Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008

 

 

HAMABIGARREN KONPROMISOA

 

(“Sobietar Estonia”. 1976ko urria)

 

      “OROIMENA ARMA BELDURGARRIA DA! Greziar mitologian badago irudi bat Leta izenekoa, ahanzturaren ibaia. Bere urek gizakiek lurrean bizi izandako sufrimenduak eramaten zituzten. Letaren bazterretan, gizakiak behin-behineko zoriontasun ilusio errukarri bat eskuratzen zuen. Esperientzia eta oroitzapenik gabe geratzean, bere adimen inozoak gizakia jostailu bihurtzen zuen patuaren eskuetan. Baina mendeak joan, mendeak etorri, Letaren korrontearen aurka doa gizakiaren oroimenaren ibai urtsu eta agortezina.

      Tartu hirian, kontzentrazio-eremu faxistetan preso egondakoen Estoniako Errepublika mailako III Bilkurari hasiera eman zaio.

      Euren aurpegiak, jai-girokoak eta, aldi berean, zorrotzak dira. Haietako bakoitzak intsignia txiki apal bat darama bularrean: hiruki gorri bat, uso txiki baten siluetarekin, isuritako odolaren eta bakearen ikur suntsiezinak. Taldeka biltzen dira Vanemuine antzokiaren hall zabaletan. Agurrak, besarkadak, hitzaldi sutsuak.

      Hona hemen eraikuntzako ingeniari den Lazar Borisovitx Slapakek dioena:

      — Hasieran gerrako presoentzako eremuan egon nintzen, baina faxismoaren aurkako propaganda eta ihesaldien antolaketa zirela medio, Stuthofera aldatu ninduten. Begietara begiratuta, eskuaren mugimendu batengatik, edota ia antzemanezina zen irribarre batengatik ezagutzen genituen lagunak zirenak. Pertsona batek bere burua ez dauka biktimatzat, aldamenean kamaradak, anaia-arrebak baldin badauzka.

      Bilkurak bi egun iraun ditu. Oroitzapenerako, adiskidetasunerako eta bizi izandakoarekiko leialtasuna gordetzeko bi egun. Gizakien oroimenaren artxibo baliotsu eta betirakoa betetzen lagundu ostean, ordezkari eta gonbidatu guztiak beren etxeetara itzuli dira. Eta guk, beraiei jarraiki, ozen eta zorrotz, etorkizunerako ohartarazpen moduan, bakearen juramentu eta manamendu moduan, zera adierazi nahi dugu: “Inor ere ez dago ahaztua. Ezer ere ez dago ahaztua!””

 

      Goizean goiz iritsi ginen Tartura. Jbankovek argazki-kamera konpontzen eman zuen bide guztia. Grapak, zinta isolatzailea, ispiluaren ezpal txiki bat.

      Hasieran Malkiel bidali nahi zuten nirekin, baina Jbankov protestaka hasi zen:

      — Ni, bide batez esanda, frontean egondakoa naiz. Izan ezazue lotsa pixka bat!

      Turonok erredaktorea bereari eusten saiatu zen:

      — Han biltzekoak direnak presoak dira eta inola ere ez frontean egondakoak.

      — Ni preso izan ez banintz bezala! —goratu zuen ahotsa Jbankovek.

      — Mozkorra egoteagatik atxilotua egon izana ez da kontutan hartzen —nabarmendu zuen, garrazki, erredaktoreak.

      Jbankovek ez zuen amore ematen. Baliabide eraginkor bat zeukan horrelako kasuetarako gordeta. Misha garbi baztertzen bazuten, mozkorkerian hasiko zela ematen zuen aditzera. Ez zuen zuzenean horrela esaten. Besterik gabe, galdetzen zuen:

      — Aizue, elkar-laguntzarako kutxako leihatila irekita al dago?

      Honek esan nahi zuena zera zen: Mishak edonondik dirua lortzeko asmoa zeukala. Eta lortu ezean, egunkariarena zen inportazioko argazki-handigailua saltzekoa.

      Normalean, atzera egiten zuten. Eta hala eta guztiz ere, sarritan mozkortzen zen. Mozkortzeari buruzko ideia bera mozkorraldiaren iragarpena izaten zen.

      — Heinrich Franzevitx —sartu nintzen ni— Jbankov eta biok lehenago ere elkarrekin lan egindakoak gara.

      — Gure artean elkar-ulertze artistikoa daukagu —osatu zuen Mishak nik esandakoa.

      — Horixe da, hain zuzen, ikaratzen nauena —esan zuen Turonokek— baina tira, ongi da. Joan zaitezte.

      Nire ustez, erredaktoreak erantzukizun handiko ospakizun bat zela gogoratu zuen. Eta Jbankovek argazki ederrak egiten zituen.

      Geltokitik antzokira arteko bidea oinez egin genuen. Tartu hiri adeitsua da, kulturaduna. Unibertsitateko ikasleen txapel berdeak nabarmentzen ziren jendartean. Zirimiri garden bat ari zuen.

      — Filma erosi behar genikek —esan zuen Jbankovek.

      Paper-denda atsegin batean sartu ginen. Dendaria su elektriko batean kafea egiten ari zen. Estonian tipikoak diren puntuz egindako txaleko horietako bat zeraman, metalezko botoiek apaindua.

      — Mikrat-lau sentsibilitateko filma ba al daukazue? —galdetu zuen Jbankovek.

      Estoniarrak buruarekin ezezko keinu bat egin zuen.

      — Hasi gaituk beti bezala.

      Nik galdetu nion:

      — Eta non dago hemen gertuen lau zenbakiduna saltzen duen dendaren bat?

      — Helsinkin —erantzun zuen saltzaileak, irribarrerik egin gabe.

      — Ongi duk —esan zuen Jbankovek— EDAZIko mutilak han egongo dituk.

      Euria indarra hartzen ari zen. Presaka abiatu ginen antzokirantz. Sarreran jende multzo bat zegoen, euren aterki eta zelofanezko txano eta guzti.

      — Zertan zebiltzak horiek denak aterkiekin, basatien moduan? —harritu zen Jbankov, oina putzu sakon batean sartzen zuen bitartean.

      — Isilxeago —esan nion.

      Ez zen denbora asko Vanemuine antzokia eraiki zutela. Marmolezko eskailerak, hall zabalak, oihartzun burrunbatsua. Sarrerako atearen gainean, pankarta urdin bat zegoen (Estonian gogoko dituzte pankarta urdinak).

      “Agur eta ohore kontzentrazio-eremu faxistetako preso ohiei!”

      Antolatzailea topatu eta geure buruak aurkeztu genituen. Esan zigun:

      — Programa honako hau da: lehendabizi, atal emozionala. Lagun zaharren topaketa. Ondoren, mitin nagusia. Eta azkenik, otordua. Bide batez, zuek ere gonbidatuta zaudete.

      — Ez da gutxiagorako —esan zuen Jbankovek.

      Halletan kondekorazio eta dominadun jendea zebilen noraezean. Gehienak jende mordoxka bat biltzen zuten taldeetan. Erretzen eta emeki hizketan ari ziren.

      — Ez duk emozio handiegirik nabari —esan zuen Jbankovek.

      Antolatzaileak azaldu zigun:

      — Presoak urtero biltzen dira. Hogei bat urte jarraian. Atal emozionala laster amaituko da. Mitin nagusiak ordubete inguru iraungo du. Gutxixeago ere bai, agian. Ondoren, otordua.

      — Hortik eratortzen diren ondorio guztiekin —esan, eta barre-algaraka hasi zen Jbankov, ustekabean.

      Antolatzaileari dardarizo bat atera zitzaion.

      — Barkatu —esan nion— baina jendearekin hitz egin behar nuke. Ohartxoren batzuk hartu.

      Antolatzaileak, orduantxe albotik pasatzen ari zen gizon altu sendo bat geldiarazi zuen:

      — Lazar Borisovitx Slapak aurkezten dizuet, eraikuntzako ingeniaria, Stuthof eremuko preso ohia.

      Nik ere neure burua aurkeztu nuen.

      — Faxismoaren aurkako ekintzengatik eta ihesaldiak antolatzeagatik eraman ninduten Stuthofera. Eta horren aurretik, Polonian egon nintzen.

      Slapakek bizkor eta ziurtasunez hitz egiten zuen. Bistan zen kazetariekin tratatzera ohituta zegoela.

      — Zuri, ziurrenik, pasarte kuriosoak interesatuko zaizkizu? —galdetu zidan.

      Buruaz baiezko keinu bat egin nion.

      — Eser gaitezen pixka batean.

      Sofa batean eseri ginen. Beste bi gehitu zitzaizkigun. Jaka militar bat zeraman gizon erlatiboki gazte bat eta agure besobakar goibel bat. Antolatzaileak hauen abizenak aipatu zituen: Valton eta Gurtxenko.

      Slapakek, isiltasuna egiteko zain egon, eta jarraitu zuen:

      — Ihesaldiak antolatzeko baliabideak behar genituen eta hauek nola lortu pentsatzen hasi ginen. Eta pentsa, baita irtenbidea aurkitu ere. Nik xakean nahiko ongi egiten nuen eta eremuko zuzendaria xakezale amorratua zen. Partida bat antolatzea erabaki genuen. Saria ezarri genuen: laurogei marko. Kamaradek sutsuki animatu ninduten, eta hamarretik zazpi partida irabazi nituen. Eremuko zuzendariak “Donner-wetter!” esan eta zorra kitatu zuen.

      — Interesgarria —eten zion agure besobakarrak— oso interesgarria.

      Agurearen abizena apuntatu nuen: Gurtxenko.

      Ordura arte, agure hura isilik egona zen:

      — Zer gertatzen da, bada, kamarada? —ihardetsi zuen Slapakek.

      — Esan nahi dudana da, ez zenutela hain gaizki pasatu.

      — Zer dela eta? —esan zuen eraikuntzako ingeniariak irribarre behartu bat eginez.

      — Mordoviara bidali behar zintuzkete zu hiru bat urtetarako —jarraitu zuen agureak.

      Nabari zen apur bat edanda zegoela.

      — Non egon zinen preso, kamarada? —sartu zen antolatzailea elkarrizketan— Dachaun, Auschwitzen?

      — Mordovian egon nintzen ni preso —erantzun zuen Gurtxenkok— Kazakhstanen. Hogei urte bete nituen, alemaniarren gerrako preso ohi izateagatik.

      — Zer uste duzu, ni ez nintzela preso egon?! —esan zuen eraikuntzako ingeniariak haserre— giltzurrunak apurtuak dauzkat. Iosser kontzentrazio-eremua ez al zaizu ezaguna egiten? Eta Vesliana? Eta Roptxa?

      — Entzunak dauzkagu bai —sostengatu zuen elkarrizketa jaka militardun gazteak—. Nik, Roptxan kartzela batetik besterako bidean nengoenean, meningitisa harrapatu nuen. Ume bat nintzen preso hartu nindutenean. Kontzentrazio-eremu batera bidali ninduten. Adinaren arabera, mobilizatzeko betebeharrik ere ez neukan arren. Eta propaganda kontuetan ere ez nengoen sartuta. Ez zen zilegi izan. Kontzentrazio-eremua ez zitzaidan gustatu. Faxistek goseak hil beharrean edukitzen gintuzten. Gainera, eremuan ez zegoen emakumerik.

      — Eta nolatan, bada, egokitu hintzen Roptxan? —galdetu zuen agureak, maltzurkeriaz.

      — Oso erraz. Gu frantsesek askatu gintuzten eta Parisen suertatu nintzen. Sobietar enbaxadara zuzendu nintzen. Zortziehun bat lagun bildu, tren batean sartu eta ekialderantz eraman gintuzten. Bagoaz, bagoaz. Mosku atzean utzi genuen, Uralak ere bai.

      — Irribarre bat, mutilak —eskatu zien Jbankovek—. Adi! Argazkia egitera noa!

      — Baina —esan nion nik— filmik ere ez daukak eta.

      — Hori ez duk garrantzitsua —esan zuen Jbankovek— tentsioa askatu beharra zeukaagu.

      Antolatzailea ere urduritzen hasia zen. Altxatu eta eskuekin kolpe zaratatsu bat egin zuen:

      — Kamarada presook, pasa zaitezte aretora!

      Mitinaren atalak hogei bat minutu bakarrik iraun zuen. Antolatzaileak berak hitz egin zuen beste inork baino gehiago. Amaieran esan zuen:

      — Gu betirako izango gara faxismoaren preso. Guk bizi izan genuena ez baita ahazteko modukoa.

      — Bera ere gerrako presoa al da? —galdetu nion nik Gurtxenko besobakarrari.

      — Kaiku hori aktorea duk —erantzun zuen agureak— partiduaren batzordeak izendatu dik. Laugarren urtea dik jada hemen hitzaldiak emanez. Bidaliko nikek nik hori Mordoviara hiru bat urtetarako. Basoko lanetara.

      Une horretan, otordurako prestaturiko aretoko ateak ireki ziren. Leiho ondoan zegoen mahaitxo batean hartu genuen tokia. Jbankovek falta zitzaizkigun bi aulkiak inguratu zituen. Gero, denoi vodka atera zigun.

      — Tira, toparik egin gabe, —proposatu zuen Slapakek— gauza on guztiengatik!

      Isiltasunean egin genuen tragoa. Jbankovek bigarrena atera zuen. Valton niri bere istorioa amaieraraino kontatzen saiatzen ari zen.

      — Merkataritza flotako itsasmutila nintzen. Alemaniarrek nirekin hutsegite bat izan zuten. Arrazoirik gabe atxilotu ninduten. Ni ez nintzen gerrako marinela. Merkataritza flotako marinela nintzen. Eta hartu eta kartzelan sartu ninduten. Berez, inongo arrazoirik gabe.

      Valton bere burua zuritu nahian zebilela zirudien. Ia-ia alemaniarrenganako bere leialtasuna frogatu nahian zebilela esan zitekeen.

      — Baltikoko errepubliketako hauek denak horrelakoak dira —esan zuen Jbankovek—, Adolf da euren lagunik onena. Eta errusiarrok mespretxatu egiten gaituzte.

      — Eta zer dela eta maitatu behar gaituzte, bada? —sartu zen Gurtxenko elkarrizketan— Estonian antolatu diegun nahaspilarengatik?

      — Nahaspilarena ez da okerrena —esan zuen Jbankovek—, okerrena da vodka bera ere garestitzen ari dela.

      Aurpegia distiratsu jartzen ari zitzaion. Botilak ere airean zerabiltzan esku batetik bestera.

      — Haragi errea botako dizut? —esan zuen Slapakek nireganantz makurtuz.

      Jbankovek ukalondotik heldu zion, delikatuki:

      — Aspaldian buruan dabilkidan zerbait da, zera. jakin nahi nuke. esaten den bezala, galdera indiskretu bat. Zu, barkatu, baina, zein da zure naziotasuna?

      Slapakek ozta-ozta nabaritzeko moduko urduritasun-keinu bat egin zuen. Ondoren, irmo eta ziurtasunez bota zuen erantzuna. Bere ahotsean ezkutatzeko ezertxo ere ez daukan pertsona baten intonazioa nabari zen:

      — Naziotasunez, judua naiz. Eta zu, barkatu galdetzeagatik, baina, zein da zure naziotasuna?

      Jbankov zer esan ez zekiela geratu zen une batez. Marinatutako txanpinoi irristakor bat harrapatu zuen.

      — Ni errusiar. errusiar-judutar naziotasunekoa naiz —formulatu zuen Jbankovek bakezaletasunez.

      Orduan, Gurtxenko besobakarra Slapaki zuzendu zitzaion.

      — Ez hadi haserretu, motel —esan zuen— judua haizela, eta zer? Horrek ez dik ezer txarrik. Ni lau urte bizi izan ninduan Kazakhstanen. Kazakhstandarrak mila aldiz okerragoak dituk.

      Beste trago bat egin genuen. Jbankov Gurtxenkorekin elkarrizketa bizian ari zen. Bere hizkera gero eta koloretsuagoa bihurtzen ari zen.

      Otordu-aretoa, pixkanaka, horrelakoetan ohikoa den marmarrak bete zuen. Edalontzien eta sardexken txorrotxioa entzuten zen. Norbaitek irratia piztu zuen. Akorde indartsuak entzun ziren:

 

.Aurrera doa herriaren gerra

Gerra sakratua.

 

      — Aizue! Nor dago irratitik gertuen? Kendu ezazue ahotsa —esan zuen Jbankovek.

      — Utz ezak —esan nion— nola edo hala itoarazi beharko ditiagu hire hitz itsusiak.

      — Egia ez dago itoarazterik! —egin zuen garrasi Gurtxenkok, ustekabean.

      Jbankov zutitu eta irratirantz abiatu zen. Orduan, pionero talde bati erreparatu nion. Mahai artean zebiltzan, ezeroso. Bistakoa zen euri zaparradak behartu zituela han geratzera. Haur haiek lorez beteriko saski erraldoi bat zeramaten.

      Jbankovek bidea oztopatzen zien. Nahiko itxura bitxia zeukan. Begiek distira asaldatu bat zeukaten, eta gorbata sorbalda gainean zeraman.

      Bere itxura urratu eta tragikoak kontzentrazio-eremuetako preso ohien artean nabarmenarazi egiten zuen.

      Pioneroak gelditu egin ziren. Jbankov zer esan ez zekiela geratu zen, zegoen tokian bertan pausoak emateari utzi gabe.

      Gorbata gorridun mutiko argal batek eskua altxatu zuen. Norbaitek irratia piztu zuen.

      Sortutako isilunean, ume-ahots eten bat entzun zen:

      — Betirako agur eta ohore gure heroiei!

      Eta ondoren, hiru bider:

      — Ohore, ohore, ohore!

      Jbankovek, izuturik, bularraren aurka estuturik zeukan loredun saskia.

      Pixka batean isilik geratu ondoren, Jbankovek oihu egin zuen:

      — Hurra!

      Aretoan zarata imajinaezin bat zegoen. Norbait kaxetatik trasteren batzuk ateratzen hasi zen. Beste norbaitek lezginka bat dantzatzen ziharduen, hortzetan gezurrezko jatagan bat zeukalarik.

      Bertako egunkariko mutilak Jbankovi argazkiak ateratzen ari ziren.

      Purpura koloreko aurpegia loreen berdetasunean itota zeraman. Gure mahaira itzuli zen. Saskia leihopean sartu zuen.

      Gurtxenkok burua altxatu zuen apur batean, eta patataz beteriko platerean erortzen utzi zuen atzera.

      Nik Jbankovi aulkia hurbildu nion.

      — Lore-sorta elegantea —esan nion.

      — Hau ez duk lore-sorta bat —erantzun zuen Jbankovek, dolumin keinu bat eginez— hau hileta-koroa bat duk!

      Hitz tragiko horiekin esaten diot agur kazetaritzari. Nahikoa da!

      Bi epaiketatan errudun aurkitu izan duten nire anaiak, horietako bat nahigabeko hilketa batengatik, sarritan esan ohi dit:

      — Probetxuzko zerbaitetan has hadi! Ez al dik lotsarik ematen?

      — Irakasle ederra topatu diat!

      — Nik pertsona bat hil eta hilotza erretzen saiatu besterik ez diat egin —esaten dit anaiak—, baina hik?!

 

Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008