Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008

 

 

SEIGARREN KONPROMISOA

 

(“Arratsaldeko Tallinn”
Aste honetarako programa.
1976ko martxoa)

 

      . 13:30. “Pertsona interesgarri batekin solasean. Vladimir Merkin. Ekonomia eta etorkizun hurbila.”

      L. Agapova eta S. Dovlatoven irratsaioan, ekonomia zientzietan doktoretza egiten ari den Vladimir Grigorievitx Merkin gonbidatua izango dugu. Sobietar Batasuneko ekonomiaren aurrerakadari eta gaur egungo mendebaldearen finantza-krisi saihestezinari buruzko bere kontakizun bizi eta interesgarria entzun ahal izango duzue. Etenaldian, albisteak eta musikarako tarte bat izango ditugu.

 

      Hau gertatu eta lau urte beranduago, Agapova kazetariaren aurpegian metalezko eskuaira batek utzitako orbaina agertuko da. Zoro-garrasi bat eginaz batera, gainera jauzi egingo dio Degtiarenko arkitekto autodidaktak, inoiz aireratuko ez den Transparentzia izeneko denetariko irratsaio bateko gonbidatu nagusiak. Gertaera tamalgarri hori baino sei aste lehenago emango diote lehendabizikoz Agapovari Mobile cooperato proiektuaren berri eta baita proiektuaren aparteko egilearen, Tallinngo lantegi bateko langile soil baten berri ere. Agapovak Pertsona interesgarri batekin solasean atalerako kronika bat idatziko du. Auzi teknikoetarako sailak planoak eskatuko dizkio. Txubarov adituak bere esku finen artean izango ditu minutu batez kalko zikin dardaratiak eta ondorengoa esango dio Agapovari:

      — Hau bai gauza originala! Oso originala, alajaina!

      Kazetariak, lasaiago eta harrotasun puntu batez, ihardetsiko du:

      — Eta laugarren maila arteko ikasketak soilik ditu eginak!

      — Eta zuk? —galdetuko dio adituak, mespretxu tonu batez—. Ba al dakizu hau zer den?

      — Mobile cooperato. Etxe mugikorra. Etorkizuneko etxebizitza.

      — Hau bagoi bat da —etengo dio Txubarovek— bagoi arrunt bat besterik ez. Eta zure Le Corbusier hori erietxera eraman behar da lehenbailehen.

      Irratsaioa berehala debekatuko dute. Itxaropenez beterik zegoen Degtiarenkok buruan kolpe bat emango dio Lidari metalezko eskuaira batez. Irratiko behin-behineko kolaboratzailearen karrera luzarorako etengo zaio. Hau dena lau urte beranduago gertatuko da. Oraingoz, tranbiaren geltokirantz jarraituko dugu kazetaria.

      Aurretik goiz ilun samarra eta hori baino lehenago gaua. Uso nagi bat erlaitzean, leihopeko latorria karraskatuz. Ondoren, iratzargailua, izozturiko txankletak, bainugelan sartzeko zain egon beharra, te bat, hezetasunak jotako gazta zimurra, bizar-makinaren zarata; senarra lanerako presaka, beraz. Alabak: “Nire txabusina ez ukitzeko lehendik ere esana daukadala uste dut”. Eta azkenik, kale axolagabeen freskotasuna, haizea, zink koloreko putzuak, kaleko zakur horietako batzuk parkean, tranbiaren karranka.

      Agapova irudikatzen saiatuko naiz, emakume honen kanpoko itxura funtsezkoegia ez bada ere.

      Inportazioko gomazko botak. Gona marroi astun batek ez dio ibilera azpimarratzen. Kremaileradun berokitxo sintetikoa xuxurlaka darabil. Gainalde urdindun txapela, markakoa, Tallinneko politeknikoan egina. Aurpegia izaera handikoa, beti bizitasunik gabea. Kosmetika arrastorik ere ez. Irribarrearen ertzean hortz bat falta zaio. Harridura adierazten duten bakarrak begiak dira; bekainak tenkatuak, helmugako zinta bezalaxe.

      Gure kontakizunaren protagonistaren atzetik goaz. Tranbiaren geltokia.

      “. Harrigarria da neskato gazte hauek zein ongi janzten diren. Berokitxoa kalitate baxukoa, baina, gutxienez, ez hemen egindakoa. Botoien ordez izei-punta moduko batzuk. Baina tira, ez daukate itxura txarrik. Edo hango beste hura, laneko jantziarekin. Ipurdi aldean nabar-loreak. Ibilera harroxkoa, Lollobrigidarena bezalakoa. Behin, udan, oinutsik ikusi nuen bat. Ez mozkortuta zihoalako; oinutsik, besterik gabe. Hiriaren erdigunean bertan. Hortxe zihoan bere burua erakusten. Nire jantziengatik ere esan daiteke inportaziokoak direla, demokrazia sozialistetatik ekarritakoak izan arren. Eta hala ere, ez daukate ganorazko itxurarik. Hauek non lortzen ote dituzte? Ez dira bada atzerritarrekin tratutan arituko? Lotsagarria! Baina hori bai, ez daukate itxura txarrik.”

      Tranbiaren ateak kostata ireki ziren. Ondoren, sartzeko borrokaldi labur eta gogaikarri bat. Soldadu baten bizkar zabalak bidea oztopatu zion. Aurpegi-masaila artilezko oihal itogarri baten aurka zeukan. Ez erortzeko, atearen heldulekuari eutsi behar izan zion. Nikeldun hodi hartan, bizitza-izpi bat ikusi zuen islatua.

      — Ez bota monetatxoa oraindik.

      Lida balantzaka zebilen ordain-lekuaren funtzioa betetzen zuen metalezko kaxaren gainean.

      — Segi aurrera, neska. Ene, hortxe zutik, geldirik, adoptatua bailitzan.

      Horrelakoetan garrantzitsuena ez ernegatzea da, gauzak umorez hartzea. Ordu puntan ohiko fenomenoa da. Garrantzitsuena emozio positiboentzat iturriren bat aurkitzea izan ohi da. Adibidez, begira, amona horri eserlekua utzi diote. Ikasle hori apunteak gainbegiratzen ari da. Lehengo militarrak berak ere jator aurpegia dauka.

      Gero, berriro kalea, autoak, jendea, pertsonen eta autoen axolagabetasun atsegin eta kezkagarria. Ondoren, hall bat, marmolezko eskailera zabala, ertzak urratuak dituzten alfonbraz estaliriko bidexkak. eta plakatxo bat: Propaganda saila.

      Atea jo eta barrura sartu zen Lida. Denak asko poztu ziren bera ikusteaz. Kuleshovek, ohi zuen bezala, arrunkeria bat bota zuen. Vera Kotovak, begiak altxatu gabe egin zion irribarre. Jevgeni Tiurinek berokia kentzen lagundu zion. Moralevitxek galdetu zion:

      — Ostegunean entzun zenuen irratia? Jürna bera ere gustura dago zure lanarekin.

      — Benetan?!

      Valia Txmutov ere, zorte gabeko kroniko horietakoa, han zegoen, erretzen. Txmutov aktorea zen. Berezko dohain bat zeukan: tinbre harrigarridun ahots baxu eder bat. Esatari moduan egiten zuen lan. Sei hilabete lehenago, pasarte tragiko bat gertatu zitzaion. Txmutovek, goizean goiz, zuzeneko irratsaio bati hasiera eman behar zion. Hitz bakar batzuk esan besterik ez zuen egin behar: “Entzule maiteok! Zuekin zuzenean, Kaixo kamarada! asteroko irratsaioa! Hori besterik ez. Ondoren, musika eta aurretik grabaturikoak. Txmutovek bere hamaika errubloak jasoko zituen eta kito.

      Txmutov estudioan sartu zen. Eseri eta mikrofonoa gerturatu zuen. Buruan errepikatu zuen testua. Alkandoraren eskumuturrak gora begira jarri zituen, mahuka-bikiek mahaiaren aurka hotsik atera ez zezaten eta Airean zioen lanparatxoa noiz piztuko zain geratu zen. Aurreko eguneko parrandaren ondorioz barrenak ez zeuzkan lasai. Lanparatxoa ez zen pizten.

      — Entzule maiteok! —esan zuen Txmutovek pentsakor.

      Aurreko eguneko ardo merkeak erretako mingainari kosta egiten zitzaion ahoskatzea. Lanparatxoa ez zen pizten.

      — Entzule maiteok —errepikatu zuen berriro Txmutovek—, a, kaka zaharra. Entzule maiteok. Bai, atzo handiegia egin nian.

      Lanparatxoa ez zen pizten. Gero jakin genuen bonbilla erreta zeukala. Ehun urtean behin gertatzen den zerbait.

      — Zuzenean zuekin, Kaixo kamarada! asteroko irratsaioa. Bua, puta zaharra, bukatu dituk mozkorkeria hauek.

      Kristalaren atzean erredaktorearen fisonomia itxuraldatua agertu eta Txmutov mutu geratu zen. Atea pare-pare ireki zen. Bere burua ahal zuen bezala defendatzen saiatu zen esataria eskaileratatik behera bota zuten. Bere ajedun biraoek mundu guztiari eman zioten bira. Aktorea lanetik bota zuten. Istorioa ez da hor amaitzen.

      Txmutovek Pskovera alde egin zuen. Irrati batean sartu zen esatari moduan. Bertako gaiei buruzko irratsaioak egunero ordu eta erdi irauten zuen. Gainontzeko denbora Moskuk eta Leningradek betetzen zuten. Txmutov gustura zegoen, hiriburutik iritsitako maisutzat baitzeukaten.

      Behinola, irratsaio bat egiten ari zen. Ezustean, atearen txirrioa entzun zen. Zakur marroi handi bat sartu zen (Norena? Nondik?). Txmutovek tentuz laztandu zuen. Zakurrak belarriak estutu eta bekokia zimurtu zuen. Sudurra distiratsu zeukan, boxeoko goante nano baten moduan.

      — Entzun dezagun herrixketako kamarada-langileek helarazten digutena —esan zuen Txmutovek.

      Eta orduan, zakurra, ustekabean, zaunkaka hasi zen. Agian zoriontsu zelako. Badirudi, laztan gutxi jasotakoa zela.

      — Entzun dezagun herrixketako kamarada-langileek helarazten digutena. guau! guau! guau!

      Txmutov lanetik bota zuten beste behin. Oraingoan jada betirako eta beste inon lan egiteko aukerarik gabe. Zakurrarena kontatu zuenean ez zioten sinetsi. Zaunka, ajearen ondorioz, Txmutovek berak egin zuela ondorioztatu zuten.

      Txmutovek Leningradera alde egin zuen. Egunak ematen zituen irratian eserita. Bere aukeraren zain.

      Jende guztiak ekidin ohi ditu zorigaiztoko direnak. Lidak irribarre egin zion.

      Denbora asko zeraman Agapovak propaganda sailean kolaboratzaile lanetan. Denek maite zuten. Oraingoan ere, Nina Ignatievnak, saileko buruak, keinu maitekor batekin, zera esan zion:

      — Lidotxka, pasa zaitez nire bulegora.

      Bulegoan isiltasuna zen nagusi; mahai leundua, boligrafo kopuru kontaezina. Armairuetan, kristalen atzean, oroigarriak eta entziklopedia-azalak ikus zitezkeen. Mahaian, Nina Ignatievnaren alboan, pomada, ispilutxoa eta tinta txinatarra. Orokorrean giro atsegina. Emakume gazte interesgarri bat horrelako bulego serio batean.

      — Lidotxka, atal berri bat eskaini nahi dizut: Pertsona interesgarri batekin solasean. Gainera, ez derrigorrez zientzialaria edo astronauta. Diapasoia inon den zabalena. Zaletasun ohoragarriren bat, ezusteko jardueraren bat, norbaiten biografian ezohiko ezaugarriren bat. Demagun, nomenklaturako notario-buru xume bat ezkutuan zera. ez dakit. nahi duzuna. ez zait ezer ere bururatzen. demagun ezkutuan.

      — Adin txikikoak perbertitzen dituela —lagundu zion Lidak.

      — Nik beste zerbait neukan buruan. Demagun ezkutuan.

      — Sanskritoa ikasten dabilela.

      — Horrelako zerbait. Hori bai, ikuspuntu sozial batetik esanguratsuagoa izango dena. Demagun polizia batek norbaiti senitartekoren bat aurkitzen laguntzen diola.

      — Badaude gai horiek jorratzen dituzten filmak.

      — Ezin dizut ezer konkreturik proposatu. Zerorrek asmatu behar duzu zerbait. Adibidez, Kalev lantegian Emakume bakartia filmatu zuten. Gogoratuko duzu, Doronina aktoresarekin. Bada, filmaketan parte hartu zuen mutil-koskor bat horko tailer bateko buru izatera iritsi da.

      — Gustatzen zait gai hori —esan zuen Lidak— gai horrek esaten dit zerbait.

      — Gai hori erabili du jada Arvid Kiiskek. Orokorrean ari nintzen hizketan. Zeurea izango den zerbait asmatu behar duzu. Demagun jeneral zahar bat operazio-mahaian etzan dela eta zirujaua ikusi duenean, bere ordenantza ohia ezagutu duela.

      — Zein da abizena?

      — Norena?

      — Zein da jeneral horren abizena? Edo ordenantzarena?

      — Adibide bat besterik ez zen. Hemen garrantzitsuena ezustekoa, misterioa, anekdota bat izatea da. Alderdi anitzeko bizimodu bat. Kanpotik gauza bat, barrutik beste bat.

      — Horrelako askotxo daude —esan zuen Lidak hasperen bat eginez.

      — Bi hitzetan: ekin lanari —esan zuen Nina Ignatievnak ozta-ozta nabaritzeko moduko amorru batez.

      Lidotxka bulegotik irten zen.

      Haurtzarotik ezagutu izan zituen bere inguruan pertsona interesgarriak. Aitak Ehrenburg ezagutzen zuen. Eskolako marrazketa irakasleak ezagutzera eman gabeko jenioaren ospea zuen. Gero, mafioso bat ibili zen Lida gorteiatzen; olerkiak ere idazten zizkion. Unibertsitateko irakasleek harritzeko moduko bitxikeriak zeuzkaten. Batek kremailera beti irekita eramaten zuen. Bere senarra ere pertsona interesgarria zen: ekonomialari-buru izanik ere, idazterakoan akatsak egiten zituen. Bere alaba ere misteriotsua iruditzen zitzaion, beti isilik. Azkenaldian hain isilik, ezen haurdun ote zegoen pentsatzen hasia baitzen Lida. Bere eraikinean lanak egiten zituen muntatzailea polizia-etxera deitu zuten; zirudienez, kartzelan egona zen hilketa batengatik edo. Laburbilduz, mundu guztia da interesgarria aztertzen hasiz gero.

      Lidak medikuntza ikasi zuen higienista espezialitatearekin. Bere ikaskide ohiak ekarri zituen gogora. Pavinski, Rojin, Jankelevitx, Feofanov. Mistxenko, ustez, kirolaria zen. Levinek zientzietara jo zuen. Levin, Borka Levin, katedratikoa, mutil bizkorra, zientzietan doktorea. Frantzian izan omen da.

      Agapovak koadernotxoa hartu eta orrialde zuri batean idatzi zuen: Levin.

      Senarraren ezagunak errepasatzen hasi zen. Pertsona interesgarriak haiek ere, noski. Ekonomialariak. Kalininek, adibidez, langabezia aurrerapenaren pizgarri dela ziurtatzen du. Gainerakoan, hemen denek badakitelako ez direla lanik gabe geratuko. Eta gertatuz gero ere ez dela hainbesterako. Errepidea igaro eta alboko lantegian hartuko dutelako. Hau da, noizbait lanera joan gabe edota lanean iruzurren bat eginda ere ez dela ezer gertatzen. Kalininek nekez balioko dit. Aurrerakoiegia da. Merkinek ere ez, alajaina. Galdetu izan diote: Zerk altxarazi lezake gure ekonomia? Eta bere erantzuna: Gerrak. Gerrak eta soilik gerrak. Gerrak diziplina esan nahi du, kontzientziaren areagotzea. Gerrari edozein akats lepora dakioke. Uste dut Merkinek ere ez didala balioko. Hara, duela egun batzuk filologo bat izan zen hemen, ezagutzen dudan emakume kazetari batekin. Edo, akaso, itzultzailea. Zaindari moduan egin omen zuen soldaduska, kontzentrazio-eremuetan presoak zaintzen dituzten unitate horietako batean. Istorio latzak kontatzen aritu zen. Abizena ez zen errusiarra: Alikhanov. Dudarik gabe, pertsona interesgarria.

      Beraz koadernotxoan, Levinen alboan, Alikhanov agertu zen.

      Ongi legoke hirugarren kandidatu bat aurkitzea. Eta orduan, bere bizilagunen etxean Porkhovetik etorritako senitarteko bat bizi zela gogoratu zuen. Edo ezagun bat. Milka Osinskaiari entzun zion etxeko atarian. Iragan misteriotsuren bat zeukala edo. Errepresioa pairatutakoa edo alderantziz. Probintziaren batean goi-kargua. Hori kuriosoa izan liteke. Nolabait originaltasunez moldatzeko modukoa da. “Ez dago probintzianotasun geografikorik, espirituala soilik.”

      Beraz, Alikhanov eta Levinen alboan galdera-ikur bat agertu zen. Eta parentesi artean: Milka O.-ren senitartekoa.

      Bere etxeko atezaina ere erreserban gorde zezakeen, irakurle sutsua baitzen, Simenonen zalea. Baina Lidak eta biek konflikto bat zeukaten, beti gainezka egoten ziren zaborrontziak zirela eta. Tira. Lanean hasteko garaia zen!

      — Verotxka, mutilok, ikusi arte!

      — Agapova, etorri berriro noizbait!

      Borka Levini deitu zion klinikara. Levinek ahotsa ezagutu zuen telefonoaren bestaldetik, Lidak deitu izanagatik poztu zen eta ordu batean elkartzekotan geratu ziren.

      Kartzela-zaindari izandakoa etxean harrapatu zuen.

      — Etorri lasai —esan zuen hark—, eta ahal baduzu, eros itzazu hiru garagardo botila. Iritsi bezain laster itzuliko dizut dirua.

      Bidean Karja kaleko supermerkatuan sartu zen Lida garagardoa erostera. Eraikin berriz betetako auzo horietan portale batetik bestera joateko kilometro bat ibili behar da.

      Alikhanov etxeko atarian zeukan zain. Mutil gazte erraldoi bat zen, kopeta txiki samarra eta kokotsa ez oso markatua. Begietan napolitar faltsu kutsuko distira bat-edo nabari zitzaion. Gorazarre txepel eta ulertezin bat hasi zuen, baina ez zuen jakin amaiera arte eramaten:

      — Zeri zor diot, Lidotxka, ekarri zaituen haize. zeinak. zeinak. Garagardoa erosi duzu? Hau da hau neskato bizkorra. Kendu berokia. Nahaspila ikaragarria daukat hemen.

      Gela hark ikaratzeko moduko zirrara eragiten zuen. Sofa paperez eta errautsez gainezka. Mahaia ez zen ikusi ere egiten, liburu pilo baten azpian. Gerra aurreko idazteko makina baten armazoi beltza. Horman herdoilduriko jatagan bat. Garbitu gabeko ontziak eta, kopa handi batzuetan, purpura koloreko hondarrak. Sardinzarren hezur lizunduak egunkari paper pusketa baten gainean.

      — Zatoz hona. Hemen garbi samar dago.

      Zaindariak garagardoa ireki zuen.

      — Bai, nahiko kuriosoa da zure txoko hau —esan zuen Lidak—. Ni, hain zuzen, izatez, higienista bainaiz.

      — Ni kamaraden epaitegira eraman ninduten behin, osasunaren aurkako delituengatik.

      — Eta nola amaitu zen hura?

      — Inola ere ez. Nire espiritu erreboltaria jarri nuen aitzakia moduan. Poeta nintzela, yogia, budista, kaka artean bizi naizela esan nien. Garagardorik nahi duzu?

      — Ez dut edaten.

      — Hartu dirua. Errublo bat eta hamaika.

      — Tira, tira, utzi tontakeria horiek —esan zuen Lidak.

      — Barkatu, baina ez —esan zuen Alikhanovek bere iraina ozenki adieraziz.

      Lidak txanpon eskukada hura poltsikoan sartu zuen. Zaindariak trebeki edan zuen muturretik garagardo botila osoa.

      — Horrela hobeto —esan zuen konfiantzazko komentario bat eginez bezala.

      Ondoren, berriro ekin zion lehenago hasitako esaldi potolo hura berpizteko saiakerari, oraingoan jada azken erasoa bailitzan: -Zeri zor diot, nolabait esateagatik, horren ezusteko atsegina, zeinak.

      — Zu filologoa al zara? —galdetu zuen Agapovak.

      — Zehazkiago esanda, hizkuntzalaria. Errusierako “Stx” soinuaren izaera fonematikoaren auziarekin nabil buru-belarri.

      — Horrelako arazorik ba al dago?

      — Bai horixe, eztabaida bizienak eragiten dituenetako bat da, izan ere. Baina zer gertatu da? Zeri zor diot zuri so egiteko aukera eskaini didan ezusteko atsegin.

      Zaindariak goitik behera irentsi zuen bigarren botila.

      — Pertsona interesgarri batekin solasean izeneko irratsaio bat prestatzen ari gara. Biografia originala duen pertsonaia bat behar dugu. Zu filologoa zara. Zehazkiago esanda, hizkuntzalaria. Kartzela-zaindari ohia. Alderdi anitzeko bizimodua daukan pertsona bat. Alderdi anitzeko bizimodua al daukazu?

      — Azkenaldi honetan bai —onartu zuen zintzoki zaindariak.

      — Emadazu zure ikerketa filologikoei buruzko xehetasun gehiago. Ahal bada, ulertzeko moduan.

      — Nire ikerketa-lana ematea izango dut onena. Ez dakit gaur zer gertatzen zaidan, burua motel samar bezala daukat. Hemen nonbait egon behar luke. Segituan aurkituko dut.

      Alikhanov paper enplastoaren gainerantz zuzendu zen.

      — Hurrengo batean —lasaitu zuen Lidak—, bistan da ikusiko dugula elkar berriro ere. Hau saioa prestatzeko aldez aurreko elkarrizketa bat besterik ez da. Zera galdetu nahi nizun: zu preso-zaindaria izan zara; hori arriskutsua, zaila al da?

      Alikhanov, gogoz kontra edo, pentsakor geratu zen.

      — Arriskua, noski, bazegoen. Vodka asko edaten genuen. Besterik ez bagenuen, perfumeari ere ez genion muzin egiten. Bihotzean nabari dira orain orduko ibilerak.

      — Ni presoei buruz ari nintzen. Beldurgarriak izan behar dute. Ezertxo ere errespetatzen ez duten horietakoak.

      — Pertsonak beti pertsona —esan zuen Alikhanovek hirugarren botila irekitzen zuen bitartean.

      — Asko irakurri dut horri buruz. Mundu berezia omen da. Euren legeak omen dituzte. Ausardia behar omen da. Zu pertsona ausarta zara?

      Alikhanov oraingoan jada zer esan ez zekiela geratu zen.

      — Liuba —esan zuen.

      — Lida.

      — Lida! —esan zuen Alikhanovek, ia-ia garrasika—. Segituan lortuko ditut sei errublo. Bizilagun gizatiarrak dauzkat. Eros dezagun litro-erdi bat vodka eta ardo pixka bat. Ez dakit zer daukadan gaur, burua motel samar bezala daukat.

      — Nik ez dut edaten. Zu pertsona ausarta zara?

      — Ez dakit. Lehen bi litro vodka edan nitzakeen. Orain berriz, hiru laurdenekin lur jota geratzen naiz. Adina izango da.

      — Ez duzu ulertzen. Nik pertsona original bat behar dut, izaera interesgarria izango duena. Zu filologoa zara, sentsibilitate fineko gizasemea. Eta aurretik preso-zaindaria izan zinen. Egunero arriskatzen zinen. Sarritan, fintasun espiritualak zakartasun fisikoa izan ohi du bidelagun.

      — Noiz izan naiz ni zakarra zurekin?

      — Nirekin ez, presoak zaintzen zenituen zuk.

      — Guk gehienbat geure burua zaintzen genuen.

      — Nondik duzu zauri hori? Tira, ez zaitez hain umila izan, mesedez.

      — Hau ez da zauri bat —ihardetsi zuen Alikhanovek— erlakaizten bat da. Nahi gabe leherrarazi nuen. Barkatu, baina.

      — Hala ere, jakin nahi dudana zera da: iparraldean zeundenean zer sentitzen zenuen? Metaforikoki adierazita: zer zeukan tundrak isilpean?

      — Zer?

      — Zer zeukan tundrak isilpean?

      — Lida! —egin zuen oihu Alikhanovek, modu basati batean—, ezin dut gehiago! Ez naiz egokia irratsaio baterako! Atzo mozkorra harrapatu nuen! Zorrak dauzkat eta emazteari dirua pasatu behar diot! Herrialde kapitalistetako irrati batek, Deutsche wellek, ere aipatu izan nau! Neurri batean, esan daiteke disidentea naizela! Lanetik botako zaituzte. Utz nazazu bakean.

      Lidak boligrafoari tapoia ipini zion.

      — Pena da —esan zuen Lidak— material interesgarria izan baitzitekeen. Izan ongi. Deituko dizut. Eta bitartean, zuk bila ezazu zure ikerketa-lan hori.

      Preso-zaindaria indargabe eta zurbil geratu zen zutik.

      — Itxaron pixka batean —esan zuen— ni ere banoa. Bizilagun gizatiarrak dauzkat.

      Eskaileraburuan elkar agurtu zuten. Lida beherantz joan zen oinez. Alikhanov, berriz, ziztu bizian abiatu zen laugarren solairurantz.

      Levinek besarkada bat eman zion eta denbora luzez geratu zitzaion begira.

      — Bai —esan zuen— urteak badoaz aurrera, badoaz.

      — Zahartu egin al naiz?

      — Nola esan. Osatu bezala egin zara.

      — Zu, berriz, loditu. Lotsa eman behar lizuke. Galina etxean al dago?

      — Bilera bat dauka eskolan. Semea alproja latza atera zaigu. Gizentzen ari naizela diozu? Emazteak gomendatu ohi dit: “Goizetan korrika-saio bat egin behar zenuke”. Eta nik erantzuten diot: “Hemendik korrika irteten banaiz, ez da izango itzultzeko.” Kaferik nahi? Kendu kaleko arropak.

      — Lehendabizi zuk, doktore —esan zuen Lidak txiste zaharren bat gogoratuz.

      Saloira pasa ziren. Argiak erretako lanpara oindun bat. Atzerriko aldizkariak leihopean.

      — Ondo dago etxe hau —esan zuen Lidak— etxebizitza berri horiek ikaratzeko modukoak dira. Altzari guztiak leunduak, kalitate txarreko kristala bazter guztietan.

      — Kristal hori hemen ere badaukagu —esan zuen Levinek harro.

      — Non?

      — Bahi-dendan.

      — Lehengo moduan, kantzerigenoekin zabiltza lanean?

      — Lehengo moduan.

      — Konta iezadazu zerbait.

      — Momentu bat. Tea jarriko dut berotzen.

      — Hemen itxoingo dut.

      Lidak apunteetarako koadernotxoa, luma eta Bulgariako zigarretak atera zituen.

      Levin itzuli zen. Zigarreta bat piztu zuten.

      — Frantzian egon al zara?

      — Bi astez.

      — Eta, zer moduz?

      — Ongi esan beharko.

      — Eta zehazkiago?

      — Herri langilea, burgesia erreakzionarioa, krisi ekonomikoa, masen txirotzea.

      — Hitz egidazu pertsonek bezala. Iritzi ona al dute frantsesek guri buruz?

      — Deabruak daki zer nolako iritzia duten horiek. Hori bai, denak beti umore onez.

      — Eta zer diozu bizi-mailari buruz? Eta emakume frantsesak zer, gustatu zitzaizkizun?

      — Bizi-maila ona. Ongi ematen zidaten jaten. Nik hirugarren mahaian jaten nuen. Ardoa, oilaskoa, kafea, esnegaina. Neska gazte zoragarriak. Hobeto esanda, edo erabateko itsusia, edota aparta. Kosmetika kontua izango dela pentsatzen dut nik. Kosmetikak bertuteak azpimarratzen ditu eta gabeziak, berriz, lausotu. Tratua oso askea dute, itzulingururik gabekoa. A zer nolako txabusina sintetiko zuriak, bere eskote eta guzti.

      — Zer esan nahi duzu “txabusina zuriak” horrekin? Klinika batean egon al zinen lanean?

      — Lanean ez. Disenteria harrapatu nuen Nizan. Egun batez paseatzen ibili eta klinikara.

      — Orduan, Frantzia praktikoki ez zenuen ikusi ere egin?

      — Zer dela eta? Koloretako telebista geneukan.

      — Ez zenuen zorte askorik izan.

      — Beste alde batetik begiratuta, atseden hartu ahal izan nuen.

      — Zerbait interesgarririk ekarri zenuen? Oroigarriak, trapuak.

      — Aizu —esan zuen Levinek, biziberrituta— gauza paregabe bat ekarri nuen. Eskatzen dizudan bakarra ironiarik gabe balora dezazula da. Azken finean, medikua zara. Oraintxe ekarriko dut. Vovka semearengandik ezkutuan daukat.

      — Zer esan nahi duzu horrekin?

      — Lidka, zakil bat ekarri dut. Kautxuzko zakila, filigrana bat. Ene! Non sartu da? Galkak beste nonbait ezkutatuko zuen.

      — Zertarako behar duzu zuk hori?

      — Nola zertarako? Hori artelan bat da. Zin dagit. Galkari ere gustatzen zaio.

      — Aduanan nolatan ez zizuten kendu?

      — Ez nuelako eskuetan ekarri. Ezkutatu egin nuen.

      — Non bada? Ez baita jostorratz bat.

      — Gure laborategiko dama bati eskatu nion ezkutatzeko. Emakumeak zuhurtzia gutxiagoz arakatzen dituzte. Eta aukera gehiago ere badituzue. Fisiologia zeragoa baitaukazue. Babesleku gehiagokoa.

      — Ume baten modukoa zara. Hitz egin dezagun, hobeto, hona ekarri nauenaz.

      — Oraintxe ekarriko dut kafea.

      Mahaian konfiteak, gofreak eta limoia agertu ziren.

      — Esne kondentsatua ekarriko dut?

      — Ez. Hasi kontatzen.

      — Zer dago, bada, kontatzeko? Erreakzio kimikoen moldeaketan dihardut. Denboraldi batean, asbestoa kantzerigenoa ote zen ikertzen aritu nintzen.

      — Esadazu, kantzerra senda daiteke?

      — Azaleko kantzerra bai.

      — Eta urdaileko kantzerra, adibidez?

      — Lidotxka, alor horretan sekulako kaosa daukagu. Zelula kantzerigenoen miligramo batek zaldi bat hil dezake. Edozein pertsona helduk, hatz batean bakarrik, zelula kantzerigeno horiek zaldi-talde bat pozoitzeko moduko kopurutan dauzka. Ni, berriz, erretzailea naiz eta ikusten duzu, hementxe nago. Keak ere, egia esan. Hau ez ezazu apuntatu. Kantzerra gai delikatua da. Irratsaioa debekatuko dizute.

      — Ez dut uste.

      — Zer uste duzu, ez dudala kazetariekin traturik izan, ala?! Terapeutaren batengana joan zaitez. Horien lana erraza baino errazagoa da. Hilero lortzen dute ezarritako plana betetzea. Deitu zure bulegora eta adostu gaia.

      Agapovak Nina Ignatievnari dei egin zion. Hau ikaratu egin zen.

      — Lidotxka, kantzerraren gaia goibelegia da. Emozio ezkorrak azaleratzen ditu. Denok ezagutzen dugun disidente horren nobelarekin lotzea dakar. Guk koloretsua izango den zerbait espero dugu.

      — Kantzerra lehentasunezko arazoa da.

      — Lidoxtka, ez zaitez egoskorra izan. Idatzi gabeko agindu bat daukagu horrelako kasuetarako.

      — Zer egingo diogu, bada —esan zuen Lidak hasperen eginez— barkatu.

      — Nora zoaz? —esan zuen Levinek harriturik—. Gera zaitez pixka batean.

      — Egia esateko, lanagatik etorri naiz.

      — Zazpi urtetan ez dugu elkar ikusi. Galka laster etorriko da, zerbait edango dugu.

      — Barkatu, baina ez daukat Galka ikusteko gogorik.

      Levin isilik geratu zen.

      — Boria, zoriontsu al zara?

      Levinek betaurrekoak kendu zituen. Orain bigarren kurtsoko ikasle bat zirudien.

      — Zer zorion eta zer zorion-ondoko?! Bizi eta lan egin. Galka, ez dago esan beharrik, pertsona zaila da. Badauka bizitasun gabekoa den zerbait. Volodia semea lotsagabe bat da; lotsagabe jantzia, irakurria. Zeren eta ni, azken finean, zientzietan doktorea naiz, katedratikoa. Eta ume horrek ez zidan, bada, esan atzo: “Gutxiagotasun-konplexua daukazu.”

      — Baina zientzialaria zara, ordea. Gizateriari zerbitzu bat ematen diozu. Harro egon behar zenuke.

      — Alperrik ari zara, Lida. Ni Galinaren eta kaka-ume horren zerbitzura nago.

      — Ez zaude forman, hori da dena.

      Lida eskaileraburuan zen jada.

      — Gogoratzen duzu Novgoroden izan ginenekoa? —galdetu zion Levinek.

      — Boria, isil zaitez oraintxe bertan. Bizitza honetan, gertatzen dena gertatzen dela ere, derrigorrez gertatu behar duelako izaten da. Hobe horrela. Tira, banoa.

      Eta beherantz abiatu zen, bidean aterkia irekiz. Klak eta buru gainean kupula zorrotz dardarati bat finkatu zitzaion.

      — Eta meloiak lapurtzen ibili ginenekoa?! —egin zuen oihu Levinek eskailera tartera.

 

      Ordurako ilun zegoen. Putzuetan neoizko suzko argiak zebiltzan igerian, akuarela baten moduan. Oinezkoen aurpegi zurbilak noraezean zebiltzala zirudien. Bihurgune baten atzetik, argiz beteriko tranbia bat irten zen balantzaka. Lidak gorputza egurrezko eserlekuan erortzen utzi zuen. Aterkia tolestatu zuen. Parean zeukan kristal beltzean bere aurpegi akitua islatzen zen. Norbaiti dirua luzatu zion, norbaitek bidaia-txartela eman zion. Bide guztia lotan eman ondoren, buruko minez esnatu zen. Astiro joan zen etxerantz, hankak putzuetan sartuz. Eskerrak gomazko bota txekiarrak janztea otu zitzaionik.

      Osinskitarrak ondoko portalean bizi ziren. Arkadi senarra entrenatzailea zen, beti txantxetarako gogoarekin. Bularrean, antezko berokiaren azpian, kronometroak dir-dir egin ohi zion. Milka emazteak kimika irakasten zuen nonbaiten.

      Izaera misteriotsuko seme bat zeukaten. Sei urte zeramatzan soldaduskatik ihesik. Sei urte gauza desberdinak simulatzen bata bestearen atzetik; neurosia dela, urdaileko ultzera dela, artritis kronikoa dela. Gainditua zeukan jada Kamo, kondairazko iraultzaile hura. Urte horien guztien buruan, nerbioek jota amaitu zuen benetan, urdaila izorratuta zeukan eta artritis kronikoa harrapatu zuen. Medikuntzari buruzko ezagutzei zegokienez, Igorrek aspaldian atzean utzia zuen edozein familia-mediku. Horrez gain, jazzari buruz asko zekien eta ingelesez modu askean hitz egiten zuen.

      Laburtuz, nahiko pertsona interesgarria, baina lanik egiten ez zuena.

      Lida hirugarren solairura igo zen. Bat-batean etxera joateko gogo gaindiezin bat sentitu zuen. Ideia hura uxatu eta tinbrearen botoia sakatu zuen. Milordek itotako zaunka ahul bat egin zuen.

      — Sartu —esan zion pozik Mila Osinskaiak— Igor hor nonbait dabil bere gauzetan. Arik Matsestara joana da, kontzentrazioetara. Aurkeztu egingo zaituztet; hau Vladimir Ivanovitx da.

      Hirurogei bat urteko gizon astun bat mahaitik altxatu eta Lidarengana zuzendu zen. Eskua luzatu zion, bere izena aipatuz. Duintasunez atera zuen cognaca denentzat. Milak telebista piztu zuen.

      — Borstx zopa pixka bat nahi duzu?

      — Ez. Harritzekoa bada ere, trago bat hartuko dut.

      — Gauza on guztiengatik —bota zuen Vladimir Ivanovitxek adiskidantzazko brindisa.

      Sasoiko gizona zen, sorbalda zabalekoa, jertse eder eta fin bat zeraman soinean. Neurrian baina sarritan edatearen aurpegia zeukan. Zineman horrela irudikatu ohi dituzte koronel erretiratuak. Kopeta laztua, ezer berezirik ez zuten begi argiak eta urrezko hortzak.

      Topa egin eta trago bat edan zuten.

      — Tira, egin ezazue elkarrizketa —esan zuen etxekoandreak— ni Vorobiovtarrengana noa hamar bat minututarako. Rita puntuzko blusa bat egiten ari zait.

      Eta alde egin zuen.

      — Izatez, lanagatik etorri naiz —esan zuen Lidak.

      — Zure zerbitzura naukazu.

      — Pertsona interesgarri batekin solasean izeneko irratsaio bat prestatzen ari gara. Liudmila Sergeievnak zuri buruzko zerbait kontatu dit. Eta pentsatu dut. Zu pertsona interesgarria zarela iruditzen zait.

      — Inon den pertsonarik arruntena naiz ni —esan zuen Vladimir Ivanovitxek— baina hala ere, nire lana maite dudanik eta kamaradek errespetatzen nautenik ez dizut ukatuko.

      — Non egiten duzu lan? —esan zuen Lidak koadernotxoa ateratzen zuen bitartean.

      — Porkhoven badaukagu Krasnaia Zaria enpresaren filial bat. Koordenadadun Telefono-zentral Automatikoak ekoizten ditugu. Tailerra handia da, punta-puntakoa. Urteko bigarren laurdeneko txostenaren arabera, emaitza onak lortu ditugu.

      — Ez zara aspertzen?

      — Ez dut ulertzen.

      — Probintzian ez zara aspertzen?

      — Gure hiria hazten ari da, bizi-baldintzak gero eta hobeak dira. Kultura-etxe berria, estadioa, etxebizitza bloke berriak. Apuntatu duzu?

      Vladimir Ivanovitxek buruz behera jarri zuen botila. Lidak buruaz ezezko keinu bat egin zion. Vladimir Ivanovitxek trago bat egin eta txanpinoi marinatu irristakor bati heldu zion.

      Apur batean zain egon ondoren, Lidak galdetzen jarraitu zuen:

      — Nire ustez, pertsona bat hirian bizi izanda ere probintzianoa izan daiteke edo alderantziz, tundran bizi izanda hiritar ere bai.

      — Erabat ados.

      — Esan nahi dut probintzia fenomeno espirituala dela, eta ez geografikoa.

      — Hala da. Gainera, guri denetik iristen zaigu: haragia, arraina, barazkiak.

      — Hiriburuko kolektibo artistikoek eramaten al dituzte euren ikuskizunak zuen hirira?

      — Noski baietz. Pentsa, Magomaiev bera ere etorri izan da.

      Vladimir Ivanovitxek berriro bete zuen edalontzia.

      — Zuk, ziurrenik, asko irakurriko duzu? —galdetu zuen Lidak.

      — Irakurri gabe bizitzerik ba al dago, bada? Simonov ikaragarri gustatzen zait. Ananiev ere bai, badakizu, gerra garaiko oroitzapenak; eta nola ez, klasikoak: Pushkin, Lermontov, Tolstoi. Jakina denez, hiru hauez gain, beste klasikorik ez dago. Gaztetan olerkiak idazten nituen.

      — Hori bai da interesgarria.

      — Jaungoikoak oroitzen laguntzen badit. Hara, adibidez hau.

      Vladimir Ivanovitxek eserlekuaren bizkarraldean ezarri zuen gorputza:

 

Denon helburua da heroi izatea,

Batera joatea lerroan,

Stalinen izenez lurra estaltzea.

Zoriona lortuko dugu guda-eremuan.

 

      Lida bere desengainua itoarazten saiatu zen.

      — Zaila al da tailer-buru izatea?

      — Egia esango dizut: ez da erraza. Ekoizpenaren faktorea hor dago; moralarena ere bai. Ezarritako plana betetzea, langile aldaketak, lan-giroa, batzuen aldetik dagoen jarrera ezkorra. Baina, gehienbat, azkenaldian eskatu besterik egiten ez dakien jendea iritsi da. Bere eskubideak ezagutzen omen dituena. Eman hau, eman bestea. Betebeharrik batere ez, baina eskubideak, berriz, aho bete. Ai, joan zitzaigun Stalin zaharra. Ordena behintzat bazegoen, ordena. Minutu bat berandutzen zinela? Epailearen aurrera! Orain, berriz. Hitzontziak bai ugari, hitzontziak bazter guztietan. Satirikoak besterik ez inguruan, ulertzen didazu? Ai, joan zitzaigun Stalin zaharra.

      — Beraz, zuk pertsonalitatearen kultuari ongi deritzozu? —galdetu zuen Lidak, ahopean.

      — Kultua, kultua. Kultua beti dago eta beti egongo da. Pertsonalitate bat da behar duguna, ulertzen didazu, pertsonalitate bat!

      Vladimir Ivanovitx edanda zegoen eta berotu egin zen. Orain keinuka ari zen, makurtuta, sardexka gora eta behera astinduaz.

      — Nik ez dut bizitza erraza izan. Denetik izan dut. Hondora erori izan naiz, gailurretan hegaka ibili ere bai. Gure artean gera dadila, baina ezkonduta ere egon nintzen.

      — Zergatik geratu behar du gure artean? —galdetu zuen Lidak, harriturik.

      — Jakirren iloba batekin —gaineratu zuen Vladimir Ivanovitxek ahopean.

      — Jakir? Jakir hura?

      — Bai. Haur bat ere bageneukan. Mutiko bat.

      — Eta non daude orain?

      — Ez dakit. Arrastoa galdu nien. Hogeita hemeretzigarren urtean.

      Vladimir Ivanovitx isilik geratu zen, pentsakor, bere barnean galdurik bezala.

      Lida denbora luzez egon zen zain; gero, asaldatuta eta gorri-gorri eginda, galdetu zion:

      — Nola arrastoa galdu zeniela? Nola gal liteke emaztearen arrastoa? Nola gal liteke norberaren semearen arrastoa?

      — Garai latzak ziren, Lidotxka; garai trumoitsuak, latzak. Familiak desegiten ari ziren, mendeetan zehar altxatutako egiturak desegiten.

      — Zer dute ikusteko mendeetako egiturek horrekin?! —garrasi egin zuen Lidak, ustekabean—, ez naiz ume bat. Ezagutzen dut kontu hori guztia. Jakir preso hartu zuten eta zuk lotsagabeki utzi zenituen emaztea eta semea. Zu. zu. zu. ez zara pertsona interesgarria!

      — Eskatuko nizuke —esan zuen Vladimir Ivanovitxek— eskatuko nizuke. Horrelako hitzak ez dira esan behar.

      Eta ondoren, adiskidetze aldera edo:

      — Ibil zaitez umilago, Lidotxka, umilago, umilago.

      Milordek burua altxatu zuen.

      Lidak ez zuen entzuten jada. Jauzi bat eginez, sarreran zeukan berokia harrapatu eta ateari kolpe bat emanaz batera, alde egin zuen.

      Eskaileratan isiltasuna eta hotza ziren nagusi. Katu ikusezin bat itzal baten moduan igaro zen. Arrain frijituaren usaina gaixoarazteko modukoa zen.

      Lida behera jaitsi zen eta, ataria zeharkatuz, bere etxerantz abiatu zen. Ilunabar hezea, garajeen atzetik eta zabor-ontzien ingurutik ezkutatzera zihoan. Parke txiro hartako adar ilunak karraskaka zebiltzan. Egurrezko zalditxo bat zegoen elur gainean botata.

      Lidak gutunontzian begiratu eta Ekonomia Kazeta atera zuen. Gora igo eta atea ireki zuen. Senarraren gelatik telebista-hotsa iristen zen. Esekitokian Taniaren sasoi-arteko beroki gorrixka zegoen zintzilik. Kaleko arropak erantzi eta eskularruak ispiluaren azpiko mahaitxora bota zituen.

      Mutil gazte bat komunerantz labaindu zen, Lida ozta-ozta agurtuz. Ile kizkur zikin samarrak, zapata-lokarri marroi batez loturik zeramatzan eta felpazko galtzak erortzear zeuzkan, soineko baten buztana bailitzan.

      — Tatiana, nor da hori?

      — Demagun Jevgeni dela. Ikasten ari gara.

      — Zer ari zarete ikasten?

      — Demagun alemana. Horren aurka ere ba al duzu zerbait?

      — Ziurta zaitez eskuak garbitzen dituela —esan zuen Lidak.

      — Nola gustatzen zaizun dena kakaztea! —esan zuen alabak gorrotoz beteriko marmar batean.

      Lidak gaueko ordu batean deitu zidan. Bere ahotsak asaldatuaren eta itoaren itxura zeukan:

      — Esnatu egin al zaitut?

      — Ez —esan nion— hori baino okerrago.

      — Ez zaude bakarrik?

      — Bakarrik nago. Marinarekin.

      — Serio hitz egiteko gai ba al zara?

      — Noski baietz.

      — Ez duzu izango inguruan pertsona interesgarririk?

      — Badut. Eta bihotz-bihotzez agurtzen zaitu.

      — Nahikoa da. Kontu serioa da. Ostegunerako irratsaio bat prest izan behar dut.

      — Zeri buruzkoa?

      — Pertsona interesgarri batekin solasean. Ba al daukazu kandidatura egokirik?

      — Lida —esan nion erreguka— zuk ezagutzen dituzu nire ingurukoak. Erabateko ezgaiak dira denak! Deitu Klenskiri, bere aitaginarrebak ezintasunen bat dauka.

      — Proposamen bat daukat zuretzat. Idatz dezagun irratsaioa biok batera. Hamabost bat errublo irabaziko dituzu.

      — Baina nik ez dut, ordea, grabagailurik erabiltzen.

      — Hori utzi nire kontu. Zure zera behar dut.

      — Zinismoa? —lagundu nion nik.

      — Zure esperientzia profesionala —formulatu zuen Lidak delikatuki.

      — Ongi da —esan nion, gainetik kentzearren— bihar goizean deituko dizut. Hobeto esanda, gaur.

      — Baina dei egidazu ahaztu gabe.

      — Esan dizut, bada.

      Une horretan, Marinak ezin izan zion gehiago eutsi eta hatz batean kosk egin zidan.

      — Bihar arte —esan (hobeto esanda, oihukatu) eta telefonoa eskegi nuen.

 

      Lidak erdizka ireki zuen senarraren urdin kolorez blaituriko gelako atea. Vadim sofa gainean zegoen etzanda, botak erantzi gabe.

      — Afaldu al dezaket behingoz? —galdetu zuen senarrak.

      Alaba sartu zen:

      — Gu bagoaz.

      Matxinadaren betiereko keinua harrikatua zeraman aurpegi serio bat zeukan Taniak.

      — Ez etorri oso berandu.

      — Edan al dezaket te bat behingoz? —galdetu zuen Vadimek.

      — Aizu, bide batez, jakin ezazu nik ere lan egiten dudala —erantzun zuen Lidak.

      Eta ondoren, eztabaidaren biziagotzeari bidea itxiz:

      — Merkin pertsona interesgarria dela deritzozu?

 

Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008