Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Miguel Tzenke, nire lagun urrun, Nangaritza garaiko Sumbiko sindiko eta Amazoniaren defendatzaile handiari. Magiaz gainezkaturiko narrazio-gau batean bere mundu berde ezezagunari buruzko zenbait xehetasun eman zizkidan, eta beroriek geroago, Ekuadorreko paradisutik urrun dauden beste lurralde batean, istorio hau sortzeko balio izan zidaten.
Lehenengo atalburua
Zerua buruetatik arrabete gutxira, mehatxagarri, eskegiriko astagilbor puztu bat zen. Haize epel eta likinak orbela ekortzen zuen eta bortizki astintzen zituen alkatetxearen aurrealdea apaintzen zituzten banana mendreak. El Idilioko biztanle bakanak eta inguruetatik etorritako abenturari batzuk kaian bilduta zeuden, Rubicundo Loachamín doktorearen besaulki mugikorrean jesartzeko txandaren zain; honek, dentistak, aho-anestesia mota berezi batez arintzen zuen bere bezeroen mina. —Minik al duzu? —galdetzen zuen. Bezeroek, besaulkiaren alboei eusten zietelarik, begiak neurrigabeki irekiz eta izerdi patsetan erantzuten zuten. Batzuk dentistaren esku ahalkegabeak euren ahoetatik aldentzen eta zirikada mereziaz erantzuten ahalegintzen ziren, baina beraien asmoek odontologoaren beso indartsuen eta beraren aginduzko ahotsaren kontra jotzen zuten. —Geldi egon, kontxo! Kendu eskuak! Badakit min egiten duena. Eta norena da errua? Nirea, ala? Gobernuarena! Ondo sartu hori kaskoan. Gobernua da zuk hortzak ustel edukitzearen erruduna. Gobernuak dauka zure minaren errua. Nahigabetuek orduan baietz egiten zuten begiak itxiz edo burua leunki mugituz. Loachamín doktoreak gobernua gorrotatzen zuen. Gobernu guztiak eta edozein. Iberiar etorkin baten sasikoa zen eta agintaritza kutsurik zeukan ororekiko ikusiezin itzela jarauntsi zuen harengandik, baina haren zergatiak gaztaroko parrandaren batean galdu zitzaizkion eta beraren akrata-erretolikak itxura atsegina ematen zion moralezko garitxa antzeko zerbait bilakatu ziren. Unean uneko gobernuen kontra egiten zuen oihu, Coca ibaiko petrolio instalazioetatik noizbehinka heltzen ziren gringoen aurka —bere bezeroen aho irekiei, baimenik gabe, argazkia egiten zieten lotsagabe arrotzak— egiten zuen bezalaxe. Handik oso hurbil, Sucre-ko tripulazio urriak banana berde mordoak eta kafe-ale zorroak kargatzen zituen. Kaiaren albo batean garagardo kutxak, Frontera pattarrarenak, gatzarenak eta goizean goiz lehorreratuak izan ziren gas-ontziak zeuden pilaturik. Sucre ontzia dentistak matelezurrak konpontzen amaitu bezain laster uretaratuko zen, Nangaritza ibaiaren urak zeharkatuz nabigatuko zuen geroago Zamora ibaira heltzeko eta, lau egunean zehar geldiro nabigatu ondoren, El Doradoko ibai-portura iritsiko zen. Ontzia, bere patroi mekanikoaren erabakimenak, tripulazioa osatzen zuten bi gizon gihartsuen ahaleginak eta diesel motor zaharraren borondate tisikoak mugituriko antzinako kutxa flotakorra, ez zen itzuliko zeru estalian iragartzen zen euritea iragan arte. Rubicundo Loachamín doktoreak urtean birritan bisitatzen zuen El Idilio, Postako enplegatuak, biztanleren batentzako gutunik aldi bakanetan baino eraman ez zuenak, egin ohi zuen bezala. Beraren maletatxo higatutik alkateari zuzendutako paper ofizialak besterik ez ziren azaltzen, edo unean uneko agintarien argazki zogi eta hezetasunak-kolorgetuak. Jendeak bere gatz, gas, garagardo eta pattar hornidurak berritzeko itxaropenaz soilik itxaroten zion ontziaren etorrerari, baina dentista pozez hartzen zuten, batez ere malariaren erasoa pairatuta bizirik iraun zutenek, nekaturik baitzeuden ahotik hortz zatiak jaurtikitzeaz eta ahoko ezpalak kentzeko gogotsu, kardinal-kutsu nabarmeneko kurtxoi more baten gainean ordenaturiko protesietako bat probatu ahal izateko. Gobernuaren aurka maiseatzen zuela, dentistak azken hortz-kondarrak kentzen zizkien oietatik eta berehala agintzen zien pattarraz gargarak egitea. —Ea ba, ikus dezagun. Nola daukazu hau? —Estu daukat. Ezin dut ahoa itxi. —Ene, gizon! Hauxe bai jende urguria, hauxe. Ea, proba ezazu beste bat. —Nasai daukat. Usin eginez gero erori egingo zait. —Eta zergatik hozten zara ba, ergelori. Ireki ahoa. Eta hark esana egiten zuten. Hainbat horzdura probatutakoan, erosoena aurkitu eta prezioaz eztabaidatzen zuten, dentistak gainerakoak kloro irakina zeukan marmita batean murgilduz desinfektatzen zituen bitartean. Rubicundo Loachamín doktorearen besaulki mugikorra erabateko instituziotzat hartzen zuten Zamora, Yacuambi eta Nangaritza ibaien ertzetako biztanleek. Berez, idulkia eta ertzak zuriz esmaltaturik zeuzkan antzinako bizargin-besaulkia zen. Besaulki mugikorra altxatzeko, Sucre-ko patroiaren eta tripulanteen sendotasuna behar zen, eta dentistak «kontsultategia» deitzen zion metro karratuko oholtza baten gainean artekatzen zen. —Kontsultategian neu naiz nagusia, kontxo. Hemen neuk agindutakoa egiten da. Jaisten naizenean hagin-ateratzaile, mutur-miatzaile, mihijole, edo nahi duzuena deitu ahal didazue, eta baliteke trago bat ere onartzea. Euren txandari itxaroten ziotenek oinaze izugarria erakusten zuten aurpegian, eta pintza erauzleen eraginpetik igarotzen zirenek ere ez zuten aurpegiera hoberik. Kontsultategiaren inguruetan irribarretsu zeuden pertsonaia bakarrak jibaroak ziren, kokoriko begiratzen zutenak. Jibaroak. «Apatxeen» ohiturek, gizaki zurienek, doilortu eta endekaturiko izakitzat hartzen zituelako, beren herriak berak, shuarren herriak, arbuiatzen zituen indioak. Jibaroek, gizaki zurien piltzarrez jantzita, protestarik gabe onartzen zuten konkistatzaile espainiarrek esleitu zieten ezizen-izena. Alde eskerga zegoen shuar gorati eta harroa, Amazoniako ezkutuko lurraldeak ondo ezagutzen zituena, eta El Idilioko kaian alkohol kondarren baten zain biltzen zirenak bezalako jibaro baten artean. Jibaroek ibai-harriak bezain zorrotzak ziren beren hortz puntadunak erakutsiz egiten zuten irribarre. —Eta zuek? Zer arraiori begira ari zarete? Egunen batean nire eskuetan izango zaituztet, makakook —mehatxu egiten zien dentistak. Euren aipua entzutean jibaroek poz-pozik erantzuten zuten. —Jibaroak hortz onak edukitzen. Jibaroak tximino-okela asko jaten. Batzuetan, besaulkian jesarririkoak txoriak ere uxatzen zituen alaraua egiten zuen, eta esku-kolpe batez urruntzen zituen pintzak, libre zeukan eskua aihotzaren eskutokira eramaten zuela. —Egon gizonak bezala, kontxo. Badakit min egiten duena eta esan dizut noren errua den. Zer dela eta zatozkit niri arrandiatan! Jesarri lasai eta erakutsi potroak ondo jarrita dauzkazula. —Arima ere ateratzen ari zatzaizkit-eta, doktore. Utzidazu lehenago zurrut bat egiten. Dentistak hasperen egin zuen azken sufritzaileari arreta egin ondoren. Eroslerik aurkitu ez zuten protesiak kardinal-kurtxoian bildu zituen, eta tresnak desinfektatu bitartean shuar baten kanoa ikusi zuen pasatzen. Indioak arraunkada orekatsuak ematen zituen, zutik, ontzi meharraren popan. Sucre-aren ondora iristean, ontzira hurbilarazi zuen palada pare bat eman zuen. Kareletik patroiaren irudi aspertua agertu zen. Shuarrak zerbait azaltzen zion gorputz osoaz keinuka eta etengabe txu eginez. Dentistak tresnak lehortzen amaitu eta larruzko kutxatila batean egokitu zituen. Iraitzitako hortzak zeuden ontzia hartu zuen jarraian eta uretara bota zituen. Patroia eta shuarra haren ondotik igaro ziren alkatetxerantz. —Itxaron egin behar dugu, doktore. Gringo hil bat dakarte. Berria ez zitzaion gustatu, Sucre-a tramankulu deserosoa zen, batez ere itzulerako bidaietan, hegaletan banana berdez eta kafe berantiarrez, erdi ustel, zamaturik. Euria sasoia baino lehen hasiz gero, eta bazirudien horixe gertatuko zela, hainbat matxura zela-eta ontziak astebeteko atzerapena zeramalako, orduan olana baten azpian gorde behar izango ziren zama, bidaiariak eta tripulazioa, hamakak eskegitzeko tokirik gabe, eta horri guztiorri hildako bat gehituz gero bidaia guztiz deserosoa izango zen. Dentistak besaulki mugikorra ontziratzen lagundu zuen eta berehala abiatu zen kaiaren mutur baterantz. Han Antonio José Bolívar Proaño zeukan zain, hainbeste handikiren izenen zamak, antza, axola ez zion agure soin-zimeleko bat. —Oraindik ez al zara hil, Antonio José Bolívar? Erantzun aurretik, agureak bere besapeak usnatu zituen. —Ezetz dirudi. Oraindik ez darit kiratsik. Eta zu? —Zer moduz zure hortzak? —Hementxe dauzkat —erantzun zuen agureak, eskua patrikara zeramala. Bildurik zeukan zapi kolorge bat zabaldu eta protesia erakutsi zion. —Eta zergatik ez dituzu, ba, erabiltzen? —Oraintxe ipiniko ditut. Ez naiz ez jaten ez hizketan aritu. Zertarako alferrik gastatu, orduan? Agureak egokitu egin zuen horzdura, mihiaz zart egin, oparotasunez txu egin eta Frontera botila eskaini zion. —Ea ba. Uste dut merezita daukadala tragoa. —Bai horixe. Gaurkoan hogeita zazpi hortz oso eta makina bat puska atera dituzu, baina ez duzu marka hautsi. —Beti zenbatzen al dizkidazu? —Horrexetarako dira lagunak. Bestearen graziak omentzeko. Lehen hobea zinen, ez duzu uste?, kolono gazteak oraindik etortzen zirenean. Oroitzen al zara montuviar hartaz, apustu bat irabaztearren hortz guztiak ateratzen utzi zuenaz? Rubicundo Loachamín doktoreak alderatu egin zuen burua oroitzapenak ordenatzeko, eta horrelaxe etorri zitzaion gizon haren irudia, ez oso gaztea eta montuviarren eran jantzita. Goitik behera zuriz, ortozik, baina zilarrezko ezproiak zeramatzana. Montuviarra hogei bat lagunekin, denak oso mozkorturik, iritsi zen kontsultategira. Bazter zehatzik gabeko urreketariak ziren. Erromesak, honela deitzen zien jendeak, eta berdin zien urrea ibaietan edo ondokoaren sakutetan bilatzea. Montuviarrak besaulkian erortzen utzi zuen bere burua eta ergel aurpegiz begiratu zion. —Zeuk esango didazu. —Atera itzazu guzti-guztiak. Banan-banan, eta joan hemen jarriz, mahaiaren gainean. —Ireki ahoa. Gizonak horixe egin zuen, eta dentistak egiaztatu ahal izan zuen hagin-kondarrekin batera hortz asko geratzen zitzaizkiola, batzuk zulaturik eta beste batzuk osorik. —Askotxo geratzen zaizu. Ba al daukazu horrenbeste iraizteko dirurik? Gizonari joan egin zitzaion ergel aurpegia. —Izan ere, doktore, lagun hauek ez didate sinesten erabateko arra naizela diodanean. Izan ere, horregatik esan diet hortz guztiak iraizten utziko dudala, banan-banan eta kexurik gabe. Izan ere, apustu egin genuen, eta zuk eta biok erdibanatu egingo ditugu mozkinak. —Bigarrena ateratzerako, kakaztuta eta amatxori deika egongo zara —oihukatu zuen taldeko batek eta gainerakoek barre-algaraka baieztatu zuten harena. —Hobe duzu beste zurrutada batzuk edatera joan eta ondo pentsatzea. Nik ez dut burugabekerietan parte hartzen —esan zuen dentistak. —Izan ere, doktore, apustua irabazten uzten ez badidazu lepoa moztuko dizut hemen daukadan honekin. Montuviarraren begiek dir-dir egiten zuten aihotzaren eskutokia laztantzen zuen bitartean. Beraz apustuak aurrera egin zuen. Gizonak ahoa ireki zuen eta dentistak zenbaketa egin zuen berriro. Hamabost hortz ziren, eta, esan zionean, erronkariak hamabost urre-pipitaz ilara bat osatu zuen protesietarako kardinal-kurtxoiaren gainean. Bat hortz bakoitzeko, eta apustugileek, alde nahiz aurka, horiek adina urre-pitita jarriz onartu zuten apustua. Kopurua nabarmenki ugaldu zen bosgarrenetik aurrera. Montuviarrak gihar bat ere mugitu gabe utzi zuen lehenengo zazpi hortzak ateratzen. Eulien hegada ere ez zen entzuten, eta zortzigarrena kentzean odoljarioa hasi eta segundo batzuetan ahoa odolez bete zitzaion. Gizonak ezin zuen hitz egin, baina gelditzeko keinua egin zion. Hainbat aldiz txu egin zuen oholtzaren gainean odolbatuak utziz, eta besaulkian minez bihurrarazi zuen zurrutada luze bat edan zuen, baina ez zen kexatu, eta berriro txu egin ondoren, segitzeko agindu zion beste keinu batez. Sarraskia amaiturik, hortzik gabe eta aurpegia belarrietaraino handiturik zeukala, montuviarrak garaipen aurpegi lazgarria erakutsi zuen irabaziak dentistarekin banatzean. —Bai. Bestelako garaiak ziren —xuxurlatu zuen Loachamín doktoreak, eta zurrutada luze bat sartu zuen gorputzean. Kanaberazko pattarrak eztarria erre zion eta keinu bat eginez itzuli zion botila. —Ez zaitez itsustu, doktore. Honek tripetako zomorroak hiltzen ditu —esan zuen Antonio José Bolívarrek, baina ezin izan zuen hizketan segitu. Bi kanoa hurbiltzen ari ziren, eta haietako batetik gizon ilegorri baten buru etzana ikus zitekeen.
Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea |