Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997

 

Zazpigarren atalburua

 

      Gizon taldea hodeitzarren artetik igar zitekeen egunsentiaren lehenengo argi zirriborrotsuak agertuaz batera bildu zen. Banan-banan heldu ziren bide lokaztuan zehar jauzika, ortozik eta prakak belaunetaraino igota.

      Alkateak kafea eta banano berde zatiak zerbitza ziezazkien agindu zion bere emazteari, berak eskopetetarako kartutxoak banatzen zituen bitartean. Hiruna karga bikoitz, zigarro sorta, pospoloak eta Frontera botila bana.

      —Hau guztia Estatuaren pentzukoa da. Itzulitakoan agiri bana sinatu behar didazue.

      Gizonek jan egin eta eguneko lehenengo zurrustadak barruratu zituzten.

      Antonio José Bolívar Proaño taldearengandik bereiz samar eta latorrizko platera ukitu gabe zegoen.

      Goiz gosaldua zen eta ondo ezagutzen zituen gorputza astun edukita ehizatzearen trabak. Ehiztariak goseti samar joan behar du beti, goseak zentzumenak zorrozten baititu. Harriz igurzten zuen aihotza, noizbehinka aihotz-ahoaren gainera txu egin ere, eta gero, begi bakar batez begiratuz, altzairu zorrotzaren perfekzioa egiaztatzen zuen.

      —Ba al daukazu planik? —galdetu zuen batek.

      —Lehenbizi Mirandarenera joango gara. Berehala, ikusiko dugu.

      Lodia ez zen, izan ere, estrategarik onena.

      Bertakoek «mitigüeso» zeritzoten bere Smith and Wesson-aren karga arranditasunez konprobatu ondoren, bere gorputz amorfoa nabarmentzen zuen hule urdinezko ziran bildu zen.

      Lau gizonetako batek ere ez zuen iruzkinik egin. Gozatu egiten zuten txorrota herdoildu etenezin baten antzera izerditzen ikustean.

      «Ikusiko duzu, Bare. Ikusiko duzu zein epela den zira. Potroak ere egosiko zaizkizu hor barruan».

      Alkatea izan ezik, guztiak zihoazen ortozik. Lastozko kapelak plastikozko poltsez forratuak zituzten, eta olana gomaztatuzko zorroetan babesten zituzten zigarroak, munizioak eta pospoloak. Eskopetak bizkarrean zeharka zeramatzaten deskargaturik.

      —Zure baimenaz. Gomazko botek traba egingo dizute ibiltzean —esan zuen batek.

      Lodiak, entzun ez izanaren plantak eginez, abiatzeko agindua eman zuen.

      El Idilioko azken etxea utzi eta oihanean sartu ziren. Barruan ez zuen hainbesteko euririk egiten baina txorro lodiagoak erortzen ziren. Euriak ezin zuen landare-sabai zarratua zeharkatu. Hostoetan pilatzen zen eta, pisuaren eraginez adarrek amore ematen zutenean, espezia guztiek lurrindurik jausten zen.

      Geldo zebiltzan lokatzaren, adarren eta bide estua indar berriz estaltzen zuten landareen kariz.

      Hobeto ibiltzeko, banandu egin ziren. Aurrean, bi gizonek aihotzaz irekitzen zuten bidea, erdian alkatea zihoan arnasestuka, barrutik eta kanpotik bustirik, eta atzean gainerako bi gizonak zihoazen aurrealdeko aihotzlariek utzitako landareak mozten.

      Antonio José Bolívar, alkatearen atzean zihoazenetako bat zen.

      —Karga itzazue eskopetak. Hobe da prest ibiltzea —agindu zuen lodiak.

      —Zertarako? Hobe da kartutxoak poltsetan lehor eramatea.

      —Neuk ematen ditut hemen aginduak.

      —Zeure esanetara, gorentasun. Azken batean kartutxoak Estatuarenak dira.

      Gizonek eskopetak kargatzen zituztelako itxurak egin zituzten.

      Ibiltzen bost ordu emanak zituztenean kilometro bat baino zer edo zer gehixeago egina zuten. Ibilia bat-batean eten zen lodiaren boten kariz. Noizean behin, oinak lupetza burbuilatsuan sartu eta lohiak gorputz gizen hura irensten zuela zirudien. Berehala zetorren oinak ateratzeko borroka, eta hain baldarki mugitzen zen ezen areago hondoratzea besterik ez baitzuen lortzen. Gizonek besapeetatik helduz ateratzen zuten, eta zenbait urrats aurrerago, berriro zegoen alkatea belaunetaraino murgildurik.

      Bat-batean lodiak botetako bat galdu zuen. Oin askea zuri eta arin azaldu zen, baina orekari eusteko, berehala sartu zuen bota desagertua zen zuloaren ondoan.

      Agureak eta honen kideak lagundu zioten irteten.

      —Bota. Bila iezadazue bota —agindu zuen.

      —Esan egin genizun, ba, traba egingo zizutela. Ez da berriro agertuko. Ibili gu bezala, adar eroriak zapalduz. Ortozik are erosoago joango zara eta hobeto aurreratuko dugu.

      Alkatea, sumindurik, makurtu eta eskuez lokatz zatiak kentzen saiatu zen. Alferreko lana. Ukabilkada bat ore ilun eta zirristari kentzen zuen baina ez zuen azalera aldaraztea ere lortzen.

      —Zu banintz, ez nuke hori egingo. Auskalo zer mamutxa dagoen hor behean zoriontsu lotan —iruzkindu zuen batek.

      —Egia da. Eskorpioiak, adibidez. Euritea iragan arte lurperatzen dira eta ez zaie molestatzerik gustatzen. Umore ezin garratzagoa daukate —erantsi zuen agureak.

      Alkateak, tinkaturik, gorrotoz begiratzen zien.

      —Uste al duzue horrelako mamukeriak sinesten ditudala? Beldurtu nahi al nauzue atso-ipuin horiekin?

      —Ez, gorentasun. Itxaron pixka batean.

      Agureak adar bat ebaki zuen, muturra urkulu gisa ireki zuen eta behin eta berriro sartu zuen basa burbuilatsuan. Azkenean atera egin zuen, kontu handiz garbitu zuen aihotzaz eta lurrera eskorpioi heldu bat erori zen. Lokatzez estalirik zetorren, baina hala ere agerian zeukan buztan altxatu pozoitsua.

      —Ikusten al duzu? Eta zuk hainbeste izerditzen duzunez, dena gazi-gazi, probokazioa zara mamutxa hauentzat.

      Alkateak ez zuen erantzun. Lupetzaren lasaitasunean berriro murgiltzen saiatzen zen eskorpioian begirada galdurik zeukala, errebolberra atera zuen eta animaliari sei tiroak desarratu zizkion. Orduan beste bota erantzi eta hostailara bota zuen.

      Lodia ortozik, ibilaldia arindu egin zen nolabait, baina igoeretan beti galtzen zuten denbora. Arazorik gabe igotzen ziren guztiak eta lau hanketan, bi metro aurrera eta lau atzera eginez, zebilen alkateari begiratzeko gelditzen ziren.

      —Zapaldu ipurdiaz, gorentasun. Begira nola egiten dugun guk. Zabaldu ondo zangoak oina ezarri baino lehen. Zuk belaunetatik behera baizik ez dituzu zabaltzen. Horrela mojak ibiltzen dira oilategiaren aurretik pasatzen direnean. Zabaldu ondo eta zapaldu ipurdiaz —oihu egiten zioten.

      Lodia, begiak amorruak gorriturik zeuzkala, bere moduan igotzen saiatzen zen, baina bere gorputz amorfoak iruzur egiten zion behin eta berriz, gizonek beso-katea osatu eta berarengandik tiraka altueraraino igotzen zuten arte.

      Jaitsierak arinak ziren. Alkateak jesarririk, etzanik edo ahoz behera egiten zituen. Beti iristen zen lehenengoa, lokatz eta landare-hondarretan bildurik.

      Arratsalde erdian hodei-murru gizen gehiago pilatzen zen zeruan. Ezin zituzten ikusi, baina igarri egiten zituzten ilunpean, honek oihana sartezin bilakatzen baitzuen.

      —Ezin dugu aurrera egin. Ez da ezer ikusten —esan zuen alkateak.

      —Horrek zentzuzkoa dirudi —erantzun zuen agureak.

      —Ba, orduan, hementxe geratuko gara —agindu zuen alkateak.

      —Zeuek geratuko zarete. Toki seguru baten bila noa. Oraintxe nator. Erre ezazue itzulerako bideari antzemateko —esan zuen agureak, eta eskopeta gizonetako bati eman zion.

      Agurea ilunpeak irentsirik desagertu zen eta gizonak hosto gogorreko euren zigarroak erretzen geratu ziren.

      Ez zuen denbora luzerik behar izan lursail lau bat aurkitzeko. Urraska neurtuz ibili zen bertan, eta aihotzaren ahoaz landaretzaren ehunkera haztatu zuen. Bat-batean aihotzak metalezko soinu bat itzuli zion eta agureak arnasa hartu zuen pozik. Tabakoaren usainak gidaturik itzuli zen taldearenganaino eta gaua emateko leku bat aurkitua zuela esan zien.

      Taldea eremu laura iritsi zen eta bi gizonek basabananaren hostoak ebakitzeari ekin zioten. Horiekin lurra estali zuten eta pozik jesarri ziren merezia zuten Frontera zurruta egitera.

      —Penagarria da su egin ezin izatea. Seguruago egongo ginateke su on baten ondoan —kexatu zen alkatea.

      —Hobe da honela —esan zuen gizonetako batek.

      —Hau ez zait gustatzen. Iluntasuna ez zait gustatzen. Basatiek ere babesten dute suaz euren burua —bota zuen lodiak.

      —Begira, gorentasun, toki seguruan gaude. Guk ezin dugu piztia ikusi, hurbil baldin badabil, eta berak ezin gaitu gu ikusi. Su eginez gero, ikusteko aukera oparituko genioke, eta guk ezingo genuke bera ikusi suak lausotuko bailizkiguke begiak. Egon lasai eta saiatu lo egiten. Guztiok behar dugu loalditxo bat. A! eta, batez ere, ez dezagun hitz egin.

      Gizonek men egin zieten agurearen hitzei eta, kontsulta labur baten ostean, guardiarako txandak erabaki zituzten. Agureak lehenengoa egingo zuen eta ordezkoa esnatzeaz arduratuko zen.

      Ibiliaren nekea arin jabetu zen gizonez. Konkorturik lo egiten zuten, belaunak besarkaturik eta aurpegia kapelaz estalirik. Arnas lasaiek ez zuten euriaren hotsa eteten.

      Antonio José Bolívar jesarrita zegoen, zangoak gurutzaturik, bizkarra enbor batean finkaturik zeukala. Noizean behin aihotzaren ahoa laztantzen zuen eta, arretaz, oihanaren soinuak jasotzen zituen. Uretara erortzen zen zerbait bolumentsuren kolpe errepikatuek ibai-adar edo erreka hazi batetik hurbil zeudela adierazi zioten. Euriteetan uholdeek milaka intsektu herrestatzen zituen adarretatik eta arrainek oturuntzak egiten zituzten. Zoriontasunak eraginik egiten zuten salto, ase eta pozik.

      Benetako ibai-arrain bat ikusi zuen lehenbizikoaz oroitu zen. Urte asko iraganak ziren harrezkeroztik. Oihanean oraindik trebagaia zela gertatu zen.

      Ehiza-arratsalde batean, bere gorputzari izerdi ugariaren kariz kirats mingotsa zeriola sumatu zuen eta erreka batera iristean murgiltzea erabaki zuen. Zorteari esker shuar batek garaiz ikusi eta oihu batez ohartarazi zion.

      —Ez zaitez sar. Arriskutsua da-eta.

      —Pirañak?

      Shuarrak ezetz adierazi zion. Pirañak ur mantso eta sakonetan biltzen ziren, inoiz ez korronteetan. Arrain dorpeak dira eta goseak edo odol usainak bultzaturik baino ez dute abiadura hartzen. Inoiz ez zuen pirañekin arazorik eduki. Shuarrengandik ikasi zuen haiek uxatzeko nahikoa zela gorputza kautxu-esnez igurztea. Kautxu-esneak hazkura eragiten du, erre egiten du, azala altxatuko duela ematen du, baina erremina ur freskoa ukitzean desagertzen da eta pirañek ihes egiten dute usaina sumatzean.

      —Pirañak baino txarragoa —esan zuen shuarrak, eta errekaren azalera seinalatzen zuen eskuaren mugimenduari jarraiarazi zion. Azkar mugitzen zen metroko luzeratik gorako mantxa ilun bat ikusi zuen.

      —Zer da?

      —Bagre guakamaioa.

      Arrain eskerga. Geroago, bi metrora ere iristen ziren aleak arrantzatuko zituen, hirurogei kilotik gorakoak, eta kaltegabeak baina lagunkoitasun hilgarrikoak zirela ere jakin zuen.

      Gizaki bat uretan ikustean jolastera hurbiltzen ziren eta bizkarrezurra erraz hausteko moduko begikotasunezko buztankadak ematen zituzten.

      Uretako kolpe astun errepikatuak entzuten zituen. Baliteke uholdeak ekarritako termita, erlastar, makilatxo bizi, oti, kilker, armiarma edo suge hegalari mehez asetzen ari zen bagre guakamaioren bat izatea.

      Bizitasunezko hotsa zen hura ilunpearen erdian. Shuarrek esan ohi zutenez: «Egunez, gizakia eta oihana bat dira. Gauez, gizakia oihan da».

      Atseginez entzun zuen, berriro errepikatu ez zen arte.

      Ordezkoa aurreratu egin zitzaion. Gizonaren hezurren klaskada entzun zen nagiak astintzean eta hurbildu egin zitzaion.

      —Nahikoa lo egin dut. Ea, etzan nire ohean. Epel-epel utzi dizut.

      —Ez nago nekaturik. Nahiago dut argitzean lo egin.

      —Zerbaitek salto egiten du uretan, ezta?

      Agurea arrainez hitz egiten hastera zihoala, abarrartetik zetorren zarata berri batek gerarazi zuen.

      —Entzun al duzu?

      —Ixo. Ixo.

      —Zer izango ote da?

      —Ez dakit. Baina nahiko astuna da. Esnatu besteak hotsik egin gabe.

      Gizona altxatu ere gabe, landaretza hezea zauritzen eta efektu itsugarria areagotzen zuen zilarrezko distira baten erasoa jaso zuten biek.

      Alkatea zen, zaratak beldurturik linterna pizturik zekarrela hurbiltzen ari zena.

      —Itzali hori —agindu zuen agureak kalipuz baina ahotsa jaso gabe.

      —Zergatik? Zerbait dago hemen eta zer den ikusi nahi dut —erantzun zuen lodiak, argi-txorroa norabide guztietarantz mugituz eta aldi berean errebolberraren mailuari eraginez.

      —Traste kakazto hori itzaltzeko esan dizut. Agureak zartada batez bota egin zion linterna.

      —Zer uste duzu...

      Lodiaren hitzak hegal-astinaldi kementsu batean ito ziren eta turrusta kirasduna jausi zen taldearen gainera.

      —Ederra egin duzu. Oraintxe bertan alde egin behar dugu, bestela inurriak gorotz freskoagatik borrokatzera etorriko zaizkigu.

      Alkateak ez zuen jakin nola erreakzionatu. Haztamuka bilatu zuen linterna, eta itsuka jarraiki zitzaion gaua emana zuten lekutik zihoan taldeari.

      Gizonek hitz mastekatuez madarikatzen zuten lodiaren ergelkeria, honek iseken tamaina suma ez zezan.

      Oihaneko argiune bateraino ibili ziren eta han bete-betean hartu zuten zaparrada.

      —Zer gertatu da? Zer izan da hori? —galdetu zuen lodiak gelditu zirenean.

      —Gorotza. Ez al duzu usaintzen?

      —Badakit gorotza dena. Tximino-saldo baten azpian al geunden?

      Argitasun apal batek ikusgai bilakatu zituen gizonen eta oihanaren ingurumariak.

      —Zerbaitetarako balio badizu, gorentasun, gaua oihanean ematen denean zuhaitz erre edo gogorturen batera hurbildu behar da. Hortik zintzilik saguzarrak egoten dira, eduki daitekeen alarma-seinalerik onena. Animaliok, entzuten ari ginen zarataren kontrako norabidean hegaz egingo zuten eta horrela jakingo genuen non zegoen. Baina zuk, zure argitxoaz eta zure oihuez, uxatu egin dituzu eta gorotz-txorroa jaurti digute. Marraskari guztiak bezalaxe, oso sentiberak dira eta arriskurik txikiena sumatzean barruan daukaten guztia askatzen dute euren pisua arintzeko. Ea ba, igurtzi ondo burua eltxoek jan zaitzaten nahi ez baduzu.

      Alkateak gainerako taldekideak imitatu zituen gorotz higuingarriak kenduz. Amaitzean, ibiltzen segitzeko bezainbateko argitasuna zeukaten jadanik.

      Hiru orduz ibili ziren, ekialderantz beti, errekatxo haziak, amildegiak eta, ur freskoa hartzeko, ahoa irekirik eta zerurantz begira zeharkatzen zituzten oihan-argiuneak gainditzen, eta aintzira batera iristean, zerbait jateko geldiunea egin zuten.

      Fruituak eta lodiak gordinik jan nahi izan ez zituen karramarroak bildu zituzten. Lodia, hule urdinezko ziran bildurik, dardar zegoen hotzaren eraginez eta su egin ezinaz deitoratzen segitzen zuen.

      —Hurbil gaude —esan zuen batek.

      —Bai. Baina itzulingurua egingo dugu atzetik heltzeko. Erraza litzateke ibai-ertzetik joan eta aurrealdetik iristea, baina uste dut animalia azkarra dela eta ezustekoa har genezake —adierazi zuen agureak.

      Gizonak ados azaldu ziren eta Frontera zurrustada batzuez jaitsarazi zuten janaria.

      Lodia urruntzen zela, baina ez gehiegi, eta zuhaixka baten atzean ezkutatzen zela ikustean, elkarren ukondoak joka hasi ziren.

      —Bere jauntasunak ez digu ipurdia erakutsi nahi.

      —Horren ergela denez, inurritegiren batean jesarriko da kakategia delakoan.

      —Baietz garbitzeko papera eskatu —bota zuen beste batek barreen artean.

      Jostatu egiten ziren Barearen bizkar, horrelaxe deitzen baitzioten beti bera ez zegoenean. Barreak eten egin ziren, lehenengoz lodiaren ikara-oihuagatik eta, berehala, desarra larriengatik. Errebolberreko sei tiro, eskuzabaltasunez desarratuak.

      Alkatea prakak igotzen ari zela eta oihuka deituz azaldu zen.

      —Etorri! Etorri! Ikusi egin dut. Nire atzean zegoen erasotzeko prestu, eta dirudienez bala pare bat sartu diot. Etorri! Bila dezagun guztiok!

      Eskopetak prestatu eta lodiak seinalatu zuen norabidean abiatu ziren. Alkatearen euforia areagotzen zuen odol-arrasto nabarmenari jarraikiz, azken hatsak jaurtitzen ari zen mutur luzangako animalia eder batenganaino heldu ziren. Larru hori pikardatu ederra odol eta lohiz tindatzen ari zen. Animaliak begiak zabal-zabalik begiratzen zien eta bere tronpeta-muturretik arnasestu ahula irteten zen.

      —Hartz eztijalea da. Zergatik ez duzu begiratzen zure jostailu madarikatu hori desarratu baino lehen? Zorte txarra erakartzen du hartz eztijalea hiltzeak. Hori guztiek dakiten gauza da, bai eta ergelek ere. Oihan osoan ez dago hori baino animalia kaltegabeagorik.

      Gizonek burua astintzen zuten animaliaren patuak hunkiturik, eta lodiak bere arma kargatzen zuen bere defentsan tutik ere esan ahal izan gabe.

      Eguerdia iraganda, Mirandaren saltokiaren identifikagarri zen Alkaseltzer kartel kolorgea ikusi zuten. Zeinu ia irakurtezinak marraztuta zeuzkan letoi urdinezko errektangelua zen, saltokiaren jabeak bere txabolaren ondoan zegoen zuhaitzean goi-goian iltzatua zuena.

      Kolonoa sarreratik metro gutxira aurkitu zuten. Bizkarra omoplatoetan hasi eta gerriraino iristen ziren bi erpakadak irekirik zeuzkan. Saman zeukan zauri ikaragarriak agerian uzten zuen garondoa.

      Hildakoa ahozpez zegoen eta oraindik zeukan aihotza eskuan.

      Hilotza lantzeko gauean zehar hosto eta adartxoz zubi bat eraikia zuten inurrien maisutasun arkitektonikoa aintzatesteke, gizonek saltokiraino eraman zuten herrestan. Barruan karburozko lanparak dirdira ahulak islatzen zituen eta koipe errearen kiratsa zegoen.

      Kerosenozko sutegira hurbiltzean aurkitu zuten usainaren sorburua. Aparailua epel zegoen oraindik. Azken erregai-tanta erre ondoren, metxak gardostu zituen. Zartagina batean bi iguana-buztan zeuden kiskalirik.

      Alkateak hilotzari begiratzen zion.

      —Ez dut ulertzen. Miranda aspaldi etorria zen eta inola ere ezin da esan gizon beldurtia zenik, baina badirudi hainbesteko izua sentitu zuela, ezen sutegia itzaltzeaz ere ez baitzen arduratu. Zergatik ez ote zuen dena itxi tigrilla entzutean? Hortxe dago eskopeta esekirik. Zergatik ez ote zuen erabili?

      Gainerakoek antzeko galderak zerabiltzaten buruan.

      Alkateak hulezko zira erantzi eta barrutik isuri zen izerdi-oldeak oinak ere busti zizkion. Hildakoari begira, erre egin zuten, edan egin zuten, sutegia konpontzen hasi zen bat eta, lodiaren baimenaz, sardina-latak ireki zituzten.

      —Ez zen pertsona gaiztoa —esan zuen batek.

      —Emazteak utzi zuenetik bakar-bakarrik bizi zen —erantsi zuen beste batek.

      —Ba al zeukan senitartekorik? —galdetu zuen alkateak.

      —Ez. Anaiarekin etorri zen, baina duela urte batzuk hil zen malariak jota. Emaztea argazkilari ibilkari batekin joan zitzaion eta orain Zamoran bizi omen da. Agian ontziaren ugazabak daki non dagoen.

      —Suposatzen dut saltokiak mozkinik uzten ziola. Ba al dakizue diruarekin zer egiten zuen? —esku hartu zuen berriro lodiak.

      —Dirua? Kartetan jokatzen zuen, eta salgaiak hornitzeko beste baino ez zuen gordetzen. Hemen horrela egiten da, oraindik ez badakizu ere. Oihana barreneraino sartzen zaigu. Iritsi nahi dugun toki finkorik ezean, bueltaka eta bueltaka ibili ohi gara.

      Gizonek baiezkoa adierazi zuten nolabaiteko urguilu maltzurra agertuz. Orduan agurea sartu zen.

      —Kanpoan beste hilotz bat dago.

      Presaka irten ziren eta, euritan blai guztiak, bigarren hildakoa aurkitu zuten. Ahoz gora zegoen eta prakak jaitsita. Lepoan eta eztarri irekian erpeen aztarna ikus zitekeen, ordurako ezagunak ziren ezaugarriekin. Hilotzaren ondoan, berarengandik ez oso urrun lurperaturik zegoen aihotzak erabiltzeko aukerarik ez zela izan adierazten zuen.

      —Uste dut ulertzen dudala —esan zuen agureak.

      Gorpuaren inguruan zeuden, eta alkatearen begiradan lodiak azalpen berberera iristeko zeukan irrika ikusten zuten.

      —Hildakoa Plascencio Puñán da, gutxitan azaldu ohi zen tipo bat, eta dirudienez elkarrekin bazkaltzekotan zeuden. Ikusi al dituzu iguana buztan kiskaliak? Plascenciok ekarri zituen. Hemendik ez dago horrelako animaliarik eta mendian barrena hainbat egunez ibilita harrapatuko zituen. Zuk ez zenuen ezagutu. Harriketaria zen. Ez zebilen urreketan, lurralde hauetara hurbiltzen diren ero gehienak ez bezala, eta oso barrenean esmeraldak aurki zitezkeela ziurtatzen zuen. Gogoratzen dut entzun izan diodala Kolonbiaz eta ukabila bezain handiak diren harri berdeez hizketan. Tipo gizaixoa. Uneren batean gorputza husteko gogoa sumatuko zuen eta horretara irten zen. Horrelaxe harrapatu zuen piztiak. Kokoriko eta aihotzari eutsirik. Aurretik eraso ziola nabaritzen da, erpeak lepoetan ezarri eta betortzak zintzurrean sartu zizkion. Mirandak oihuak entzungo zituen eta gertaeren mingarriena ikusiko zuen, orduan mandoa zelatu eta alde egiteaz besterik ez zen kezkatu. Ez zen oso urrun iritsi, ikusi dugun bezala.

      Gizonetako batek hilotza irauli zuen. Kaka-txaplatak zeuzkan bizkarrari itsatsirik.

      —Eskerrak behintzat kaka egitera iritsi zena —esan zuen gizonak, eta ahozpez utzi zuten hilotza, euri gupidagabeak hark mundu honetan burutu zuen azken egintzaren aztarnak garbi zitzan.

 

Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997