldi bat.

      —Ez dut ulertzen. Gringoak ez zihoazen ehizan. Armarik ere ez zeramaten.

      —Gauza gehiegi ez duzu zuk ulertzen, eta ni mendian urtetan ibilia naiz. Entzun. Ba al dakizu zer egiten duten shuarrek tximinoen lurraldean sartzeko? Lehenbizi apaingarri guztiak uzten dituzte, jakin-mina sortaraz diezaiekeen ezer ere ez dute eramaten, eta aihotzak palmondo-azal erreaz igurzten dituzte. Pentsa. Gringoak, haien argazki-makinekin, haien erlojuekin, haien zilarrezko kateekin, haien gerriko-belarriekin, zilar koloreko aiztoekin, probokazio dirdiratsua izan ziren tximinoen jakin-minerako. Ezagutzen ditut haien lurraldeak eta badakit nola diharduten. Esan ahal dizut bati xehekeriaren bat ahazten bazaio, soinean zerbait eramanez gero, tximinoaren jakin-mina pizten duen edozer, eta berori hartzeko zuhaitzetatik jaisten bada, gauza hori, edozer delarik ere, hobe da ematea. Aitzitik, jarkitzen bazatzaizkio, tximinoa oihuka hasiko da eta segundo gutxitan zerutik ehunka, milaka deabru txiki iletsu eta koleratsu eroriko dira.

      Lodia entzuten ari da, izerdia sikatzen duen bitartean.

      —Sinesten dizut. Baina zeu zara erruduna, lagundu nahi ez izanagatik, haien gida ez izanagatik. Zurekin ez zitzaien ezer gertatuko. Eta gobernadorearen gomendiozko gutuna zekarten. Istilu honetan kokoteraino sarturik nago eta irteten lagundu behar didazu.

      —Niri ere ez zidaten jaramonik egingo. Gringoek dena jakiten dute beti. Baina orain arte ez didazu esan zer egitea nahi duzun.

      Alkateak azpikoa baino geratzen ez zitzaion botila bat whisky atera zuen eta trago bat eskaini zion. Agureak zaporea ezagutzeko soilik onartu zuen, eta berehala lotsatu zen tximino jakin-min horretaz.

      —Norbait kidearen utzikondoak jasotzera joan dadin nahi dute. Zin degizut prezio ona ordainduko digutela egitearen truke, eta zeu zara lor dezakeen bakarra.

      —Ondo dago. Baina ni ez naiz zure negozioetan sartuko. Gringoaz geratzen dena ekarriko dizut eta zuk, trukean, baketan utziko nauzu.

      —Jakina, agure. Esan dizudan bezala, mintzoa da kristauen ulerpidea.

      Ez zitzaion gehiegi kostatu iparramerikarrek lehenengo gauean kanpatu zuten tokira iristea, eta aihotzaz bidea irekiz heldu zen Yacuambiko mendikatera, oihan garai eta basa-fruituetan oparoa zen hartara, non tximinoek ezarria baitzuten euren lurraldea. Han, arrastoak bilatu ere ez zuen behar izan. Hainbeste gauza utzia zuten iparramerikarrek ihes egitean, non nahikoa izan baitzitzaion haiei jarraitzea zoritxarrekoen hondarrak aurkitzeko.

      Lehenbizi kolonoa aurkitu zuen. Hortzik gabeko burezurragatik ezagutu zuen, eta metro gutxi harantzago iparramerikarra zegoen. Inurriek ezin hobeto egin zuten euren lana, hezurrak igeltsuzkoak bailiran utziaz. Iparramerikarraren eskeletoa inurrien azken arreta hartzen ari zen. Ilez ile ari ziren lasto koloreko haren adatsa garraiatzen, zuhaitz gorrixken egurgile ñimiñoak bailiran, haiekin inurritegiaren sarrerako konoa indartzeko.

      Geldo mugituz, zigarro bat piztu eta erre egin zuen, beraren presentziarekiko ezaxolati ziharduten intsektuen lanari begira. Goitik zetorren zarata entzutean, ezin izan zion barre-algarari eutsi. Tximino txiki bat zuhaitz batetik erori zen soinean eraman nahi zuen argazki-makinaren pisuaren eraginez.

      Zigarroa amaitu zuen. Aihotzaz lagundu egin zien inurriei burezurra arradatuz, eta zorro batean sartu zituen hezurrak.

      Zoritxarreko amerikarraren gauza bakar bat lortu zuen eramatea: tximinoek ezin askatu izan zuten ferra itxurako zilarrezko belarridun gerrikoa.

      El Idiliora itzuli zen, gorpuzkinak eman zizkien, eta alkateak baketan utzi zuen, ibai aurreko une atseginak, mahai garaiaren aurrean zutik, maitasun eleberriak astiro irakurtzen zitueneko une horiek iraunarazteko zaindu behar zuen bake horretan.

      Eta bakea berriro zegoen mehatxupean alkateagatik, espedizioan parte hartzera behartuko baitzuen, bai eta abarrarteko lekuren batean ezkutaturik zeuden erpe zorrotzengatik ere.

 

Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997