Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997

 

Hirugarren atalburua

 

      Antonio José Bolívar Proañok bazekien irakurtzen; idazten ez, ordea.

      Gehienez, bere izena zirriborratzea lortzen zuen paper ofizialen bat sinatu behar zuenean, hauteskunde garaian esaterako, baina horrelako gertaerak oso noizean behin jazotzen zirenez, ahaztuta zeukan ia.

      Astiro irakurtzen zuen, silabak elkartuz, ahopeka xuxurlatuz dastatuko balitu bezala, eta hitz osoa menperatuta zeukanean aldi batez errepikatzen zuen. Gero gauza bera egiten zuen esaldi osoarekin, eta horrela jabetzen zen orrietan islatutako sentimendu eta ideiez.

      Pasarteren bat bereziki atsegin zitzaionean askotan errepikatzen zuen, giza lengoaia ere zein ederra izan zitekeen ohartzeko beharrezko zeritzon beste aldiz.

      Lupa baten laguntzaz irakurtzen zuen, gehien maite zituen bere ondasunetan bigarrena. Lehenengoa ordezko horzdura zen.

      Kanaberazko hamar bat metro karratuko txabola batean bizi zen eta bertan ordenaturik zeuzkan altzari bakanak; jutezko hamaka, kerosenozko erregailuari eusten zion garagardo-kaxoia eta oso mahai garai bat, garai-garaia, lehenbizikoz bizkarreko minak sumatu zituenean urteak gainera zetozkiola jakin eta ahalik eta gutxienetan jesartzea erabaki zuelako.

      Zutik jan eta bere maitasun eleberriak irakurtzeko balio zion hanka luzeko mahaia egin zuen orduan.

      Txabola lasto ehotuzko gainalde batek babesten zuen eta ibaira ematen zuen leiho bat zeukan. Beronen ondoan zegoen mahai garaia.

      Atearen ondoan eskuoihal zarpaildu bat zegoen zintzilik, bai eta urtean bitan ordezten zuen xaboi-barra ere. Gantzu-usain sarkorreko xaboi ona zen, eta ondo garbitzen zituen arropak, sukaldeko ontziak, ilea eta gorputza.

      Horma batean, hamakaren oinean, mendialdeko artista batek berrukituriko argazki bat zegoen eskegita, eta bertan bikote gazte bat ikusten zen.

      Gizonak, Antonio José Bolívar Proañok, traje urdin hertsia, alkandora zuria eta argazkigilearen irudimenean baino egon ez zen gorbata marraduna zeuzkan jantzirik.

      Emakumeak, Dolores Encarnación del Santisimo Sacramento Estupiñán Otavalok, benetan izan ziren eta memoriaren txoko setatietan, bakardadearen ezparak gordelekua hartzen duen berorietan, izaten segitzen zuten jantziak zeramatzan.

      Herenile urdinezko mantilak duintasuna iratxekitzen zion buruari adats beltz dirdiratsua, bizkarreranzko landare-bidaian erdibitua, guztiz ezkutatu gabe. Belarrietatik arrakada biribil urreztatuak zeuden zintzilik, eta sama kunder urreztatuzko zenbait birak inguratzen zuen.

      Argazkian ageri zen bular-zatiak Otavaloko eran edertasunez brodaturiko brusa erakusten zuen, eta gorago emakumeak bere aho txiki eta gorriaz irribarre egiten zuen.

      Umetan ezagutu zuten elkar San Luisen, mendialdeko herrixkan, Imbabura sumendiaren ondoan. Hamahiruna urte zituzten elkarrekiko konpromisoa harrarazi zietenean eta bi urte geroago egin zen eta, handiegi geratzen zitzaien abentura batean sartu zituztelako ideiak kikildurik zeudelako, euren partehartze handirik eduki ez zuten jai baten ondoren, ezkonduta zeudela konturatu ziren.

      Haur ezkontideak emaztearen aitaren etxean bizi izan ziren lehenengo hiru bikote-urteetan; aitak, alarguna, oso zaharra, zainketa eta otoitzen truke beraien aldeko jaraunspena uzteko konpromisoa hartu zuen.

      Agurea hil zenean, hemeretzi urte inguru zituzten eta metro gutxi batzuk lur jarauntsi zuten, familia baten mantenurako askiezak, bai eta etxabere batzuk ere, hileta gastuen ondorioz desagertu zirenak.

      Denbora aurrera zihoan. Gizonak familiaren jabegoa lantzen zuen eta beste jabe batzuen lurretan ere lan egiten zuen. Ezinbestekoarekin bizi ziren, eta sobera zeukaten bakarra, gizona ukitu ez baina Dolores Encarnación del Santísimo Sacramento Estupiñán Otavalori maltzurkeriaz ekiten zioten esamesa maltzurrak ziren.

      Emakumea ez zen haurdun geratzen. Hilero etortzen zitzaizkion bere odolak ordukotasun gorrotagarriz, eta hileko bakoitzaren ostean areagotu egiten zen isolamendua.

      —Idor jaio zen —esaten zuten atso batzuek.

      —Lehenengo odolak ikusi nizkion nik. Haietan zapaburu hilak zetozen —ziurtatzen zuen beste batek.

      —Hilik dago barrutik. Zertarako balio du horrelako emakume batek? —esaten zuten.

      Antonio José Bolívar Proaño kontsolatzen saiatzen zen eta petrikiloz petrikilo bidaiatzen zuten emankortasunerako belar eta ukendu mota guztiak probatzen.

      Alferrekoa zen guztia. Hilez hile emakumea etxeko bazter batean ezkutatzen zen desohorearen jarioaldiaren zain.

      Mendialdea uztea erabaki zuten gizonari irtenbide sumingarria proposatu ziotenean.

      —Baliteke zu izatea huts egiten duena. San Luiseko jaietan bakarrik utzi behar duzu.

      Ekaineko jaietara eraman eta dantzaldian eta apaiza joan bezain laster izango zen mozkorraldi kolektiboan parte hartzera behar zezan proposatzen zioten. Apaizak alde eginik, guztiek segituko zuten edaten elizako zoruan botata, kanaberazko pattarrak, trapicheetatik oparo irtendako puruak, iluntasunaren babesean, gorputzen nahastea eragin arte.

      Antonio José Bolívar Proañok uko egin zion inauteri-seme baten aita izateko aukerari. Bestalde, entzuna zuen Amazonia kolonizatzeko egitasmo baten berri. Gobernuak lur azalera handiak eta laguntza teknikoa agintzen zituen Peruri lehiaturiko lurraldeak bizilekutzat hartzearen truke. Agian klima aldaketak zuzenduko zuen bietako batek nozitzen zuen ez-normaltasuna.

      San Luiseko jaiak baino pixka bat lehenago, zeuzkaten ondasun urriak batu, etxea itxi eta bidaiari ekin zioten.

      Bi aste behar izan zituzten El Doradoko ibai-portura iristeko. Zenbait tarteune autobusez egin zuten, beste batzuk kamioiez, beste batzuk oinez ere, ohitura arraroak zeuzkaten hiriak zeharkatzen, Zamora edo Loza kasu, non saraguru indioak beltzez janzten baitira egoskor, Atahualparen heriotzagatiko dolua betierekotuz.

      Bidaian beste astebete eman ondoren, kanoaz oraingoan, gorputza mugimendurik ezagatik gogorturik zeukatela, ibaiaren bihurgune batera heldu ziren. Eraikin bakarra, bulegoarena, hazi eta erreminta sotoarena eta kolono heldu berrien etxebizitzarena egiten zuen zink urtuzko txabola eskerga zen. Hori zen El Idilio.

      Han, izapide labur baten ostean, kolono jitea benetakotzen zien arrandiro zigilaturiko paper bat eman zieten. Bi hektarea oihan, aihotz pare bat, para batzuk, kokoek jandako hazi zorro batzuk eta inoiz iritsiko ez zitzaien laguntza teknikoaren promesa esleitu zizkieten.

      Bikoteak txabola urritasunez eraikitzeko zereginari ekin zion, eta berehala abiatu ziren mendiko sasiak kentzera. Egunsentitik ilunabarrera lan eginez zuhaitzen bat, aihen batzuk, landare batzuk kentzen zituzten, eta biharamuneko egunsentian hazten ikusten zituzten berriro, mendekuzko kemenaz.

      Lehenengo euritea iristean, jakiak amaitu egin zitzaizkien eta ez zekiten zer egin. Kolono batzuek armak zeuzkaten, eskopeta zaharrak, baina mendiko animaliak arinak eta zuhurrak ziren. Ibaiko arrainak ere trufatu egiten zirela zirudien, harrapatzen utzi gabe beraien aurrean salto egiten zutela.

      Euriek, ezagutzen ez zituzten erauntsiek isolaturik, mirariaren zain geratzera zigorturik zeudela jakitearen etsipenean murgiltzen ziren, ibaiaren goraldiari eta enborrak eta animalia puztuak zeramatzan etengabeko igaroari begira.

      Kolonoak hiltzen hasi ziren. Batzuk fruitu ezezagunak jateagatik; beste batzuk sukar arin eta suntsigarriek jota; beste batzuk, lehenbizi bildu, xehatu eta, gero, prozesu luze eta izugarri batean, irensten zituen boa hertsatzaile baten gilbor luzangan desagertzen ziren.

      Galdurik sentitzen ziren, beti borroka antzuan: erasoaldi bakoitzean txabola eramateko mehatxua egiten zien euriarekin; zaparradaren etenaldi bakoitzean ankerkeria geraezinaz erasotzen zuten eltxoekin, gorputz osoaren jabe eginez, koska eginez, xurgatuz, azalpean ubeldura mingarriak eta, askatasun berderanzko bidean zauri zornetsuak irekiz epe laburrera argi bila hasiko ziren larbak utziz; loak hartzea eragozten zuten soinu ikaragarriak eginez mendian noraezean zebiltzan animalia gosetiekin. Eta salbabidea erdi-biluzik, aurpegia achiote-mamiaz margoturik eta buru-besoetan kolore anitzeko apaingarriak zerabiltzaten gizaki batzuk agertzean etorri zitzaien.

      Shuarrak ziren, errukiturik laguntza ematera hurbiltzen zirenak.

      Haiengandik ikasi zuten ehizatzen, arrantzatzen, haize-erauntsiak tinko eta gogor jasango zituzten txabolak eraikitzen, fruitu jangarriak eta pozoitsuak bereizten eta, batez ere, beraiengandik ikasi zuten oihanarekin elkarbizitzeko artea.

      Euritea iraganik, shuarrek mendi-maldetako sasiak kentzen lagundu zieten, hori guztia alferrekoa zela ohartarazten zieten bitartean.

      Indioen hitzei entzungor eginez, lehenengo haziak erein zituzten, eta ez zuten denbora luzeegirik behar izan lurra ahula zela konturatzeko.

      Euri etengabeek hain sakonki garbitzen zuten, ezen landareek ez baitzuten beharrezko elikagaia lortzen eta loratu gabe hiltzen ziren, ahultasunaz edo intsektuek janda.

      Hurrengo euritea heltzean, hain lan latza eraman zicten zelaiak maldan behera irristatu ziren lehenbiziko zaparradarekin.

      Dolores Encarnación del Santísimo Sacramento Estupiñán Otavalok ez zuen bigarren urtea jasan eta sukar itzeletan joan zen, malariak hezurretaraino ahiturik.

      Antonio José Bolívar Proañok jakin zuen ezin zela mendialdeko herrixkara itzuli. Txiroek dena barkatzen dute, porrota izan ezik.

      Geratu beharra zeukan, oroitzapenen laguntza bakarraz iraun beharra. Mendekua hartu nahi zion lurralde madarikatu hari, maitasuna eta ametsak ostu zizkion infernu berde hari. Amazonia osoa sutzar bihurtuko zuen sute handiarekin egiten zuen amets.

      Eta bere ezintasunean ulertu zuen ez zuela oihana gorrotoa sentitzeko bezainbat ezagutzen.

      Haiekin ehizan joanez ikasi zuen shuarren hizkuntza. Tapirrak, guatusak, kapibarak, pekariak —oso okela goxoko basurde txikiak—, tximinoak, hegaztiak eta narrastiak ehizatzen zituzten. Ehizan isila eta eraginkorra den zerbatanaz baliatzen ikasi zuen, eta lantzaz, arrain lasterren aurka.

      Haiekin galdu zuen nekazari katolikoaren ahalkea. Erdi-biluzik zebilen eta ero bati bezala begiratzen zioten kolono berriekin topo egitea saihestu egiten zuen.

      Antonio José Bolívar Proañok inoiz ez zuen askatasun hitzean pentsatu, eta berak nahi bezala gozatzen zuen oihanean. Bere gorroto-proiektua berpizten saiatu arren, ezin zuen ekidin mundu hartan gustura sentitzea, eta pixkanaka-pixkanaka hura ahaztuz joan zen, ez mugarik ez jaberik ez zeukaten inguru haien gonbiteek liluraturik.

      Gosetu bezain laster jaten zuen. Fruiturik goxoenak aukeratzen zituen; arrain batzuk arbuiatu egiten zituen geldoak iruditzen zitzaizkiolako; mendiko animalia baten aztarnari jarraiki eta, zerbatanaren jopuntuan zeukanean, bere goseak iritziz aldatzen zuen.

      Gaua heltzean, bakarrik egon nahi bazuen kanoa baten azpian etzaten zen, eta konpainia nahi bazuen, aitzitik, shuarren bila joaten zen.

      Hauek atseginez hartzen zuten. Euren janaria eta hosto-zigarroak elkarbanatzen zituzten, eta luzaroan mintzatzen ziren, hiru makilako betiereko suaren inguruan maiz txu egiten zutela.

      —Nolakoak gara? —galdetzen zioten.

      —Tximino saldo bat bezain begikoak, papagaio mozkortiak bezain berbatiak eta deabruak bezain zaratatsuak.

      Shuarrek barre-algaraka eta pozezko puzker ozenak botaz hartzen zituzten konparaketak.

      —Hangoa, zu zatozen lekua, nolakoa da?

      —Hotza. Goizak eta arratsaldeak hotz-hotzak dira. Pontxo luzeak, artilezkoak, eta kapelak erabili behar dira.

      —Horrexegatik darie kiratsa. Kaka egiten dutenean pontxoa zikintzen dutelako.

      —Ez. Beno, batzuetan gertatzen da. Baina arazoa zera da, hotzagatik ezin garela zuek bestetan bainatu.

      —Zuen tximinoek ere janzten al dute pontxoa?

      —Ez dago tximinorik mendialdean. Ez eta pekaririk ere. Mendialdeko jendeak ez du ehizatzen.

      —Eta zer jaten dute, orduan?

      —Ahal dena. Patatak, artoa. Batzuetan txerri edo oilo bat, jaietan. Edo akuria, azoka egunetan.

      —Eta, ehizatzen ez badute, zer egiten dute?

      —Lan. Eguzkia sortzen denetik gordetzen den arte.

      —Haiek bai leloak, haiek! —esaten zuten shuarrek.

      Han bost urte zeramatzanean jakin zuen inoiz ez zituela inguru haiek utziko. Isileko bi letaginek igorri zioten mezua.

      Shuarrengandik oihanean oin osoaz zapalduz ibiltzen ikasi zuen, begiak eta belarriak murmurio guztiei erne eta aihotza kulunkatzeari inoiz ere utzi gabe. Arduragabetasunezko une batean aihotza lurrean inkatu zuen fruitu-zama egokitzeko, eta berriro oratzen saiatzean ixa-suge baten letagin sutsuak nabaritu zituen bere eskuineko eskuturrean sartzen.

      Iritsi zen metroko luzeradun narrastia ikustera, urruntzen, lurrean ixak marrazten zituela —hortik baitatorkio izena—, eta berak arin jokatu zuen. Aihotza zauritutako esku berean zeukala jauzi egin zuen eta hainbat zatitan ebaki zuen pozoi hodeiak begiak estali zizkion arte.

      Itsuka, narrastiaren burua bilatu zuen, eta bizia bazihoakiola sentitzean shuarren herrixkarantz abiatu zen.

      Indioek zabuka zetorrela ikusi zuten. Ordurako ezin zuen hitz egin mihia, beso-zangoak, gorputz osoa neurrigabe puzturik baitzeuzkan. Une batetik bestera lehertuko zela zirudien, eta konortea galdu baino lehen narrastiaren burua erakustea lortu zuen.

      Zenbait egun geroago, gorputza oraindik puzturik zeukala itzartu zen, eta oinetatik bururaino dardarez, sukarra joaten zitzaionean.

      Azti shuar batek lagundu zion osasuna berreskuratzen sendatze prozesu geldo batean.

      Belar edabeek sendatu zioten pozoiaren eragina. Errauts hotzezko bainuek arindu zizkioten sukarra eta amets gaiztoak. Eta tximino-garun, gibel eta giltzurrunezko dietari esker hasi zen oinez hiru asteren buruan.

      Gaixondoan zehar debekatu zioten herrixkatik urruntzea eta emakumeak hertsi azaldu ziren gorputza garbitzeko tratamenduari zegokionez.

      —Oraindik pozoia daukazu barruan. Gehiena bota behar duzu eta aurrerantzean kosketatik defendatuko zaituen kopurua baino ez utzi barruan.

      Ito egiten zuten fruitu urtsu, belar-ur eta bestelako edabeez, nahi ez zuenean ere txiza eragiteko.

      Guztiz susperturik ikusi zutenean, shuarrak opariekin hurbildu zitzaizkion. Zerbatana berria, gezi-sorta, ibaiko perlez egindako lepokoa, tukan lumazko xingola, eta ahur-kolpetxoak ematen zizkioten, jainko jostalariek, jainko txikiek, gizakiak nahasi nahiz oihan-argiune aizunak seinalatzeko izar janzten eta sarritan kakarraldo edo ipurtargien artean ezkutatzen direnek, euren gurari hutsez gertarazitako onarpen froga bat gainditua zuela ulertarazi arte.

      Bera omentzeari utzi gabe, gorputza boaren kolore ñabarrez margotu eta beraiekin dantza egin zezan eskatu zioten.

      Ixa-sugearen koskaren ondoren bizirik suertatzen ziren bakanetakoa zen, eta hori Sugearen Jaiaz ospatu behar zen.

      Ospakizuna amaitzean lehenbizikoz edan zuen natema, yahuascaren sustrai egosiez prestaturiko likore gozo aluzinagarria, eta lilurazko ametsean bere burua etengabeko aldaketan ziharduten toki haietako atal ukaezin gisa, gorputz berde amaigabe haren ileetako bat bezala ikusi zuen, shuar batek bezala pentsatzen eta sentitzen, eta ehiztari trebearen janzkiak soinean zeuzkala aurkitu zuen bere burua, ez formarik ez tamainarik, ez usainik ez soinurik, baina bi begi hori dirdiratsu zeuzkan animalia deskribaezin baten arrastoari jarraikiz.

      Geratzea agindu zion seinale deszifraezina zen, eta halaxe egin zuen.

      Geroago konpaia aukeratu zuen, Nushiño, hau ere urrundik iritsitako shuarra, hain urrundik ezen bere sorterriaren deskribapena Gran Marañon ibaiaren isurkideen artean galtzen baitzen.

      Nushiño bizkarrean bala-zauri bat zeukala heldu zen egun batean, militar perutarren espedizio zibilizatzailearen oroigarri. Konorterik gabe eta ia odolusturik iritsi zen, noraezean nabigatzen egun latzak eman ondoren.

      Shumbiko shuarrek sendatu zuten eta, suspertutakoan, geratzea baimendu zioten, odol-ahaidetasunak ahalbidetu egiten baitzuen.

      Elkarrekin ibiltzen ziren abarrartean. Nushiño indartsua zen. Gerri estua eta lepo zabalak zeuzkan, ibaiko gizurdeei erronka joz egiten zuen igeri, eta oso aldarte onez egoten zen beti.

      Ehizaki handiren baten arrastoari jarraikitzen ikusten ziren, animaliak utzitako gorotzaren koloreaz hausnartzen, eta jada bazeukatela ziur jakitean, Antonio José Bolívarrek oihaneko argiune batean itxaroten zuen Nushiñok ehizakia abarrartetik aterarazi eta gezi pozoitsuaren bila joatera behartzen zuen bitartean.

      Batzuetan kolonoentzako pekariren bat ehizatzen zuten, eta haiengandik jasotzen zuen diruak aihotz batez edo gatz zaku batez trukatzeko baino ez zuen balio izaten.

      Nushiño konpaiarekin ehizatzen ez zuenean suge pozoitsuak azterkatzen aritzen zen.

      Iparra galarazten zien tonu zorrotz batez txistuka inguratzen zekien, beraiengana hurbiltzeraino, aurrez aurre edukitzeraino. Han, beso batez narrastiaren mugimenduak errepikatzen zituen hura nahasi arte, errepikapenetik, narrastiak hipnotizaturik errepikatzen zituen mugimenduak berak egitera iritsi arte. Orduan beste besoak segur jokatzen zuen. Eskuak samatik harrapatzen zuen suge harritua eta, kalabaza hustu baten ertzean letaginak sartuz, pozoi tantak isurarazten zizkion.

      Azken tantatxoa erorita, narrastiak laxatu egiten zituen bere eraztunak, gorrotoari eusteko indarrik gabe, edo bere gorrotoa alferrekoa zela ulerturik, eta Antonio José Bolívarrek mesprezuz jaurtikitzen zuen hostailara.

      Ondo ordaintzen zuten pozoia. Urte erdiro, gazur antiofidikoa prestatzen zen laboratorio bateko agentea azaltzen zen ontzi hilgarriak erostera.

      Batzuetan narrastia arinagoa izan zen, baina ez zion axolarik izan. Bazekien apo bat bezala puztu eta egun batzuk sukarraren eldarnioan murgildurik emango zituela, baina gero mendekuaren garaia etorriko zen. Kutsagaitz zegoen, eta gustatzen zitzaion kolonoen artean orbainez estaliriko besoak erakutsiz bantatzea.

      Oihaneko bizimoduak beraren gorputzaren xehetasun bakoitza suberatu zuen. Giharrek katukienen antza hartu zuten eta urteen joanean hede bilakatu ziren. Shuarrek beste zekien oihanari buruz. Shuarrak bezain aztertzaile ona zen. Shuarrek bezain ondo egiten zuen igeri. Haietako bat bezalakoa zen, finean, baina ez zen haietakoa.

      Horregatik alde egin behar izaten zuen noizero, ona baitzen —azaltzen ziotenez— haietakoa ez izatea. Ikusi, eduki nahi zuten, eta beraren hutsunea ere sumatu nahi zuten, berarekin ezin hitz eginaren tristura, bai eta bihotzeko iraulketa alaitsua ere berriro agertzen ikustean.

      Euriteak eta jabalaldiak bata bestearen ondotik iragaten ziren. Urtaro bat eta bestearen artean ezagutu zituen herri haren erritu eta sekretuak. Gerlari duin gisa hildako etsaien buru txikituen aldeko eguneroko omenaldian parte hartu zuen, eta bere anfitrioiekin batera abesten zituen anentak, emandako kemenagatiko eskerrona eta bake iraunkorra gozatu nahia adierazteko kantu-olerkiak.

      «Alde egiteko» garaia iritsia zela erabakia zuten atso-agureek eskainitako oturuntza oparoan ere izan zen partaide; haiek, chicha eta natemaren eraginpean loak hartzen zituenean, ordurako taxuturik zeukaten geroagoko bizitzarako ateak irekitzen zizkieten zoriontasunezko ikuspen haluzinatuetan murgildurik, urrunagoko txabola bateraino eraman eta beraien gorputzak chonta-ezti gozo-gozoaz estaltzen lagundu zuen.

      Biharamunean, arrain, tximeleta edo animalia jakintsuen itxuraz azaltzen ziren bizi berri haiek agurtzeko anentak abestuz, hezur zuriak, garbi-garbi, añango inurrien baraila zorrotzek beste bizitza batera lekualdatutako atso-agureen hondakin premiagabekoak, biltzen jardun zuen indioekin batera.

      Shuarrekin bizi izan zen bitartean ez zuen maitasun eleberririk behar izan maitasuna ezagutzeko.

      Ez zen haietakoa eta, beraz, ezin zuen emazterik eduki. Baina haietako bat bezalakoa zen, eta horregatik shuar anfitrioiak, euritean zehar, bere emakumeetako bat onartzea erregutzen zion bere enda eta bere etxearen harrotasuna areagotzeko.

      Eskainitako emakumeak ibai-ertzeraino eramaten zuen. Bertan, anentak abesten zituelarik, garbitu, apaindu eta lurrindu egiten zuen, eta ondoren txabolara itzultzen ziren tapizaren gainean ihutika aritzera, oinak airean, suak leunki epeldurik, anentak haien gorputzen edertasuna eta deskribapenaren magiak mugagabeki areagotutako laketagatiko poza deskribatzeko olerki sudurkariak ezein unetan ere kantatzeari utzi gabe.

      Maitasuna bera beste xederik ez zeukan maitasun garbia zen. Ez jabegorik ez zelorik gabe.

      —Inork ezin du trumoia lotu, eta inork ezin du bestearen zeruez jabetu banantzeko unea heltzean.

      Horrelaxe azaldu zion behin Nushiño konpaiak.

      Nangaritza ibaia iragaten ikustean pentsa zezakeen denborak ihes egiten ziola Amazoniako bazter hari, baina hegaztiek bazekiten mendebaldetik mihi ahaltsuak zetozela oihanaren gorputzean kitzikatzera.

      Makina erraldoiek bideak zabaltzen zituzten eta shuarrek areagotu egin zuten euren mugikortasuna. Jadanik ez zituzten ohiko hiru urteak toki berean ematen, ondoren lekualdatu eta naturaren suspertzea ahalbidetzeko. Urtaroen artean euren txabolak eta euren hildakoen hezurrak soinean jaso eta Nangaritzaren ertzak okupatzen azaltzen ziren arrotzengandik urruntzen ziren.

      Kolono gehiago zetorren, abeltzaintza eta zurgintzaren garapen promesez deiturik orain. Haiekin batera erriturik gabeko alkohola eta, ondorioz, ahulenen endakatzea ere etorri ziren. Eta, batez ere, ugalduz zihoan urreketarien izurria, arin aberastea beste iparrik gabe lurreko txoko guztietatik etorritako eskrupulurik gabeko gizakiak.

      Shuarrak ekialderantz mugitzen ziren oihan sartezinaren barrukotasunaren bila.

      Goiz batean, Antonio José Bolívar zahartuz zihoala konturatu zen zerbatana-joaldi batean huts egitean. Alde egiteko unea iristen ari zitzaion berari ere.

      El Idilion gelditu eta ehizaz bizitzea erabaki zuen. Bazekien ez zela gai bere heriotzaren unea zehaztu eta inurriek jan zezaten uzteko. Gainera, lortuz gero, zeremonia tristea izango zen.

      Bera haiek bezalakoa zen, baina ez haietakoa, beraz, ez zuen ez jairik ez urruntze haluzinaturik edukiko.

      Egun batean, kanoa tinko bat, behin-betikoa, egiten ari zela, ibaiaren adar batetik eztanda-hotsa etorri zitzaion, beraren joana azkartuko zuen seinalea.

      Leherketa izandako tokira joan eta shuar talde bat negarrez aurkitu zuen. Azalerako arrain hilak eta hondartzatik su-armez destatzen zituen arrotz taldea seinalatu zizkioten.

      Bost abenturarik osaturiko taldea zen, korronte-bide bat lortzeko, arrainek arrautzak erruten zituzteneko dike euskorra lehertua zuena.

      Oso arin gertatu zen guztia. Zuriek, shuar gehiago zetozelako urduri, tiro egin eta bi indio zauritu zituzten, eta ihesari ekin zioten euren ontzian.

      Zurienak egina zuela jakin zuen berak. Shuarrek lasterbide bat hartu zuten, pasabide estu batean itxaron zieten eta handik ehizaki erraz izan ziren gezi pozoitsuetarako. Haietako batek, ordea, salto egitea lortu zuen, beste ertzeraino igeri egin eta abarrartean galdu zen.

      Orduantxe kezkatu zen eroritako shuarrengatik.

      Bata hilik zegoen, burua distantzia laburretik harrapatutako draiadak suntsiturik, eta bestea hilurren zegoen, bularra irekirik. Nushiño konpaia zen.

      —Alde egiteko modu kaxkarra —xuxurlatu zuen Nushiñok min-keinu bat eginez, eta eskuaz bere kurare-kalabaza seinalatu zion—. Ez naiz lasai joango, konpai. Txori itsu triste baten antzera ibiliko naiz, zuhaitzen kontra kolpeka, haren burua adar lehor batetik zintzilik egon arte. Lagunduidazu, konpai.

      Shuarrek inguratu egin zuten. Berak ezagutzen zituen zurien ohiturak, eta Nushiñoren hitz ahulek sugearen koskatik salbatu zuenean hartua zuen zorra kitatzeko garaia iritsia zela esaten zioten.

      Bidezko iruditu zitzaion zorra kitatzea, eta zerbatana harturik zeharkatu zuen igerika ibaia, gizakiaren ehizan lehenbizikoz.

      Ez zitzaion kostatu aztarna aurkitzea. Urreketariak, bere etsipenean, bilatu ere egin behar ez ziren aztarna nabariak uzten zituen.

      Handik minutu gutxira lo zegoen boa baten aurrean ikaraturik aurkitu zuen.

      —Zergatik egin duzue? Zergatik egin duzue tiro?

      Gizonak bere eskopetaz destatu zuen.

      —Jibaroak. Non daude jibaroak?

      —Beste aldean. Ez zaizkizu jazartzen.

      Lasaiturik, urreketariak arma jaitsi eta agureak gezi bat jaurtikitzeko aprobetxatu zuen unea.

      Txarto jo zuen. Urreketaria kordokatu egin zen erori gabe, eta beraren gainera jauzi egitea beste irtenbiderik ez zitzaion geratu.

      Gizon indartsua zen, baina azkenik, borrokan aritu ondoren, eskopeta kentzea lortu zuen.

      Lehenago inoiz ez zuen eduki su-armarik eskuetan, baina gizonak eskua aihotzera zeramala ikustean atzamarra jarri behar zuen toki zehatza asmatu zuen eta danbadak txori izutuen hegalda eragin zuen.

      Danbadaren indarrak harriturik, gizonarengana hurbildu zen. Bete-betean hartua zion sabela draiada bikoitzak eta ihauska ari zen minaren minez. Garrasiei jaramon egin gabe orkatiletatik lotu zuen, eta lehenengo paladak ematean zoritxarreko hura jada hilik zegoela sentitu zuen.

      Beste ertzean shuarrak zeuzkan zain. Azkar abiatu ziren ibaitik irteten laguntzera, baina urreketariaren hilotza ikustean, agureak ezin uler zezakeen negar kontsolaezinari ekin zioten.

      Ez zuten negar egiten arrotzagatik. Beragatik eta Nushiñorengatik ari ziren negarrez.

      Bera ez zen haietakoa, baina haietako bat bezalakoa zen. Beraz, gezi pozoitsu batez hil behar izango zukeen, lehenago adoretsuek bezala borrokatzeko aukera emanik; horrela, kurarearen paralisiak jotzean, aurpegian iraungo zion bere adore guztiak, bere buru txikituan betikoz harrapaturik, betazalak, sudurra eta ahoa hertsiki josirik ihes egin ez zezan.

      Nola txikitu, ordea, buru hura, ikara eta oinaze keinu batean geldituriko bizi hura?

      Beraren erruz Nushiño ez zen joango. Nushiño papagaio itsu bat bailitzan geratuko zen, zuhaitzen kontra buruaz joka, ezagutu ez zutenen gorrotoa pizten beraien gorputzen kontra jotzean, loak harturiko boen ametsa eragozten, norakorik gabeko bere hegaldaz ehizaki azterkatuak uxatzen.

      Galdua zuen ohorea, eta horregatik bere konpaiaren betiereko zorigaitzaren erantzulea zen.

      Negar egiteari utzi gabe, kanoarik onena eman zioten. Negar egiteari utzi gabe besarkatu zuten, jan-edariz hornitu zuten, eta une horrexetatik han ez zela ongietorria izango esan zioten. Shuarren herrixketatik igaro ahal zen, baina ez zeukan gelditzeko eskubiderik.

      Shuarrek kanoa bultzatu zuten eta berehala ezabatu zituzten beraren aztarnak hondartzatik.

 

Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea
Luis Sepulveda

euskaratzailea: Ana Santos Elortza
Txalaparta, 1997